Lehen egunetik kultur betekada Durangoko Azokan: 200 ekitaldi bost egunean

  • 200 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte aurtengo Durangoko Azokaren bost egunetarako: liburu eta diskoez gain, zinema, antzerkia eta bideo-jokoak ere present izango dira 52. edizio honetan.


2017ko azaroaren 21an - 13:09
Sortzaile eta eragileen laguntzarekin aurkeztu dute 52. edizioko egitaratua (argazkia: Durangoko Azoka).

Kulturgileek eta eragileek jarri diote aurpegia Durangoko Azokaren egitarauaren aurkezpenari, musikaz eta literaturaz gain beste zenbait alorretan ari diren norbanakoek alegia. Aurtengo Azokaren eskaintza ere askotarikoa izango da, hasi Kabi@ espazioan bideo-jokoetan aritzeko prestatu duten gamer gelatik eta ohikoagoak diren kontzertu eta liburu aurkezpenetara.

Ikus-entzunezko emanaldi berezi baten lekuko izango da Durango Azoka lehen egunean: aurtengo kartela egin duen Jose Antonio Sistiagaren Impresiones en la alta atmosfera ikusi ahal izango da Irudienean. Film horretako irudi batetik abiatu da artista 52. Azokako kartela osatzeko eta ezohiko proiekzio horrek ginda jarriko dio aurtengo afixari.

Ez da abenduaren 6ko zita bakarra izango, noski: ikus-entzunezkoetatik atera gabe, Franck Dolosorrek Estitxu musikariari buruz egin duen dokumentala ikusteko aukera ere izango da; baita Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek zuzendutako Euritan film laburra ere, zeina aurtengo Kimuak katalogoan hautatua izan den, zeresan franko emanez.

Liburuei dagokienez, Silvia Federiciren Caliban eta sorgina-ren aurkezpena nabarmentzen da lehenbiziko egunean, bibliografia feministan leku garrantzitsua daukan saiakera baita eta aurreneko aldiz irakurri ahal izango da euskaraz.

Diskoetan, izen handi bat estreinaldirako: Rafa Ruedak bakarkako bosgarren lana, Hiri kristalezkoa aurkeztuko du zuzenean Ahotsenean. Egun berean promesa gazte batzuk ikusteko parada ere izango da, hala nola Perlata talde arrasatearra, eszenatoki gainean duen jarrera freskoagatik dagoeneko ezagun egiten hasi dena.

Eskaintza askoz zabalagoa da noski, bai lehenbiziko egunean, bai hurrengoetan ere. Oso-osorik kontsultatu daiteke Durangoko Azokaren webgunean abenduaren 6tik 10era bitartean prestatu dutena. Guztira 200 kultur ekitaldi baino gehiago eta 400 nobedade izango dira aurten Durangon.


Eguneraketa berriak daude