Iñaki Larrañaga omenduko du Siadecok, elkartearen 50. urteurrenean

  • Siadeco soziologi elkarteak 50. urteurrena ospatuko du Donostian abenduaren 15ean, ostirala. Tartean omenduko ditu enpresaren sortzailea eta euskal soziolinguistikan aitzindari den Iñaki Larrañaga eta oraindik hizkuntz normalizazio aferetan hainbestetan aipatzen den Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx.


2017ko abenduaren 12an - 10:19
Iñaki Larrañaga 1985ean Itsasondon Iñaki Uriak eta Pello Zubiriak Larrunerako egin zioten elkarrizketan.

Siadecok abenduaren 15ean iluntzeko 19:00etan Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan ospatuko ditu urrezko ezteiak elkarte gisa. Sociedad de Investigación Aplicada para el Desarrollo Comunitario (SIADECO) izena ipini zioten 1967an sortu zutenek eta hasieratik arlo sozio-ekonomikora eta hirigintzaren azterketara jo zuten, 1975-78an nabarmentzeko soziolinguistika disziplina berrian; ordukoak dira Euskararen Liburu Zuria eta Hizkuntz Borroka Euskal Herrian ikerlanak. Euskarazko Wikipediako sarreraren arabera, Siadecotik pasatako profesionalen artean aipagarriak dira Xabier Agirre, Ramon Iruretagoiena, Iñaki Larrañaga eta Andoni Lekuona soziologoak; Juan Jose Gabiña eta Juan Jose Rodriguez ingeniari industrialak; Jabier Unzurrunzaga arkitektoa; Ramon Gorostidi ekonomialaria; Maria Pilar Unzueta gizarte laguntzailea; Rosi Aranburu administraria, etaa Kike Amonarriz eta Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx filologoak.

Iñaki Larrañaga Irizar (Lazkao 1933) izan da Siadecoren arima sorreratik hasita urte luzez. Apaiztu ondoren Parisen soziologia ikasia, berarekin Hernanin apaiz zegoen Ramon Iruretagoienarekin batera argitaratu zuen 1964an gure arteko soziologia ikerketetan aitzindari izango zen lan bat: "Hernani 1962: estudio sociológico de un pueblo industrial guipuzcoano". Urte hartan bertan Lorenzo Bereziartua apezpikuak Itsasondora bidali ostean, herri honetan egin ditu geroztikako urteak parroko lanetan. Ikustekoa da Iñaki Larrañagak sozologian egindako lanen zerrenda, Wikipediako sarrera oparoak ondo bildu duena. 1996an hartu zuen erretreta.

Euskal soziologiaren eta zehatzago soziolinguistikaren aitapontekoa izan den Iñaki Larrañagak, gizon oso diskretoa izaki, tamalez arrasto handirik ez du utzi hedabideetan, haren argazkien bila Googlen hastea alferrikakoa da, esaterako. Bere omenaldia probestuz, ARGIAk sarean ipini du Larrun aldizkariak 1985ean egin zion elkarrizketa luzea. Irakurlea fite ohartuko denez, Iñaki Larrañagaren ideiek gaurkotasun handia dute 2017an ere, tartean soziologoaren iragarpen asko harrigarriro bete delarik. Irakurleak juzga beza leitu ondoren: "Iñaki Larrañaga: 'Euskararen sustituzio prozesua ez da gelditu'".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude