Iranek AEBen bi baseri misilekin eraso die, Soleimaniren hilketari erantzunez

  • Irango Goardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti ditu Iraken AEBek dauzkaten bi baseren kontra. AEBetako agintariek berretsi dute erasoa izan dela eta Irango atzerri ministro Javad Sarifek esan du bere herrialdearen "autodefentsa neurri gisa" eginak izan direla. Lehen unean bederen ez da hildakorik, Donald Trump AEBetako lehendakariak berak Twiterrez adierazi duenez.


2020ko urtarrilaren 08an - 09:32
AEBek Ain Al Asaden duten baseak misil bidezko erasoa jasan du astearte gauean (argazkia: HispanTV).

Iranek 22 misil jaurti ditu astearte gauean Iraken dauden bi aire-baseren aurka: Ain Al Asaden, herrialdearen mendebaldean; eta Erbilen, Irakeko Kurdistanen, Pentagonoak baieztatu duenez. Erasoa, Irango Gobernuak azaldu duenez, joan den ostiral goizaldean Bagdaden Qasem Soleimani jeneral irandarraren hilketari erantzuna da. Eskualdean tentsioak asko igo baita atentatu horren ondoren.

Iraken dauden Iranen aldeko talde armatuek indarrak batuko zituztela agindu zuten, jenerala hil zuen drone estatubatuar batek egindako erasoari erantzuteko. Atzerriko ekintzez arduratzen zen Irango Guardia Iraultzailearen Al Quds eliteko taldeko buruzagia zen Soleimani. Harekin batera hil zuten Abu Mahdi al Muhandis buruzagi milizianoa ere. Astearte gauean iritsi da erantzuna. AEBetako iturrien arabera, erasoak ez du biktimarik eragin, baina Irango telebistak ziurtatu du "80 terrorista amerikar" hil dituztela.

Fars albiste agentziak erasoaren bideo hau zabaldu du.

Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak agerraldia egin du asteazken honetako lehen orduan eta adierazi du Iraken dauden bi base estatubatuarren aurkako erasoa "ez dela nahikoa" mendeku eta beharrezkoa dela AEBetako tropak Ekialde Hurbiletik kanporatzea. "AEBak Iranen etsaia dira", ziurtatu du aiatolak, eta AEBek eskualdean duten presentzia "ustelkeria iturri" gisa jo du. Bestalde, Irango Indar Armatuen adarrak ohar batean esan duenez, "Guardia Iraultzailearen mendeku bortitza hasi da". Gainera, AEBei eta eskualdean dituzten aliatuei ohartarazi diete erantzun batek kontraeraso berri batera eramango dituela ezinbestean: "AEBetako aliatu guztiei ohartarazten diegu, euren armada terroristari beren baseak utzi zizkiotenei, Iranen aurkako ekintza oldarkorren jatorria den edozein lurralde erasotua izango dela".

Javad Zarif Irango Atzerri ministroak baieztatu du operazioa, 21:32an (Washingtongo ordua) argitaratutako txio batean: "Iranek neurri proportzionalak hartu ditu bere buruaren defentsan, Nazio Batuen Gutunaren 51. artikuluaren babesean, gure herritarren eta goi ofizialen aurkako eraso koldarra abiatu zen baseari eraso eginez. Ez dugu eskalada edo gerra bilatzen, baina edozein erasoren aurrean defendatuko gara ", ziurtatu du.

Hamabi minutu geroago, Donald Trump AEBetako presidenteak txio bat argitaratu du: "Dena ondo dago! Irandik Irakeko bi base militarretara jaurtitako misilak. Biktimen eta kalteen ebaluazioa egiten ari dira orain. Oraingoz, dena ondo! Munduko indar militarrik boteretsuenak eta hobekien hornituak ditugu! Bihar goizean adierazpen bat egingo dut ". Irango ofizial batzuek bonbardaketaren ondoren Irango banderak argitaratu dituzte Twitterren, Donald Trumpek AEBetako banderarekin Soleimani egindako erasoaren ondoren egin zuen bezala.

Operazioa "Soleimani martiria" izenarekin bataiatu dute, Irango telebistaren arabera. Bagdadetik 200 kilometrora dagoen Ain Al Asad baseak 1.500 soldadu estatubatuar eta koalizioko kide hartzen ditu. AEBen operazio base izan da Irak mendebaldean 2003tik, eta Trumpek berak bisitatu zuen 2018ko abenduan. Erasotako beste basea, AEBek baieztatu dutenez, Erbilen dago, Irakeko Kurdistanen, eta operazio berezietarako zentroa da Irak iparraldean eta Sirian. Mike Pompeo AEBetako estatu idazkariak telefonoz deitu dio Masrour Barzani Kurdistango eskualdeko gobernuko lehen ministroari, orain arte dakitenaren berri emateko, Estatu Departamentuko bozeramaile baten arabera.

Pentagonoak baieztatu du erasoaldian "dozena bat misil balistiko baino gehiago" erabili dituztela, eta "argi" dagoela Irandik jaurti dituztela. Oraingoz ez dago kalte pertsonalen baieztapen ofizialik. "Base horiek alerta handian egon dira, Irango erregimenak gure indarrei eta interesei eraso egiteko asmoa zuelako", esan du Jonathan Hoffman Pentagonoko bozeramaileak komunikatu batean.

AEBetako Hegazkintza Administrazio Federalak, abiazio zibilaz arduratzen den gobernu erakundeak, debekatu egin die operadoreei Irak, Iran eta Persiako golkoko eta Omango golkoko uren gaineko aire espazioan hegan egitea. Petrolioaren prezioak %4 igo dira astearteko datuekin alderatuta, Brent upelaren prezioa 70 dolarretik gorakoa izan da eta burtsek beherakada handiak izan dituzte Asiako merkatuetan.

Jendetzak Soleimani jenerala Irango kaleetan agurtu eta ordu gutxira gertatu da erasoa, haren omenezko hileta elizkizunen azken egunean. Gutxienez 56 pertsona hil ziren istilu batean, jendetza handiak eraginda.

Iraken 5.000 soldadu estatubatuar baino gehiago daude, eta Afganistan, Qatar, Kuwait eta Bahrainen atzetik tropa gehien dituen Ekialde Hurbileko bosgarren herrialdea da. Azken egunetan tentsioak gora egin ostean, Pentagonoak iragarri du 3.500 militar bidaliko dituela eskualdera, AEBetako postuak sendotzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekialde Hurbila
2024-04-15 | Axier Lopez
Iranen erasoa Israelen aurka
Gerra gehiago, hipokrisia handiagoa


Iran, Hezbola, Itsaso Gorria… Gerra Gazatik Ekialde Hurbilera zabaltzeko arriskua erreala da

Azken asteetan zabalduz zihoan mehatxua geroz eta errealagoa da: Gaza erabat suntsitzen dabilen gerra Ekialde Hurbilera hedatu daiteke. Hiru lurralde dira tentsio gorenean –Hezbolaren bidez Libano, Iran eta Itsaso Gorria– eta beste batzuk ere sartu daitezke dantza... [+]


Sei Egunetako Gerra: ezpata esku batean, gezurra bestean

Gerra eta gezurra bat doaz eta oso gaitza da jakitea gerra batean nor zertan dabilen kazetariak edo bestelako iturriak tartean ez badira. Israelek historikoki erakutsi du ezpata dantzatzeko indarra eta gezurra maneatzeko abilezia. Orain Gaza bonbardatzen ari denean, ospitaleei... [+]


Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Indarkeriaren gailurra duela 6.400 urte

Nature aldizkarian argitaratu berri duten lan batean, duela 14.000 eta 2.400 urte arteko 3.500 indibiduoren hezurrak aztertu dituzte, indarkeria seinaleen bila, egitura politikoen garapenak gizakien arteko indarkerian nolako eragina izan zuen aztertzeko.


Eguneraketa berriak daude