Aroztegiko epaiketaren akusazioen –fiskaltza eta akusazio partikularra– idazkiak irakurrita, pentsatzekoa zen epaiketan aterako zituztela froga argiagorik, horrekin bakarrik talde kriminalaren akusazioa oso larria baitzen. Ez ba, bost eguneko epaiketa zuzenean jarraitu ondoren, argi ikusi ahal izan zen fiskaltzak –zeresanik ez akusazio partikularrak– ez zuela ezer gehiago erakutsi auzipetu bakoitzari honako zigorra eskatzeko: talde kriminala osatzeagatik urtebeteko kartzela zigorra eta 22 hilabeteko espetxe zigorra derrigortze edo bortxa delituagatik akusatu bakoitzarendako.
Epaiketan ikusitakoaren arabera, zer gertatu zen 2021eko apirilean Lekarozko Aroztegiko obren bueltan? Batetik, desobedientzia zibilaren eremuko gertaera klasikoak, funtsean honakoak: makinen aurrean jartzea eta haien lana oztopatzea, akanpada guztiz baketsu bat obren eremuan, eta horiei zabalkundea emateko jarduera mediatikoa. Bestalde, egun horietan izan ziren ere makinen aurkako sabotaje txikiak: makinen sarrailak poliuretano aparrez ixtea, gurpil zulaketa gutxi batzuk, pintaketak makinetan, dumper baten lapurreta (hurrengo egunean itzuli zutena), edo zuhaitzetan iltzeak sartzea motozerren lana eragozteko. Tankera txikiko irain eta mehatxuren batzuk ere izan ziren agian, beti ere nork egiten zituen zehaztu gabekoak, eta ez akusazioak irudikatu nahi izan zuen larritasunarekin. Kito.
Fiskaltzak halako kontakizuna eraiki du gertaera horietatik: “Batzuek ekintza baketsuak egiten zituzten –auzipetuek– eta besteek biolentoak, baina guztiak dira talde kriminal berekoak, eta guztien helburua da Aroztegiko proiektua hondoratzea; horretarako talde horretan antolatzen dira, funtzio banaketa argi eta zehatzekin. Hemen zazpi auzipetu ditugu, baina askoz gehiago dira”. Batetik, fiskalak ez zuen zehaztu talde kriminala zein den; eta bestetik, bati ezinbestean datorkio “Dena da ETA” garaiaren oihartzuna, espainiar demokraziaren zutoin ezin ahulago eta autoritarioak erakutsi zituen estrategia injustu –baina eraginkor– hura. Disidentziaren aurka egiteko oihartzun hura gaur egun noraino iristen den ikusiko dugu epai honetan.
Baina zigor kodean horrek ez du balio, delitu bakoitza pertsona zehatzekin lotu behar da, epaiketa honetan egin ez dena. Zerbait zigortzekotan, beraz, sabotaje txiki horiek lirateke, baina haien egileak bilatu eta auzipetu behar horretarako. Desobedientzia zibilaren eremuko beste horiek, izatekotan ere, isunekin bideratzekoak lirateke, funtsean hainbat greba eta mobilizaziotan gertatzen diren trafiko mozketen berdintsuak baitira.
Epaiketak aurrera egin ahala, auzitegiko korridoreetan askok aipatzen zuen frogarik gabe auzipetuak ezingo zituztela zigortu, baina amaieran fiskalak eta akusazioek haien eskaera gogorrekin jarraitu dute eta, beraz, zigor aukera mahaiaren gainean dago. “Sorgin ehiza” atera zuen akusatuetako batek aretora defentsaren galderei erantzunez, eta bai, ikusitakoarekin epaileak zazpikotea talde kriminaltzat jotzea ebatziko balu, gorputzen erreketari ekiteko egur piloari su ematearen gisakoa litzateke.
Aroztegiko proiektuak behin ere ez du izan sostengu handirik Baztanen, baina haren sustatzaileen jauntxokeriak eta baldarkeriak baztandarren kontrakotasuna biziki areagotu dute; eta esan liteke sustatzaile politiko izan den Geroa Bairen eta Nafarroako Gobernuaren deserosotasuna ere gero eta agerikoagoa izan dela denborak aurrera egin ahala.
Epaiketaren muinera joz, Diru Jauna ere agertu zen aretoan. Ikuspegi desberdinarekin, baina akusazioek eta defentsek biek ala biek onartu zuten haren garrantzia: “Gure bezeroek milioika euro inbertitu dituzte proiektu honetan eta orain geldi dago, mehatxuak bere horretan dirauelako”, zioen akusazioak. “Palacio de Arozteguia SLk bai ala bai talde kriminalaren akusazioa atera behar du epaiketa honetatik, horrekin Nafarroako eta Espainiako gobernuen aurka daraman auzi administratiboan 43 milioi euroko kalte-ordaina ateratzeko”, ihardetsi zion defentsak. Epaiketa epaiaren zain dago.
Fiskalak eta akusazio partikularrak zazpi auzipetuen zigor eskaerak berretsi dituzte, 46 hilabeteko kartzela zigorra eta 56.000 euro enpresei egindako kalteen ordain gisa. Auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute. Epailearen eskuetan geratu da erabakia.
Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren eremura joan eta makinen aurrean era pasiboan jarri.
Asteazkenean lau foruzain, bi alkate ohi eta bi kazetari izan dira haien testigantzak ematen. Geroago, amaiera amaigabean, akusazio partikularraren 11 bideo eta albistegi ikusi eta itzuli dira gaztelerara: desobedientzia zibila begien aurrean. Oso luze joan da, luzeegi.
Bigarren ahozko saioan Aroztegiako obren eremuan izan ziren 11 guardia zibilek deklaratu dute asteartean, gehien-gehienak fiskaltzak deituta. Astelehenekoarekin konparatuta azkar joan da dena, eta arras lasaiago. Haien guztien testigantzan zerbait azpimarratu behar bada zera da:... [+]
Goiza epel esnatu da Iruñean, eta Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean epela beroa zen, elkartasunaren beroa. Baztandik hurbildutako Aroztegiko Elkartasun Komiteak karpa jarrita zuen auzitegiaren aurrean eta dozenaka pertsonak haien elkartasuna adierazi diete zazpi... [+]
Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]
Epaiketetan aldeen arteko akordio aukera iritsi daiteke ahozko auzia hasi baino minutu batzuk lehenago. Auzi honetan akusatuek publiko egin dituzte orain arte egondako negoziazio saioak, eta azkena aste honetakoa izan da, ezagutarazi den moduan porrot egin duena. Akordiorik egon... [+]
Hilabeteak dira jada fiskaltza, defentsa eta akusazio partikularra –Palacio de Arozteguia SM– epaiketa ez egiteko negoziatzen ari direla. Bazegoen oinarrizko akordio bat, baina Aroztegiko Elkartasun Komiteak prentsa ohar bidez iragarri du bertan behera gelditu dela.
Euskal Herriko hainbat arlotako 196 pertsona ezagunek Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute Iruñean astearte goizean. Errepresioa eta Aroztegiako proiektuak ordezkatzen duen garapen eredua salatu dituzte. Astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko ekintzak... [+]
Aroztegiako hirigintza proiektuaren lanak eteteagatik Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Auzipetuei elkartasuna adierazi eta beren absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi zuten igandean Elizondoko plazan, larunbatera arte. Aroztegiko Elkartasun... [+]
Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Epaiketaren bezperan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak zazpi absoluzioa aldarrikatzeko kanpaldia antolatu du, maiatzaren 4tik 10era, Elizondoko Plazan. Askotariko egitaraua osatu dute egunotarako.
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.
Tesia: Baztango... [+]