Zero Waste biltzarra: Maiatzetik Gipuzkoa Zero Zabor lurralde

  • Maiatzaren 11tik 13ra Donostian bilduko da Zero Waste Europe (ZWE) koalizioaren batzarra. Aukera baliatuko du bere atxikimendua azaltzeko Gipuzkoan hondakinen gaikako bilketa orokortua sustatzen duten talde eta erakundeei.


2012ko maiatzaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 13:51:30
Zubietako errauste plantaren kontrako mugimenduaren mobilizazioa 2011ko irailean, Donostiako estropadetan.

Etxean daukazunaz jabetzeko atzerrira urrundu behar duzu batzuetan. Urrutiagotik begiratu, bertako zalapartatik aterata. Iazko urrian Hernaniko alkate Luis Intxauspe lehenik harritu eta ondoren emozionatu egin zen Italiako Capannorin hitzaldia txaloka moztu zionean Paul Connetek. Rifiuti Zero mugimendukoek deituta Intxauspe azaltzen ari zen Hernanin nola egiten den Atez Ateko bilketa. Hondakinak uzteko zintzilikarioa erakutsi zuenean Connet Zero Waste mugimenduaren guru famatuena zutitu zen esanez sekulako aurrerapena iruditzen zitzaiola zer eta... Gipuzkoan hainbestek itsusi atzerakoi inposatzaile izendatutako sistema!

Paul Connetek alkateari adierazi zion Euskal Herrian hondakinak gutxitzeko egiten diren ahaleginak ezagutzeko asmoa. Maiatzaren 11n beteko du hitza. Europan eta munduan hondakinen kudeaketa burutsuago baten alde lanean ari den koalizio handietako batek, Zero Waste Europek (ZWE) bere begiekin ikusi nahi du gipuzkoarrak zaborren errauste proiektu batetik abiatuta Zero Zabor estrategia baterantz egiten ari diren trantsizioa. Eta bide batez, erauntsi eta trumoi artean horretarako lanean ari direnei atxikimendua azaldu. Hiru egunen egitaraua haien webgunean daukate ikusgai: Annual Zero Waste Europe meeting in Gipuzkoa – 11-13th May 2012.

Erakundeak eta militanteak

ZWE koalizio bat da hiru erakunde nagusik osatua. Lehena GAIA, zeinaren siglak bi modutan irakur baitaitezke: Global Anti-Incinerator Alliance eta Global Alliance for Incinerator Alternatives. Alegia, hondakinen errausketaren kontra adina ari direla borrokan erraustu beharrik gabeko alternatiben alde. GAIAren Europarako ordezkaria Joan Marc Simón katalana da ZWEren koordinatzailea ere.

GAIAko bazkide da Ekologistak Martxan elkartea. Hori dela eta, 2007an Gipuzkoako Hondarribian egin zuen erakundeak mundu mailako batzarra, orduan Txingudin ezarri nahi zen errauste plantaren proiektuari aurre egiteko.

Munduko kontinente guztietan presente, GAIAk lan handia burutzen du justizia klimatikoaren inguruan, esan liteke bera izan dela ingelesez Zero Waste deitu dena munduan zabaldu duena. Itzulpen eta zehaztapen ezberdinekin, egoerak oso ezberdinak direlako Indian, Filipinetan, Argentinan edo Katalunian.

Asian eta Hego Amerikan, esaterako, gogor borrokatu dira errauskailuak instalatu nahi dituzten multinazionalen aurrean kaleko hondakin biltzaileen eskubideak eta duintasuna defenditzen. Argentinan eta Filipinetan hondakinen erraustea legez debekatu izana ez da kasualitatea.

Friends of the Earth (Lurraren Lagunak) da ZWEren bigarren zangoa, GKE ekologista indartsueneteakoa. Munduko 76 herrialdetan dago zabaldurik, 5.000 talderekin; bi milioi afiliatu biltzen dituela aldarrikatzen du.

Hirugarren osagaia European Environmental Bureau (EEB) delakoa da. 1974an sortua, 140 gizarte mugimendu biltzen ditu. Europako agintariei gomendioak eskaintzen dizkie ingurumenari dagozkion gaiez, hala nola bioaniztasunaz, hondakinez, nanoteknologiez, gai kimikoez, ekolabelez edo klimaren aldaketaz. Nagusiki dirulaguntza publikoz finantzatzen da.

Zaborra, porrotaren seinale

Robin Murrayk Zero Waste (Greenpeace, 2002) liburuan idatzi zuenez, XX. mendea oso aurreratu arte hondakinak ez ziren ilunbetik atera. Ikusezinak, ez ziren inoren kalkulutan sartzen, industria berezituak herritarren begien bistatik kentzen zituen eta kito. Lehen arazoak piztu ziren zabortegiekin, gero eta nabarmenagoa baitzen inguruko urak larriki kutsatzen dituztela, eta hori gutxi balitz klimaren aldaketan eragina dutela.

Geroago, herrialde garatuenetan hondakinak behin betirako begien bistatik kentzeko sistema mirarizkotzat saldu zituzten arren, errauste plantek ere arazo larriak sortzen zituztela demostratu zen. Hondakinak kiskaltzean toxiko are arriskutsuagoak sorrarazten dituzte. Horrez gain, errausteak konpondu ez baina okerragotu egiten du gizakiak gaur daukan arazo handietako bat: lehengaien urritasuna.

1970eko hamarkadatik gero eta gehiago landu den kontzeptua da Zero Waste. Produkzio industrialaren kontzeptuan oinarrituta dago, zehazki Japoniatik mundu osora zabaldu zen Total Quality Management ideian. Ekoizpen kate batean produktuek eta prozesuek akatsik izan behar ez duten bezala, hondakinetan ere zerora hurbiltzea da helburua. Hondakina akatsa da.

Horrela, hasieran Zero Discharge (zabortegirik ez) zen ideia osatu zen Zero Atmospheric Damage (kutsadura atmosferikorik ez) asmoarekin, laster lehengaien urritzeak ekarritako kontzientziagatik honakoa erasteko: Zero Material Waste (ez alferrik galdu materialik).

Produkzio sistema osoan

“Gure gizarteek sortzen duten hondakin pilaren handiak erakusten du gure produkzio sistema eraginkortasun gutxikoa dela eta ez garela solidarioak etorkizuneko belaunaldiekiko”, irakur daiteke ZWEren webgunean. Horregatik proposatzen du gizartea bera birdiseinatzea, alferrikako hondakin oro eliminatzeko eta produzitzen den edozer izan dadin berriz usatzekoa, konpontzeko modukoa, konpostagarria edo berriro sisteman birziklagarria. Konpondu, konpostatu edo birziklatu ezin den guztia, berriro diseinatu edo ordezkatu, edo merkatuan debekatu egin behar da. “Hondakina kudeatzeko ez, hondakina eliminatzeko filosofia, estrategia eta tresna praktiko multzoa da Zero Waste”.

Kultur aldaketa aldarrikatzen du ZWEk, politikoki polita den birziklatzetik harago joateko. “Azken hamarkadotan europarrok bizi izan gara gainerako munduarekiko zor ekologikoa handituz, esportatzen ditugun materialen lau halako inportatuz. (...) Ekin behar diogu lehengai eta energia gutxiago kontsumitzeari”. Horretarako garrantzia handia ematen dio gizartea mobilizatzeari.

Baina herritarren parte hartzeaz gain ZWEren asmoan azpiegituren aldaketa sakona burutu behar dute agintariek, hiru alorretan. Alde batetik, hondakinen prebentzioa. Industriak bere erantzukizunak bere gain hartu behar ditu: produktu iraunkorrak diseinatuz eta aldatuz; konpostatu, berrerabili edo birziklatzen gaitz direnak baztertuz; enpresetako profesionalak bezala kontsumitzaileak heziz...

Bigarrenik, hondakinen gaikako bilketa orokortu behar da. “Atez Ateko bilketa da tresnarik azkarrena hondakinen ugaritzea saihestu eta gaiak kontsumitu diren lekuan bertan garbi bereizteko”. Horrekin batera, prezioarekin jokatu behar dute erakundeek, hondakin gehiago sortzea zigortzeko. Lekuko birziklatze guneak ere sustatu behar dira.

Eta hirugarrenik, eskema osatzeko, Gipuzkoan gaur errefusa deitzen dena, ez birziklatu, ez berrerabili eta ez konpostatu daitekeen %10-%20 hori (ingelesezko residual waste) murrizten ahalegindu behar da. Horrelako produktu eta osagaiak merkatutik kendu behar dira, ezin badira aldatu eta birdiseinatu. Bitartean, errefus urri hori biologikoki egonkortzeko modua egin behar da, zabortegi berezietan arazorik gabe utzi ahal izateko.

Connet, Ercolini, Favoino...

Maiatzaren 11tik 13ra bitartean Gipuzkoara ZWEren bilkurara hurbilduko direnen artean ikusmirarik handiena Paul Connettek piztukodu. Kimika irakasle New Yorkeko Saint Lawrence unibertsitatean, Connett eten gabe dabil hizlari munduan barrena, gaur Filipinetan, bihar Italian. 2007an Hondarribian izan zen, Txingudiko errauste planta zela eta. Aldea nabarituko du.

Connettek badu paper bat non bere ideia laburbiltzen duen: Zero Waste: a Key Move towards a Sustainable Society (Zero Zabor: urrats funtsezkoa gizarte iraunkorrerantz). “Zero Zaborrek –dio Connettek– ezetz esaten die errauskailuei, zabortegi erraldoiei, gizarte xahutzaileari... eta baietz gizarte jasangarriari. Idealista dirudi, baina egia bihurtu dezakegu. Ez dugu espero behar zero zaborrera iristea datorren urtean, baina aurreratu dezakegu herri batzuk 2020rako horretatik oso hurbil egongo direla”.

Paul Conettek maiatzaren 12an, larunbata, hitz egingo du Donostiako udalak antolatutako harrera ekitaldian “Zero Zaborrera iristeko udalen 10 urratsak” gaia hartuta. Bere ondoan mintzatuko da Rossano Ercolini, Italiako Capannori herrikoa, Rifiuti Zero mugimenduaren motorra. 2010ean Hernanin eman zuen mintzaldia, Internetez ikusgai dagoena. Donostian azalduko du zer egin duten Rifiuti Zero sarean bildu diren udalek.

Hirugarren hizlari ezaguna Enzo Favoino izango da. Konpost gaietan aditu nagusietakoa da. Italian Atez Ateko bilketari Monza hiriko nekazaritza eskolatik bultzada berezia eman zion Marco Ricciren oinordekotzat daukate. Favoinoren gaia: “Hondakin errefusa biologikoki egonkortzeko esperientziak”.

Usurbil da bihotza

Gipuzkoako Zero Zabor taldeak Zero Waste Europek bere kidetzat aitortzen dituen arren, Donostiakoa izango dute elkarrekin burututako estreinako bilera. Maiatzeko egunok historikoak izango dira hainbat politikari eta komunikabidek errukirik gabe egurtu eta mespretxatu dituzten boluntario giputzontzako.

Luzaz –gaur bezala– herrietako Bizirik taldeak Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeak bildu ditu. Hernanin Zero Zabor da izen hau hartutako lehena, 2009an, Usurbilen abiatzen ari ziren alternatibak berotuta. Laster heldu ziren Zumaiakoa, Zarautzkoa, Azpeitikoa... Zalantzarik gabe Gipuzkoa Zero Zaborren arima eta motorra Usurbilgo taldea da. Herriz herri lan egiteko material gehiena berak sortu du, dinamika bizkorrena berak dauka, 2007tik landutako militantziaren fruitu. Usurbil da Atez Ateko bilketan lehena izateaz gain Zero Zabor estrategian aitzindaritza daramana. Gaurkoz GZZ osatzen duten 30 taldeen artean asko nabarmendu da Oñatiko taldea ere; berrikitan plazaratu du Errausketari Ateak Ixten dokumentala.

Gipuzkoarrek –eta Euskal Herri osotik asmo berdintsuz hurbilduko direnek– Donostiako biltzarrean egingo dute topo Zero Waste Europen parte hartzen duten beste herrialdeetakoekin, Italia, Erresuma Batua, Eslovakia, Hungaria, Katalunia eta Holandakoekin.

Hala ere, taldeetako boluntarioek adina garrantzia edukiko dute Zero Zabor estrategian murgiltzeko interesa erakutsi duten udaletako ordezkariek. Behingoagatik, Atez Ateko bilketa egitea erabaki duten udalerrietako agintariek aurkituko dute norbait mespretxurik eta aurreiritzirik gabe entzungo dituena..

Zero Zabor udal sare bat

Zero Waste Europek Donostiako barne bilkuran aztertuko dituen puntuen artean bada bat Gipuzkoako herri askori interesatuko zaiona, Enzo Favoinok aurkeztuko duen “Nola ebaluatu Zero Zabor udalerriak? 4 adierazle proposatuz”. Italian eta Katalunian egin bezala hemen ere Zero Zabor udal sarea antolatzeko asmoa adierazi duenez zenbait agintarik, ZWEk irizpideak zehazteak bidea erraztuko die Atez Ateko bilketatik aurrerako urratsak eman nahi dituztenei.

Maiatzaren 11tik 13ra arnas pittin bat hartuko dute Gipuzkoako herritar askok: atzerritik etorritako pertsonalitateek gaikako hondakin bilketa egiteagatik zozoak ez baina modernoak eta burutsuak direla aitortuko baitiete. Agian beste gipuzkoar askori zalantzaren bat piztuko zaio azken urteotan Atez Ateko bilketaren kontra buruan iltzatu dizkioten aurreiritzien artean.

___________________________________________

Erreportaje hau ARGIARen 2.321 zenbakian argitaratu da. Ikusi aldizkari horretako eduki guztia.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zumaia
2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Udako Azoka Ekologikoak antolatu dituzte Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hamalau herritan

Guztira hamalau azoka antolatu dituzte, Arabako Bionekazaritza, Bizkaiako Ekolur, Gipuzkoako Biolur, herrietako kontsumo taldeek eta ekoizpen ekologikoaren aldeko herrialde mailako elkarteek sustatuta.


2023-05-14 | Estitxu Eizagirre
Aitor Leiza, Itsas Enarako kidea
"Zentral eolikoetan kontuan hartzen dira habia lekuak, baina ez harraparientzako elikatzeko lekuak"

Zentral eolikoen proiektuek eragin dute herritarren artean mendiko bizidunekiko jakin-mina piztea. Adibiderako, Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak antolatuta hitzaldia eman du Aitor Leizak maiatza hasieran, Zizurkilen. Leiza Itsas Enarako kidea da. Txikitatik du hegaztiekiko... [+]


2023-04-28 | Estitxu Eizagirre
Aitor Leiza hegazti zalea
“Aldundiek nahita ez dituzte eginda mehatxupean dauden espezieen kudeaketa planak, agian, eolikoen moduko proiektuak jarri ahal izateko”

Aitor Leiza Itsas Enarako eta Zumaiako Natur Taldeko kidea da. Txikitatik du hegaztiekiko zaletasuna eta gaztetan herriko argazkilari baten lanak ikusita txunditu zen: “Dokumentaletan agertzen diren hegazti hauek denak hemen al daude?” galdetu zion bere buruari eta... [+]


Eguneraketa berriak daude