Eskoletan ilunpean dagoen ikasgaia

  • Gure eskoletan sexu heziketa oso mugatuta dago. Ordu kopurua mugatua da, instituzioen parte-hartzea ere bai eta legeriak ere ez du laguntzen mugak gainditzen, alderantziz. Sexologoek ahal dutena egiten dute, baina garbi dute zer egin nahi duten: haurrak sexuetan hezi.

Oñatiko Txantxiku Ikastolako LHko 4. mailako haurrak sexu heziketa lantzen.
Oñatiko Txantxiku Ikastolako LHko 4. mailako haurrak sexu heziketa lantzen.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Mugaz alde batean zein bestean, sexu heziketa mugaz inguratuta dago. Frantziako Estatuan eta, beraz, Ipar Euskal Herrian, sexu heziketa eskola curriculumaren parte da 1973tik. Baina, orotara, ikasleek 30-40 orduko prestakuntza jasotzen dute derrigorrezko hezkuntza osoan. 2013ko irailean gobernu zentralak les ABCD de l’égalité (Berdintasunaren ABCD) programa abiarazi zuen eskolan genero estereotipoak ahultzeko asmoz. Dena den, ez dirudi iritzi publikoa sexu prestakuntza indartzearen alde dagoenik. Duela zazpi urte Parisen ZiziSexuel erakusketa zabaldu zuten lehenengoz, haurrei zuzendutako sexuari buruzko ekimen didaktiko interesgarria. Ia Europa osoa ibili du erakusketak eta berriki Parisera itzuli denean duela zazpi urte baino polemika handiagoa sortu du; hasieran zenbait elkarte katolikok eta kontserbadorek 8.000 sinadura jaso zituzten erakusketaren aurka eta itzuleran 40.000ra iritsi dira.

Eta hala ere, sexu heziketaren egoera hobea da Hego Euskal Herrikoarekin alderatuta, ofizialki behintzat. Espainiako Estatuan sexu heziketa 1990ean azaldu zen lehenengoz (LOGSE), Osasun Hezkuntza zehar lerroko ikasgaiaren baitan. 2006an LOEk  ikasleek gizarte bizitzarako gaitasunak jasotzea proposatzen zuen, baina ez zituen  sexu heziketari buruzko eduki espezifikoak jasotzen Herritartasunerako Hezkuntzan planteatutakoez harago. 2010eko sexu eta ugalketa osasunari buruzko lege organikoak dioenez, botere publikoek  informazio eta heziketa afektibo-sexuala bermatuko dute hezkuntza sistemaren eduki formal guztietan. Baina legearen alderdi hori ez da garatu eta orain LOMCEk sexu heziketaren arrasto urri guztiak ezabatzen ditu hezkuntza curriculumetik.

Ikastetxeen erabakiz

Ondorioz, Harremanak taldeko Olatz Berastegi sexologoaren arabera, “sexu heziketa ikastetxeen esku dago eta gehienetan beraiek erabakitzen dute prestakuntza hori nola egin”. Sexu heziketa eskaintzea erabakitzen dutenek kanpoko sexologoak kontratatzen dituzte 6-8 orduko ikastaroak eskaintzeko.  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hiru ikasturteetan, guztira, 30 ordu eman ohi dituzte eta, zenbaitetan, Lehen Hezkuntzan beste 6 ordu. Hortaz, derrigorrezko hezkuntza osoan 0-36 ordu bitartean eskaintzen zaizkio. Espainiako Estatuan 15 eta 24 urte arteko gazteei egindako inkestan, soilik %46k erantzun zuen ikastetxean sexuari buruzko informazioa jaso zuela. Hego Euskal Herriko datu espezifikorik ezean, Olatz Berastegik dio EAEko egoera Estatuko gainerako lurraldeetakoa baino hobea dela; Nafarroari dagokionez ez da hain baikorra.

Instituzioak ere beren hondar alea ekartzen hasi dira: “Gehienbat Gipuzkoan berdintasunaren gaiak indarra hartu du eta udal askok herriko eskolei ikastaroak eskaintzen dizkiete. Baina nagusiki berdintasunaren eta indarkeriaren prebentzioaren inguruan jarduteko”.

Eta oro har gero eta ikastetxe gehiagok erabakitzen du sexu heziketako programak kontratatzea. “Baina maiz egiten dutela esan ahal izateko kontratatzen gaituzte”, dio sexologoak, “eta batzuek ordu gutxitan eta are diru gutxiago ordainduta gauza asko ematea nahi dute”. Horrek konkurrentzia ekarri du, eta ez beti leiala. “Zenbaitek prezioak asko jaisten dituzte eta doako orduak eta bestelako eskaintza bereziak proposatzen dituzte. Horrek, azkenean, gure lanbideari eta, oro har, sexu hezkuntzari kalte egiten dio”.

Nahi eta ezin

Ikastetxeek sexologoei programak eskatu ohi dizkiete beren zerbitzuak kontratatzerakoan zer eduki emango dituzten jakiteko. Baina ordu kopuru mugatua izanik, “askotan urgentziazko gaietara mugatu behar dugu eta eduki asko alde batera uzten ditugu. Sexologoek garbi dugu zer landu nahi dugun, baina ez da erraza”.

Material didaktikoari dagokionez, gero eta iturri gehiago dago: sexologia elkarteak, telebista saioak, unibertsitateak… etengabe eduki didaktikoak sortzen ari dira. Baita bestelako elkarteak ere; 2014an, esaterako, Stee-Eilas sindikatuko LGBTI taldeak sexu aniztasuna lantzeko unitate didaktikoa prestatu du, eskoletatik homofobia uxatzea helburu.  “Gero, noski, guk eman beharreko edukiak adinaren arabera prestatu edo egokitzen ditugu”, dio Berastegik.

Arazoa ez dago sexuari buruzko ikas material espezifikotan, gainerako ikasgaietan erabiltzen direnetan baizik. Sexu heziketa oso kontzeptu zabala da (praktikan era mugatuan landu arren) eta ikasgai gehienak ukitzen ditu. Esaterako, “matematikako testuliburuetan, problemak planteatzerakoan, generoari dagokionez oso adibide estereotipatu eta desegokiak erabiltzen dituzte maiz”. Hortaz, nahiz eta gero eta material berezi gehiago dagoen sexu ikastaroak eta tailerrak prestatzeko, gainerako ikasgaietako materialak, maiz, desegokiak dira sexu hezkuntzarako eta “irakasleak ere, oro har, ez daude horretarako behar bezala prestatuta”.

Sexologoen prestakuntzari dagokionez, esan beharra dago sexologiako goi mailako ziklo osoa Europako unibertsitate bakarrean eskaintzen dela, Lovainan (Belgika). Hau da, sexologiako karrera egin nahi duenak hara (edo Quebecera) joan behar duela. Bestela psikologia, pedagogia, antropologia edo dena delako karrera egin eta gradu ondoko ikasketak erantsita jasotzen dute prestakuntza sexologoek. Esan beharra dago, gradu ondoko ikasketa horien aukera gero eta zabalagoa eta hobea dela, eta ondorioz eskoletan sexu heziketa eskaintzen dutenen prestakuntza, sortzen dituzten materialak… ere hobetzen ari direla.

Eredua iristeko dago

Hego Euskal Herrian sexu heziketaren egoera kaskarra dela ikusi dugu. Ipar Euskal Herrian ere ez da askoz hobea. Orduan, ba al da herrialderik sexu hezkuntza eredugarria eskaintzen duenik? Alde handia dago herrialde batetik bestera. Portugalen, esaterako, biologiari lotutako curriculumaren baitan dago nolabait. Finlandian ere gai sexualak biologiari lotuta daude Lehen Hezkuntzan, eta aurrerago edukiak zabaldu arren, osasun gaietara mugatuta daude. Alemanian derrigorrezko sexu heziketak eduki zabalagoak jasotzen ditu eta zenbait elkarte erlijiosok horren aurka egindako salaketak atzera bota zituen, lehenik Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak eta, ondoren, 2011n,  Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.

Sexu heziketa programarik egokiena aurkitzeko Suediara jo beharko genuke. Eskandinaviako herrialdeko eskola hezkuntzan sexu heziketa 1956tik da derrigorrezkoa. Haurrak 7 eta 10 urte bitartean hasten dira sexu eskolak jasotzen eta derrigorrezko zikloak amaitu bitartean eskaintza zabaldu egiten da. Hainbat ikasgaitan txertatuta dute sexu heziketa, eta ez soilik biologiari edo osasun kontuei lotuta; historian ere sexuaren gaia lantzen dute.

Alde handia dago herrialde batetik bestera. Baina alde are handiagoa sexu heziketa gaur egun denaren eta izan beharko lukeenaren artean. Sexologoek sexuen hezkuntza baitute jomuga. Gaur egun, eskaera mugatuak hala aginduta, gaixotasunen nahiz tratu txarren prebentzioan edo praktika sexualetan oinarritzen dira edukiak. Ondorioz, sexologoak dio: “Sexuaren inguruko mezu ezkorra helarazten zaie haur eta gazteei: arriskutsua dela, kontuz ibili behar dutela…”. Jakina, lege babesa lortuta, ordu kopurua handituta, material didaktikoak (guztiak) hobetuta eta  irakasleak ondo prestatuta, aurrerapauso nabarmenak emango lirateke.

Baina gakoa oinarrian dago, sexuaren kontzeptu hertsi hori aldatzean datza. Sexuen hezkuntza kontzeptu osoago horrek utopikoa dirudi, baina Olatz Berastegik argi pixka bat erantsi dio sexu heziketaren argazki ilunari: “Mugak muga, azken urteetan sexuen hezkuntza pixkanaka zabaltzea lortu dugu, neskez eta mutilez hitz egiten hasi gara, identitateaz, gure arteko harremanez”.

«Bakoitza gustura bizi dadila emakume edo gizon gisa»

Efigenio Amezua (Palentzia, Espainia, 1941), Sexologian doktore da 1971tik. Titulua, jakina, Lovainan (Belgika) eskuratu zuen, oraindik ere Europa osoan sexologiako karrera eskaintzen duen unibertsitate bakarrean.

Espainiako Estatuko sexologiako profesionalen jardunaldi batzuetan Amezuak emandako hitzaldiaren zati batzuk jaso ditugu: “Sexu heziketaz ulertzen denaren egungo egoera orokorraren azterketak oinarrizko akats bat du euskarri: giltzarri gisa sexua erabiltzea eta, hala, sexualtzat jotzen den guztia genitalari buruzkoa da.

(...) Garrantzitsua da zuhaitzek ez dezatela basoa ikustea eragotzi eta, halaber, genitalaren zuhaitza basoarekin berarekin ez nahastea.

(...) Sexu heziketa sexuen heziketatzat dut. Sexuena, pluralean eta ez sexuarena, singularrean, genitalaren sinonimo gisa. Sexu heziketa, niretzat, beste ezer baino lehen, subjektuen identitatearen heziketa da: bakoitza  gustura sentitu eta bizi ahal dadila emakume eta gizon gisa. Horixe litzateke muina. Gainerakoa hortik abiatuta soilik uler daiteke. Inbaditzen gaituen sexu heziketa delakoaren zati handi bat brikolaje hutsa da. Baliozko muin nagusitik etengabe arreta galaraztea. Huskeriatan behin eta berriz galtzea, nagusiena hondakinen artean utzita.

Esan dut sexu heziketaren funtsezko erreferentzia subjektuen identitatea dela eta horri buruzko baieztapen batzuk nabarmendu nahi ditut. Lehenik, identitate hori subjektua maskulinotzat edo femeninotzat biografikoki –eta ez soilik biologikoki– egituratzen duten sentsazioen, emozioen, sentimenduen, afektuen bidez –hau da, bizipenen bidez– taxutzen da. Horrek esan nahi du identitatea, halabeharrez, sexuduna dela. Edo, bestela esanda, sexualitatea identitatearen beraren parte dela.

Bigarrenik, identitate horrek ezin du generikoa edo generokoa izan, indibiduala eta konkretua baizik, hau da, norbanakoarena. Norbanakoa espezie generiko edo gizarte baten parte izanik, rol, funtzio eta estereotipo generiko eta publikoak egokituko dizkiote; baina haren identitatea ez da eztabaida publikokoa, intimitatekoa baizik.

Eta, azkenik, identitate horren muin intimoenean  kokatzen da bere sexualitatea. Garbi dago intimitatearen kutsu moral eta konduktualaz abusatu dela. Egiten dena izaerari eta bizipenei gailendu zaie. Praktikak (gehienetan genitalak edo perigenitalak, sexuarekin obsesionatutakoen irizpideei dagokien moduan) gehiegi nabarmendu dira eta sexu identitatea intimitatez hustu da.

Zenbait sektoretan erro sexual hori saihesteko eta  generoaren erroaz ordezkatzeko joera dago egun; alderdikoia izateaz gain, identitateentzat arriskutsua ere izan daiteke hori.

Azaldutakoak adierazten duenez, sexu heziketak, hau da, sexuenak, ia ez du zerikusirik gaur egun inbaditzen gaituenarekin. Gaixotasunen prebentzioa, haurdunaldiak saihestea eta antzekoak osasun edo gizarte ekintzak besterik ez dira, merituzkoak eta beharrezkoak, baina zerikusi gutxi dute subjektuen errealitate sexualarekin.

Beharbada horregatik sexu heziketa moden eta larrialdien arabera balantzaka dabilen efemeride gorabeheratsua besterik ez da. Heztea, funtsean, balioak aurkitzeko subjektuek dituzten gaitasunak bultzatzea, piztea eta akuilatzea baldin bada, horra hor balio bat: sexuen egintza. Eta balio horrekin bat egitea garrantzitsua bada, sexual abizena duena heziketak berez dagokion balio espezifiko horrekin bat egin beharko luke. Bestela, besterik gabe, osasun edo gizarte heziketaz hitz egin genezake.
 

(...) Heziketa ororen xedea maila igotzea da, zuhaitzek basoa ikustea eragotzi ez dezaten. Informatzea testuinguruan kokatzea da. Eta genitalak subjektuen osotasunean kokatzea, eta subjektuak beren sexuetan kokatzea, sexu heziketa egitea da, hau da, sexuen heziketa.

(...) Genitalak basoko zuhaitzak dira, ez basoa bera”.

Hitzaldia 1995ean eman zuen Amezuak, hau da, duela ia 20 urte, baina haren hitzek ez dute gaurkotasunik galdu. 20 urtetan gizarteak eta hezkuntza sistemak, oro har, ez dute diskurtso hori barneratu, eta sexu heziketaren hutsune nabarmenak bere horretan daude. Hala ere, sexologoak, denbora eta baliabide urriek uzten dieten neurrian, sexu heziketaren egungo zirrikitu estua baliatzen hasiak dira sexuen heziketa, Amezuak aldarrikatzen duen  hura, pixkanaka ikasgeletan txertatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


Lanbide Heziketa Duala inplementatzeko modua “anabasa” eta “alegala” izaten ari dela salatu du hainbat irakaslek

“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]


“Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea”

Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


Ikastetxeek sukalde propioa izatetik harago, funtsa eskola-jantokien kudeaketa eredua dela adierazi du EHIGEk

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]


Gipuzkoako Eskola Txikiek “bizirik eta indartsu” daudela erakutsi dute Ezkio-Itsasoko festan

Ehunka pertsona joan dira jaialdira, haien artean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, 60 milioi euroko inbertsioa iragarri duena Eskola Txikientzat.


2025-06-09 | ARGIA
Ordizian eskola segregazioa saihesteko neurri zuzentzaile nahikorik ez hartzea egotzi dio Arartekoak Jaurlaritzari

EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Eguneraketa berriak daude