Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe

  • Euskarazko pertsona izenen sorkuntzak abiadura handiagoa eraman du arautzeak baino. Horri esker ditugu Izaro, Amaiur eta Eneritz izeneko neskak eta mutilak. Euskaltzaindiak ordea euskal izendegia finkatu du, eta bere hitzetan esanda “erregistro zibilari aholkuak” ematen dizkio. Erregistroetan, oro har, erakunde horren erreferentziak arau nagusitzat dituzte. Orain oso zaila da mutilari Izaro jartzea eta neskari Iraitz. Generoari lotutako eztabaida ordea, hainbat izen mistoren gorabeheratik haratago doa. Fokua zabaltzen saiatu gara ondoko erreportajean.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2016ko uztailaren 31

Idurre Eskisabel EHUko irakasleak ondoko izenburua duen tesina du egina: Izena eta izana, euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa. Haur bati izena jartzeak eginkizun hutsala dirudiela dio, baina haren ustez gertaera garrantzitsua da, bai norbanakoarentzat baita jendarte mailan ere. Izenek nortasun soziokulturala dute, izenak nortasun marka dira. Ezagutzen ez ditugun Rakelez eta Aioraz hitz egiten digutenean irudikapen bera egiten al dugu bakoitzaz? Antzeko kuadrillak iruditzen al zaizkigu Borja-Elena-Juan Mari-Verónica eta Oihana-Aitor-Maddi-Iraitz? Eskisabelen iritziz, izenak aukeratzen direnean autodefinizioan ari gara. Izena jartzen dutenek, gaur egun gurasoek, transmititzen dute zergatik den haien umea Aitor edo Antoine. Banaka ez hain erraz, baina izenak multzoan errepasatuta antzeman daiteke gizarteko zein sektorez ari garen.

Izenen iraultza
XVIII. mendean, Luzaiden ba omen ziren familia bereko bost anaia Juan izenekoak. Orduan, garrantzia ez zeukan norbanakoak familiak baizik. Jose Maria Satrustegi euskaltzainak jaso zuen datua. Anaiei edo ahizpei izen bera ematea ez zaigu bururatzen gaur egun. Izen batzuk ere nekez erabiliko genituzke, hala nola, Zipriano, Serapio, Mari Jose eta Felicitas. Orain Aiora, Ane eta Oihan daude boladan. Pertsona izenetan, iraultza garrantzitsua gertatu da 1950eko hamarkada amaieran hasi eta 60ko urteetatik gaur egunera. Iraultza horretan izenak aldatu dira, izenen esanahia aldatu da, eta lehen ez bezala orain gurasoek erabakitzen dute jaioberriak zein izen izango duen. Eskisabelek uste du gauza batean ez dela aldaketarik egin: sexu bereizketan. Oro har jendarteak, eta hizkuntza arautzea dagokion neurrian Euskaltzaindiak, mutilentzat izen batzuk hobesten dituzte  eta neskentzat beste batzuk.

Izenen iraultza ez da Euskal Herriko kontua soilik, Europan eta Mendebaldean ere gertatu da. Besterik da Euskal Herrian hizkuntza faktorea erabakigarria izan dela.

XX. mende hasiera arte erlijioak botere handia zuen izenak jartzerakoan eta corpusa osatzerakoan. Garaian-garaian eta tokian-tokian, erakunde indartsuenek arautu dute izendegia. Horregatik, mendez mende erlijioak zeresan handia izan du. Ondoren, estatuak hartu du haren tokia, nahiz eta sarri elizari eskutik helduta ibili den eta dabilen.

XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran euskal izendegiaren oinarria ezarri zen. Sabino Arana izan zen bultzatzaile nagusia. Hego Euskal Herrian, Errepublika garaiak izan zuen berezitasunik: euskarazko izenak indarra hartzen ari ziren, baina momentu politikoari erantzuten zioten izenak ere agertu ziren, hala nola, Libertad, Fraternidad, Tierra eta Cosmos. Francoren diktadurak euskarazko izenak eta Errepublikari lotutakoak ezabatu zituen. Erregistroan Iñaki izena ezabatuko zuten eta Ignacio jarri. Hala ere, 1950-60 urteetan, euskal pizkundearekin batera, herritarrak euskarazko izenak jartzeko borrokan hasi ziren.

