"Bertsolaritza meza berria da"

  • “Ez dakit handitan zer izan nahi dudan”.

Oskar Estanga Ezkurdia. Nafarroako Gaintza herrian jaioa 1978ko azaroaren 27an. Baserrian sortua eta hazia. Duela 20 urte bertsogintza berritu zuten bertsolari gazteen labekadakoa. Eta horretan jarraitzen du.
Oskar Estanga Ezkurdia. Nafarroako Gaintza herrian jaioa 1978ko azaroaren 27an. Baserrian sortua eta hazia. Duela 20 urte bertsogintza berritu zuten bertsolari gazteen labekadakoa. Eta horretan jarraitzen du.Dani Blanco

Baserrian hazitako gaztea zara.  

14 urtera arte han izan nintzen, ia herritik atera gabe. Aitona-amonekin bizi ginen, animaliez inguraturik: txerriak, ahuntzak, oiloak, katuak… Gaur egun behiak daude oraindik. 14 urtetan irakasleak esan zien gurasoei batxilergoa egiten ahal nuela, eta nahiz eta ni Lanbide Heziketa eginda moldatzen ahal nintzen, amak dena antolatu zuen ni Iruñera ikastera bidaltzeko. Barneko ikasle bizi nintzen apaiztegiko ikastetxean. Hori ikaragarrizko aldaketa izan zen. Eremu “heidistiko” euskaldunetik Iruñeko Nafarroa osoko 50 mutileko egoitzara. Nahiko gogorra izan zen. Lagunarte lasaiera ohituta egonik, giza harremanetarako baliabide asko landu behar izan nituen denbora gutxian.

Bertso eskola zer izan zen zuretzat?

Giro berri eta arrotz horretan benetako oasia izan zen. Txikitatik hasia nintzen Beteluko bertso eskolan eta gero Iruñera etorrita jarraitu nuen hemen zebilen Manu Gomezekin. Iruñeko gune euskaldun ia bakarra izan zen niretzat orduan.

Bertsozalea txikitatik?

Bai. Auzokide bat, Matxindoko Ramon, oso zalea zen eta nik haria jarraitzen nion. 12 urte nituenean berak 50etik gora, eta grazia egiten zion ni berarekin aritzeak. Gure aitonak ere bertsoak maite zituen. Gainera eskolan irakasle bat genuen oso bertsozalea. Hitzetik hortzera saioko atalak jartzen zizkigun eta bertsoak entzun, bertso zaharrak ezagutu, errimak egiten genituen… Pilotan normala nintzen, futbolean ez zidaten baloia pasatzen eta bertsotan ona nintzen, nolabait esateko. 14 urterekin Nafarroako Eskola Arteko Txapelketa irabazi nuen. Garai hartan Ekintza Landa, Nerea Bruño eta beste gazte batzuk atera ginen, gu baino helduxeagoak zirenekin batera: Xabier Silveira, Estitxu Arozena, Estitxu Fernandez… Eta zaharrak ere bazeuden, oraindik lehengo mundu klasikokoak. Oso nahasketa berezia.

Ilea morez tindaturik oholtzara igo den lehen bertsolaria izan zara?

Agian! Nire bizitzan fase desberdinak izan dira. Hasieran pena handia sentitzen nuen herritik atera behar izateagatik, mundu klasikoarekin puskatzeagatik. Bigarren fasea, aldiz, mundu horrekin deus jakin nahi ez izatea izan zen. Errebeldia garaia, ilea morez tindatu, rock musika eta gitarra jotzen hasi heavy talde batean... Garai hartan Lekunberriko gaztetxean egin genuen koadrila eta han oso identifikatuta sentitzen ginen. Berara joan nintzen UBI egitera eta bi aldiz errepikatu ondoren Magisteritza egitea erabaki nuen, horrek aukera ematen zidalako Iruñean jarraitzeko bertsolari elkartean, kantuzaleekin lanean, musikarekin eta batukadarekin. Jarraian musika elektronikoaren olatua etorri zen eta musika jartzen aritu nintzen denbora dezentez. Korronte kontrako mugimenduetan, underground girotan, ibiltzen nintzen asko: Iruñeko eta, batez ere, Lekunberriko gaztetxeetan. Ordu pila bilerak egiten, proiektuak pentsatzen, entseatzen… eta beti entzuten genuena zen horrek ez zuela ezertarako balio. Baina gure instintua, gure sena, hortik zihoan. Eta asko ikasi genuen antolakuntzan eta helburuak zehazten, adibidez. Gerora asko balio izan diguten irakaspenak. Koadrila hori biltzen garenean beti amaitzen dugu urte horietaz solastatzen. Egia esan, urte haietan asko aldatu zen kaleko kultura.

Orain berriz adiskidetu zara baserriarekin?

Batez ere lanera joan behar dudanean. Bai, eta baserri giroko jendearekin ere bai. Urte askoan nire erabaki batzuekin ez dira bat etorri, adibidez apostasia egin nuenean, baina orain uste dut gazteak oso leku pribilegiatuan jarri gaituztela. Hori eskertu egin behar dut mila eta milioi bat aldiz. Eta guk, horren aurka borrokatu beharrean, prozesu hori osatu behar dugu, egoki ikusten dugun bezala. Orain arteko kezka nagusia izan da guk jatekoa izatea, hotzik ez pasatzea eta ikasketak izatea, eta hori dena gure aurrekoek lortu dute, izerdi patsetan ibilita. Lortu dute gu ongi bizitzea eta orain gure esku gelditzen da hori dena kudeatzea eta kulturalki ere erabakitzea nola kokatzen garen munduan. Erronka garrantzitsua dela ohartu naiz eta hamaika ertz ditu, gainera: ikusi behar da emozioei zer arreta ematen zaien, elikadurarekin zer egiten dugun… Baserri klasikoaren eredua oso lotua da. Gurea da aisialdia, denbora librea izan duen lehen belaunaldia, esate baterako. Orain artekoa mantentzeazaila da, gaur egun gutxi egin eta asko atera eredua nagusi bilakatu delako gure gizartean, baina mundu klasikotik badira oinarri batzuk oso garrantzitsuak izan daitezkeenak etorkizunerako ere: herriarentzat lan amankomunak egitea, batzarrak, auzolana… Hori eredu handia da.

Zentzu horretan, Euskal Herrian lurrarekiko harreman gehiago dugu beste toki batzuetan baino?

Gertuago daukagu, behintzat. Hiri dosi altuak har ditzakegu eta gero hori osatu herri dosi batzuekin. Hori Euskal Herrian oso aberasgarria da gure barne oreka mantentzeko. Beste adibide bat izan daiteke zorionez ekoizle asko ekologikoaren aldeko apustua egiten ari direla, eta ez modagatik bakarrik. Horren azpian dago elikaduraren prozesua eta naturaren zikloak diren bezala bizi nahi izatea, norbera bere emozioekin eta inguruarekin konektatuz.

Gazte errebeldea izan zara. Nola ikusten duzu egungo gazteria?

Aldaketa asko izan dira eta egoera oso desberdinean bizi gara orain. Orduan helburu sozialak, ikasketa maila, egoera ekonomikoa… bestelakoak ziren. Orain gazteek beste jomuga batzuk dituzte. Oro har, dagoen eredu nagusia gorputzarena da, itxurarena, agian egoera ekonomikoa hobea delako, orokorrean. Onerako ere asko aldatu dira gauza batzuk. Egun, esate baterako, edozein gaztek kamera txiki batekin izugarri sormen lan polita egin dezake, baina indibidualismo handia dago. Ematen du arazo nagusia dela lan eroso bat lortzea eta sinesten dugu hori iritsiko dela pixka batez itxoin eginez gero. Gure garaian gogoeta egiten genuen ea zer genuen gustuko eta hori garatzeko zer behar genuen. Espazio bat behar genuen entseatzeko, biltzeko, mozkorraldi batzuk lagunartean harrapatu eta barruan genuen errabia askatzeko… Ez ginen gehiengoa, lau pitzatu besterik ez, baina hor ginen. Egun, aldiz, iruditzen zait erosotasun gehiago dagoenez pesimismoa ere handiagoa dela. Ez dakit zein puntutaraino dagoen gogorik gauzak egiteko. Agian ez dugulako haien mundua ulertzen gara pesimistak, gure gurasoak gurekin pesimistak izan ziren bezala. Dena den, argi dago ez dauzkatela guk izan genituen baloreak. Konpromiso sozialari dagokionez optimismoa eta elkarlana galtzen ari dira. Eta modu berean gauzak egiteko interesa, diruagatik ez bada.

Ez zara inoiz geldirik egoten. Zertan zabiltza orain interesatua?

Musikan edo bertsolaritzan, adibidez, lan komunitarioak zer garrantzia duen ari naiz ikusten. Hasieran lan indibidualak direnak gero gizarteratu egiten dira eta hori nola gauzatzen den aztertzea interesatzen zait. Bertsolaritza, esate baterako, meza berria da. Jendea elkartu, sermoiak egin eta jendeak baieztatu edo ezeztatzen du txaloen bidez. Hori dena bere espiritualitatearekin, bere hutsalkeriekin, bere erritoekin… Urte gutxitan aldaketa asko gertatu dira gizarteratze horretan. Bertsolari bezala nire galderak dira nor naizen ni eta zer esan nahi dudan. Ez dut erronka erronkagatik nahi, baizik eta benetako elkarrizketa sortzeko. Nire nahiak, nire zalantzak, nire ideiak azaldu, ez egi borobil edo formula magiko bilatu. Ikusi nola aritzen diren pertsonak pertsonekin, ez super-izarrekin. Asko hitz egiten dugu horretaz.

Bertso musikatuekin ere oso apustu pertsonala egiten ari naiz eta esango nuke eremu klasikoetan aritu direnek ere ikusten dutela modu berezi bat badagoela hemen bertsoak  egiteko. Nire kezka, alor guztietan, eredu osasuntsuak lantzea da. Esate baterako, parranda egiteko eta jendearekin harremanak egiteko orduan, auskalo nondik etorritako lotsa gainditzeko, edaten dugu, dirua gastatzen dugu eta osasunari kalte egiten diogu. Sanferminetako eredua da hori eta ez zait iruditzen harreman bat sortzeko modu osasuntsua. Benetan inteligenteak eta landuak egongo bagina ez genuke txispatuta egon beharrik izango dantza egiteko edo elkarrizketak edukitzeko. Hori konplexu batetik abiatzen da askotan. Praktika osasuntsuak aldarrikatzen ditut. Bertsolaritzan berdin: handiago sentitzeko besteak txikiago utzi behar dituzu. Behar ditugu espazioak denok elkarrekin kantatzeko, kantuak osatzeko, dantzatzeko, epaituak izan gabe. Kultur erreminta hauekin eremu osasuntsuak zabaldu behar ditugu.   

Eta batukada?

Batukada edo perkusio ikastaroek erakutsi didate lehenbizi zeure buruarekin ongi egon behar duzula eta gero besteak entzun. Erritmoa badoa edo ez doa. Erritmoaren magia gertatzeko beharrezkoa da erlaxatzea, kontzentratzea eta elkar aditzea. Musika jartzen nuenean ere hori zen helburua: jendea, mugak puskatuz, gustura egotea. Sentipenak sortzen badituzu, gero haiek dinamika berriak sorraraziko dituzte.

Jendea parrandan dabilela horretara bideratzea zaila izanen zen, ezta?

Bai, polita baina gogorra. Horregatik orain une jakinetan baino ez dut egiten. Asko nekatu nintzen. Azken hiruzpalau urteotan asko lantzen ari naiz dantza eta mugimendua. Dantza integrala deitzen den formakuntza egiten ari naiz Zaragozan. Mugimendutik gizakiaren alderdi ezberdinak lantzea, garatzea, osatzea eta praktikara eramatea du helburu. Contact Inprobisazioa deitzen den dantza egiten dut. Euskal Herrian elkartea sortu dugu eta badira hainbat toki hau praktikatzeko. Kontaktuaren bidez inprobisatzen den dantza da. Maiteminduta nago honekin. Larunbat goizetan talde bat biltzen gara Iruñean. Sexualitatearen tabu asko apurtzen dira horren bidez, adibidez.

Baina euskaldunak horretarako oso itxiak garela diote…

Nik formakuntza ikastaroan askotan esaten dut nire baitarako, “zeinen zaila den hori guretzat!”. Beldur handiekin eta konplexuekin bizi gara. Denbora gutxian aldaketa handiak izan dira gure inguruan eta beldur gara. Gosea pasatuta, bat-batean opulentziara iritsitako gizartea gara. Ondasun materialak eta estatusa erakutsi bai, baina ez ditugu edonorekin konpartitzen. Buruaskiak izan nahi dugu, daukaguna kontserbatuz. Eta harremanen inguruan oso gutxi hausnartu dugunez, zuzenean psikologoei deitu diegu laguntza eske. Ene ustez gako bat da gizarte osasuntsua eraikitzea jarduera kultural osasuntsuen bidez. Dena den, kontuan hartu behar dugu badela jendea egitura klasikoekin aski duena. Kosta egin zait ohartzea, baina orain argi ikusten dut: honek ez du zertan mundu guztiarentzat beharrezkoa edo baliogarria izan behar.

Eta hemendik aurrera, zer?

Oraindik ikasketa eta ikerketa garaian nago. Egun batean ekintza batzuk  finkatu eta garatu nahi nituzke. Maila batean, beti sortzen egotea ongi dago, baina oinarri sendoa behar da hori garatu ahal izateko. Diziplinartekotasunak sare moduko bat sortzen du eta hortik artista integralaren kontzeptua. Harantz noala sentitzen dut. Zaila da bizitza pertsonalarekin eta diruaren beharrarekin uztartzea, baina gauza batzuk sendotu nahi ditudanez, erabaki dut aurten sormen proiektu handitan ez sartzea.

Ezetz esaten ikasten ari zara?

Ikasi dut beldurrik gabe adierazten zer nahi dudan. Aitzakiarik gabe. Besteekin konplitu behar dut, baina neure buruarekin ere bai. Asko eman dut eta oraingo erronka da oreka bilatzea, egiten dudanarekin pozik egotea.

Zorionaren klabeak dira horiek?

Niretzat bai. Koherentzia du egiten dudan guztiak. Meditazioa bezalako tresnak ere erabiltzen ditut, gorputza lantzen dut, saiatzen naiz kirola egiten, mendira joaten, elikadura zaintzen. Edozein arlotan norbera ez badago ongi, ezin izango du ongi elkarreragin.

 

Nortasun agiria: Oscar Estanga Eskurdia

Nafarroako Gaintza herrian jaioa 1978ko azaroaren 27an. Baserrian sortua eta hazia. Duela 20 urte bertsogintza berritu zuten bertsolari gazteen labekadakoa. Eta horretan jarraitzen du. Urte gutxitan ikusi dugu gitarrarekin heavy gogorra egiten, musika elektronikoa pintxatzen, herriz herri kantu zaharrak abesten, bertso musikatuak egiten, batukada taldeak gidatzen han hemenka, haur eta gaztetxoekin lanean eta orain Contact Inprobisazio dantza egiten.

Bat-batean

Bat-batean ekimenean Jon Martin, Aimar Karrika, Migel Mari Elosegi, Etxahun Lekue eta Oskar Estanga biltzen dira.
Bat-bateko bertsoak kantatzen dituzte aldez aurretik aukeratutako munduko musikekin (samba, sona, tangoa…).
 

Errimatuz, garenera arrimatuz

Bertsoa eta hip-hopa uztartzen dituen ekimena da. Nerabeei zuzenduriko proiektu honek, oinarri musikal eta zuzeneko gitarra lagun, bat-bateko eta aurrez landutako hip-hop kantak ditu oinarri.
 

Zuek ere

Batukada eta euskal kantua nahastuz sorturiko disko berria da Zuek ere.

Azken hitza: Eskola

“Umeekin ikusten dut oso mundu interesgarria dagoela, ez baitute hainbeste aurreiritzirik harremanak egiteko eta mugitzeko. Magia gertatzen da hor. Gaztetxoekin bertso udalekuetan ere oso pozik nago. Asko hitz egiten dugu: zer egin nahi dugun, zer gustatzen zaigun, nola sentitzen garen edo nola alda dezakegun gustuko ez duguna. Erreferentzia bezala hor gelditzen zaie betirako. Borondatezko jardueretan aritzen naiz eroso, baina ez eskolan, ikusten baitut han indar gehiegi joaten dela energia neutralizatzera. Egungo eskola eredua gizartearena da, eta gizartea aldatzen ez den heinean, eskola ere ez da aldatuko. Emaitzari begira gaude beti, prozesua begiratu beharrean. Gero eta ondasun gehiago behar dugu gure autoestimua pizteko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude