"Lau urte eta ez dago epaiketarik, eta baliteke ez egotea"

  • Cabacas auzian instrukzio fasea amaieratik gertu dago. Gaur Polizia Nazionaleko perituek deklaratu dute bideokonferentzia bidez. Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek elkarretaratzea egin dute Bilboko Instrukzio Auzitegiaren parean hilabete batzuk barru, ekainean, epaileak hartu behar duen erabakiaren garrantzia azpimarratzeko. "Epaiketa egingo den edo ez den egingo", hain zuzen ere. Azken aukera hori "jendeak ez luke ulertuko, batik bat Manuk eta Finak, Iñigoren gurasoek".

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko martxoaren 01an - 12:54

 

Apirilean lau urte beteko dira Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz hil zela. Gaur, Cabacasen senideek eta lagunek osatzen duten plataformak kezka agertu du komunikabideen aurrean. Egun, bost agente eta arduradun bat "bakarrik" inputatuta daudelako eta instrukzioa Iñigo jo zuen pilota jaurti zuen agentea identifikatzera "mugatu" delako.

Halako instrukzio luzearen ondoren, inputazio "gutxi" direla irizten dio, eta alde batera uzten dituela operazioko buruak eta arduradun politikoak. "Uste dugu ez dela horretara soilik mugatu behar, badirela operazioa prestatu eta gidatu zuten arduradunak, tiro egitea agindu zutenak, eta ankerkeriarekin jokatzea agindu zutenak. Guzti horrek izan zituen ondorioak denok ezagutzen ditugu. Eta hori ere epaitu behar da".  Plataformak gogorarazi du "lehen egunetik" eskatu duela "erantzukizun politikoa ere". Erantzule politikoak, baina, "zigor gabe irtengo dira", adierazi du David Gonzalez plataformako bozeramaleak.

Ekainean epailearen erabakia

Instrukzio fasea bukatuko da ekainean eta orduan erabaki beharko du Bilboko 10. Instrukzio Auzitegiko Ana Torres epaileak epaiketa abiarazi edo ez. Epaiketarik ez izatea "jendeak ez luke ulertuko", Iñigo Gogoan plataformaren iritziz. Eta inork baino gutxiago Manuk eta Finak, "Iñigoren gurasoek ez lukete ulertuko". Egoera honek gizartean "kezkak eta galderak baino ez dituela eragiten" adierazi du plataformak: "Kasu hau urtetan luzatu da eta azkenean ezer gertatu ez zela ondorioztatzeko? Errudunik ez dagoela esateko?", esan du David Gonzalez eledunak.

Itxaropen gutxi

Grabazio bideoaren gaineko txostenean jasotako datuen berri eman dute gaur Polizia Nazionaleko perituek. Froga horiek zehaztasun asko emango duten itxaropenik ez dute Iñigo Gogoan herri ekimeneko lagunek. "Dirudienez, ez dute hainbeste argituko". Besteak beste, lekukoen arabera, "Ertzaina askok egin zutelako tiro".

Ugartekok "lotsa baino ez"

Operazioko buruak, Ugartekok, komunikabide batzuen kontra eta familiaren abokatuaren kontra aurkeztutako salaketak lotsa eragiten die Cabacasen senide eta lagunei. Grabazioetako argitalpenak eragin dioten "kalte moralengatik" egin du Naiz eta Gara agerkarien aurka eta Jone Goirizelaia abokatuaren aurka Ugartekok. "Baina badirudi bere paperak Iñigoren hilketan ez dizkiola kalte moralak eragin. Ez dugu ezer gehiago esango pertsonaia horri buruz. Lotsa baino ez digu ematen".

Justizia eske eta polizia ereduaren aldaketa eske

Iñigo Gogoan herri ekimena osatzen duten lagunak lanean jarraitzeko prest agertu dira. Justizia eske eta Ertzaintza barneko aldaketa eske. "Iñigorentzat justizia eskatzen jarraituko dugu, Ertzaintzaren baitan aldaketa eraginkor eta errealak aldarrikatzen, gomazko balen debekatua exijituz eta beste jaurtigai batzuengatik ordezkatzeko exijituz. Finean, beste polizia eredu baten gaineko eztabaida erreala eman dadila eskatzen jararituko dugu".

Apirilaren 9an laugarren urtemuga

2016ko apirilaren 9an Iñigoren heriotzaren laugarren urteurrena beteko da. "Hil zuten lekuan berriro omenaldia egingo dugu", esanez dei egin diote Bizkaiko eta Euskal Herriko jendarteari "elkartasuna adierazteko".

[Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
2022-04-11 | ARGIA
10. urteurren ekitaldian
Iñigo Cabacasen gurasoak: “Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean”

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen... [+]


2022-04-06 | ARGIA
Hamar urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas zauritu zuenetik, eta larunbatean omenaldia egingo diote

Apirilaren 5ean hamar urte bete dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an, ostera, Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurrena beteko da, pilotakadaren ondorioz hil egin baitzen gaztea. Data seinalatu... [+]


2022-01-19 | Leire Artola Arin
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi

Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina... [+]


2021-12-16 | Jon Torner Zabala
Cabacas auzia: Barne ikerketa artxibatu du Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu duenez, sei auzipetuei ezin zaie ardura diziplinariorik eskatu, haietako bost (Juan José de Pablo 'Ugarteko' ertzainburua tartean) jada ez direlako funtzionarioak, eta seigarrenak, tiro egiteko agindua... [+]


2021-04-20 | ARGIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzainari kartzela zigorra bertan behera utzi dio auzitegiak

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, espetxe zigorra betearaziko diote, baldin eta Juan Jose de Pablo ertzain... [+]


Eguneraketa berriak daude