Sexu bereizketa azpimarratzeko modu bakarra ez da izen hau ala bestea jartzea. Gurasoek badute kontuan zer izan.

Aratz izena jartzeko, zergatik izan behar du mutikoa?
Jaioberria erregistratzera daramaten hainbat guraso aztoratuta dabil azken urteetan. Mutikoari Lur izena jarri nahi eta ezin. Neska izena dela erantzuten diote erregistroan, Euskaltzaindiaren pertsona izen zerrendetan hala jartzen duela. “Baina Lur izeneko mutilak eta neskak ezagutzen ditut eta. Nola ezin diodala Lur izena jarri?”. Axier Lopezi horixe gertatu zaio Lur jaioberriarekin. (Erreportaje honen azken orrialdean kontatu ditu gorabeherak eta bere gogoeta).

Halako gertaerek badute azalpena. Esan dugu izenen iraultza gertatu dela, izen berriak sortu dira, baina arautzea izen horiek sortu diren erritmoan baino motelago egin da. Horrela, izen anbiguoak edo mistoak izan ditugu urtetan, Aratz mutilak eta neskak ezagutu ditugu, ohikoa izan da sexu desberdineko senide eta lagunek izen bera izatea.

Euskaltzaindiak euskararen normalkuntzarako arauak ematen ditu eta 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu du izenetan, ordu arteko anbiguotasunak ezabatuz.

Euskaltzaindiak euskararen normalkuntzarako arauak ematen ditu eta 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu du izenetan, ordu arteko anbiguotasunak ezabatuz

Eskisabelek bere tesinan (Jakin-eko 202. zenbakian laburpena daukazue) sakon azaltzen du Euskaltzaindiak zein irizpide jarraitu dituen izenak sexuaren arabera bereizteko. Labur-labur esanda ondoko hiru argudioak bildu ditu tesinaren egileak: Espainiako legeak ezartzen duen betebeharra, hau da, izenak lehen unetik izendatua emakumea ala gizona den argitu behar du; euskararen sisteman beti bereizi izan direla gizon eta emakume izenak; herriaren zentzu komuna kontuan hartzea.

Euskaltzaindiari berari galdetu diogu eta Onomastika batzordeak erantzun digu. Batzordeak hala dio, “Euskaltzaindiak, hizkuntza akademia guztiek egiten duten moduan, erabaki proposamenak egiteko hiztunen erabilera aztertzen du, eta ez da, zentzuzkoa den bezala, eztabaida politikoetan sartzen”. Idatzian dio ikertutako dokumentuetan jatorri askotako izenak agertzen direla, batzuk bertakoak, euskarazkoak, eta gehienak kanpokoak. Eta argitzen du: “baina ez dago emakumeak eta gizonak, biak, izendatzeko balio duen izenik”. Ondoren, legeari egiten dio erreferentzia eta esaten du Euskal Herriko Hegoaldean, Portugalen, Italian, Alemanian, eta 1996 arte Frantzian, sexua argi bereizi behar dela pertsona izenetan. Euskaltzaindiaren ustez, “gaur egun sexua dela-eta arazoa sortzen duten izenak banaka batzuk baino ez dira: Aiuri, Maren, Amaiur, eta hein apalagoan beste gutxi batzuk. Inoiz jendea kexu da, banaketa hau sexista delakoan, baina kontrako eskabideak ere jaso ditugu: semeari edo alabari jarritako izena beste sexua dutenei debekatu behar zaiela uste dutenenak, alegia”. Frantzian legeak ez du esaten izenak zein sexutakoa den argitu behar duenik. Horren gainean hala dio Onomastika batzordeak: “Nolanahi ere, garbi utzi behar da Iparraldean euskal izena erabili duten gehienek argi bereizi dutela sexua eta, esaterako, Oihana guztiak neskak direla”.

Euskaraz beti bereizi izan dira emakumeentzako eta gizonentzako izenak?
Gaur egun Euskaltzaindiak dio emakumeak eta gizonak, biak, izendatzeko balio duen izenik ez dagoela. Eskisabelek dio ordea, Euskaltzaindiaren izenen sexu bereizketari buruzko diskurtsoa ez dela beti bera izan, eta izenak ikertzen lan handia egin zuen Jose Maria Satrustegi euskaltzainaren adibidea ematen du. Satrustegi 1972an hasi zen Euskaltzaindiak bultzatutako lehen izendegia egiten, eta ondorioa atera zuen antzinako agiriek azaltzen zutela gizon eta emakumeentzako izen berak erabili izan direla. Nahiz eta hori esan, ez zion bide horri jarraitu, alegia, izen berak bi sexuetarako baliatzearen bideari, horretarako legea eta herritarren gogoa argudio gisa erabilita. Euskarak izenetan sexu bereizketa berezkoa duen zalantzan jartzen duen beste adibide bat bada. Satrustegik toponimian oinarritutako izen asko andre mariaren deitura moduan aurkeztu zituen, frankismo garaiko legediari ihes egiteko. Beraz, emakume izen bihurtu ziren toponimook. Geroagoko kontuak dira ondokoak. Izen berak bi sexuentzat erabili diren garaian hiru izendegi argitaratu ziren, azpimarratuz, euskarazko izenen artean badirela batzuk mistoak direnak. Mikel Hoyos, Urtzi Ihitza eta Xarles Bidegainenak ziren izendegiok.

Euskaltzaindia:
“Ikertutako dokumentuetan ez dago emakumeak eta gizonak, biak, izendatzeko balio duen izenik”
 

Gaur egungo irizpideak
Euskaltzaindiak, gaur egun, bereizketa egiteko ondoko irizpideak ezarri ditu, salbuespenak salbuespen.

→ -a eta -e letrez amaitzen diren toponimo eta hitz arruntak emakumezkoen izentzat hartzen dira; -i, -o, -u letrez eta kontsonantez bukatzen direnak gizonezkoentzat.

→ Gizon izen bati -a eransteak emakumezko izen bihurtzen du. Beraz, -i, -o, -u letrez eta kontsonantez amaitzen diren izen arruntei -a amaiera erantsita emakume izenak sortzen dira (Haritz/Haritza, Amets/Ametsa...). Horrez gain, beste bi bide ere proposatzen dira gizon izenetatik abiatuta femeninoak osatzeko: aurretik Andre edo Mari jartzea (Andregoto edo Marimartin, adibidez).

→ Badira -a letraz amaitzen diren gizon izen historikoak. Horiek bere horretan uzten dira.

→ Toponimoen kasuan, leku horretan andre mariaren santutegiren bat egonez gero, horri ematen zaio lehentasuna, eta gainerako arauak bertan behera utzita emakume izen gisa hartzen da.

→ Sabino Aranaren izendegiko izenak bere horretan uzten dira, bereizketa irizpidea euskararen senaren kontrakoa dela uste den arren, onarpen zabala izan dutela argudiatuta.

Aukera galdua
Eskisabelek esango luke aukera galdua izan dela, Euskaltzaindiak bazuela aterabide bat beste eredu baterako oinarriak jartzeko: esan zezakeen Euskal Herrirako hizkuntza arauak ematen dituela eta, beraz, ez duela zertan Espainiako legediari estu atxiki, are gehiago, Frantziakoak, oso bestelako testuingurua sortzen duenean. Halaber, esan zezakeen gure tradizioan sortu direla izen mistoak, sortu dira eta.

Idurre Eskisabel, EHUko irakasleak dio aukera galdua izan dela, Euskaltzaindiak bazuela aterabide bat beste eredu baterako oinarriak jartzeko: esan zezakeen Euskal Herrirako hizkuntza arauak ematen dituela eta gai honetan Frantziako legeari jarraitu diola

​ Hala ere, Eskisabelek ez du uste Euskaltzaindia, azken urteetan bere egin duen diskurtsoagatik, beste erakundeak eta gizartea bera baino kontserbadoreagoa denik: “Euskaltzaindiak hori guztia egin du gaur egun indarrean dagoen sexu genero sistema erreproduzitzeko, jendartearen gehiengoarekin bat datorrelako, azken batean, sexu genero ideologia hegemoniko horretan erabat sartzen delako”.

Gizarteak sistema bera erreproduzitzen duela dioenean adibide bat jartzen du jokaera ulertzeko. Emakumea haurdun geratzen denean gurasoaren edo gurasoen gogoeta ondokoa izaten da: neska jaiotzen bada Lorea eta mutila jaiotzen bada Ander. Hau da, neskarentzat izen batzuk ditugu buruan eta mutilarentzat beste batzuk. Sexu genero sistemarekin ados ez direnek, bereizketa horiek zalantzan jarri nahi dituztenek, bestelako hausnarketa egiten dute umea datorrenean. Batzuek izen berri mistoak asmatzeko ahalegina egin dute. Beste batzuk duela gutxi arte mistoak izan diren izenak erabiltzen saiatu dira, umea neska ala mutila jaio. Guraso horiek haserre dira Euskaltzaindiak sexuaren araberako banaketa egin duelako, eta gustuko izena jartzeko arazoak dituztelako. Eskisabelen ustez, bietako adibideak bakanak dira, nahiz eta azken boladan halako joerak ugaldu diren.

Jarraitu irakurtzen "Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa" artikulua

Izena eta izana ezbaian: Gida praktikoa

Izena eta izana ezbaian. Euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa gida praktikoa udaberrian aurkeztu zuten Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek. Euskarazko izendegiaren binarismoaren inguruko gogoeta piztu nahi dute.

Apirilaren 26ko aurkezpenean gidaren egileek adierazi zutenez, izenak gure izaeran eragiten duenez, gure izana eraikitzeko elementu bat gehiago da. Lorea izena duela esaten badigute iruditeria bat etortzen zaigu burura, besteak beste neska dela, eta Harkaitz dela esaten badigute berriz, bestelako iruditeria. Sexuaren araberako izenak ezartzea gainditzea proposatzen dute gidaren egileek, binarismoa azpimarratzeko modu bat gehiago baita. Hala esan zuen Libe Eizagirrek: “Mundua geldituko al da Hodei esan eta neska batek eta mutil batek bihurtzen badute aurpegia?”.

Gidan estrategiak proposatu dituzte sexuaren araberako izendegia gainditu eta jaioberriari gustuko izena jarri ahal izateko, hala nola, ospitaleetako inskripzioak baliatzea, ustez erregistroan baino errazago onartuko dituztelakoan Euskaltzaindiaren araua betetzen ez duten aukerak; froga gisa izen abstraktuak, fikziozkoak edo toponimoak erabiltzea; Espainiako Estatistika Institutu Nazionalean begiratuta froga daiteke lehendik neskarentzat eta mutilarentzat erabili direla Maren, Aratz eta Amaiur, adibidez; kontuan hartu erregistro batetik bestera aldeak daudela, alegia, erregistroko langilearen zorroztasunaren edo malgutasunaren arabera Euskaltzaindiaren araudiari men egingo dio edo ez; genero markarik gabeko izenak ere asma daitezke, gidan jaso dituzte batzuk: Ulia, Haika, Aske, Sen, Iraun…

Aurrera begira, sexuaren arabera prestatuta dagoen euskal izendegiari iskin egiteko estrategiak partekatzeko txokoa atondu nahi dute Emaginek eta Bilgune Feministak webgunean. Bitartean, gida praktikoa 3 euroren truke salgai dago bilgunefeminista.eus-en.

Kanal hauetan artxibatua: Euskal izendegia  |  Feminismoa  |  Sexismoa  |  Euskara  |  Euskaltzaindia

Euskal izendegia kanaletik interesatuko zaizu...
2017-03-14 | Hiruka .eus
"Genero-markarik gabeko izenen aldeko apustua egiten dute askok"

Izenek egungo biko genero-sistema zelan erreproduzitzen duten azaltzeko, Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kideak akordura ekarri ditu Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta antropologo beasaindarraren berbak. Eskisabelek esaten duenez, "egunerokotasunean, emakumeak eta gizonak sortzen dituzte izendegiek".


2016-08-01 | Axier Lopez
Euskaltzaindia: "Oso zaila da izenetan neska eta mutilen arteko bereizketa egitea, harrapatuta gaude"

Abuztuaren 1eko Teleberrian ARGIAren azken aldizkarian argitaratu dugun euskal izendegiari buruzko erreportajea eta analisia izan dituzte hizpide. Etxean semearen izenarekin bizi izan dugun kasuari buruzko albistean, Euskaltzaindiko kide batek aitortu du izendegia sortzeko erabili dituzten irizpideak zalantzazkoak direla.


Izena eta izana ezbaian: Gida praktikoa

Izena eta izana ezbaian. Euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa gida praktikoa udaberrian aurkeztu zuten Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek. Euskarazko izendegiaren binarismoaren inguruko gogoeta piztu nahi dute.

Apirilaren 26ko aurkezpenean gidaren egileek adierazi zutenez, izenak gure izaeran eragiten duenez, gure izana eraikitzeko elementu bat gehiago da. Lorea izena duela esaten badigute iruditeria bat etortzen zaigu burura, besteak beste neska dela, eta Harkaitz... [+]


2016-07-31 | Axier Lopez
Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa

Zeinek ez du ezagutzen Lur izeneko neska eta mutila? Edo Hodei, Sahats, Lizar, Elorri, Aratz, Araitz, Izar, Amets, Iraultza, Amaiur, Iraitz, Izaro edo Aritza izenekoak ere. Ba al da izen bera emakumeek eta gizonek partekatzea arazotzat hartzen duen euskaldunik? Lur hitzak non du aluaren zantzua eta non zakilarena Ur izenak? Bada, Euskaltzaindiak, bere burua Espainian kokatuz eta hango legeak agindutakoari men eginez, sortu duen izendegiak euskaldun askok naturaltasunez darabilguna de facto... [+]


Zergatik ez Harkaitz izeneko neska?

“Izena eta izana ezbaian” gida praktikoa aurkeztu dute Bilgune Feministak eta Emaginek. Euskarazko izendegiaren binarismoaren inguruko gogoeta piztu nahi dute.


2009-11-26
Haur izendegiarekin bueltaka

Kontsulta jarri beharko dut martxa honetan. 2007ko urrian erreportajea idatzi nuen Hego Euskal Herrian jaioberriaren izenaren sexuarekin eta grafiarekin dauden arau zorrotzei buruz (malguagoak dira Iparraldean), eta oraindik zalantzaz beteriko iruzkinak jasotzen ditu erreportajeak Interneten, seme-alabarentzako aukeraturiko izena jarri ahalko ote duten galdezka.


Alabak ezin Amets izan eta semea ezin Izar deitu
Aratz, Alatz, Eli, Kutun, Zorion, Zuri, Gabon deitu nahi badiozu alabari, ahaztu. Berdin semeari Itoitz, Jata, Lur, Oritz, Sua, Ugo, Uritz jarri nahi izanez gero. Euskaltzaindiaren arabera, lehenengo zerrendakoak izen maskulinoak dira eta bigarren zerrendakoak, femeninoak. Eta Ipar Euskal Herrian legea malguagoa bada ere, Hegoaldean zorrotzak dira sexu bakoitzari dagozkion izenekin. Baita izenen grafia eta bestelako ezaugarriekin ere. Ezin seme-alabei edozein izen jarri.

2001-09-17
"Euskal izendegia. Ponte izendegia. Diccionario de nombres de (...)


- "Euskal izendegia. Ponte izendegia. Diccionario de nombres de pila. Dictionaire des prenoms" liburua aurkeztu zuen ostiralean (14) Euskaltzaindiak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren babesarekin. Bertan, 2.264 izen jaso dituzte bakoitzaren azalpen eta guzti. ("El Diario Vasco")
Euskal ponte izenen zerrenda argitaratu du Euskaltzaindiak "Euskaldunon Egunkaria"
La procedencia, explicación y correspondencia de los nombres vascos, en «Euskal... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude