Itxaso Compa├▒on Arrieta

"Upategi handiak dira enpresa, ez gu, nekazariok"

  • Mahatsaren orpotik dator mama gozoa. Mahatsaren orpoari, mahatsondoari mikrofonoa jarri eta usteko ez genituen historiak ekarri dizkigu azalera. Dena ez da mama gozoa izan.

Miel Anjel Elustondo
2012ko uztailaren 08a
(Dani Blanco)

Elkarrizketan nator, Itxaso.

Elkarrizketa niri? Merezi al dut, bada, elkarrizketa?

Nork merezi du?

Pertsona arrunta ez denak.

Arrunta zarelakoan?

Bai.

Ikusiko dugu poliki-poliki. 28 urte dituzu, nekazaria zara, mahastietan lanean… Enpresaburu?

Zorrak ditudanean besterik ez. Kar, kar, kar.

Zorrak izateko garaia da, krisia eta beste.

Bai, baina libre naiz hortik, zorrik ez dut. Alderantziz, dirua gastatzeko gogo handia, etxeko upategian dirua inbertitzeko nahia, hura berpizteko asmoa. Proiektu mordoa daukat, horretarako dirurik ez. Gurean upategia eta soroa ditugu ondare, hori da gure ondasuna, traktorea barne! Hamarren bat hektarea ditugu neba eta bion artean. Bera gaztea da eta ez dauka soroan lan egiterik. Urtean berrogeita hamar mila mahats jasotzen dugu, eta ardoa egiten. Saldu, berriz, ontziratu gabe saltzen dugu. Horretan ere badut gogo bat. Datorren urtean etiketatzen hasteko asmoa daukagu. Izena ere badut, baina ez daukazu publikatzerik oraindik…

Zer ekarriko dizu etiketatzeak?

Lehenengo eta behin, lana. Dirua ez dakigu, lana seguru da! Baina saiatu beharra daukat. Ardoa etiketatuta saltzeak irabazia handitzea dakar. Ontziratu gabe salduta, irabazia txikia da. Baina esan dizut, etiketatzeak lan handiagoa esan nahi du. Eta inbertsioak. Etiketa diseinatu, ontziratzeko eta etiketatzeko makina erosi. Lana beti. Irabazia, beharbada. Begira, kontuak atera nituen, eta egiten dudan ardoaren %20 ontziratuko banu, gainerako %80k ematen didana besteko irabazia izango nuke: %20 batean, %80 bestean, eta irabazia parean! Zer edo zer egin beharra dago. Helduek ez dute saltsa horretan sartu nahi. Lana da. Nekatuta daude, beharbada. Esango dizut, batzuek ardorik ere ez dute egiten! Upategi handiei mahatsa saldu besterik ez. Lana gutxiago, irabazia ere gutxiago.

Non ikasi duzu nekazari lanean?

Ez dut ikasi oraindik. Ez dakit. Ikasten ari naiz.

[Malkoak darizkio] Zerk hunkitu zaitu? Ardoa etiketatzen duzunean jarriko duzun izenak?

Gauden lekuak ere bai.

Beharbada horrek ekarri nau hona, ikastola atari honetara, nik jakin gabe. Kontatu beharra dut. Zuen ama Lurdes Arrieta zenak abiarazi zuen Lantziegoko ikastola 1979-80 ikasturtean. Huraxe herriko lehen andereñoa. 2005ean hil zen, auto istripuz, ikastolako beste bi andereñorekin batera. Handik bost urtera hil zitzaizun aita, Felix Compañon, minbiziak jota. Bizitza irauli zitzaizuen.

Guztiz. Ikaragarri diferentea da orain. Lehen ez genuen arazorik. Hobeto esan, bagenituen, baina gurasoek hartzen zituzten beren gain. Haiena zen ardura. Gure beldurrak ere haien esku uzten genituen. Orain ez da horrelakorik. Orain nik daramat hori dena: ardura, beldurra, etxekoak zaindu beharra, neba, aitona, izeba… Patriarka hutsa naiz. Asko gogortzen zaitu egoera honek, baina nahikoa duzu konfiantzazko lagun bat izan ondoan, negarrez hasteko. Eta, hala ere, pozten nau negarrez hasteak, urguilua daukat. Gertatu zena gertatu zen, bai, bikaina nuen ama, bikaina aita, eta horrek negar egiteko poza ematen dit. Kalean ere, han esango dute: “Hara, hor doa la moza-ren alaba!”. Eta ondoko herrira joan, eta galdetuko didate: “Eta zu zeinena zara?”, “andereñoaren eta el mozo-ren alaba”. Begiratzen didate eta esaten dute: “Ai, zer pena!”. Ez zait horrelakorik gustatzen. Nahiago ditut bestelakoak: “Aurrera, ausarta zara!”. Aita hil eta mahastiak lantzen hasiko nintzela erabaki nuenean, batzuek: “Baina nola landuko dituzu, bada, zuk mahastiak? Nola eraman behar duzu traktorea?”. Orain bestela esaten didate: “Zein ondo egokitzen zaizun traktorea!”. Edo, “azkarregi zoaz!”, edo beste edozer. Jendea!

“Zein ondo egokitzen zaizun traktorea!”.

Traktorea hartu behar izan nuenean, galdezka joan nintzen: “Baimen berezia behar da traktorea gidatzeko?”. “Ezta pentsatu ere! Gizonezkoek eramaten badituzte, zertan beharko da baimen berezia!”, erantzun zidaten. Eta uzta garaian hartu nuen traktorea lehenengo aldiz. Aurrera eta atzera. Dortoka eta erbia ditu marraztuak, bata aurrerako, bestea atzerako. Eta poliki-poliki hasi nintzen. Osabak esan zidan: “Zu ibili eta ez utzi ibiltzeari. Uzta garairako, prest izango zara”. Baita zera ere ibili! Ulertu nuela ikusi nuenean, beste zer edo zeri ekin nion. Uzta heldu zenean hartu nuen.

Baduzu soro lanerako adorea.

Egin behar da.

Hirugarren uzta izango duzu aurtengoa.

Atzo hasi nintzela esaten dut nik. Denbora gutxi. Lehenengoan uzta jaso besterik ez nuen egin. Iaz, prozesu osoa bete nuen, eta aurtengoa izango dut nire lehenengo ardoa. Horretan nago.

Ardoa gustatzen zaizu? Aita zenari ez zitzaion gustatzen.

Ez, hari ez. Niri bai. Amak berriz, ardo zuria nahi izaten zuen, edo aukeran xanpaina, kar, kar, kar. Niri ardoa gustatzen zait, bai gure etxekoa, bai besteetakoa. Besterena dastatzea gustatzen zait, gurea hobetzeko. Zenbat egun eduki duen sotoan, gehiago ala gutxiago, halako edo halako gustua atera dion… Mundu bat da ardoa.

Aita hil aurretik Bartzelonan zinen, irudi munduan buru-belarri sartuta, postprodukzio ikasketak burutzen.

Bai. Andoaingo Bideo eta Zine Eskolan ikasi eta Bartzelonara joan nintzen, ikasketak sakontzera. Aitaren heriotzan, pentsatu nuen: “Zer egin behar dut nik orain? Dena saldu? 60 urte dituzten mahastiak saldu? Ezta pentsatu ere!”, eta mahastiak neuk lantzea erabaki nuen. Urguilua, harrotasuna. Inork ez ninduen behartu, eta gustura ari naiz nekazari lanean. Lehenengo urtean, saioa egin nuen. Mahatsondoak kimatzea, adibidez, zaila egin zitzaidan. “Mahatsondoak alferrik galtzen ari naiz”, esaten nion neure buruari. Kimatu eta kimatu. Ez nuen uste mahatsondo haietatik ezer etorriko zenik. Baina hostoa ematen hasi zirenean, hazten, tentetzen… zeharo harritu nintzen.

Nork erakutsi zizun kimatzen?

Nebak. Eta nebari, aita zenak. Horrela. Horregatik esan dizut oraindik ikasten ari naizela. Kimatu behar denean, han ariko zait neba: “Luzeago moztu” batean, “motzago”, bestean. Baina ikasi dut ez dagoela kimatzeko modu bakarra. Nork bere gustua du, eta bere neurria. Niri, esaterako, nebak erakutsi dit, eta haren eskola dut. Tira, bestelako eskolara ere joan naiz, Guardiara, baina teoriak dioena ezin da praktikara eraman: “Hainbat graduko angeluan moztu behar da mahatsondoa”. Esan bai. Baina mahatsondo mordoa mahastian, zuk kimatu zain, bakoitzari dozena erdi ebaki egin behar dizkiozu, eta zoaz banaka-banaka angelua neurtzen eta haren arabera mozten. Ez da posible. Nebak, hartu guraizeak eta klis-klas, klis-klas. Lan polita da. Gainera, neure nagusia naiz. Horrek ere badu abantailarik. Gutxi kobratu arren, nagusia naiz.

Gutxi kobratzen duzula? Nekazarien mundutik kanpo, sinonimo dira ardoa eta dirua…

Bai, hala esaten didate Azpeitian: “Errioxakoak ondo bizi zarete, gero!”. Eta nire erantzuna: “Ez naiz ez ondo bizi, ez Errioxan”. Hau Araba da!

Eta hemengo ardoa ez da Errioxa ardoa, Arabako Errioxako ardoa baizik. Zertan da izenaren kontua?

Lehen Logroño zen, orain Errioxako Komunitatea du izena. Bada sari bat, Errioxa Prestigioa izenekoa. Sari banaketa ekitaldian, saridunarekin batera han izango dira Errioxako Komunitateko presidentea, beste zenbait ordezkarirekin batera, denak Logroñokoak. EAEtik, Arabako diputazioko ordezkaria, jendartean jarrita. Madrilen ere ez gara ezer. Hori bai, dirua behar denean, euskal gobernuari eskatzen diote! Lehenak dira ordaintzen.

28 urteko nekazari Itxaso Compañon Arrieta Gasteizen izan dela jakin dut, sindikatuko bileran.

Ahal izan dudan leku guztietan sartu naiz. Sartu beharra nuela uste dut. Gazteoi mugitzea dagokigu. Ematen du ondo bizi garela, baina ez da horrela. Kobratzen duguna kobratuta… Ez dakit nola ez dauden traktoreak errepide bazterrean erreta! Irabazten dugun diru apurra ondoko urteko mahastia zuzentzeko behar izaten dugu. Upategi handiak nekazariak estutzen eta estutzen ari dira, “itoko zara, itoko zara!” esanez, baina zeharo ito gabe. Beraientzat lan egitera behartuak gaude, esateko moduan, gutxi ordaintzen digute. Horregatik sartu nintzen sindikatuan. Arabako Errioxako Ardoaren Kontseilu Erregulatzailean ordezkari naiz, Sustapen Batzordeko kide naiz bertan, eta bilkura osoan ere askotan hartzen dut parte. Guardian izaten dira bilera horiek. Gasteiza ere joaten naiz, dela Acción Rural, dela UAGA… Baina konturatu naiz nekazari helduak direla erakunde horietakoak, eta gazteekin egin nahi dut lan. Eta plataforma bat lantzen ari naiz: Arabako Errioxako Nekazari Gazteen Plataforma Independentea. Lagun batzuk elkartu gara, eta lanean hastekoak gara.

Sentsibilitate ezberdinak dituzue batzuek eta besteek, helduek eta gazteek?

Gazteak gurasoen mende ari dira lanean. Gurasoek berriz, ez dute egunerokoa besterik ikusten. Upategi handiek ematen dietena hartu, eta bizi. Gazteak ez dauka erabakitzeko indarrik ere. Gurasoen eskuetan dago dena. Mahastietan jende adineko asko dago oraindik, eta jende hori mugitzea ez dago batere erraz. Eta aitak semeari minuta pagatzen dion bitartean, nahiko lan. Egoera ez da ona, eta orain ez baldin bada kontua mugitzen, ez da onik etorriko, nekazariarentzat, esan nahi dut.

Zer diozu nekazari euskaldunaz, zeure buruaz? Azpeitiarra ama, Lantziegoko ikastolako lehen andereñoa, bertan sortua zu, euskaraz ere badakien belaunaldi bateko kide Arabako Errioxan...

Askok ez luke sinetsiko. Hor ari dira asko, bateko EGA eta besteko hizkuntza profilak ateratzen. Hor dabiltza nire koadrilako asko. Euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dugu, egia da, tartean ez bada ikastolara lanera etorritako irakasle gazteren bat gurekin batera irteten dena, edo halakoren bat. Hor ibiliko gara dozena erdi lagun, euskaraz Lantziegon.

Nekazari ikusten duzu zeure burua luzaro Lantziegon?

Bai. Hauxe izango da nire bizia. Nekazari. Enpresaburu? Enpresa hitzak xarma kentzen dio gure lanari. Nahiago dut nekazari izan. Upategi handiak dira enpresa, ez gu, nekazariok.

Nortasun agiria

Itxaso Compañon Arrieta (Lantziego, 1984). Nekazaria. Jaioterrian egin zituen lehen ikasketak, eta Lapuebla Labarkako Assa Ikastolan batxilergoa. Andoaingo Bideo eta Zine Eskolan izena eman eta egin zituen han bi urteko ikasketak, eta handik Bartzelonara jo zuen, postprodukzioa lantzeko asmotan. 2005ean, Lurdes Arrieta amaren heriotza, auto istripuan. Handik bost urtera, 26 urte Itxasok eta film batean lanean Almerian [Espainia], aitaren gaixotasunaren albiste. 2010ean hil zen Felix Compañon, aita. Gurasoak sasoiz hilak, mahastietara bidea hartu zuen, arbasoen legean, eta era berean, nekazari eskolan ikasitakoak azpikoz gora jartzeko duen premian.

OFF THE RECORD
Ore berezia

Lehenbizi, Lurdes ezagutu genuen, ama, andereño Lantziegoko ikastolan. Hantxe egin zuen senarra, Felix. Ondoren, haien seme-alabak, Itxaso eta Unai. Ikusten ditugunero, haien baitan bizirik ditugu hala Lurdes nola Felix. Jende maitagarria gurasoak, eta maitasun horixe dute ematen, eta hartzen, Itxasok eta Unaik. Ore bereziko lantziegotarrak.


Azkenak
2017-01-22 | Lander Arbelaitz
Nondik jo presoen aldeko lanarekin?

Beste urte batez milaka lagun bildu dira Bilbon euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. 349 euskal herritar dauzkate Espainiako eta Frantziako espetxeetan gatibu ETAk borroka armatua amaitu zuenetik bost urtera; ehunka iheslari eta deportatuk ere etxera itzuli ezinik jarraitzen dute. Nola askatu korapiloa? Kartzela oso gertutik bizi duten hainbat lagunekin mintzatu gara. Gaia usteltzen ez uzteko gogoa badago. 


2017-01-22 | ARGIA
Historiako emaitzarik onenen urtean, Jaurlaritzak laguntza jaitsi dio ARGIA.eus-i

Interneten euskara sustatzeko egiten dugun lanagatik 17.444 euro ematea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Lau urtean erdira jaitsi du herri ekimenetik sortutako eta funtzio publikoa betetzen duen proiektu honi eusteko egiten duen ekarpena Interneten. Gainera, hiru urtetarako izoztu du kopurua. Diru-laguntzen deialdiko aurtengo berrikuntza hori baita, Jaurlaritzak hiru urtetarako finkatu dituela zifrak. Aldiz, 2016an inoizko daturik onenak izan ditugu Interneten. Bai Argia.eus webgunean, baita sare... [+]


2017-01-22 | Axier Lopez
"Palestinako botere-guneak emakumeen esku baleude, egoerak hobera egingo luke nabarmen"

Ejean jaioa, Tuteratik gertu dagoen Aragoiko herrian. Kazetaritza ikasketak Madrilen amaitzean Ekialde Hurbilera zuzendu zituen pausoak. Libano, Siria, Jordania… Egipton arabiera eta Iranen persiera ikasi ondoren, 2013an erabaki zuen Gazako Zerrendan bizitzea. Ordutik, sare sozialen bitartez eta Hispan Tv, El Mundo edo ElDiario.es hedabideetan egiten duen lanari esker, munduko aire zabaleko kartzelarik handienaren ahotsa eta aurpegia da askorentzat. Gazan bizi den Espainiako Estatuko... [+]


Genozidioa, poltsikoan mugikorra edukitzearen prezioa?

Lehen marfila, esklaboak, kautxua, kobrea edo uranioa. Gaur koltana da, mugikorrak, bideo-kontsolak, ipad-ak eta goi mailako gailu teknologikoak eraikitzeko oso urria den minerala. Mendebaldeko gizartearen “beharrak” asetzeko, kongotarrek ondo dakite zer den beren baliabideen erauzketa masiboa. Baina batez ere horren ondorio lazgarriak ezagutzen dituzte.


2017-01-22
Eliza katolikoa: "Milaka kasu bakanengatik hartzen ari garen ospe txarra ez dugu merezi"

Juan Kruz Mendizabal apaiz gipuzkoarrak hainbat ume bortxat… ui, barka, behar ez zen lekuan ukitu izanak elizetako jesarlekuetan pilatu ohi den hauts geruza lodia harrotu du. Elizak berehala erantzun du, ohiko jakituriaz: “Hara, bagaude betiko kontuarekin… Ez da hainbesterako eta! Txarto portatu den hori zigortu dugu dagoeneko: ezingo du denbora luzean ostiarik eman, eta gainera debekatua izango du urtebetez banillazko izozkiak jatea, eta horiexek ditu gustukoenak... [+]


2017-01-22
Patxi Lopezen hautagaitzaren aldeko uholdea: PSOEko kide bat konbentzitu du jada (baina igual ez erabat)

PSOEko Idazkaritza Nagusirako hautagai izango dela iragarri eta astebete ere pasa ez denean, Patxi Lopezen aldeko atxikimenduak erritmo frenetikoan ari dira ugaritzen. Dagoeneko PSOEko kide bat konbentzitu du lehendakari ohiak. “Berak salbatuko du gure alderdia hondoratzetik”, azaldu dio Beranduegiri Patxista sutsu gisa agertu den PSOEko kideak.


2017-01-22 | Ibai Trebi˝o
"Welcome to Damascus!"

Damaskoko erdigunetik buelta bat emanda, inork gutxik imajinatuko luke Siriako gerraren zentroan gaudela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude