Hik Hasi, 20 urte euskal hezkuntzaren topagune

  • Euskal irakaskuntzako hezitzaile eta eragileak euskaraz informatzea, formatzea eta eztabaidarako elkartzea, helburu horiekin sortu zen Hik Hasi proiektua duela hogei urte. Euskara, euskal curriculuma eta pedagogia ardatz, oraindik ere sorrerako jomuga du egitasmoak: euskal hezkuntza eredu propioa eraikitzea.


2014ko urriaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Urteotan “jolasen mundua eta aisialdia hezkuntzara gerturatzeko lan handia egin da", Joxe Mari Auzmendiren hitzetan.

Guztientzako eskola bultzatzen du Hik Hasik, eta haurra erdigunean jartzen duten pedagogia konstruktibistetan sakondu du hasieratik. Hezkuntza “nazionala, irakasleena, baterakoia, irekia, plurala eta independentea” aldarrikatzen du eta balore horiexetan oinarritzen da proiektuaren bizkarrezurra: Hik Hasi aldizkaria. 1995eko ekainean argitaratu zuten lehen alea eta hainbat irakasle eta kazetari aritu dira erredakzioan ordutik. Ikasturte honetan 200. zenbakia kaleratuko du agerkariak.

2011tik ahizpa txikia ere badu Hik Hasik: Hazi Hezi etxerako haziera eta heziketa aldizkaria, umeen behar emozional, fisiko eta pedagogikoak asetzea xede duena. Aldizkariez gain, euskaraz zegoen hutsunea betetzeko 30 liburu, jolas CD eta DVD merkaturatu dituzte, eta bidaia pedagogikoak, biltzarrak eta hamabost edizio bete dituen Udako Topaketa Pedagogikoak ere antolatu dituzte.

“Hezkuntzaren rolak beste bat izan behar du”

Joxe Mari Auzmendi egitasmoaren sortzaile eta kideak azaldu digunez, hogei urteotan erritmoan nabaritu du aldaketa handiena, “hezkuntzan, baina baita gizartean oro har ere, batik bat digitalizazioarengatik, baita giza mugimenduari lotuta ere (mugimendu horrek kultura, erlijio, hizkuntza, familia eredu… aniztasuna ekarri du). Horrek guztiak asko eragin dio eskolari”. Lehen, gaineratu du, lan egiteko prestatzen zuen eskolak, “gaur egun ez dakigu zertan egingo dugun lan, eta hezkuntzaren rolak beste bat izan behar du, baina eskolak oraindik ez du aldaketa hori egin”.

Urteotan guztiotan, dena den, aurrerapen ugari egin da ikastetxeetan, Auzmendik nabarmendu duenez. Oinarrizko Hizkuntza Akordioa gogoratzen du adibidez, aurrera begirako zimendu garrantzitsua. “Jolasen mundua eta aisialdia hezkuntzara gerturatzeko ere lan handia egin da edota oso positiboa da haur hezkuntzak izan duen eboluzioa: konturatu gara, bai gurasoak bai hezitzaileak, zein garrantzitsua den 0-6 urte arteko adina, oinarriak finkatzeko garaia dela, behetik gora eraikitzen den hezkuntzan urte funtsezkoak direla, eta goraipatzekoa da prestakuntzarako eta euren zeregina hobetzeko haur hezkuntzako hezitzaileek duten grina”.

Ikastetxeetan, halaber, barneratu dute herri hezitzailearen eta eskola komunitatearen garrantzia (gizarte osoaren laguntza, alegia) eta aurrerapausoak izan dira bizikidetzan, parekidetasunean, ikaslea protagonista bihurtzeko erronkan, norberaren gaitasunetan oinarritutako hezkuntzan… “baina hori guztia teorian, oraindik praktikan ez delako gauzatu”.

Goitik beherako hezkuntza sistema mesfidatia

Hogei urtetan zer ez den aldatu ere galdetu diogu Auzmendiri. Hezkuntza sistema aipatu du berak. “Espainiatik eta Frantziatik datorkigun hezkuntza sistema goitik behera dago antolatuta eta inposatuta, gizartearekiko sistema mesfidatia da, ez duelako konfiantzarik herritarren gaitasunetan, eta agindutan oinarritzen delako. Demokratizazioa behar da benetako aldaketarako, bestela mugatuta eta estututa jarraituko dugu”.

Horren aurrean, gure curriculuma zehaztea eta eraikitzea da erronka nagusia. Eta bide hori gorpuzten eta indarra hartzen ari dela ikusi du Hik Hasiko kideak. Inplikatuta ikusten al ditu hezkuntza komunitateko eragileak? “Arazoa hezkuntza sistema da, administrazioa, eta eredu horrek jartzen duen hesia. Bestela, eskola komunitateak indarra hartzen duen ikastetxeetan, gurasoek, ikasleek eta denek protagonismoa hartu eta euren gaitasunetan sinisten denean, sekulako emaitza onak lortzen dira”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hik Hasi
2023-06-01 | Hik Hasi
Hik Hasik ikerketari lekua egingo dio Udako Topaketa Pedagogikoetan

Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ditugu Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Bertan izan dira Beñat Amenabar, EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoa, Esti Amenabarro, Hezkuntza, Filosofia eta... [+]


2022-11-30 | Estitxu Eizagirre
Hik Hasiko ikastaroko 40 behatzaile, Larraulgo herri eskolan:
"Gehien harritu gaituena izan da umeak euren kasa hasten direla elkarrekin lanean, irakasleak ezer agindu gabe"

Hik Hasi hezkuntza aldizkariak bi ikasturteko ikastaroa antolatu du, Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzenduta. Saio teorikoez gain, ikastaroan zehar lau ikastetxeren praktika ezagutuko dute, eta lehen bisita azaroaren 26an egin dute, Larraulgo Eskola Txikira. Larunbata izanik ere,... [+]


2022-05-18 | ARGIA
Hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzako ikastaroak eskainiko ditu Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoetan

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2022ko Udako Topaketa Pedagogikoak egingo ditu Donostian uztailaren 4tik 6ra. EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin elkarlanean 31 ikastaro antolatu ditu. Ekainaren 15era arte eman ahal izango da izena.


2021-11-25 | ARGIA
Otxandioko eskola saritu dute Auzmendi hezkuntza bekarekin, komunitatera hurbiltzeko bere proiektuagatik

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen edizioa Otxandioko eskolak jasoko du. Hernanin eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, hango udaleko eta Hik Hasi egitasmoko ordezkariek.


2021-11-16 | Leire Artola Arin
Haurren pantailaren erabilerari buruzko jardunaldiak egingo dituzte

Pantailak 0-6an. Zertarako? solasaldiak antolatu ditu Hik Hasik, Haur Hezkuntzako hezitzaileentzat. Azaroaren 19an Barakaldon eta 20an Zumaian izango dira. Gaiaren inguruko hiru adituk hitzaldiak emango dituzte eta bi ikastetxetako esperientziak ezagutuko dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude