Euskararen kale erabilera Laudion

%3,69tik %9ra hamar urtean

  • Euskararen ezagutza datuak gora egiten ikustera ohitu gara, erabilerari aldiz, kosta egiten zaio goranzko pausoak ematea. Bada, Laudion, hamar urtean %3,69tik %9ra igo da erabilera. Arabako herri honetan duela mende bat galdu zen euskara.

Miel Anjel Elustondo
2012ko apirilak 22
9.000 inguru laudioarretatik herena da euskalduna. Argazkian, 2011n Araba Euskaraz ospatzen.
9.000 inguru laudioarretatik herena da euskalduna. Argazkian, 2011n Araba Euskaraz ospatzen.

“Gora laudio” dioen prentsa-oharra eskuan hartu eta heldu gara Laudiora. Oharrean irakurri dugunez, euskararen erabilera erreala bikoiztu baino gehiago egin da azkeneko hamar urteetan herrian: %3,69 zen 2001ean eta %9 izan zen 2011ko udazkenean. Laudioko Udalaren Euskara Arloko teknikaria da Felix Muguruza. Berak azaldu digu datua, Euskararen Egunarekin batera eman zutena. “Soziolinguistika Klusterra kale neurketa egiten ari zen herrian, zerbitzua geuk kontratatuta, eta herriko emaitzak guri aurreratzeko eskatu genien. Emaitzen berri nahi genuen, Euskararen Egunean zabaltzeko, nahiz eta behin-behineko datua izan, baina zer edo zer. Izan datu txarra, izan ona, baina irrikatan geunden. Eta erabilera bikoiztu egin dela esan ziguten! Ikaragarria! Ezohikoa zen. Eta emaitzak errore tarte txikia zuela ere esan ziguten. Oso fidagarria zela neurketa”. Hain zuzen, 2.408 lagunen artean 981 elkarrizketa ziren neurtuak, okerrerako aukera oso txikia uzten zutenak. Laudion ez zuten gisako emaitzarik espero.

“Ezta pentsatu ere. Gainera, inguruan horrelako emaitzarik ez dela izan kontuan hartuz gero, are gutxiago. Gurean, berriz, gora egin du erabilerak, nahiko gora, gainera. Ez dakit nola gertatu den ere. Duela ehun urte galdu zen euskara inguru honetan, hemen gauden euskaldun guztiok euskaldun berriak gara. Gaur egun populazioaren herena euskalduna da Laudion, ahalegin itzela egin ondoren. Ahalegin hori egin duen jendeak ez du ikasitakoa ezkutuan gorde nahi, erakutsi egin nahi du. Beharbada, euskara zerutik jaso duen horrek ez du estimatuko, baina guk hainbat urte euskara ikasten eman eta gero, erabili besterik ezin egin!”.

Populazioaren herena dute euskalduna Laudion. Erabilera ez da herena, hala ere. Ikasi duten guztiek ez dute erabiltzen, Muguruzak esandakoaren kontrara…“Bai, badakigu hori nola den. Horrelakorik ez da inon gertatzen. Eredu matematikoa ere garatu zuten garai batean, ezagutza eta erabilera aztertzen zituena eta oraingo emaitzak ezin hobeak dira. Duela hamar urtekoak, espero zitezkeenak ziren, baita matematikoki ere. Oraingo emaitzak, oso onak”. Datuak beti datu, ordea. “Baina ez dira datuak bakarrik, errealitatea ere bada: kalean, parkean, umeekin ari zarela… euskara entzuten da, nahikotxo. Gehiago esango dizut, ondoko herrian, Orozkon, herri euskalduna, zoaz hango plazara, euskara gutxiago entzungo duzu Laudion baino. Zubiaur da Orozkoko erdigunea. Jendea hara joaten denean, utzi baserri hizkuntza eta gaztelaniaz hasten da. Euskaldunak dira, baina gaztelaniaz ariko dira bata besteari, eta umeei. Halako karnak ditugu eskuartean, baina ondo ari gara jokoan”.

Erabileraren eragileak

Eta nork egin du lan erabilera gerta dadin? Duela hamar urteko erabilera halako bi baino gehiago da orain Laudion. Ez da euskaltzaleen erabilera bakarrik, hortik lekore dago Muguruzaren aburuz: “Euskara ondo baloratuta dago hemen, horrek ikusteko handia du. Beste gauza bat: orain arte, erabileraren oinarria euskalgintza zen, euskaltzaleok, ortodoxoak. Orain, aldiz, zoaz umeak jolasean ari diren lekura, zoaz parkera, edo Euskara Arlo honetatik antolatzen ditugun ekitaldietara, eta han, gurasoak ikusiko dituzu, euskalgintzarekin zer ikusirik ez dutenak, euskaltzale ez direnak, baina euskaraz mintzatzen direnak. Sentimendu horixe dute. Izan ere, daukan onena transmititu nahi dio gurasoak umeari eta tartean, euskara. Seguru nago guraso horiek ez zutela euskara askorik erabiltzen umeak izan baino lehen. Baina umeak izan dituzte, eta beren onena eman nahi diete haurrei, euskara erabiliz. Eta badiotsut, guraso horiek ez dira euskaltzale militanteak. Baina erabiltzaileak dira”. Zer esan nahi du horrek, ordea? Zein da interpretazioa? “Normalizazioaren urratsa ere bada hori. Beste lekuetara ere helduko dela uste dut: euskaltzaleak izan gabe ere, euskara erabiltzaile dira. Zenbat gara, bada, euskaltzaleok Laudion? Berrehunen bat? Eta apur bat estutuz gero, ortodoxoak, berrogeita hamarren bat.”

Arestian esana du, sekulako ahalegina egin dute Laudion… Nork egin du ahalegin hori? Duela hamar urte sortu zen Udalaren Euskara Arloa, erabilera 3,69 izatetik 9 izatera igaro den tartea. “Jende askok egin du lan. Duela hamar urte sortu zen Udalaren Euskara Arloa, eta horrek ere izango zuen eragina, seguru, irakaskuntzan, euskalgintzan… Udala eragile izan dela, dudarik ez, baina bada besterik. Irakaskuntzan, esaterako, urteak dira hemen A eredurik ez duguna. Jendeak euskararekiko pertzepzioari dagokionez, aldekoa du. Eta kontuan hartu hemen izan dugun immigrazio handia, industriarekin etorri zitzaiguna. Kanpoko jende asko da Laudion, baina haien seme-alabak euskararen mundura hurbildu dira. Edo haiek erakartzen jakin dugu, hori ere bai”. Zertan da euskalgintza Laudion, euskara elkarteak eta gainerakoak? “Horra hor Basalarrina euskara elkartea, Kirikiño elkartea –haurrentzako ekitaldiak antolatzen dituena–, mendi elkartea, txirrindulariena… Eman dezagun, mendi elkartea. Hark egiten dituen afixa guztiak euskara hutsean egiten ditu joan den hogei urtetik hona. Eta, jakina, kalean gora kalean behera zabiltzala, tabernetan eta gainerakoetan, beti afixa hori euskaraz, normaltzat hartzen duzu. Gaztelania hutsezko afixa arraro egiten da hemen”.

Erabilera areagotzeko kanpainak eginak dituzte, bat baino gehiago, behin baino gehiagotan, bai Euskara Arloak, bai euskara elkarteek ere… Muguruzaren gogoeta horri dagokionez: “Begira, gure herrian, ematen zuen euskalduna izatea zigorra zela, zama, zailtasunak agertu ohi zirelako eta haserre bide asko. Orain, berriz, esango nuke aisialdian esaterako, gaztelania hiztunek ez duten eskaintza dutela euskaldunek eta horrek nahitaez laguntzen du. Hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, baina euskaraz dira eta beraz, praktikoa da euskalduna izatea, euskaraz egitea. Dela film bat ikusteko, dela mendira joateko, dela bisita gidatu batean parte hartzeko”. Esperientzia zehatz bat ondoren: “Gazteentzako mendi irtenaldiak antolatzen ditu elkarteak eta Euskal Herri osoan egiten ditu txangoak. Parte hartu nahi duenak ez du betebehar bat baizik: euskaraz egitea. Euskaraz egiten ez baduzu, gauza ederra galtzen ari zaren sentsazioa daukazu. Horixe da konpromisoa, baldintza sine qua non. Inork ez du inor ezertan parte hartzera behartzen, baina, parte hartzekotan, euskaraz hitz egin behar duzu. Horretan asmatu dugu: euskara ez dugu mehatxu erabili, ‘euskara geu gara’ esaten dugu, gauza liluragarri bat antolatzen dugu, eta jendea gonbidatzen dugu etor dadin, hartaz gozatzera”. Beti-betiko erakargarritasuna dantzan. “Jendeari eskaintzea da kontua, ez hau eta hura eskatzea. Gauza erakargarriak eginez, gure gurdira igoko da jendea”.

Euskararen erabilera bikoiztu baino gehiago egin da Laudion joan deneko hamar urtean. Nork bereganatu du “saria”, ordea? Protagonismorik izan ote dute herrian lanean ari diren askotariko elkarteek, ikastetxeek, euskalgintzan ari direnek? “Laudioko Udalak eman zuen datuaren berri, alkatearen aldarrikapen ofizialaren bitartez. Udalarena, herriarena da saria. Leku guztietatik heldu zaizkigu zorion mezuak, baina badira emaitza horrekin konforme ez daudenak, gehiago egin behar dela diotenak… Baina ezin beti presio horren azpian bizi. Erabilera areagotzea, dena den, gizarteak egin du, haren lanaren ondorioa da, jende anonimoaren erabilera dago emaitza horren atzean, betiko aurpegi ezagunek egiten dutena baino gehiago: Euskara Arlo, euskara elkarte, zinegotzi, alkate… horietatik aparte dago meritua”. Meritu eta lan isila, Muguruzaren hitzetan.

Alkate euskaltzalea abantaila

Felix Muguruzaren oharra, Laudioko alkate Natxo Urkixoren inguruan galdeturik erantzun duena: “Izaera sozialeko esparruak beti dira bigarren mailakoak –Euskara, Kultura, Emakumea…–, Hirigintza, Lan eta Zerbitzuak, Ogasuna dira sail indartsuenak, bunkerrak. Gu, satelite gara, haien inguruan jira-biraka gabiltzanak. Euskara Arloa da diru gutxien duen saila, adibidez. Ez da diru gutxi baliatzen duela, baina, oro har, txikietakoa da. Guk, abantaila bat dugu alkatea euskaltzalea dugulako, euskalgintzan urte askoan lan egindakoa, filologoa, ikertzailea… Hurbiletik bizi du euskara. Eta ez da Laudioko alkatearen kasua bakarrik. Eskualde osoko alkateak ditugu euskaldunak. Duela hogei urte pentsaezina izango zen: Laudio, Okondo, Aiara, Amurrio eta Artziniega, koadrilako bost herrietan, euskaldunak alkateak. Eta nahi baduzu, baita Urduñan ere. Alkatea euskaldun izateak markatzen du, neurri batean edo bestean, udalaren jarduna, jakina baietz! Euskara beretzat hartzen ez duenak, ez dakienak, ezezaguntzat dauka, ez da gustura izango, mehatxutzat ere biziko du, gauza deseroso. Aldiz, mundu horretan integratuta baldin bazaude, disfrutatu egingo duzu”.

"Egoera diglosikoak behartzen gaitu egunero lubakietara jotzera"

Natxo Urkixo (Laudio, 1960) euskara irakasle izan da joan deneko hogeita hamahiru urtean herriko Lanbide Heziketa Eskolan. Euskal Filologia egina da, eta inguruko euskararen inguruko ikerketa ere bai. “Euskaltegiak asmatu aurretik ikasi nuen euskaraz. Lehenengo, Alberto Mugira fraidearekin Laudioko kolegioan. Euskalduntzen 1 eta Euskalduntzen 2 egin nuen harekin. Euskalduntzen 3 irakatsiko zuen inor ere ez zegoen garai hartan Laudion. Orduan, gaur egun udaleko itzultzaile den Juan Mari Iriondorekin hasi nintzen. Gramatika liburuak erosi genituen eta ekin genion, 1975ean”.

Alkatea euskaldun eta euskaltzale izateak zer garrantzi du?

Garrantzizkoa da alkatea euskaltzalea izatea, jendeak norbera euskararekin identifikatzea. Euskaltzalea naiz, eta alkate naizenetik ez dut esfortzurik egin beharrik izan udaleko hainbat langilek beren hizkuntz erregistroa aldatu eta bat-batean, nirekin euskaraz hitz egiteko. Nik ez dut ezer egin, jendeak euskararekin lotzen nau, eta horren arabera jokatu du. Automatikoa izan da.

Zertan eragin dio zure soslaiak udalaren jardunari?

Hainbeste ere ez, oraindik. Edo nahi baino gutxiago. Bihotzeko min handiarekin sinatu behar ditut gaztelania hutsean datozkidan paper asko eta asko. Espero dut horretan ere aurreratzea. Gauzak mantso egin nahi ditut, baina ganoraz. Neurririk hartzen ez bada, horrela luzatuko da egoera, inertziaz. Muga jarri behar zaio horri. Atalez atal egin behar da lan. Oso lan konplexua da.

Euskara Arloa Kulturaren azpiko izateak onura ala kalte du hizkuntzak? Gainerako sail, arlo eta atalak libre dira euskara erabiltzeko konpromisotik?

Batetik, zer den euskara eta zer kultura bereizi behar ditugu. Euskara Arloak erabileran eragin behar du. Kultur ekintzak baliabide izan litezke, lanabesak, besterik ez. Arriskua da euskara kulturaren arloko eginez gero, ekintzak antolatzea helburu bihurtzea. Kultur ekitaldiak Kultur Arloari dagozkio, izan euskaraz, gaztelaniaz edo dena delako hizkuntzan. Euskara Arloak erabilera du helburu eta elkarlanean jardun behar du Kultur Arloarekin, eta gainerakoekin: udalaren menpeko diren langileen euskalduntzea, motibazioa, erabilera…

Noiz emango zaio zentraltasuna euskarari, noiz ekarriko da alkatetzara?

Noiz, ez dakit. Baina posible da. Horrela, gainera, alkateari ematen diozu ardura, normalkuntzarena.

Nola hartu du Laudiok euskararen erabilera bikoiztu baino gehiago egin delako berria?

Kontrako hitzik ez dut jaso. Urrats naturala izan da. Ni euskaldun eta euskaltzale izateak ez dakit eragingo zuen. Egoera diglosikoak behartzen gaitu egunero lubakietara jotzera, lanera. Ezin pentsatu dena eginda dagoenik, dena eginda dagoela pentsatuz gero, pikutara! Hainbeste urte eman dugu jendea euskalduntzen eta uste genuen jendea euskaraz hasiko zela, ikasi ahala, baina ez da horrelakorik gertatzen. Horren gainean egon behar da, eta eragin.

Hamar urte barru, berriz bikoiztuko da euskararen erabilera Laudion?

Hamar urte barru, ez. Bost urte barru! Kar, kar, kar…

Kanal honetan artxibatua: Soziolinguistika

Soziolinguistika kanaletik interesatuko zaizu...
2016-04-26 | Kanaldude.tv
Sutondoko kontuak
MULTIMEDIA - solasaldia

Txerra Rodriguez soziolinguista eta EMUN enpresako aholkularia da, baita Derioko Tximintx euskara elkarteko kidea ere.


2016-04-04 | Sustatu
Breaking Basque: euskaldunen enpatia erabiltzen duen iruzurgilearena

Ana Morales itzultzaileak asteburuan gertatu zitzaion gertaera baten berri eman du Twitterren. Iruzurgile bat dabilela, nafarra itxuraz, euskarazko iruzur nahiko landu batekin Bizkaiko herrietan bueltan. Beste txiolari batzuek ere topatu dute pertsonaia.


2016-04-04 | Zebrabidea
Xabier Landabidea: "Euskarazko hedabideen irismena eta erdarazkoena ezin dira berdin neurtu"

Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko ikerlari eta irakaslearekin hitz egin dute Arrosa Sareko Zebrabidea saioan. Eusko Jaurlaritzak hedabide euskaldunen alorrean modan jarri zuen irismenaren kontzeptuaz aritu dira.


2016-03-10 | Gogo Ekoizpenak
Jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak
MULTIMEDIA - solasaldia

Pello Jauregiren hitzaldia. Emunek 2014an antolatutako MOTI+BATU topaketen barruan.


2016-02-16 | Emun kooperatiba
Berrikuntza soziala eta euskara
MULTIMEDIA - solasaldia

Sinnergiako kide Egoitz Pomaresen hitzaldia. Emunek 2014an antolatutako MOTI+BATU topaketen barruan.


2016-01-17 | Lander Arretxea
Prosa aproposa gurea?

Euskaraz hala moduz idazteko joera orokortzen ari ote den, horra galdera potoloa. Jo dezagun erantzuna baiezkoa dela: zergatik ari da gertatzen? Zein da horren erantzule? Testuak maite dituzten bi lagun elkartu ditugu gaiaren bueltan, Irene Arrarats eta Joxerra Garzia.


'Sutondoko kontuak' liburua: soziolinguistika dosiak pasadizoka

Txerra Rodriguezek soziolinguistika du lanbide eta ikasbide. Jakintza hori modu ulerterrazean zabaltzea du helburu. Intentzio horrekin argitaratu berri du Sutondoko kontuak (Autoedizioa) liburua.


Euskara teknikariaren rolaz: ezagutzari ekarpena praktikatik
MULTIMEDIA - solasaldia

Nekane Goikoetxea Agirre (Deba, 1970). Euskal Filologian lizentziatua eta Euskal Kulturan espezializatua da Deustuko Unibertsitatearen eskutik.


2015-09-18 | ARGIA
TELP: euskaraz nonahi eta noiznahi eroso sentitzeko tailerra Argia Egunean

Zenbat aldiz gertatu ote zaigu elkarrizketa bat euskaraz hasi eta gaztelaniaz hitz eginez amaitzea, mintzakideak horretara eraman gaituelako edo besterik gabe, pisuzko arrazoirik gabe, erdarara pasatu garelako?


2015-09-17 | ARGIA
"Tribuaren berbak" berezia ETB2n

“Aprender euskera misión posible” saioa egingo du Kike Amonarrizek erdal katean. Euskararen inguruko mitoak eta datuak landuko dituzte, baita euskararen irakaskuntzaz testigantzak jaso ere.


Aurrerapausoak administrazioetako euskararen erabilera planetan: erronka eta aukera berriak
MULTIMEDIA - solasaldia

Mikel Irizarren hitzaldia, komunikazioan aritua eta egungo Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia.


Euskararen erabilera
"Motibazio pertsonal sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira"

Jendeak erdaratik euskarara jauzi egin dezan zer egin behar da, berauek gogotik motibatu ala euskaraz egin beste erremediorik ez duten egoerak sortu behar zaizkie? Pello Jauregik bigarren ideia proposatzen du.


2015-08-02 | Malen Aldalur
Ekolingua solas jokoa
Hizkuntza egoerei aurre egiteko tresna

Langabetua naiz eta euskaldun berria. Beno, duela 25 urte ikasi nuen euskara eta ez dakit noiz arte izango naizen “euskaldun berria”, baina tira! Egia esan “berria” ez,
baina “bakartia” banaiz. Euskara ikasi nuen sinetsita denok egingo genuela urrats hori,
baina nire inguruan bakarra izan naiz, eta ez familian, ez kuadrillan ezin dut euskaraz egin. Gainera, iruditzen zait euskaraz ari naizenean, desiratzen egoten direla edozein aitzakia baliatzeko erdarara pasatzeko.


Lau erdaldunetik bat diskriminatuta sentitzen da euskararen aldeko neurriak hartzen direnean

Baieztapen zehatza ondokoa da: “Euskararen aldeko neurriek erdaldunak diskriminatzen dituzte”. Beheko grafikoan ikus daitekeen moduan, %26 baieztapen horrekin guztiz edo nahiko ados dago; %61 nahikoa edo guztiz aurka dago; %7 ez dago ez aurka ez alde; eta gainerakoak ez daki zer erantzun.

Bigarren esaldiak

...

Gaztetxoei eta gurasoei inkestak Nafarroako mendialdeko euskararen egoera aztertzeko

Sakanan, Malerrekan, Baztanen, Bortzirietan eta Iparraldeko Euskara Mankomunitateari dagozkion herrietan, guztira 46tan, egingo dituzte inkestak. 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei etxeko erabileraz, sare sozialez, hedabideez eta interneten erabileraz galdetuko diete. Guraso erdaldun eta euskaldunek haien 16 urtetik beherako

...

2015-05-08 | ARGIA
Gaizka Garitano euskara prestigiatzeaz arituko da Eibarko mintegian

…eta Kitto! euskara elkarteak maiatzaren 25erako antolatu du V. mintegia. Etxeko eta kaleko erabileraz, gurasoen jarrerez, eta erreferenteez arituko dira hizlari eta entzuleak.

ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude