Osasuntsu al dago Euskal zinema?

  • Aste batzuk pasa dira Donostiako Zinemaldiak argiak itzali zituela. Aurten, Zinemira sailean (Euskal zinemari eskainitako saila) sakontasun gehiagorekin murgiltzeko aukera izan dudanez, termometro paregabea iruditu zait datozen hilabeteetan estreinatuko diren euskal ekoizpenen osasuna neurtzeko. Orokorrean, sorpresa oso atseginak topatu ditut, bai film laburren arloan, baita fikziozko film, kontakizun esperimental eta batez ere dokumentalen artean ere.

Koldo Almandozen Sipo Phantasma filma Rotterdamen estreinatu zen.
Koldo Almandozen Sipo Phantasma filma Rotterdamen estreinatu zen.

Dokumentalak
Lehenengoa, proiektu oso interesgarria eta mamitsua. Juanmi Gutierrezek beste behin, oso ezaguna ez den beste errealitate bat pantailaratu baitu Oihalak adarretan dokumentalean. Baliabide eskasekin, baina aurreko lanetan egin bezala, sormen lan garrantzitsua eskainiz. Armeniar batek bere desira ezkutuenak betetzea nahi duenean, oihal zati bat zintzilikatzen du “nahien zuhaitzen” adarretatik. Zuzendari gipuzkoarrari tradizio horrek izenburu gisa balio izan dio bere azken dokumentalerako, Oihalak adarretan. Herri armeniarraren errealitatera gerturatzen gaituen lana, ikuspegi historiko, geografiko eta migratzailetik begiratuta. Gutik zura ekoizpenak berriz (Mari Jose Barriolak zuzendua eta Jon Maiaren gidoiarekin), basoaren, zuraren eta euskal jendartearen arteko harremanak izan duen, gaur egun duen eta izango duen balioa agertzeko aukera eskaini digu. Antzinatik etorkizunerako bidaia eginaz eta lur honetako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz. Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak lehen lanean, Mirentxu Loiarte ezagutzeko aukera izan dugu, Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren oihartzunak; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.  Ezin ahaztu jakina, Eriz Zapirainen Gaur irekiko ditu ateak lanari esker, sorrera bati buruzko kronika ikusteko aukera izan dugula, Euskaldunon Egunkariaren sorrera pozgarri eta itxaropentsua baitauka hizpide. Lanaren bi euskarri sendoenak: batetik, istorioa bera; elkarrizketatu ugariren bitartez sorrera gogor, polit eta pozgarri horren lekuko zuzen bilakatuko gaitu. Eta bestetik teknikoki bikaina dela, sinplea baina oso txukuna.

Eta azkenik –dokumental eta fikzioaren artean mugitzen den arren– proposamen fresko, dibertigarri eta ganberroena, aurtengo Zinemira sariaren irabazlea: Pedaló. Juan Palacios zuzendari eibartarrak, Jon, Joseba eta Eneko euskal kostaldea zeharkatzen ipini ditu. Internet bidez pedalo bat erosi ostean, Biarritzetik Bilbora abiatuko dira, 20 egun iraungo dituen bidaia zoro batean. Oso gutxirekin, ekoizpen berezi, polit eta desberdina egin daitekeela frogatu digute.

Fikziozko filmak
Fikzioaren esparruan ere nabarmentzeko proiektuak izan dira. Koldo Almandozen lan bitxi eta erakargarria adibidez. Rotterdam-en estreinatua, Sipo Phantasma naufragioei, banpiroei, amodioei eta zinemari buruzko kontakizuna da.  Bram Stoker, Murnau, Oscar Wilde eta Nosferatu izan ditu hizpide, Florence Balcomberen (Maider Intxauspe) presentzia aztoragarria tartean. David Aguilar zuzendariaren Mara mara lan paregabea ere, nabarmentzekoa. Irudiak, muntaia, soinua eta batez ere hitzen gabezi horiek, modu zoragarrian uztartzea lortu du, hitzen bidez deskribatzea oso zaila den atmosfera sortuz. Eta azkenik, Igelak. Oso irregularra iruditu zaidan arren, ikusteko atsegina iruditu zait Patxo Telleriaren hirugarren lan hau. 97 minututan, momentu nahiko entretenigarria bizitzeko aukera eskaini didalako. Interpretazio egokiak, ongi errodaturiko une musikalekin tartekatuz eta irribarre txiki batekin amaitzeko abagunea eskaini didalako. Azken finean,  gure hizkuntza pantaila handian entzutea, beti delako pozgarria.

Film laburrak
Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2016 katalogoko 7 film laburrak ere aurkeztu dituzte (Euskal Herrian egindako film laburren aukeraketa). Gure hormek dokumental-laburra Maria Elorza eta Maider Fernandez zuzendariek osatzen duten Las chicas de Pasaik kolektiboak sinatu du. Egileek etxeko hormak hartu dituzte abiapuntu, emakumeen esparruari buruzko gogoeta zolia egiteko. Asier Urbieta egile donostiarrak False Flag thriller politikoa aurkeztu du. Eneko Sagardoy eta Maarten Dannenberg dira antzezle nagusiak. Beti bezperako koplak izeneko eta Begoña Vicariok koordinatutako proiektua berriz, Maialen Lujanbiok Santa Ageda bezperako koplen harian egindako bertso baten interpretazioa da. Santa Ageda doinuaren erritmoa eta metrika erabiliz, genero indarkeria salatzen du modu gogor eta lehorrean. Film laburren arloan beste izen ezagun bat, Mikel Rueda: zuzendu duen Caminan dramak Maribel Verdú eta Germán Alcarazu ditu protagonista eta ezerezaren erdian elkartzen diren bi pertsonaia bakarti erakusten dizkigu. Saila osatzen dute Kepa Sojoren Hileta, Alejandro Díaz Castañoren Ihesa eta Loreak film luze sarituaren ostean Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak batera egindako Renovable lanek.

Orain milioiaren galdera, noiz egongo dira ikusgai lan horiek guztiak? Izango duten ibilbide komertziala oso eskasa –hutsala?– izango denez, konplikatu samarra erantzuna ematea. Igelak ziur izango dugula zinema aretoetan ikusteko parada, baina gainerako guztiekin ia ezinezkoa izango dela iragartzen dut. Zorte apur batekin, herrietako kultur etxeetan ikusteko aukera izango dugu, zirkuitu alternatiboetan, ziklo berezietan edo agian telebistan. Baina beste askotan gertatzen den bezala, ostrazismoan galtzeko arriskua  daukate. Euskal zinemagintza osasuntsu dagoela diodanean, nitaz fidatu beste erremediorik ez duzue beraz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


Materialismo histerikoa
Merezita

Krisi existentzial dezente ditut inguruan. Nerabezaroa/gaztaroa itxurakerian pasa, antzezten helburu zutena pertsona onak (ona izanik justua, ez denari baietz esaten dion lerdoa) izatea, benetako bizitza bat bizitzea zela, are, iraultza egitea, eta, orain, berrogei urteak pasa,... [+]


Lokutorio greba Zaballan

Espainiako Estatuko espetxeetatik Euskal Herriratu gintuztenetik Zaballako espetxean komunikazioaren alorrean gabezia ugari topatu ditugu. Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono... [+]


Eguneraketa berriak daude