Iker Egiraunen auzia "borroka soziala kriminalizatzeko" eta "gaztedia desaktibatzeko" estrategiatzat jo dute

  • Babes zabala jaso du Iker Egiraun gazteak epaitegiko sarreran. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta 120.000 euroko isuna eskatzen dio Fiskaltzak 2014ko Global Forum Spain bilkuraren aurkako istiluetan parte hartzeagatik.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko martxoaren 31n - 16:31

Auzia "muntaia" dela salatu du Egi Libre plataformak. Hain zuzen ere, "borroka soziala kriminalizatzeko" eta "gaztedia desaktibatzeko" estrategiaren baitan kokatu du.

Gazte ugari, gizarte erakundeetako ordezkariak edota LAB sindikatuko eta EH Bildu koalizioko kideak bildu dira, besteak beste, Buenos Aires kalean, epaitegiaren aurrean gaur goizean 'Martxoaren 3an guztiok egon ginelako Egi libre' lelopean. Guztira, 200 lagun inguru. Elkarretaratzea Iker Egiraun Egi-ren epaiketak iraun bitartean luzatzeko asmoa azaldu dute Egi Libre plataformako kideek.

11:00etarako minutu gutxi falta zirela sartu da Iker Egiraun auzitegira elkarretaratzean parte hartu duten lagunen txalo eta animo oihuen artean. Gaurko elkarretaratzea "elkartasun keinu" gisa ulertu dute bertaratu direnek, eta auziaren atzean dagoen "muntaia" salatzeko baliatu dute: "Borroka soziala kriminalizatzeko beste epaiketa bat da. Estatuaren estrategiari jarraituz lortu nahi dute gaztedia deskatibatzea. Pentsatzen dugu muntaia bat dela eta gazteen desaktibatzera bideratuta dagoela".

Egiraunen aurkako akusazioa "ezerezean" geratzea espero du plataformak. "Hori da gure itxaropen nagusia", azaldu dute plataformako kideek.

Bilkura, protestak, istiluak eta atxilotuak

2014ko martxoaren 3an, Troika osatzen duten erakundeetako ordezkariek Goi Bilera egin zuten Guggenheim Museoan. Bilkura hasi aurretik, bitartean eta ondoren, hainbat protesta egon ziren Bilbon "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".

Kale Nagusian izan ziren istilu gogorrenak eta banketxe zein multinazionalen kontra egin zuten manifestariek, "sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateen aurka". Hainbat izan ziren atxilotuak, 13 guztira, tartean Egi. Bi urte geroago, fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra zein 120.000€-ko isuna eskatzen du Egi-rentzat.

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antikapitalismoa
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Kargurik gabe aske utzi dituzte Lurraren Altxamenduak sareko atxilotuak

Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotua zen ekainaren 5eko sarekada. Kargurik eta kontrol judizialik gabe aske utzi dituzte atxilotu guziak.


Eguneraketa berriak daude