"Hizkuntza galera eta pobrezia jatorri bereko ondorioak dira"

  • Ohikoena da garapenerako lankidetza proiektuetan, galtzeko arriskuan diren hizkuntzak eta kulturak kontuan ez hartzea. Belen Urangak norabidea aldatzen hastea proposatzen du.

"Ikuspegi globala falta da, feminismoak edo ekologismoak badaukaten hori. Hizkuntzen galera prozesua mundu mailako fenomenoa da, eta hala denez, erantzunak mundu mailakoa izan behar du".Amaia Ugalde Begoña

Garapenerako lankidetzan hizkuntzak biziberritzeko proiektuak integratzeko proposamena landu dute UNESCO Etxeak, Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedrak, Garabide elkarteak eta Soziolinguistika Klusterrak. Genero eta ingurumen irizpideen antzera, kultur arloko proiektuentzako atala sortzea proposatu dute, baita zehar-lerro moduan aintzat hartzea ere. Proposamena (Garapenerako lankidetza-proiektuetan hizkuntza-irizpidea txertatzeko proposamena) egin ahal izateko klusterreko teknikari Belen Urangak erakundeen lankidetzarako hainbat plangintza aztertu ditu.

Orain arte hizkuntza eta kultura bultzatzeko lanak ohiko lankidetzatik pixka bat aparte egon dira. Zergatik izan dela uste duzu?

Uste dut arrazoiak badaudela horretarako eta modu naturalean ulertu behar dela. Nazioarteko garapen lankidetza sortu zen nolabait munduko desoreka ekonomiko injustuei erantzuteko. Batez ere muturreko egoera latzetan egin izan da lana eta orain arte, hemen eta nazioartean, kultura esparrua ez da ikusi lehen mailako behar moduan. Ez da arraroa. Zailtasunak daude kulturen biziberritzea eta lankidetza lotzeko, baina pixkanaka gauzak aldatzen hasi dira.

Pobretze prozesuak eta hizkuntza galerak sarri elkarrekin doazela diozue txostenean.

Lankidetza proiektuetan sarri egiten da lan galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza bateko hizkuntza komunitateekin. Kontuan eduki behar dugu hizkuntzen galtze prozesua ez dela berez sortzen den zerbait; sarritan egoera ekonomiko eta sozial desorekatu baten isla da. Botere ekonomiko, politiko eta sozial handiagoa duen beste hizkuntza komunitate baten eraginez, askotan, botere gutxiago duen komunitateak utzi egiten dio bere hizkuntza hitz egiteari edo transmititzeari. Pobrezia eta hizkuntzen galera jatorri bereko ondorioak direla esan daiteke.

Lankidetza proiektuetan hizkuntzari ingurumenak eta generoak duten antzeko eginkizuna ematea proposatzen duzue.

Munduko krisiei erantzuteko bidean, nazioartean garapen iraunkor kontzeptuak garrantzi handia hartu du. Hori da lankidetzaren oinarrizko pentsamendu nagusia, eta aztertutako plangintzetan ere horrela ikusi dut. Garapen iraunkorraren baitan hiru esparru daude: ingurumenaren zaintza, garapen ekonomiko ekitatiboa eta garapen soziala. Nazioarteko eragileek horrela aitortu dute, eta horrek eragina izan du gizartean. Joan-etorriko zerbait da: gizarteak ere eragina izan du kontzeptua garatzerakoan. Garapen sozialari dagokion atalean, ez da behar bezala kontuan hartu kulturak eta hizkuntzak daukaten pisua. Aldiz, garatu dira hainbat gai, oso-oso inportanteak: osasunaren zaintza unibertsala eta genero ikuspegia, esaterako. Uste dut oso modu naturalean integratuko dela kulturaren garapena garapen iraunkorraren baitan, eta horrek onarpen soziala ekarriko duela berekin. Izan ere, pentsaezina da garapen iraunkorra tokian tokiko hizkuntzaren eta kulturaren garapenik gabe.

Plangintzetan garatzeko falta den atala da orduan hizkuntzarena?

Esplizitu egitea falta da. Aztertu ditudan plangintza guztietan agertzen da garapen iraunkor kontzeptua, baina kultura eta hizkuntzei buruz, ezer gutxi. Hori hemen eta nazioartean, horrela da. Zentzu horretan, oso interesgarria izan zen 2010ean Bangkokeko Unescok proposatu zuena; Milurteko Helburuak lortze aldera baliagarria izango litzatekeela kontuan hartzea lekuan lekuko hizkuntza. Nazioarteko erakundeak hurbiltzen ari dira, gizartea hurbiltzen hastea komeni da: zergatik ez sortu hizkuntza guztien aldeko mugimendu global bat?

Beste gizarte mugimendu batzuen parekoa?

Zergatik ez. Gakoa da konturatzea hizkuntza bakoitzaren galera arriskua ez dela komunitate horren ardura bakarrik. Alor honetan ikuspegi globala falta da, feminismoak edo ekologismoak badaukaten hori. Hizkuntzen galera prozesua mundu mailako fenomenoa da, eta hala denez, erantzunak mundu mailakoa izan behar du. Interesgarria izango litzateke mundu mailako mugimendu bat sortzea. Mugimenduaren motore hizkuntza gutxituetako hiztunak izango ginateke. Arazoa guk bizi dugulako, eta guk daukagulako esperientzia eta elkartasun sentimendua. Baina hiztun horiek aktibatzeaz gainera, oso inportantea da hizkuntza gutxituen hiztun ez diren komunitateak ere kontzientziatzea.

Lankidetza arloan lanean dabilen jende askok soziolinguistika ezagutzen falta izango du zuen proposamenari erantzuteko. Hori oztopoa izango da?

Lankidetzan dabilenak lan asko egiten du, eta esango nuke gaur egun prozedura nahiko konplexuak daudela tartean, seguru asko burokratikoegiak. Lan horiek errazteko bidea bilatzen ahalegindu beharko ginateke. Guk ez dugu gauzak konplexuago egitea nahi, gai hauek lankidetzan integratzea baino. Beste gaiekin egin den antzera, bitartekoak jarri beharko dira. Formazioa mila modutan irudikatu dezakegu. Herri honetan hori ondo egin daiteke, jende askok ulertzen duelako gaia. Hor herri administrazioak ulertu behar du ezin dela GKEen gain bakarrik utzi formazio hori, erakundeek ardura daukate.

Egungo testuinguru ekonomikoa ez da lankidetzarako onena. Diru-laguntzak asko jaitsi dira azken urteotan.

Hori horrela da, bai, baina pentsamenduak jarraitu behar du. Nik uste dut garapen lankidetza ez dela albo batean utziko, eta buelta emango zaiola egoerari. Gure proposamena da: zergatik ez dugu irekitzen atea, galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen gainean proiektuak egiteko? Ez dugu inor behartuko hori egitera, baina eman dezagun aukera. Hori batetik, eta bestetik, zehar-lerro moduan, lankidetza proiektuetan kontuan hartu dadila bertako hizkuntzaren egoera eta bertako hiztunen pertzepzioa hizkuntzarekiko zein den.

Euskaldunok arlo honetan erantzukizun antzeko bat daukagula sentitzen duzu?

Erantzukizuna denok daukagu ikuspegi ekologiko batetik. Gure kasuan, herri bezala badaukagu ezagutza bat, momentu batean gainbeheran zetorren hizkuntza bati gutxienez norabidea aldatzeko gai izan garelako. Horregatik, gure ardura bikoitza da: alde batetik, ondorengoei hizkuntza ematea ziurtatu behar dugu, eta beste alde batetik, munduaren aurrean lagungarria izan daitekeen hori konpartitzeko prest egon behar gara. Ziur gaude bueltan zer ikasia izango dugula.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 09a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude