Ondarroako Kafe Antzokia itxita: "Gure esparru txikia erre dugu"

  • Ondarroako Kafe Antzokia ixteko erabakia hartu berri du Zenbat Gara elkarteak, “kontuek ematen ez dutela” argudiatuta. Bilbo Kafe Antzokia eredu, 11 urtez ehunka kontzertu eta bestelako emanaldiren aterpe izan da antzokia. Itxieraren harira, Txomin L. Aramaio kultur programatzailea elkarrizketatu du Entzun!-ek. Euskal Herriko eszenaren analisia ere egin du ondarroarrak.


2013ko uztailaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ondarroko Kafe Antzokiaren inaugurazioko irudia (Argazkia: zenbatgara.org)

Aramaiok duela hiru hilabete izan zuen itxieraren berri, programatzaile gisa 8 urtez aritu ostean. Krisi ekonomikoaren ondorioak ezagutu arren, harritu egin du: “Azken hiru edo lau urteetan oso ondo ari ginela uste genuen. Kontzertu gutxiago egiten dira eta taldeek haien katxeta jetsi dute. Guri ongi etorri zaigu, duela urte batzuk ezinezkoa zen taldeak ekarri ditugulako”.

Azken lau urteetan, urtero 30 kontzertu egin dira antzokian eta batezbeste, 250 ikusle izan dituzte kontzertuko. Ondarroaren neurria kontuan izanda,“oso datu ona” dela uste du Aramaiok. Herriko eta Mutrikuko taldeei tartea egiten saiatu direla dio.

Ondarroararen arabera, Zenbat Gara elkartea pozik zegoen kultur-programazioan egin duten lanarekin, baina “hori ez da nahiko horrelako lokal bat aurrera ateratzeko”. “Hilean 3 edo 4 egunetan egiten dira kontzertuak, baina antzokia egunero dago zabalik, astelehenetik domekara, eta egunerokotasuna asko jaitsi da”.

Formatu eta talde antzekoko jaialdi gehiegi antolatu direla uste du Aramaiok, eta horrek lotura du jendeak musikagatik ordaindu nahi ez izatearekin. “Gure esparru txikia erre egin dugula uste dut”.

Era berean, dirua badagoenean erakundeei “eskua joaten zaiela” uste du: “Ezin da Euskal Herrian, urtea joan eta urtea etorri, mundu mailako talde ezagunenei ordaintzen ibili”. Bestela, “jendeak kontzertu horiek bakarrik ordaintzen ditu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude