Heriotza duinaren legea Euskadin: Beste keinu hutsal bat?

  • Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean aditu modura agerraldia egin zuen 2015ean Fernando Marínek, heriotza duinari buruzko lege proiektuaz bere iritzia emateko. Ondoko testuan, kritikatu egiten ditu Espainiako Estatuko erkidegoetan dauden mota horretako legeak; haren ustez, bakar batek ere ez du ekarpenik egiten hil nahi dutenen gaixoen borondatea errespetatze aldera, eta EAEn eztabaidatzen ari dena bide beretik doala deritzo. Egoera hobetzen hasteko hainbat neurri proposatzen ditu Marínek, legedi berrien beharrik gabekoak. Aldi berean, gogor mintzo da gaiarekiko osasungintzan zabalduta dagoen fundamentalismoaz.

Unai Brea @unaibrea
2016ko ekainaren 26a
Fernando Marín, duintasunez Hiltzeko Eskubidea (DHE) Elkarte Federaleko idazkaria.
Fernando Marín, duintasunez Hiltzeko Eskubidea (DHE) Elkarte Federaleko idazkaria.Duintasunez Hiltzeko Eskubidea
Gotzainak sina lezakeen egitasmoa bidali digu EH Bilduk

2014ko irailean EH Bilduk helarazi egin zigun “bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatzeko legearen” proposamena, gure iritzia eskatuz. Eutanasiarekiko jarrerak harritu gintuen lehenik, edozein gotzainek sina baitzezakeen. “Kontsentsu etiko eta juridikorik eza” aitzakiatzat baliatuz, testua saiatzen zen “zer gertatzen da gaixoak hil nahi duenean” galderari ia ezer esan gabe erantzuten, baina hori ezinezkoa da. Eskubide zibilak sekula ez dira aho batez aitortu, gehiengo baten –kasu honetan, %80– konkista bat dira boterearen edo statu quo-aren aurrean, eta kontsentsua ez da posible. Bestalde, erreferentziazko zenbait eragile eutanasia despenalizatzearen alde azaldu dira. Nazioartean, Holanda eta Belgikako adibideek nabarmen erakutsi dute eutanasia arautu daitekeela behar besteko segurtasun bermearekin.

Bigarrenik, eszeptizismoa agertu genuen heriotza duinari buruzko lege batek –estatuko beste lurralde batzuetan daudenen antzekoa–, berez, heriotzaren kalitatea hobetzeko eduki dezakeen ahalmenaz. Berriro porrot ez egiteko, legeak sortu baino lehenago zenbait neurri aurreikusi behar dira, heriotzarekiko (heriotza duinarekiko) beste kultura bat sustatuko dutenak, eta mediku eta gaixoen arteko harremanetan paradigma aldaketa erraztuko dutenak, paternalismotik elkarrenganako errespetura joaz, eta bizitzaren amaieran dauden herritarrak ahaldunduz. Zergatik ekarriko du beste lege batek 2002ko autonomia legeak baino berme handiagoa?

Lege proiektuak dio Osasun Sailak betetze-mailari eta herritarren asebetetzeari buruzko ikerketa egingo duela, baina zeintzuk izango dira adierazleak? Esaterako: herritarrek noraino ezagutzen dituzten bizitzaren amaieran dagozkien eskubideak; zenbat bizi-testamentu dagoen lehen arretako kupo bakoitzean eta zahar-egoitza bakoitzean; herritarrek zenbat informazio jaso duten beren heriotza-prozesuaz; erosotasun maila; sintomen tratamendua; bizitzaren azken zazpi egunetan egindako proba kopurua (tematze diagnostikoa edo terapeutikoa); banakako logela; heriotzaren lekua (gaixoak berak aukeratu duen edo ez); heriotza-trantzea lasaia izan den edo ez; erabilitako sendagaiak (sedazio aringarria)… Horrek guztiak ez du zertan legean idatzita egon, baina aurreikusi egin behar da ekimena asmo onen adierazpen hutsa izan ez dadin.

Eusko Legebiltzarra, betiko bideetatik?

2015eko urtarrilean 13.975 bizi-testamentu zeuden erregistratuta Euskadin, mila biztanleko 6,38, Kataluniaren atzetik (56.000, milako 7,47), baina estatuko batez bestekoaren gainetik (milako 3,86). Osasungintzako profesionalen zati handi batek ez du ezagutzen 41/2002 autonomia legea (ikerketa batek dioenez, erdiak baino ez daki bizi-testamentua legez araututa dagoela eta %25ek baino ez du irakurri). Datuek administrazioen porrota uzten dute agerian. Lege bat behar dugu hori aldatzeko? Ez, nahikoa litzateke benetan ohartzea heriotzaren kalitatea hobetzea garrantzitsua dela, eta bizi-testamentua oso tresna baliagarria dela horretarako.

Euskadin txarto hiltzen dira herritarrak, eta horrexegatik Parlamentuak asmoa du lege bat egiteko, zer eta pertsonen duintasuna bermatzeko. DHEren ustez, duintasuna eta askatasuna ezin dira bereizi. Heriotza duina izateko, errespetatu egin behar dira norberaren askatasuna, nola zaindua izan nahi duen eta noiz hil nahi duen erabakitzeko autonomia. Duintasuna bermatu nahi izatea, aurrez nor bere bizitzaren jabe dela ziurtatu gabe, huts egitera bideratutako proiektua da.

Borondatezko heriotza izateko eskubidea

Gaur egungo legediarekin, borondatezko heriotza bi egoeratan da eskubidea: bizitza tratamendu baten menpekoa denean eta pertsona batek modu egokian arindu ezin daitekeen sufrimendua duenean (sufrimendu errefraktarioa).

Lehenengo kasuak argi egon behar luke, baina ez dago. 2007an, Inmaculada Echevarríari, Granadako ospitale batean arnasa-makina bati lotuta hamarkada bat zeraman emakume bati, bost hilabete kostatu zitzaion hiltzeko borondatea aintzat har ziezaiotela. Haren eskaria izan zen [Espainiako Estatuko] heriotza duinari buruzko lehen legea, Andaluziakoa, sortzearen zergatietako bat. Lege hura saiatu egiten zen heriotzaren prozesuan gaixoen eskubideak, profesionalen betebeharrak eta sistemaren bermeak argitzen.

Haatik, estatu osoan, heriotza duinari buruzko legea duten erkidegoetan nahiz –Euskadik bezala– ez dutenetan, herritarrek zailtasunak dituzte tratamenduari uko egiteko, bereziki elikatze eta hidratatze artifiziala errefusatzen denean eta hiltzeko borondatea argi eta garbi adierazten denean.

Bigarren kasuari dagokionez, sufrimendua arintzeko eskubidea ez da esplizituki ageri estatuko legedian, baina tratu anker edo umiliagarririk ez jasotzeko giza eskubideak begien bistako bihurtzen du. Gaixoaren autonomiari buruzko 41/2002 legeak dio “gaixoak eskubidea duela, informazio egokia jaso ostean, eskura dituen aukera klinikoen arteko hautua askatasunez egiteko”. Osasun sistema nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko legeak, berriz, ezartzen du herritar guztiek dutela eskubidea kalitatezko zaintza jasotzeko. Heriotza duinari buruzko lege autonomikoek honela garatzen dute eskubide hori:

“Gaixotasun larri, atzeraezinezko eta hilgarri bat duten pertsona guztiek, hilurreneko egoeran edo hilzorian daudenean, euren sufrimendua arintzeko eskubidea dute, kalitatezko zaintza aringarri integralen bitartez, gaixoak aukeratutako lekuan eta, haren egoerak hartarako aukera ematen badu eta berak nahi badu, bere bizilekuan”

“Gaixoek eskubidea dute mina prebenitu eta arinduko duen arreta egokia jasotzeko, sedazioa barne, sintomak berariazko tratamenduarekiko errefraktarioak badira”

“Egoera larri eta atzeraezinezkoan dauden gaixoek, hilurrenean edo hilzorian daudenean, sedazio aringarria jasotzeko eskubidea dute sufrimendu errefraktarioa jasaten ari badira”

(Aragoiko 10/2011 legearen 12., 13. eta 14. artikuluak)

Mediku-fundamentalismoa

Sufrimendua arintzea eta sedazio aringarria teoriazko eskubideak dira; praktikan, norberari egokitzen zaion medikuaren menpe daude. 2002ko autonomia legea argia izan arren, herritarrek oztopo handi bat dute euren borondatea errespetatua izan dadin: mediku-fundamentalismoa.

 

Gaur egun, bizitzaren amaierako erabakiei buruzko bi ikuskera ditugu: autonomia eta biziaren sakratutasuna. Tradizioz, erlijio monoteistetan nagusi den fundamentalismoak justizia eta medikuntza busti izan ditu: bekatu oro delitu zen. Alta, gizartea orain plurala da eta ikuspegi hori inposatzea onartezina da. XXI. mendean, herritarren autonomiak (“nire bizitza nirea da”) talka egin du medikuntzaren tradizio paternalistarekin eta bizia sakratu izendatzen duen fundamentalismo horrekin. Hala ere, mediku elkargoak eta eliza Andaluziako heriotza duinari buruzko legearen aurka azaldu ziren, eta eutanasiatzat jo zuten Inmaculadaren heriotza, hala izan ez bazen ere.

Zaintza aringarriak bai, baina ez honelakoak

Herritar guztiek eskura izan behar dituzte kalitatezko zaintza aringarriak, norberaren borondatea errespetatuko dutenak. Zaintza aringarriek ez dutela bizitza ez luzatzen ez laburtzen dioen dogma ez da errespetuarekin bateragarria. Sedazioaren erabilera murriztua, sintoma errefraktarioetan eta heriotzaren berehalakotasunean oinarritua –gaixoaren nahia eta haren sufrimenduzko bizipenaren ordez–, beste fundamentalismo mota bat da; amaierako prozesua noiz arte jasateko prest dauden erabaki nahi duten herritarrek arbuiatu egiten dute.

Zaintza aringarriak bitartekoa dira, ez helburua. Ez da existitzen haiek jasotzeko eskubiderik, baizik eta sufrimendua arintzekoa eta norberaren balore eta sinesmenak –momentuan bertan edo aldez aurretik, bizi-testamentuaren bidez, adierazitakoak– errespetatuak izatekoa. Zaintza aringarriak ez dira espezialitate bat, ez dute berezko ezagutza multzorik, baizik eta filosofia bat, pertsona bakoitzaren biografiara begirunezko hurbiltze bat. Tamalez, mediku-tematze kasuak ikusten ditugu, non baliabide asistentzial horrek pertsonen sufrimendua medikalizatu eta ukatu egiten baitituen. Zaintza aringarriekin sufritzen ez dela baieztatzea ankerkeria morala da, faltsua delako eta bizitzaren amaieran sufritzen duten pertsonekiko errespetu eta aitortza falta dakarrelako. Zaintza aringarriak nahitaezkoak dira, baina ez honelakoak.

Zigor Kodearen ondorio makurrak: eutanasiatik harago

Zigor Kodeak ondorio makur bat du: aitzakia da legediak babesten duen hiltzeko borondatea ez errespetatzeko. “Eskatu didazun hori legez kanpokoa da”, “zer nahi duzu, zure aita gosez eta egarriz hil?”. Profesionalek beren sinesmenei (bizi biologikoaren alde) lehentasuna eman diezaiekete helburu profesionalen aurretik (sufrimendua arintzea giza bizitza bakoitzaren baloreak errespetatuz), erabat babesgabe dauden gaixoekin. Ezin dugu bizitza osoa eman sedazio bat egiterakoan profesional batek izan duen asmoaz eztabaidan, edo gaixo baten sufrimendua jasanezina den edo ez neurtzeko moduez hitz egiten, benetan garrantzia duena gaixoaren borondatea baita.

Support txostenak duela hogei urte esan zuen bezala, profesionalen konpromiso pertsonala falta da, baina zigortua izateko beldurra ere egon badago; zigor hori lankideengandik etor liteke, edota hiltzen laguntzen duten medikuentzat Damoklesen ezpataren parekoa den legeditik.

Heriotza duinaren behatokia

Behatokiak bi lan esparru lituzke. Lehenbizikoa litzateke Euskadin herritarrak nola hiltzen diren eta heriotzaren kalitatea hobetzeko zer neurri hartu behar diren baloratzea. Ez da nahikoa zaintza aringarriko baliabideak gehitzea, herritarren nahiak betetzen ote dituzten ere egiaztatu behar da.

Behatokiak zuzenean sailburuaren menpekoa behar luke eta gai izan behar luke heriotza duinarekin konpromisoa duen asistentzia-taldea aktibatzeko; beren gustuko beste baliabiderik aurkitzen ez duten herritarrei arreta eman beharko lieke, haiek konformatu behar ez izateko egokitu zaizkien medikuarekin eta lantaldearekin, edo DHErengana jo behar ez izateko. Herritarrek jo dezaketen atea izan behar luke, Osakidetzari eskatu ahal izateko eskubidez dagokien irtenbidea.

Heriotzaren kalitatea ez da hobetuko borondatezko heriotza arautzen ez den bitartean. Halako lege batek ahalbidetuko du hiltzen direnen %3-4k eutanasiarako eskubidea gauzatzea, eta herritar guztiei emango die nahi dituzten zaintzak exijitzeko eta nola eta noiz hil nahi duten erabakitzeko aukera. Neurriak hartzeko ez dugu heriotza duinari buruzko lege baten beharrik, baina azkenik egin egingo badute, onar dezatela zintzotasunez zein den benetako egoera, eta eutanasia eta lagundutako suizidioa despenalizatzen diren egunerako prest egongo den legea izan dadila.

Euskadiko edozein herritarrek jaso dezake etxean internet bidez erositako pentobarbital dosi hilgarri bat. Eztabaida ez da eutanasia eta lagundutako suizidioa ba ote dauden, baizik eta entzungorrarena egiten jarraituko ote dugun, aitzakiatzat erabiliz zaintza aringarriak edo ezinezko kontsentsua. Autonomia errespetatzeaz hitz egitea eta aldi berean nork bere bizitza kudeatzeko aukera ukatzea ez da koherentea.

“Makinaren zortea”

Inmaculada Echevarría nafarra 2007an hil zen, Granadako (Espainia) ospitale batean, hamarkada batez arnas makina bati iltzatuta bizi eta gero. Echevarría 2002ko Gaixoaren Autonomiaren Legeaz baliatu zen aspalditik adierazita zuen hiltzeko nahia bete zedin. Tratamenduari uko egiteko eskubidea erabiliz, bizirik eusten zion makina amata ziezaioten lortu zuen, nahiz eta medikuek –erlijio ordena batek kudeatutako erietxean zegoen– ez zuten haren eskaria berehalakoan aintzat hartu.

Aditu askoren esanetan, Echevarríaren heriotzak agerian utzi zuen “makinaren zortearen” paradoxa. Fernando Marínen hitzetan, “Inmaculadak hiltzeko aukera izan zuen makina bati iltzatuta egoteko ‘zorte ona’ eduki zuelako; bere kasa arnasa hartzeko ‘zorte txarra’ izan balu, ezin izango zukeen hiltzeko borondatea gauzatu. Erabat zentzugabea da, baina horixe da egoera”.

Kanal hauetan artxibatua: Heriotza  |  Eutanasia

Heriotza kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-05 | Andoni Mikelarena
"Haurrek Halloween ospatzeari esker jakin dugu gurean ere kalabazekin jolasten zutela duela ehun urte"

Halloween ospatzera gonbidatu zutela esan zion alabak Jaime Altunari eta honek festara joaten utzi zion, baina deseroso sentitu zen. Altunak bere aitari kontatu zion gertaturikoa, eta honek erantzun, eurek ere ospatzen zutela halakorik. Fenomenoa ikertzen urte eta erdi eman dute Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek. Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen gaua, Halloween eta Gau Beltzaren haur ospakizunen ikerketa etnografikoa osatu berri dute, Eibarko Udalaren Juan Sanmartin bekari... [+]


2017-11-02 | Andoni Mikelarena
Trumpek heriotza zigorra eskatu du Manhattango erasoen egilearentzat

Zortzi pertsona hil eta dozena bat zauritu ziren asteartean New Yorken izaniko atentatuan. Donald Trump AEBtako presidenteak erasotzailearentzat heriotza zigorra eskatu du.


"Eskolako ateak itxi eta umeak sailkatzeko joera klasista dago"

Andereño ari zen 70eko hamarkadaren hasieran, eta irakaskuntzan eman du bizi osoa, orain urte bi erretretan sartu zen arte. Asko baino gehiago idatzia da, ikastaro asko baino gehiago zuzendua, hizkuntzen didaktika beti kezka. Bitartean, aldi bihurri baten lekuko izan da, eta heterodoxiatik jardun du, zorrotz.


"Errazago identifikatzen gara miseriarekin istorio alai-alaiekin baino"

Ana Malagonek bi profil ditu Twitterren, baina, beraren esanetan, ez dira bi pertsona ezberdin, hizkuntza dute irizpide. Batean, ingelesez eta gaztelaniaz idazten du, euskaraz bestean: “Gauza globaltzat jotzen dugu internet, baina badirudi euskal txiosfera eta Madrilgoa aparteko mundutan bizi direla”. Gaiarekin ere badu zerikusirik: oro har, erdaretan gehiago idazten du lanaz; literatura, ordea, euskaraz egiten du. Ana Malagonen alderdi bi horiei (eta beste hainbati) erreparatu... [+]


2017-05-21 | Angel Erro
Hil laudamena

Gauzak inork baino lehenago egiteko zure joerak bildu gaitu gaur hona, eta horrek ekarri dit jendaurrean zutaz aritzeko ardura bilatu gabea. Barkatu beharko didazu, zaudenean ere, hitzon traketsa, zu baitzinen gure artean hitz kontuetan trebeena. Zoritxarrez ez zaitugu zu hemen, gure arteko baten hil laudamena eginez, eta gutako bat hor, zu zauden tokian, zauden tokian zaudela ere. Lepoa eginen nuke, zu hemen egotera, ni nagoen leku eta ataka gaiztoan, ederki arituko zinela zuka egin beharrik... [+]


Beste 13 urte itxaron behar al dute duin hil nahi dutenek?

Alaitz Chamorroren kasua ezagutu dugu duela gutxi (argazkian): ezin du gorputz atalik mugitu, mina du gorputz osoan, eta sedazio aringarri bidez heriotza duina eskatu du, baina Espainiako Zigor-Kodeak eskubide hori debekatzen die Chamorrori eta askatasunez erabaki bera hartu duten herritarrei. Lehengo astean bueltatu da esperantza.


John Berger bizikide hildakoen ekonomian

Nola gogoratu John Berger bezalako egile marxista bat? Nola oroitu bere ekarpen material eta kulturala, hil ondoren? Ikuskizunaren gizartean egile baten heriotza egunetik egunera agertu eta desagertu egiten da. Indarkeria kapitalista isilak lanak eta gorputzak ahaztarazten ditu, salgai ez den oro baztertuz. Sarritan ez gara basakeria honetaz ohartzen.


"Ezin dut gehiago, heriotza duina nahi dut"

Larraitz Chamorro alegiarrak halaxe eskatu zion ahizpari, hain da handia ELA gaixotasunak eragiten dion sufrimendua: "Esti, ezin dut gehiago, lagundu iezadazu honekin bukatzen".


Errituak ugari azken agurrean

Bizi garen artean bezala, hil osterako desio eta erabakietan ere ez gara berdinak. Erritu katolikoaren alternatiba gisa, hileta zibilak hasi dira leku egiten. Erlijio, kultura eta komunitate bakoitzak bere ohiturak ditu eta hainbatek hildakoa jaioterrian ehorztea erabakitzen du. Eta bada hildakoei zerbitzu berezia emateaz arduratzen denik ere, baltsamazio edo tanatopraxia kasu.


2016-07-07 | Uriola.eus
Hileta zibiletarako udal instalazio batzuk erabili ahalko dira Bilbon

Udaleko Gobernu Batzordeak asteazkenean onartu du Derioko hilerrian eta Bilboko zortzi barrutietako hogeitabost udaltegietan hileta zibilak egin ahal izatea, hainbat baldintza betez gero.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude