Sexu-abusuak azaldu behar izan ditu Vatikanoak, estreinakoz foro publikoan

  • Sexu-abusua jasandako biktimen elkarterik handienak (SNAP) NBEn azalpenak ematera behartu du Vatikanoa, adin txikikoen jazarpenak nola kudeatu dituen argitzeko. Estatua den heinean Vatikanoak haurren eskubideen aldeko hitzarmena sinatu zuen, eta horrek, hartzen diren neurrien berri emango duten txostenak osatzera lotzen du estatu sinatzailea.


2014ko urtarrilaren 21ean - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
SNAP sexu-abusua jasandako biktimen elkarteko kideak (Argazkia: Civil Beat)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Vatikanoak, hitzarmena sinatu izanagatik ere, 14 urte behar izan ditu batzordeari lehen txostena erakusteko. NBEko agerpenaren ondorioz, zenbait apaiz katolikok adin txikikoak jazarri izana aitortu zuen Vatikanoko ordezkaritzak, baina uko egin zion sexu-abusuen gaineko barne ikerketaren emaitzak azaltzeari.

Hala, jendaurrean estreinakoz, Eliza Katolikoak adin txikikoen sexu-abusuak kudeatzeko moduaz azalpenak eman behar izan zuen.

SNAP sexu-abusuen biktimak defendatzen dituen elkarterik handiena da eliz barruan. Hastapenean Eliza Katolikoko AEBetako elkarte espezializatua bazen ere, apurka beste erlijio eta areatara zabaldu da. Egun, 10.000 biktima babesten dituzte 12 estatutan. Elkartearen helburua apaiz pederasten gehiegikeriak estaltzeko kasuak azaleratzea da, hierarkia katolikotik iritzi publikora ateratzea, biktimen laguntzea eta sexu-abusuak berriz ez gertatzeko neurriak eskatzea, inpunitateari amaiera emanez, eta abusu kasuak ezkutatzen dituzten apezpikuak ardurak hartzera derrigortuz.

2012. urtean, SNAPek, Eskubide Konstituzionalen Zentroarekin batera, Gizateriaren Kontrako krimenak leporatu zizkien Benedicto XVI.ari eta eliz hierarkiarko beste hiru goi karguri, Hagako Nazioarteko Zigor Epaitegian, eliz barruko pederastia kasuak sistematikoki gordetzeagatik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
2025eko maiatzaren 8
Hala bazan

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.