Nola egin aurre ikasgelan testuliburuaren aginteari

  • Unibertsitatearen atarian, eta euskal literaturaz ia arrastorik ez. Betidanik izan da literaturzalea espezie gutxitua. Auzia jakintza da ordea, ez zaletasuna. Zer dela eta dute egungo gazteek euskal literaturari buruzko hain ezagutza urria? Arrazoiak askotarikoak izango dira, ziur asko: aisialdi eredu gero eta pasiboagoa, erreferentzia gero eta globalagoak... eta hezkuntzak ere izango du zerikusirik. Egun eskolan literatura irakasteko ereduaz mintzatu dira Idurre Alonso, Amaia Serrano eta Ur Apalategi irakasleak. 

Irudi distortsionatu eta azaleko samarrarekin amaitzen dute D ereduko ikasleek Batxilergoa Hego Euskal Herrian, euskal literaturari dagokionez behintzat. Idazle ezagunez galdetuta, oro har, botatzen dituzte klasiko batzuen izenak –Etxepare, Axular, Txomin Agirre–, garaikide kanonikoenak –Atxaga, Saizarbitoria, Sarrionandia–, eta hezkuntza sistemako zirkuituan sartzea lortu dutenenak –Fernando Morillo, Jasone Osoro–. Halaber, emakumezkoen aldean, askoz ere gizonezko idazle gehiagoren berri dute, eta narratiba da, batez ere, irakurtzen duten generoa. Datu oso orokorrak dira, gai horri buruz Irati Urkiolak iazko Egan aldizkarian argitaratutako artikulutik ateratakoak, baina, besterik ez bada ere, eztabaida mahai gaineratzeko balio dezakete: egokia al da eskolan literatura irakasteko modua?

Egun, “Euskal hizkuntza eta literatura” ikasgaiaren barnean irakasten da euskal literatura. Alegia, curriculum legeak hala aginduta, hizkuntzaren eta literaturaren edukiak modu berezituan lantzen dira, nahiz eta, sarritan, irakasleek garrantzi berezia ematen diotenez ikasleen hizkuntza maila hobetzeari, literatura ia jorratu ere ez duten egiten. Dena dela, literatura irakastea erabakitzen duten kasuetan, bi helburu aintzat hartuta egiten dute: literaturaren historia transmititzea, ikasgelan, eta liburu bat irakurraraztea, etxean. Idurre Alonsoren ustez, badu indargune bat eredu honek: ikasleek euskal erreferente batzuk barneratzen dituzte. “Irudipena dut sarritan beste muturrera egiten dugula jauzi orain. Sor dezatela, goza dezatela, baina euskal literaturaren izaera landu gabe”, dio. Hala eta guztiz ere, indargune baino gabezia gehiago ikusten dizkio.

Historia, testuliburura murriztua

Literaturaren historiari garrantzi handia aitortzen dio Alonsok, baina argi du hura irakasteko beste molde batzuk bilatzea ezinbestekoa dela. “Ez gara lortzen ari ikasleek beren kultura ezagutu dezaten, eta hori oso larria da”. Amaia Serranok ere eredua aldatu beharra dagoela uste du, literaturaren historia “oso modu tradizionalean” irakasten delako, “testuliburuan datorren informazioa azaltzera mugatuz”. Ur Apalategiri, berriz, iruditzen zaio testuen antologia bat erabiltzea baino askoz gehiago izan behar lukeela literaturaren historiak. Testuek produzituak izan diren gizartearekin eta garaiarekin zer-nolako elkar eragina izan duten ikusi beharko litzateke beti, haren ustez: “Testua eta testuingurua, biak elkarrekin aipatu behar dira, bai bata bai bestea ongi ulertu ahal izateko”.

Serranori bururatzen zaizkio proposamen batzuk: “Zergatik ez dizkiegu erakusten Leizarragaren testu zatiak, Jainkoari hika egiten ziola ulertzeko (eta hautu hori zergatik egiten duen jakiteko); Joanes Etxeberrik Uztaritzeko Biltzarrari bidalitako gutunaren pasarte bat irakurtzen, garaian euskaraz argitaratzeko zeuden arazoez jabetu daitezen; Axularrek ustez Materrari euskaraz ikasten lagundu ziola kontatzen, garai hartako idazleen arteko harremanez hitz egiteko, Oihenarten poemen irakurketa egiten, literaturaren kalitateaz ohartzeko; edota Laphitzek egindako santuen biografien pasarteren bat irakurtzen historiaren eta fikzioaren arteko mugez eztabaidatzeko?”.

Irakurketa irizpideak, bakoitzak bereak

Batxilergoko curriculumek ez dute zehazten zein irizpideri erreparatu behar dion irakasleak ikasleek irakurri behar duten liburua aukeratzerakoan. Erabakia irakaslearen bizkar gelditzen da, eta hark bi helduleku nagusi izaten ditu: Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duen “Idazleak ikastetxeetan” programa eta argitaletxeen promozioak. Gertatzen da, halaber, irakaslea sariren bat jaso duten liburuen alde lerratzea, edo, besterik gabe, bere irizpide pertsonalen araberako irakurgaiak hautatzea. Berez, baina, zer hartu behar luke kontuan?

Alonsok uste du ordua dela askotariko irizpideak aldarrikatzeko. “Batzuetan, euskal literaturan iraultza ekarri duten idazleak ezagutaraztea izango dugu helburu. Beste batzuetan, egileen izaera eta idazmolde ugari aztertzea, edo bideolitak, book trailer-ak, edo antzekoak egitea... Une bakoitzean, helburua erdiesteko egokia den liburua hautatu beharko dugu”. Serranok ere faktore ugari zerrendatu ditu: genero literarioen arteko oreka, liburuko kontakizunean planteatzen den mundu-ikuskera, pertsonaien eraikuntza (estereotipatua den ala ez), idazlearen generoa, eta beste hainbat. Gisa berean, iruditzen zaio irakasleak liburu bat baino gehiagoren artean hautatzen utzi behar liekeela ikasleei, haien gustuko liburu bat topatzeko aukerak areagotzen direlako, eta, era horretara, ez dutelako inposatutako irakurketatzat hartuko. Apalategiren ustez, ostera, garrantzitsua da hautatzen diren obrek ezaugarri bat betetzea: ikasleari balio behar diote bizi den gizartea eta bere burua hobeto ulertzeko. Haren irudiko, irakasle ona ez da ikasleen soslaiaren araberako irakurgaien zerrenda atsegina osatzen duena, baizik eta trebezia aski daukana ikasleen arreta erakartzeko berari interesgarriak iruditzen zaizkion obretara. “Badakit listoia oso goian jartzen ari naizela, baina listoia beheregi jarriz ez da jauzi handirik egiten inoiz”.

Literaturara zaletzea, eskolaren ardura?

Ikasle askorentzat eskola da literaturara hurreratzeko aukera ematen dien espazio bakarra. Gauzak horrela, bere gain hartu behar al luke gazteak literaturzaletzeko ardura? Baiezkoan dago Serrano, nahiz eta uste duen beste hainbat esparrutatik ere eragin daitekeela horretan (telebista saioetatik, sareko programetatik, mugikorretako aplikazioetatik...). Gazteentzat literatura erakargarri izan dadin, irakasteko metodoak gehiago lantzearen aldekoa da. Bururatzen zaizkion proiektuen artean daude Etxepare Rap, Xerezaderen Artxiboa, eta gehiago: “Berri Txarrak taldeak, esaterako, badu Emazten Fabore II izeneko abesti bat. Izenburua Bernart Etxepareren Emazten fabore poeman dago oinarrituta, eta bi testuen arteko elkarrizketa ulertzeko eraginkorra izan daiteke bien arteko konparaketa egitea (bakoitzaren testuinguru sozio-historiko-kulturala kontuan hartuz, noski)”. Aipatzen du, era berean, eskola batzuk ibilbide literarioak egiten hasiak direla, inguruko kaleen eta plazen izenak autoreekin lotuz. “Literatura koadroekin, poemekin, objektuekin edota usainekin ere uztartzen denean, zentzu handiagoa hartzen du, eta emaitzak ere hobetu daitezke”.

Alonsori zailago zaio galderari erantzutea. Iruditzen zaio eskolaren eginbeharra dela euskal herritar aktiboak heztea, ingurua ezagutuko dutenak eta inguruarekiko konpromisoa izango dutenak. Eta, horretarako, irakurtzea ezinbestekoa da haren ustez. “Zaletzen baditugu, are hobeto, baina funtsezkoa gaitzea da: irakurtzeko, pentsatzeko, jarduteko eta sortzeko gaitzea”.

Apalategirentzat literatura eskolen helburu nagusiak ez du ikasleen zaletasuna piztea izan behar. “Matematika irakasleari ez zaio galdatzen ikasleak matematikazaletu ditzan. Zergatik eskatzen zaio hori literatura irakasleari, orduan? Literatura bezalako humanitateei errespetua galdu zaie erabat, eta hori berreskuratu behar dugu. Literatura ikastea ez da matematikak ikastea baino garrantzi gutxiagokoa”. Gaineratu duenez, herritar batek literaturan jantzia izan behar du gure gizarteak funtziona dezan. “Gai garrantzitsu bakarrak humanitateetatik kanpokoak baldin badira, alegia, ekonomia eta enpresa mundua elikatzeko bokazioa dutenak, esan nahi du europar zibilizazioaren muinari uko egiten diogula, demokraziari uko egiten diogula. Gero kexatuko gara gazteak despolitizatuak direla. Baina despolitizazio hori eskolan bertan hasten da, humanitateak desprestigiatuz!”.

Pedagogia berriak, zinezko aldaketa ala aitzakia perfektua?

Ekarpen interesgarriak egin dituzte pedagogia berriek Apalategiren iritziz. “Arazoa da sistema politiko-administratiboek azken hamarkadetan ideia berritzaile horiek baliatu dituztela literaturaz duten ardurarik eza estaltzeko”. Metodo berrien defentsa egin izan da esanez irakurgaiek plazera eragin behar dutela, baina iruditzen zaio hitz horrek tranpa handi bat ezkutatzen duela. “Norberaren gustuen eta mailaren araberako irakurgaiak bakarrik ematen baditu eskolak, bere eginbeharra ahazten ari da”. Jokabide horren ondorioa garbi dakusa Apalategik: giro sozio-kultural aberatsetan hezitako haurrei irakurgai zailagoak eta interesgarriagoak –aberatsagoak– emango dizkie irakasleak, eta familia giro xumeagoetan hezitakoei, berriz, irakurgai pobreagoak eta errazagoak. “Beraz, eskolak desberdintasun sozialen erreprodukzioa eragingo du, guztiz antidemokratikoa bihurtuz”.  

Alonsori, ostera, oso uste okerra iruditzen zaio pentsatzea hezkuntza ikaslearen interesetatik abiatzea ikasketak erraztea dela. Ikasleen interesetatik abiatze hori gaizki ulertzen delakoan dago. “Ideala ez da ikasleei gustatzen zaizkien idazleak irakurtzea, baizik eta antzematea zeintzuk diren beren interesguneak eta saiatzea motibatuko dituzten formatuen bidez literatura lantzen, kanonean ditugunak nahiz bestelakoak aipatuz, kanonetik kanpo artelan asko ditugu eta”. Iruditzen zaio oraindik ere kostatu egiten dela irakaskuntza sistema gaitasun terminoetan ulertzea, eta aldaketa horrek bazterrean zein eduki utziko ote dituen beldurrez daudela zenbait. Kezkagarria iruditzen zaio hainbat kritikariren eta idazleren diskurtsoa: “Talka gisa bizi  dute literaturak izan dezakeen funtzio sozialaren eta irakurtzen, ulertzen, interpretatzen, sortzen... ikastearen arteko harremana. Nola ernaraziko du literaturak, ez badugu literatura ulertzeko biderik jartzen?”.


ASTEKARIA
2015eko maiatzaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Eguneraketa berriak daude