Hilketak, bortxaketak, gerra zikina: Altsasukoa baino zigor eskaera txikiagoak dituzten hamar kasu

  • Harridura eta haserrea sortu ditu Altsasuko gazteentzat Espainiako Estatuko fiskaltzak egindako espetxe eskaerak: 62 urte eta erdi, 50 eta 12 urte eta erdikoak dira eskariak. Senideek, alderdi politikoek eta eragile sozial ugarik neurrigabekotzat jo dute. Zenbateraino da neurrigabea ordea? Konparazio batzuk egin ditugu.


2017ko uztailaren 06an - 11:15

Marta del Castilloren bortxaketa, erailketa eta gorpuaren desagerrarazteagatik fiskaltzak 52 urte eskatu zituen Miguel Carcañorentzat. Azkenean, 21 urte eta hiru hilabetera izan zen kondenatua 2012an.

Sergio Moratek 2015ean Cuencan Laura del Hoyo eta Marina Okarynska itota erail zituelako 48 urte eskatu berri ditu fiskaltzak.

José Bretónek bere hiru urteko semea eta sei urteko alaba hil eta sutara bota zituen gorpuak. Fiskalak horrela eskatuta, 40 urtera izan zen kondenatua.

2008ko San Ferminetan Nagore Laffage bortxatzen saiatu, hil eta gorpua desagerrarazten saiatzeagatik  hamazazpi urteko eskaera egin zuen fiskaltzak, hiltzaileak biktimaren familiari 126.853 euroko kalte-ordaina aringarri gisa hartuta. Baimen bereziekin kalean da jada Diego Yllanes.  

Iazko San Ferminetan berriz, bost gizonen artean neska bat bortxatu eta zituen gauza guztiak lapurtzeagatik 22na urteko zigorra eskatu berri du fiskaltzak bostentzat.

Lugon bere bikotekide ohia zen Tatian Vazquezi 54 labankada eman zizkion Ibrahima N.-rentzat 27urteko zigorra eskatu zuen epaileak.

Ustelkeria delituetan sona handien izan duen Gürtel auziaren barruan, Luis Bárcenasentzat Altsasuko gazteena baino kartzela zigor baxuagoa eskatu du fiskaltzak. 42 urte sei deliturengatik, tartean eroskeria, iruzur fiskala, dokumentazioa faltsutzea eta kapitalen zuritzea.

GALen ekintzak baino larriagoa da Altsasukoa?

Guda zikinarekin lotutako auzietan fiskaltzak batzuetan kondena handiagoak proposatu dituen arren, kondenatuek kartzelan pasatako denborak ez du zer ikusirik orain eskatzen ari diren zigorrekin.

Adibidez, Santi Brouarden erailketagatik 1993. urtean egindako epaiketan, kondenatu zuten Rafael Lopez Ocaña, 33 urteko espetxe zigorra ezarriz.

Lasa eta Zabalaren auzian 2000ko apirilaren 26an zigortutako Jose Julian Elgorriaga Goyeneche PSOEko buruzagi eta Gipuzkoako Gobernadore Zibila eta Enrique Rodriguez Galindo, Intxaurrondoko komandantea (gero Guardia Zibileko generala), 75 urteko espetxe zigorrera. 21 hilabete egin zituen espetxean lehenak eta lau urte eta lau hilabete bigarrenak.

1983an Segundo Marey bahitzeagatik, orduko ministro zen Jose Barrionuevo eta Estatuko Segurtasun idazkaria zen Rafael Veraren aurka, 23 urte eskatu zituen fiskaltzak. Hamar urtera kondenatu eta hiru hilabete egin zituzten kartzelan indultua jaso aurretik.

Altsasuko auzia ordea ez da Espainiako Auzitegi Nazionalak egiten duen lehen eskaera neurrigabea. Asier Tapia Zulaika donostiarraren kontra 111 urte eskatu zituen 2005ean fiskaltzak, 2001ean Haikaren izenean emandako prentsaurreko batengatik. 2006an ere, Iñaki de Juanaren kontra bi iritzi artikulurengatik 96 urteko zigorra eskatu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude