HERRI TTIPI BATEAN ETXETXOA DUT, POTTOKA ETA GUZTI


2001eko uztailaren 29an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Euskal Herriko herrialdeen artean, neurriz zein biztanlegoz, Araba xikia dugu, bakarrik 2.800 km2, Nafarroaren seirena. Haatik, eta bere azalera Ipar Euskal Herria baino tikiagoa bada ere, hagitzez populatuagoa dago. Arabar biztanleria bizia baita, eta industriak jauzia eman ahal izateko garapen bizkorra eskaini dio, mendez mende eutsiriko kopurua denbora laburrean biderkatuz. XVI. mendean 60.000 biztanle zituen eta 2.000 urtean 280.000.

Populazioaren jatorriaren aldetik, bertzalde, estatistikek Euskal Herriko anitzena dela diote, soilik %37 bertakoa eta bertakoen seme-alaba izanik. Alta, hori baino kopuru handiagoa da kanpoan jaioena. Lehen, herrialdea industriaren faltan zelarik, Gasteizko egitura nahiz merkatalgune apalak erakartzen zuen nagusiki Gaztelatik zetorren etorkin poltsa. Tarte horretan, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiriek arabarrez gozatu zuten, XX. mendearen lehen erdi aldeko lantegiak arabar herrietako gazteez elikatuz (Bilbo Handia, Goierri, Tolosa). Gero Gasteizek jasaniko aldaketa izugarriak jokoaren arauak aldarazi zituen. Herrien behititze ezaguna hiribururat bideratu eta herrialdea, emaile izatetik altzo bihurturik, bertakoak ez ezik milaka eta milaka etorkin ere labe modernoen magalean jasotzeko aukeraz baliatu zen.
Herrialdearen desoreka, baldintza berberak eragina, ikaragarria da; Araba, hein handi batean bederen, Gasteiz baita, arabarren hiru laurdenak Euskal Herriko bigarren hirian biziz. Honen ondorioz, hiriburutik at gelditzen diren hirurogeita hamar mila lagunak eskualdeburu batzuetan nahiz hamaika herrixketan bizi dira.
Dena den, eta ene lagun baten erranetan, «aspaldian Arabako herriek bizitza propioa zuten, baina poliki-poliki hustu egin dira, hiriburuan eta herri handietan metatuz. Orain, berriz, alderantziz gertatzen ari dela dirudi». Honela da, eta jarraian historiak eskainiriko zenbait datu erakutsiko ditugu.


«La Reja de San Millan» (1025).

Izen hau daraman agiri zaharra garrantzitsua da arabar historian, zeren eta ordaindu beharreko zerga honek (burdin kopuru bat) Arabako lurralde gehienen berri emaiten baitigu. Eskualde eta, orokorrean txiki samarrak ziren herri izenak bertan agertzen dira, egun desagerturik dauden etxe multzoak edota hainbatetan deituraz dexente itxuraldatu direnak, garaiko hirixkak barne.
Ezin ahantzi, bertzalde, agiri horren testuingurua, orduko Araba Iruñeko erresumako lurralde bat baitzen, Antso IIIa, «Handia»ren eskuetan zegoena. Ildo beretik, herrialdea ez zen muga bat, nafar antolaketaren baitan kokaturiko eskualde multzoa baizik. Zenbait egile kezkatu da agiri honetaz, erraite baterako Fita, Knörr, Mitxelena edota Caro Baroja. Joseba Intxausti izan da, baina, duela hamar bat urte paper zaharraren datuen bitartez nahikoa kartografia definitiboa zehaztu duena. Bertan islatzen dena herrixka, auzo txikiz osaturiko mundu sakon itzela da, mendebaldeko euskaraz bizi eta bilgune handirik ez zuen hagitz dentsitate eskasako populazioa arabar konstelazioan barreiatua.
Egungo Andoin «Anduiahin» zen, oroit Gipuzkoako Andoain eta Biarnoko Andoins, duela 2.000 urteko Akitaniako «Andossus» gogorarazten duena; bidenabar egungo nafar Andosilla ere «Andossella» zen «reja»ren garaian. Halaber, «Angelu» izeneko herrixka dugu, lapurtarra bezala. Hor dira arabar Basauri («Basahuri», Uda-Trebiñon), Gernika, Lasarte, «Harizavalleta» (Aretxabaleta), Elgorriaga, Markina (egun, Markinez) eta bertze.
Denboraren poderioz buruturiko aldaketa, era berean, ongi jasotzen da. Izan ere, agiri honetan Biasteri, Dulantzi, Agurain eta Gasteiz deitzen ohi zirenek bizirauten zuten, oraindik ere Laguardia, Alegría de Alava, Salvatierra edota Vitoria modukoek ordezkatu gabe, alegia. Komunioi alderdiari «Ossingani» zeritzaion, errioxar mendebaldeari «Olhaerrea». Gasteizko eskualdeak «Malizhaeza» eta «Harhazua» zuen izena, Dulantzikoak «Hiraszaeza» eta Aguraingoak «Hegiraz».
Gerardo Lopez Gereñukoak erakutsi zuenez (1989), egungo erdarazko Antezana «Andiggana» zen, Alborcoin «Albergoihen», Ali «Ehari», Armiñon «Aramingon», Arrizala «Harrizavallaga», Uda-Trebiñoko Busto «Bustia»...

XVIII. mendeko proIektua.

1200eko konkista-guda pasaturikoan, 1348ko izurrite beltzak Erdi Aroko irabazpen demografikoak desagertarazi zituen moduan, XVI. mendearen gorakadaren ondorengo klima aldaketak eragin zuen XVII. mendeko eguraldi hotz-hezeak Araba lehenagoko egoerarat eramanen zuela zirudien. XVIII. mendean, berriz, hazkunde demografiko ikaragarria eman zen. Hasieran gerrate batzuk pairatu arren (1701-1714), aduanek Ebron jarraitu zuten, hamarkada luzeetan garapen sozioekonomiko baikorra gauzatuz. Honek, halere, ezin ditu jite handiko arazo larriak ezkutatu, arabar herrialdeak erakusten duen nolabaiteko ezintasuna lekuko, matxinadak barne. Era berean, hazkunde horren bidez aberastu ziren XIX. mendean foruen aurkako joera tinkoa plazaratuko zuten indarrak.


Gasteizko matxinadak.

Juan Madariaga Orbea ikerlariari jarraikiz (1995), frantziar iraultzaren aitzindaritzat hartzen ahal dugun Gasteizko matxinada 1738an hasi eta 1742-1748 artean gauzatu zen. Alta, bertako merkatariek handikien aurka burrukatu eta, jende xumearen laguntzaz udal karguetan ordezkatu zituzten. Espainiar armadak, dena den, hamar urtez luzatu zen aldaketa sozial hau deuseztu zuen, lehenagoko egoerarat itzularaziz.
Ez da harritzekoa, giro horretan, merkatalgintza murrizten zuen Madrilek 1802an sinaturiko dekretuak ezinegona areagotu izana. Módenes gobernadorea arabar garraiolariak espetxeratzen hasi zen, agindu zentralisten arabera denak kontrabandistak zirelakoan. Iskanbilaren ondorioz, halere, alde egin behar izan zuen, guda karlista arte tirabira konpontzeke geldituz.
Estatua ere egoeraz jabetu zen, asmaturiko zerga berrien bidez bere egiturak sendotuz. Horretarako, «nuevo estado borbónico» deitu ohi denak errealitatearen irudi zehatza behar zuen, ez ordurarteko ezosoa. Hori dela medio, 1787. urtean «Censo español executado de órden del rey comunicada por el excelentisimo señor conde de floridablanca, primer secretario de estado y del despacho» burutu zuten. Errolda horretan datu soziologiko interesgarriak irakurtzen ahal dira, adibidez oraindik nahikoa euskalduna zen Arabak 71.000 biztanle zuen, Lapurdiren gisa. Inoiz ezkontzen ez zen emakumeen multzoa Gipuzkoako kopuruaren erdia zen, eta arabar errioxan %3 bakarrik... Antza denez, bertze euskal lurraldeetan gorakada ekonomikoa nabarmenagoa zen Araban baino. Horregatik Gipuzkoa eta Arabako goi mailako kargodun batzuek projektu bat prestatu zuten, haien ustez ia tokirik gabe bizi ziren milaka gipuzkoarrendako herriak sorrarazteko plangintza landua, arabar herrialdea berpopulatu asmoz. Hori hagitz eraginkorra izanen zen, ekonomia arloan ez ezik, euskararen egoeran ere. Haatik, Madrilek projektua debekatu zuen. Mende haren amaierarako, aldiz, eta «eraztuna» moduko neurri errepresiboen bidez (Dulantziko testigantza, orduko Mendibilek idatzia), Uda-Trebiño nahiz Mendialdea erdaldundu eta Gasteizko Lautada elebidundu zuten.


Industrializazioa.

1936ko gerra ondorengo hamarkadan Bizkaia nahiz Gipuzkoako industria berpiztu eta haien ekoizpena biderkatu zen, langileen egoera, berriz, ikaragarri okertuz.
Interes ekonomikoek ordurarte nahikoa bazterrean utziriko Araba (argindar sare nagusi guti, trenbide ahulak Madril-Irun salbu), halere, esnarazi zuten. 1936 baino lehen Gasteizen metal eta kimika arloko lantegi xumeak zeuden, Araian bertze zertxobait, asfaltoa Maeztu alderdian eta arnoarenak Biasteri edota Oionen. Hots, Araba industria gutxien zuen euskal herrialdea zen, Zuberoaz landa. 1947an, baina, aldaketa deika ari zela erraiten ahal da, data hartan hamar elkarte anonimo sortu baitziren, aurreko urtetan agerturiko diru kopuruak hondarraren gisa geldituz.
Lehen bultzadatxo hark eztanda egin zuen 60ko hamarkadan. Izan ere, ordutik egun arte arabar populazioa Hego Euskal Herriko %7 izatetik %10erat pasa baita, eta zer erranik ez arabar populazio horren eguneroko lanaz ari bagara.
1960tik Hego Euskal Herrian lanean ziharduen lagun kopuruaren gorakada orokorra izan bazen ere, jauzirik aipagarriena Araban eman zen, frankismoaren amaieran aktibitate tasarik tikiena izatetik altuena erdiesterat egoera irauliz. Honela, industrian aritzen den arabar populazioa, ehunekotan, Hego Euskal Herriko handiena da, Bizkaiak zuen nagusitasuna 70eko hamarkadan bereganatuz. Alde honetatik Gasteiz eta Laudio aldea nabarmentzen zaizkigu.
Bertzeak bertze Ollora edota Zarateri jarraikiz, prozesu honetan Arabako Foru Aldundiak harturiko erabakia azpimarratu beharra dago, zeren eta 1960ko aldaketak garai hartan industria enpresariei lur merkea erosteko baliabide ezin hobeak eskaini baitzizkien. Era berean, 1963an «Plan General de Ordenación Urbana de Vitoria» izenekoa sinatu zen. Bigarren guda karlista aurretik (1875) Gasteizek 17.000 biztanle zuen eta 1965ean 105.000. Bada, egun azken kopuru hau bikoizturik azaltzen zaigu, bertze inon gertatu ez dena, alegia. Eta are gehiago, 1960-1970 tartean ere, hamar urte eskasetan, Gasteiz eskualdeko populazioa bikoiztu zen, 1972an bertako «Lakuako ACTUR» aprobatuz

Eugenio Ruiz, Geografia eta Historia fakultateko irakaslea
«Mendi inguruek duten balio ekologikoaren estima igo da»

Eugenio Ruizek «200 años de geografía en Araba» liburua plazaratu du. Erredakzioan aritu den Eugenio Ruiz irakasleak aitortu digunez, arabar garapena ikaragarria izan da, Gasteiz zena hiri handi bilakatu eta herri biziak emeki emeki itzaliz.

XVIII. mendeko Tomas Lopez jaunaren galdetegi bat kontuan hartu duzue liburuan. Zein da gizon haren lanaren garrantzia?
Handia. Duela berrehun bat urte Lopezek galdetegi bat bidali zien arabar apaizei, herrialdeko mapa bat egiteko asmoz. Bertan herrien kokapenak, bideak, zubiak, arkitektura lanak, ekoizpenak eta bertze marraztu nahi zituen. Ihardespenak ez ziren behar bezain onak izan, baina egun hagitz baliogarria den informazioarekin mapa bat prestatu ahal izan zuen.

Nolakoak ziren XVIII. mendeko arabar herriak?
Ez ziren egun bezalakoak, hagitz ezberdinak baizik. Bizi biziak ziren, lanaz beterik. Haur eta gazte ugari zuten, eskolak, jostunak, arotzak, mandazainak, harginak, ikazkinak, apaizak, ostalariak, artisauak. Oinarria nekazaritza zen, orain baino anitzagoa, nagusiki bizirauteko balio zuena. Azokak ere baziren, jakina, laboreak, fruitondoak, larreak. Mendia guziz aprobetxatzen zen, zura, egurra, fruituak, sendabelarrak, abereak izateko.

Jadanik XIX. mendean aldaketaren bat jazo zen?
Egoerak bereari eusten bazion ere, Bizkaia eta Gipuzkoan gertaturiko industrializazioa eraginkorra izan zen arabar demografia eta sozioekonomian. Emigrazioa, populazioaren metaketa, lanbide zaharren desagerketa, nekazaritzaren berrikuntza... Edonola ere, benetako aldaketa bakarrik duela berrogeita hamar bat urte gauzatu zen.

Orduan bertako industralizazio jauzia burutu baitzen...
Bai. Herriak husten hasi ziren, adin piramideak zaharkitu, ohiko ogibideak desagertu, herrietako jendeak hirietan agertzen ari ziren zerbitzuen falta nabaritu zuen. Nekazaritza, makinariareki, espezializatu eta mendietan egiten ziren lanak baztertu ziren. Lurrak elkartu eta soilik nekazal ekoizpen zehatz batzuk mantendu ziren.

Halere, aspaldi arabarren artean bertze joera bat nagusitzen ari dela dirudi, hau da, hiritik herrietarat jotzeko gogoa.
Eta joera hori indartzen ari da. Nekazal inguruak hiritartzen ari dira, gure artean urbanizazioak eta bigarren etxebizitzak ugaltzen ari baitira. Hor dira, ahantzi gabe, sortzen ari diren industriagune tikiak ere bai. Aniztasun sozioekonomikoa aberasten ari da eta populazioak duen aldatzeko, mugitzeko ohitura ere bistan da. Bizi kalitateari loturik dagoen eta nekazal, mendi inguruek duten balio ekologikoaren estima igo da, basoarena bezala, nekazaritzan diharduen jende kopurua, berez, gibelerat ari den arren

ALBERTO FRIASEK NATURA HIRIA BAINO NAHIAGO DUTENEN ARGAZKIA EGITEN DIGU
Eugenio Ruiz irakasleak dioenez, aldaketa handiak gertatzen ari dira arabar populazioaren kokapen fisikoan, makina bat baitira hirietatik, Gasteiztik nagusiki, herrietarat bizitzerat abiatu direnak. Paradigmatikoa, alde honetarik, Uda-Trebiñon gertatzen ari den prozesua, zeren eta nonahi txalet edota adosatu urbanizazioen bidez bertako nekazal herri tikietako populazioa biderkatzen ari baita. Hor dira, ildo beretik, aspaldi Argantzunen "kolono" izena jaso ohi dutenak, ordurarteko egoera soziodemografiko historikoa deseginarazi duen helduberrien sarrera masiboa, alegia. Arabar udal batzuek aldaketa horien eragina saihesteko ahaleginak egin dituzte, berezko nortasuna gal ez dadin. Joera, halere, bizkortzen ari da etengabe, eta kritika batzuk isuri dira jadanik.
Honela, Alberto Frias gasteiztar legegizonak Basandereren "Euskal Herria 1000-2000" liburuaren baitan plazaraturiko "Ekologia año 2000, de Euskal Herria a Euskal Hiria" hausnarketan jaso duenez, gertatzen ari den aipaturiko nekazal inguruen hiritartze prozesua iraultza sakona eragiten ari da eguneroko bizitzan.
Testuan, Araban hedatzen ari diren horietako urbanizazio bat deskribatzen da. Hogeita hamar txalet, denak berdinak. Etxeko jaunaren gosaria: Kolonbiako kafea, Frantziako gurina, Alemaniako mermelada. Arazoa esnea eskuratzea omen da. Bertako herrixka zaharrean autopistak behiak izateko aukera deuseztu eta orduz geroztik esnea kanpoaldetik ekartzen dute: irauteko landuriko ekoizpena Suitzatik helikopteroz, Marsellaraino kamioez eta handik arabar Lautadarat abiadura handiko trenaz. Berriz ere kamioez Elorrioraino eta handik itzuli hipermerkatuetarat. Urbanizaziotik harat hogei kilometro dagoenez, kotxez ordubete behar izaten omen du pasadizuaren protagonistak etxean koipe tantarik gabeko esne "osasungarria" gosaldu ahal izateko.
Egileak izen bat asmatu du urbanizazioko pertsonak erdaraz deitzeko: "rururbano". Ez du "hiri nazkagarrietan" bizi nahi, belardi pribatua duen txaletan baizik. Izan ere, turismoari begira berrantolaturiko ondoko azken baserrian pottoka bat badute, bere alabatxoaren aisialdia pozten duena... eta ingelesa ere bertan praktikatzen ahal du!
Alberto Friasek, egoeraren karikatura burutu ondoren, hogeita hamar orrialdeko gogoeta mamitsua eskaintzen du, dagoena aztertu eta jorratzen ahal diren bideak aurkeztuz, euskal ekologia eta etorkizuna, betiere, ardatza izanik.


Azkenak
NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek iragarri du Israelek eta Iranek su-eten akordio bat adostu dutela

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du gertakariaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik ukatu egin du menia bat adostu dutela, eta adierazi du Israelek "bere legez kanpoko... [+]


Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


Udaltzaingoan arreta euskaraz bermatzeko gomendatu dio Arartekoak Erandioko Udalari

2024ko irailean, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek arreta euskaraz ukatu eta jokabide hori behin baino gehiagotan errepikatu zela, baita telefonoz kexatu zenean ere. Salaketak erakusten duenez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik eman... [+]


2025-06-24 | Gedar
“Gazteon erantzunari esker Durangoko Gaztetxeari eustea lortu dugu”

Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean Durangon, espazioaren irekieraren berri eman eta lau egunera. "Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Eskuin muturreko talde batek Donostiako ‘Jesusen Bihotza’-ren aldeko ekimena egin du

Donostiarra, defenda ezazu zurea leloarekin pankarta bat jarri dute, Jesusen Bihotza duen Espainiako bandera batekin batera.


Hazparneko etxebizitza agentzia bat okupatzeagatik epaituko dituzte zazpi lagun irailean

2024ko urtarrilean Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuen. Ekainaren 20an elkarretaratzea egin zuten ekintzaileei babesa emateko.


2025-06-23 | Axier Lopez
asteko argazkia
Isolamendua

Israelek aldebakarrez eraso egin dio Irani eta 950 pertsona baino gehiago hil ditu, horietatik %90 zibilak. Nazioartean atxilotzeko agindua duen Benjamin Netanyahu gerra-kriminalak dio "eraso prebentiboa" izan dela, bere inguruan inork ez dezan eduki berak aspaldian... [+]


NATOrekiko kompromisoak gastu militarra %5era igo gabe betetzea adostu duela iragarri du Sánchezek

Igandean iragarri du akordioa Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Espainiak gastu militarrera BPGaren %2,1 bideratuko duela ziurtatu du.


Israelek beste 33 palestinar hil ditu Gazan, eta Mahmud Khali ikaslea aske utzi dute AEBetan

Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea... [+]


2025-06-23 | Hala Bedi
Gasteizko Txosnek 2025eko programazio osoa argitaratu dute

Gasteizko Txosnek gaur aurkeztu dituzte ofizialki 2025eko Andre Mari Zuriaren jaietarako kartela eta musika zein kultur programazioa. Hirugarren urtez jarraian, Entxosnatu, etorri gugana! lelopean, gune autogestionatuak abuztuaren 4tik 9ra egongo da irekita, 40 kontzertu eta... [+]


“Ongi etorrien” auziko inputatuei bi urteko espetxe zigorra ezarri diete eta ez dira kartzelara joango

Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicenteri 120 ongi etorri baino gehiago antolatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek, akusazio partikularrak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude