Uranio pobretuak hondatutako Falujako haurrak

  • 2004an bi alditan eraso zuen Irakeko Faluja AEBetako armadak, otsailean lehenbizi, azaroan ostera. Hiria suntsitu zuten, Saddam Husseinen militarrak eta gerrillari sunitak babesten zituelakoan. Gaur han sortzen diren haurretako asko malformazio beldurgarriekin dator mundura. Berdin Basran eta Naiafen. Iskilu modernoen kalteak.

AEBetako Michigan estatuan inprimatzen den The Arab American News astekariaren orria bildu du ondoko irudiak. Urtarrilaren 8-14ko zenbakiak titulu hau dakar:
AEBetako Michigan estatuan inprimatzen den The Arab American News astekariaren orria bildu du ondoko irudiak. Urtarrilaren 8-14ko zenbakiak titulu hau dakar: "Ann Arbor ospitaleko toxikologoaren ikerketak lotu ditu Falujako jaioberrien akatsak eta AEBen armak".  Ezkerreko argazkiko umeak buruan dauka malformazio nabarmena eta eskubikoak zangoetan, ziurrenik nerbioen hodiaren itxiera txarrak eraginda. Joan den martxoan Karlos Zurutuzak Argiako Iraketik blogean"Gernika gogoan" sarrera dedikatu zion Falujari. Zurutuzak oroitarazi du amerikarrek hango erasoetan napalma erabili zutela eta fosforo zuria ere bai; hau bera izan liteke kantzer ugalketaren kausa. "2011n ere, Falujako kaleak sarraski haren lekuko mutuak dira. Zortzi urte igaro arren, falujarrak, irakiarrak, errautsetan bizi dira oraindik", dio Zurutuzak.

Karlos Zurutuzak Iraketik Argia honetan bertan ezagutarazi zituen, otsailean, Basra hiriko ospitalean aurkitu zituen Nassar-en eta honen seme Mohamed minbiziz gaixotuaren egoera, aitaren hitzokin: “Hala ere, hemen denok dakigu izurrite hau nondik etorri den nagusiki. 91ko gerran, amerikarrek uranioa zuten bonbak bota zituzten hemen. Basora arma berriak probatzeko gunea bilakatu zen. Diotenez, euren soldadu asko ere minbiziak harrapatu zituen baina beraiek bota zituzten arma haiek, beraiek aukeratu zuten hona etortzea. Nire seme-alabek, aldiz, ez dute inoiz ezer aukeratu”.

Ekainean titulu hau eman dio Le Monde egunkari frantsesak gaiari: A Fallouja, les "bébés monstres" soulèvent des questions sur les armes américaines utilisées en 2004. Gaia bildua zuen Angélique Ferat kazetariak France Info irratirako eta Paris-Match astekarirako prestatu L’armée américaine a-t-elle utilisé l’arme nucléaire en Irak? erreportajetik. Londresko The Guardianek, berriz, 2010eko abenduan kronika hau plazaratu zuen: “Ikerlan batek lotu ditu Falujako jaiotzetiko malformazioak eta kantzerrak AEBen erasoekin”. 2009an kronika luzeak eskaini zizkion The Guardianek gaiari. Madrilgo El Paisekin loturak dituzten bi egunkariok ez dute sentsazionalismorik egin ohi militarren aferekin.

Akordatzen Falujaz? Saddam Hussein agintetik kentzera Iraken sartu eta urtebetera erasotu zuen lehenbizikoz AEBetako armadak, 2004ko apirilean. Vigilant Resolve operazioa sutu zuten erresistentziak hil zituelako militarrek azpikontratatutako Blackwater-eko lau mertzenario.

Baina atake gogorrena azaroan egin zuten soldadu yankiek, Phantom Fury deitu operazioarekin. AEBetako armadaburuek aitortu zuten gudu hura izan zela “1968an Vietnamgo Hue hirian izandakotik bortitzena”. Hilak? 2.000, diote amerikarrek, eta gehienak matxino armatuak. 6.000z goiti eta gehienak zibilak, diote Irakeko mediku eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek. Falujak zeuzkan 50.000 eraikinetatik 36.000 suntsitu zituzten, 60 eskola, 65 mezkita. 200.000 herritar bihurtu zen errefuxiatu.

Karlos Zurutuzak Faluja parekatu du Gernikarekin. Zientzialari batzuei Hiroshima oroitarazten die, gerra bukatu eta askoz beranduago ere haur jaioberrietan eragin zituen ondorioengatik.

Angélique Fératek Paris-Matcheko Falloujah: L’autre guerre erreportajea ilustratzeko erabili argazkia ikaragarria da; Internetez ikusi nahi duenak aurrez arnasa sakon hartu beza. Samira Al-Ani doktoreak aurkeztu dion urte beteko haurraren aurpegia epelenari loa kentzekoa da.

“Argazkiak –idatzi du Fératek– ikaragarriak dira: hemen sabel hustuarekin jaio den haur bat, haren barrunbeak oro zorro batean dira kanpoko aldean! Beste bat larruazalik gabe sortu da, bestea buruhezurrik gabe, burmuina agerian. Bizirik dirautenek malformazioak dituzte bihotzean, nerbio sistema osatu gabea, edo aurpegi desitxuratua. Samira oroitu da Alaa txikiaz, zeinak ez baitzuen begi bat baizik bekokian!”

Blindajeak zulatzeko

2008an Sky News telebista britainiarrak zabaldu zuen Falujan sortzen ziren haurren artean malformazio kopuruak beldurtzekoak zirela. 2009an The Guardianek irakurleei jakinarazi zien hango ospitale nagusian hiru astetan 37 ume sortu zirela malformazioekin.

Hango ospitaleko doktoreek datu estatistiko hau eman zioten kazetariari: urte batetik bestera 15 aldiz biderkatu zirela haur jaioberrien malformazioak. Kasurik deigarriena bi buruz jaiotako haurrarena izan zen. 2010ean goraka segitu zuen estatistikak. Maiatzean Falujako ospitale nagusian sortutako 547 haurretatik %15ek malformazioak zekartzaten, hala nola nerbio hodi itxi gabea –burmuinean bezala zangoetan eragin kaltegarriak dituena–, anormalitateak bihotzean edo hezurduran, kantzerrak...

Kazetariak Zainab Abdul Latif ezagutu zuen, 29 urteko ama gaztea. Haren hiru haurretatik, ez 6 urteko Mariam, ez 5eko Amar eta ez 3ko Mustafa ez dira oinez ibiltzeko gai. Ezin dute ez jan ez edan laguntzarik gabe. Medikuek esan diote atzeratuak direla eta nerbio sisteman paralisia dutela.

“2003a baino lehen –esan zuen ospitaleko zuzendari Ayman Qaisek– itxuragabetasunok oso bakan suertatzen ziren. Orain izugarri ugaritu dira”. Irakeko nahiz Britainia Handiko mediku batzuek Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eskatu zioten ikerketa batzorde berezia eta independentea antolatzeko, gerraren kalteak aztertu eta barreiatutako gai toxikoak garbitzen laguntzeko.

Christopher Busby, Green Audit kontsultoriako kidea eta maila apaleko erradiazioen eraginetan berezitua, seguru dago amerikarrek hiriaren bonbaketan erabilitako armetan datzala gakoa. Legeak debekatutako fosforo zuriaz gain, AEBen artileriak usatu zituen uranio pobretuz aberastutako –horrela eleztatzen dira militarrak– munizioak. Busbyk Malak Hamdan eta Entesar Ariabirekin burututako ikerketa 2010ean International Journal of Environmental research and Public Health aldizkariak plazaratu zuen, erakutsiz 2006-2009 epean Falujan %80 handitu zela mortalitatea; kontrastez, Egipton %19,8 eta Jordanian %17 igo zen.

2010eko abenduan Mozhgan Savabiesfahani eta beste aditu batzuek aldizkari zientifiko berean ikerketa berria plazaratu zuten, zeinetan azaltzen zuten Falujan munduratzen den haur batek munduko beste edozein parajetan sortzen den edonork baino 11 aldiz arrisku handiagoa duela malformazioz jaiotzeko. Hauek zabaldu zuten 2010eko maiatzeko datua: sortutako 547 umeetatik %15ek malformazioak zekartzaten, eta beste %11 garaia baino lehen jaio ziren. Ikerketa hau izan da arma amerikanoen uranioa aipatu duen lehenbizikoa.

Laster The Lancet aldizkari famatua argitaratzekotan da Christopher Busbyren ikerlan berri bat, zalaparta handia eragin beharko lukeena: Busbyk dio Falujako lurzoruan, jendeen ileetan, airean eta uretan aurkitu dituela ez plutonio pobretuaren baizik eta plutonio aberastuaren arrastoak. Le Mondeko erredakzioan gai militarretan aditua den Jean-Dominique Merchet-i galdetuta, honek dio zentzurik ez lukeela uranio mota hau, oso erradiaktiboa dena, erabiltzea potentzia batek non eta bere soldaduak ere tartean diren lekuan. Ikusi beharko da.

Aldiz, uranio pobretua usatu dela ez du inork eztabaidatzen. AEBetako gobernuak dio inon ez dela demostratu gizakiari kalte egiten dionik. Uranioa oso metal astuna izanik, ahalmen berezia dauka eraikinetan bezala tankeetan ipinitako blindajeak zulatzeko. Antza denez, gizakiaren geneak ere zulatzen ditu. 


ASTEKARIA
2011ko uztailaren 10
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-03-30
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


Basamortuko ekaitzerako aterki mediatikoa

Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gerra hartan komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, "gerra garbiaren" kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman... [+]


Mosul digitalki berregin dute

Google Arts & Culture plataformak, The Art & Soul of Mosul izeneko ekimenaren bidez, hiri hartako ondarea digitalki berregin du eta hiru dimentsiotako ereduak eskaintzen ditu azken urteotako gerran galdutakoa bisitatzeko.


2020-07-28 | ARGIA
Hiru manifestari hil ditu Irakeko poliziak, zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioetan

Uztail bukaera honetan Bagdadeko Tahrir plazan errepikatzen dabiltzan manifestazioetan gertatu dira ezbeharrak. Aurreko gobernuak bideratu errepresio bortitzaren tonua dute hilketa hauek.

 


2020-05-25 | ARGIA
Irakeko protestetan ia 500 hildako eta 120 bahitu zenbatu ditu NBEk

2019ko urritik 2020ko martxoaren 21era 490 hildako, 7.793 zauritu eta 123 bahiketa egon direla salatu du NBEk. 2019ko urrian hasi ziren protestak Iraken, gobernuaren dimisioa, parlamentuaren desegitea eta sistema politikoaren erreforma helburu. Lehen ministro ohiaren dimisioaren... [+]


2020-04-07 | ARGIA
Iraken epidemia zabaltzen bada, herrialdeak ezingo dio aurre egin

Jasan dituen gerren ondorioz, Irakeko osasun sistema jota dago eta koronabirusaren epidemia bati ezingo lioke aurre egin. Hala ohartarazi dute agintariek.


2020-01-08 | ARGIA
Iranek AEBen bi baseri misilekin eraso die, Soleimaniren hilketari erantzunez

Irango Goardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti ditu Iraken AEBek dauzkaten bi baseren kontra. AEBetako agintariek berretsi dute erasoa izan dela eta Irango atzerri ministro Javad Sarifek esan du bere herrialdearen "autodefentsa neurri gisa" eginak izan direla... [+]


AEBek Iranen aurka hasitako gerra gaitzetsi dute dozenaka hiriburu estatubatuarretan

Deialdia "Ekialde Hurbileko gerra berri baten aurka eta AEBetako indar militarrak ateratzearen alde" egin zela azaldu dute antolatzaileek.


AEBek Irango Soleimani liderra erail dute Bagdaden misilez

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa sailetik jakinarazi dute erasoak Iranen etorkizuneko planak "gutxiestea" zuela helburu.


Irakeko matxinada odoltsua haserrealdi globalaren eta Iran-AEB gerraren artean

Enbata zakar baten gisa hedatu da munduan zehar protesta-haizea 2019an. Gobernu eta eredu sozio-ekonomiko oso ezberdinetako herrialdeetako kaleak sutu dituzten matxinadok 1848ko eta 1968ko matxinada sail salbuespenezkoekin alderatu ditu zenbait adituk. Nola interpretatu horien... [+]


Eguneraketa berriak daude