"Sofan, gazta pintxoa jaten, esaten dugun berdina botatzen dugu agertokian"

  • Rap, futbol, reggae, antifaxismoa, dub, Andaluziako harrotasuna, dancehall eta flow, flow handia. Abel Azconak baino ostia gehiago partitzen dute, irribarrea galdu barik. Ideiak kalean jasotzen dituzten bezala argitaratu dituzte zazpi disko: libre eta denen eskura. Nork esan zuen ezin dela dantzatu zeure buruari galdetu bitartean “Non dago sekreta?” –beren kantarik ezagunena–. La Tacitako Trenchtowndik, Fundación de Raperos Atípicos de Cádiz (F.R.A.C.) eta Karim, abeslaria, mikrofonoan da.

“Relaxing Cup of Patá en er Pesho” Crowdfunding bidez kaleratu duten azken diskoa www.rescatalafrac.com webgunean deskargatu daiteke.
“Relaxing Cup of Patá en er Pesho” Crowdfunding bidez kaleratu duten azken diskoa www.rescatalafrac.com webgunean deskargatu daiteke.

Raperoak zarete, baina aratusteekin lotura handia duen La Viña auzokoak izateak eragina izango du.
Lehen beti esaten genuen rap, reggae eta Cádizko guasa. Batzuek diote rapa, aratustea, reggae eta ez dakit zer gehiago egiten dugula. Guretzat etiketa denak ongi etorriak. Chirigota ere gustatzen zaigu, hori iraingarritzat erabiltzen duen jendea dagoelako.

Iraina?
Ez dakit, espainolen kontuak dira.

Gaizki ikusita al dago?
Ez, chirigota ez delako batere serioa eta noski, guk ez dugu holakoak izateko asmorik. Seriotzat hartzen bagaituzte, zerbait gaizki doan seinale.

Kaleko chirigota izango da zuen gustukoagoa.
Bai, baina ez dugu chirigotaren erritmoa erabiltzen. Musikalki, nolabait, egiten duguna da erromantze-dub edo dubmancero GaditanceHall (barreak). Aratusteetako modalitate bat erromantze cadiztarra da. Oinarria ondokoa da: pertsona batek, umorez eta errimari jarraiki, burutik pasatzen zaion guztia errezitatzea/botatzea. Ezin egokiagoa guretzat.

 

Barre asko, adarra jo ezker-eskuin, baina egurra zuzen partitzen duzue.
Zuzen ala zeharka. Sofan, gazta pintxoa jaten, esaten dugun berdina botatzen dugu agertokian ere. Bateragarria da.

Non utzi dituzue urrezko kateak, biserak, letra matxistak …?
Guk hasiera-hasieratik arnegatu dugu rapaz. Ez raperoengatik, gu jatorrizko raparen zaleak gara eta. Rapari eta raperoei ezarri dizkieten estereotipoei uko egiten diegu. Zeharo nekagarriak dira. Eta gainera hainbeste bisera eduki behar izateak garbigailuaren erdia okupatzen du.

Noiz sinatuko duzue Sonyrekin eta Primavera Sounden jo?
Gaur egun ordaintzen badidate, baietz esango nuke e! Nik ez nuen nahi, baina zuek behartu nauzue (barreak). Hemen ematen du agertokira igotzeagatik pribilegiatua zarela. Gizarte segurantzan alta hartzeko edo soldata jasotzeko eskubiderik ez dugula dirudi. Ez naiz ari prefabrikatutako talde horiek jasotzen dituzten 10.000 euroko kaxet supergizenduez. Soldata bat, besterik gabe. Zerbitzariek kobratzen duten bezala, jaso bezate zerbait musikariek, teknikariek…

 

Gaur egun ere ezinbestekoa dirudi nork bere bidea bilatu beharrak.
Bizimodua ateratzea eta nahi duguna esatea uztartzen saiatzen gara. Gurea plastifikatzen ez den bitartean, aurrera. FRACek ez du zentzurik landutako diskurtsoa edukiz gero, bat-batekoa izan behar du. Gu mugimendu sozialetan sortu gara, taldearen lehen segundotik aurrera gure eszena diseinatu behar izan genuen. Artean 20 urte genituen eta Teofilaren [20 urtez Cádizko alkatea izan dena, PPkoa] garai onenak ziren, beraz egin kontu zer aukera genuen jotzeko. Egoerak berak irakatsi zigun autogestionatzen, gauzak dirurik gabe egiten eta espazioak lortzen. Handik gutxira 20-30 musika talde ginen, gure eszena propioa osatu genuen eta eszena ofizialak baino jende gehiago mugitzen genuen.

Zuzeneko musikaren aldeko Cádizko plataformaren parte zarete.
Argi ikusi genuenean Teofila tabako bila joango zela, batu ginen gobernu berriari errazteko jarraitu beharreko ildoa, zuzeneko musikari dagokionez. Askoren artean komunean jarri ditugu jazarpenarekin edo legediarekin lotutako arazo nagusiak. Lehengo udalaren kontrolpean ez zen zirkuitu oro hil zuten. “Nirekin zaude ala polizia bidaliko dizut”, isunak jarri dituzte, lagun asko atxilotu dute eta gainera, okerrenak ginela leporatzen ziguten, hiriko zaborra. Gu ez gara hiriko mozkorrak eta holakoak. Tira, baten bat badago. Baina legezkoa da, ezta?

 

Nola eramaten duzue “aldaketa”?
Udaleko aldaketa garrantzitsua da guretzat. Ez da funtsezkoena, egiazko lana dagoelako kalean, kolektiboetan, tabernetan, jendearengan berarengan. Egungo alkatea [José María González ‘Kichi’, Podemos] musikaria da. Urte asko daramatza oso letra kañeroa duen gure auzoko konpartsa batean. Poza ematen du kalean berarekin topatzeak, pistoladunez inguratuta egon gabe. Lehen bizkartzaina ikusten zenuen aurrena eta atzetik Teofila; aberaskumeentzako merkataritza-kaleetan, jakina.

Europan langabezia mailarik altuena duen zonaldeetako bat da Cádiz, %40tik gorakoa.
Cádizeko egoera “ona” –iruzurra izanik ere– zenean, langabezia ez zen inoiz %25etik behera jaitsi. Krisia beste koska bat gehiago besterik ez zen izan, baina ez beste leku askotan izan zen zartakoa. 1990eko hamarkadan gertatu zen hemengo industriaren gainbehera, ontziolen deslokalizazioak-eta. Beraz, krisia etorri zenerako Cádizko jendea ohituta zegoen. Ordutik hona, turismoari emanda gaizki bizitzen saiatu da Cádiz. Bost izarreko turismoa sustatzen saiatu dira, egiatan bi izarreko hiria izanik. Plantak egiten, itxurak bizi izan gaitu. Berbarako, hemen ohikoa da ostalaritzan lanaldi osoz lan eginda ere lanaldi erdian egotea alta emanda. Eta pentsatuko du gainera, zortekoa ni, alta emanda nagoelako!

Baina errua zuena da.
Nola ez ba! Egunero potrojorran gaude, inauterietan abesten eta PER (Landa eremuetarako diru-laguntza) kobratzen dugu lurrik ez badugu ere.

 

Zer izango ote ginen estereotiporik gabe.
Nahitaez graziosoa izan behar duen andaluziarraren estereotipo super-markatuekin datozkigu orain telebistan. Malezia hori, batez ere cadiztarrena, muturreko beharretik dator, hain zuzen. Eta zentzu bikoitzaz mintzatzea, berdin. Urte luzez zentsura handia izan da hemen eta hori garatu eta txertatu da musikan eta Cádizko hizkeran. Horixe da Cádizko egiazko esentzia. Telebistan baboarena egiten ateratzeak eta horrek denak ez du inolako zerikusirik. Guztiz alderantzizkoa da. Lotsagorritu egiten nau.

Basamortuan oihuka aritzearen antzekoa irudituko zaio bati baino gehiagori Andalusía Nasión abestea.
Ba, ez pentsa! Herrietan beti ezagutu gaituzte abesti, kontu eta mugimendu horregatik. Noski, ondo dakigu non gauden eta zer giro dagoen. Nire ustez independentzia ez da lehentasunezkoa Andaluzian. Gurea ez da bandera edo muga kontua. Andaluziar gehiago daude kanpoan hemen baino. Nortasuna aldarrikatzeaz ari gara. Gure historia propioa dugula, gure kultura, gure mugiroa, gure hizkera, gure ekiteko eta pentsatzeko era eta, inkluso, gure errepresio propioa.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude