Irakeko matxinada odoltsua haserrealdi globalaren eta Iran-AEB gerraren artean

  • Enbata zakar baten gisa hedatu da munduan zehar protesta-haizea 2019an. Gobernu eta eredu sozio-ekonomiko oso ezberdinetako herrialdeetako kaleak sutu dituzten matxinadok 1848ko eta 1968ko matxinada sail salbuespenezkoekin alderatu ditu zenbait adituk. Nola interpretatu horien jatorria, mamia eta etorkizuneko balizko garapena? Aurtengo odoltsuena datekeen Irakeko errebolta gerta daiteke lurrikara sozialon osagaien konplexutasunaren adibide.

Tahrir plazan bildu zen hasieran protesta baketsua, Bagdaden. 
Arras irudi diferentea ikusi dugu ondoren.
Tahrir plazan bildu zen hasieran protesta baketsua, Bagdaden. Arras irudi diferentea ikusi dugu ondoren.

Irakeko lehen ministro Abdel Abdul Mahdik urte berriarekin dimitituko duela iragarri du azaroaren azken egunetan, agintarien ustelkeria, gazteen lanik eza eta Iranen esku hartzearen kontra herrialde osoa inarrosi duten protestei aurre egiteko ahaleginean porrot eginda.

Urriaren 1ean hasi zen Irakeko matxinada handian gutxienez 400 herritarrek galdu dute bizia. 200.000 jende baino gehiagok hartu dute parte protestetan, eta haserrea karriketan erakustera atera omen dira bai bizi-baldintza oso kaskarretan dauden langile eta langabetuak eta baita klase ertainetako asko ere.    

Denbora horretan egoera kontrolatzen ahalegindu da Abdul Mahdi, orain artean moderazio eta patxada handiko gizon fama zeukan politikaria. Baina azaroaren azken astea suertatu da bi hilabeteotako odoltsuena, gutxienez 50 manifestari hil dituzte poliziek eta gobernuaren aldeko miliziek, eta lehen ministroak egoeraren kontrola galduta zeukala eman zezakeen.

Asteazkenean, 27, protestariek eraso eta su eman zioten Iranek Najafen zeukan kontsuletxeari eta hori probokaziotzat hartuta poliziek eta miliziek ondoko bi egunetan ziento erdi manifestari hilez erantzun. Gertakizunez txokatuta, Dhi Qar probintziako gobernadoreak dimisioa eman zuen, esanez: “Desohore bat da bere herriko jendea hiltzen duen sistema honen partaide izatea”.

Ondorengo erreakzioen artean are erabakiorragoa izan da, ordea, Ali Al Sistani ayatolah nagusiak publikoki iradokitzea gobernuak aldatu beharra zeukala. Beste zenbait apez xiitak ez bezala –Muqtada al-Sadr populista da horietan ezagunena– Al Sistanik bere hautu politikoak soilik krisi larrietan plazaratzen ditu eta Iraken eragin handia aitortzen diote denek.

Azaroaren 29an ostiraleroko sermoian xiita irakiarren apez nagusiak espreski ohartarazi zituen denak gerra zibilean eta tiranian murgiltzeko arriskuaz, espreski eskatu zien gobernuaren indarrei ez hiltzeko protestari gehiago  eta matxinoei, berriz, bortizkeria oro baztertzeko. Egun horretan jakin zuen Abdul Mahdik bere aldia amaitua zela.

Mundu arabiarreko aktualitatearen jarraipena egiten duten hedabideen artean Europan erreferenteetako bat izango da Orient XXI weba, frantsesez eta arabieraz idatzia Alain Gresh kazetari beteranoaren zuzendaritzapean. Orient XXI-en Mustafa Saadoun kazetariak Irak bertatik bidalita plazaratu du “Heriotzari aurre egiten dioten gazte horiek“ kronika, kaleetan ikusi eta entzun dituenen bilduma.

“Matxinada ‘xiita’ bat –idatzi du Saadunek– aginte ‘xiita’ baten kontra? Urriaren 1ean hasita Irakeko protestalariek aurre egin behar diote errepresio gupidagabe bati, haiena mugimendu baketsua den arren. Inguruko eraikinetan ezkutatutako sniper-ak (frankotiratzaileek) metrailatzen jendetza, oso hurbiletik jaurtitako granadak, atzerritik ekarritako armen erabilpena... (...)  Esan liteke gobernua eta agintean dauden alderdiek sekulako ikara diotela protesta hauei, zeinetan protagonistak diren inolako lotura politiko edo erlijiozkorik ezagutzen ez zaien gazte taldeak”.

Protestak piztu diren Bagdadeko auzoak jende xehearen bizitokiak dira, xiitak gehien bat, 2003tik talde politikoen militante eta koadro harrobi izan direnak. Agintean diren alderdiek ez zuten espero hiriko elite gazte ikasiak abiatu protestak leku eta jende horietara zabaltzea. Alabaina, gazte txirook ere harrapatu ditu errepresio oso gogorrak berak eta, Saadun bezala beste zenbait behatzaileren arabera, protestetako jokabidea baketsua izan delako ez da izan are basatiagoa agintarien errepresioa.

Epika erlijiozkoa barik, eguneroko ogia

“Zenbait ekintzailek –idatzi du Sadunek– azaldu didate zein zen ezkutatutako frankotiratzailearen modus operandi-a, batzuetan manifestariei ipurdi aldera egiten ziela tiro, haiei iseka egin edo umiliatzeko bezala. Ingurukoak saiatzen baziren zaurituta lurrera eroriari laguntzen, tiroka eragozten zien behartzeko laguna lurrean hiltzen uztera”. Asko aipatu da sniper-ok ez poliziak baina gobernua sostengatzen duten milizia xiitetakoak direla, Iraken gero eta esku hartze handiagoa daukan Irani lan zikina egiten diotenetakoak.

Orient XXI berean islam xiitan aditua den Sabrina Mervin akademikoak “Erlijiosoari gaina hartu dio nazionalak” analisian azaldu du nolako giroa aurkitu duen xiitentzako santua den Karbala hirian eta inguruetan. Han protestak urriko erromesaldiagatik egon dira etenda, ondoren berriro hasteko.

Mervinen aburuz, erlijiozko epika handiak bost axola zaizkie manifestariei, konploten teoriak bezain gutxi: eguneroko ezin biziak mugiarazi ditu.  Eta erromesaldian bezala erlijioak gaina hartzen duenean, elizako ereserki zaharrak eguneratzen dituzte: “O, Profeta, herria matxinatu da... Gobernuarentzako loriarik ez, denak lapurrak”.

Eta Iran? Alde guztietan larrutzen du jendeak, omen, ‘anaia iraniarra’, Estatuaren mekanismo guztiak kontrolatzen dituela, ustelkeria orokortuaren parte dela, Iraki zintzurra estutzen diola laguntzeko aitzakian...

Egia da udazken honetan matxinadak pilatu zaizkiela Irango agintariei. Iranen kaleko mobilizazio handiei egin behar izan diete aurre; informazio zehatzak urri zabaldu dira bertatik, baina hildako asko izan direla dirudi. Libano hamaikagarren krisi larrian murgildu da, han ere protesta mugimendu handiak tarteko eta Iranen papera auzitan. Zenbait analistak azpimarratzen du AEBen eta Saudi Arabiaren eskuak astindu nahi duela Iranen eraginpeko eskualde osoa (Iran, Irak, Siria, Libano...) desestabilizazio ahaleginarekin lotuz matxinadak.

Justu beste muturretik, beste batzuek hauek sartzen dituzte 2019ko protesta handien zaku zabalean: “Lehenbiziko aldiz protestak gertatu dira munduko eskualde eta sistema politiko orotan, aberats demokratikoetan bezala autoritarioetan”, esan du Richard Young akademiko eta aholkulari britainiarrak. Branko Milanovic Munduko Bankuko kide ohiarentzat matxinada guztiok biltzen ditu agintearekiko haserreak eta politikariekiko mesprezuak: “Hau da globalizazio aroko lehen iraultza, ez globalizazioaren kontrakoa”.

Aldiz, Orient XXI-eko Alain Greshentzako gaude 2010ean mundu arabiarra astindu zuten iraultzen bigarren olatuan. Lehenak, Tunisiatik 2010ean zabalduta, diktadurak uzkailtzea lortu zuen, baina Saudi Arabiaren diruz eta militarren esku hartze kontra-iraultzailez ito zituzten. 2019ko bigarren olatuaren erregaiak orduko berdinak dira: aginte autoritario itotzaileak, egoera sozial tamalgarriak, langabezia, gazteen etorkizunik eza eta desberdintasun izugarriak. “Ekialde Hurbila da munduko eskualdeetan berdintasun gutxienekoa!”.


ASTEKARIA
2019ko abenduaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude