Gudaren eguneroko bizitza Prizrak brigadarekin

  • Donbassen borrokan ari diren boluntario espainiarrek ARGIAko kazetariei harrera egin eta beren eguneroko bizitza partekatzea erabaki dute, “mass-mediaren ildo ofizialetik kanpo geratzen den publikazio apala eta konprometitua delako. Orain arte ez diogu elkarrizketarik eman inolako komunikabideri dirutza eskaini diguten arren. Ez da gure estiloa Donbassen inguruan gezurretan ibili diren kazetariekin kolaboratzea. Zuen kasua salbuespena da”, dio Andresek, Extremadurako gazte komunista batek.


2014ko azaroaren 10an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Espainiar boluntarioak Donbassen

Luganskeko Herri Errepublikako bigarren hiririk handienean gaude, Altxevsk hiri langilean. Igandea da eta fabriken produkzioa  etenda dago. Jendez gainezka dagoen merkatua bisitatzera joan gara, merkatu eguna baita Altxevsken. Pare bat ordu eman ditugu paseoan eta haien kuartel nagusira abiatu gara.

“Guztira zortzi gara Prizrak brigadan borrokan ari garen espainiarrak, bi heldu berri eta beste bi laster Espainiara bueltatzekoak badira ere”, azaldu digu espainiarren komandanteak. Kuartelera heldu gara eta Victor Lenta eta Nikola Perovic frantziarrek ongi etorria eman digute ere: “Welcome to Novorossija”. Lenta eta Perovic nazionalista frantziarrak dira, eta unitate kontinentaleko komandanteak, espainiar eta serbiar boluntarioen unitate berdineko kideak. Frantziar armadako kide ohiak dira biak eta Frantziako Estatuak terroristatzat hartzen ditu: “Ezin gara Frantziara itzuli gure gobernuak 10 urteko kartzela-zigorra ezarriko zigulako”. Argi daukate zein den beraien helburua: “Gure unitatea Prizrak brigadaren barruan dago eta ideologikoki oso heterogeneoa da. Hemen nazionalistak, ultranazionalistak edo komunistak topa ditzakezu; hala ere, ez dago arazorik. Ez dugu inor baztertzen ideologia, erlijio edo arraza kontuengatik, gure etsaia NATO da eta edozein pertsonari ongi etorria emango diogu etsai komunaren aurkako borrokarako prest badator” , Victor Lentaren esanetan.

Nikola Perovic serbiar jatorrizko frantziarra da, militarra, Afganistango gudan parte hartu zuen, “ordutik ez dut ezer jakin nahi NATOko txakurrekin. Bertan zibilen erailketen testigu izan nintzen, eta horrek begiak zabaldu zizkidan. Harrigarria izan zen bertan ikusitako inpunitatea”. Serbiarren komandantea ezagutzeko parada ere izan dugu, Stevan Milosevic hain zuzen ere. Bere esanetan: “Gu, serbiarrok, Novorossian gaude faxismoa, nazismoa eta NATO garaitzeko helburuz; horretarako gure bizitza eman behar badugu ere”.

Milizianoak lehergailu bat prestatzen

Kuartela erakutsi digute espainiar boluntarioek. Gela batean Madrilgo gazte bat topatu dugu lehergailu bat prestatzen. Detonadore batez eta lehergai plastikoz osatutako lehergailu bat; “gauza sinple honekin ukrainiarren tankeak leher ditzakegu”, dio. Ukrainarrek terroristatzat hartzen badute ere oso tipo normala dela dio: “Ez da nire gustukoa familia, lagunak eta lanpostua han utzita Donbassera borrokara etortzea. Oso injustua iruditzen zait Ukrainako armada zibilen kontra egiten ari den sarraskia, horregatik nago hemen”.

Eguneroko bizitzari dagokionez, oso bizimodu apala baina diziplinatua daukate Prizrak Brigadan borrokan ari diren espainiarrek. “7:00etan jaikitzen gara korrika egiteko. Apur bat deskantsatu eta bazkaldu ostean entrenamendu taktikoa egiten dugu. Unitatearen asmoa goi-mailako interbentzio unitate bilakatzea da eta horretarako diziplina behar da, errusiarrek diziplina gutxi daukate gure aldean. Hemen gainera alkohola edatea debekatuta dago”, diote broma artean.

Prizrak Brigadako Igor Zatochka komandantea

Nazioarteko boluntarioekin batera errusiar eta ukrainar boluntarioek osatzen dute Prizrak Brigada, Novorossijako bigarren brigadarik garrantzitsuena. Prizrak hitzak mamua esan nahi du; eta izena ukrainar armadari adarra jotzearren hautatu zuten. “Ukrainarrek beti esaten dute gure brigadarekin amaitu dutela, baina mamuak bezala agertzen gara behin eta berriz”, diote milizianoek barre artean. Alexei Mozgovoi da brigadaren komandante gorena, europar antiinperialista eta komunista askoren erreferente bilakatu dena. Mozgovoik bere burua komunistatzat jotzen du, eta behin eta berriz oligarken kontrako gudarako deia egin du. Prizrak brigadako beste komandanteekin egoteko aukera izan dugu guk. Batzuek diotenez bere oinordekoa den Igor “Zutochka” komandantearekin eta ukrainar kosakoen komandante batekin egon gara. Biak Sloviansken izan ziren, altxamendu armatuaren aitzindari gisa. Uniformea dominaz beteta daramate. “Hau Slaviansk defendatzeagatik lortu nuen. Ni ukrainarra naiz eta ukrainar armadako elite taldeko kidea izan naiz, baina komunista izanda ezin dut onartu naziek egindako estatu kolpea. Horregatik orain Novorossijako armadako kide naiz”, dio Zatochkak. Komandante kosakoa ere ukrainarra da eta Donetskeko aireportuaren defentsa lanetan aritu zen.

Kosakoez gain, errusiar boluntarioak ere badira Prizrak brigadaren kuartelean, trukean dirurik hartu gabe Errusiatik Novorrosijara joan direnak. Beraien eskutik entrenamendu militar bat ikusteko aukera izan dugu. Bat-batean bonben hotsak denon isiltasuna eragin du. “Entzun duzue? Konta ezazue zuen herrian Ukrainako armada Donbassen egiten ari dena”.

Iluntasuna heldu eta eguna amaitutzat eman dute Prizrak brigadaren kuartelean. Milizianoentzat ohikoa da afaldu eta lotara goiz joatea, baina gaurkoa egun berezia da hemen dauden espainiarrentzat, eta pizzeria batera joateko baimena eman diete: “Bihar frontera goaz eta gaur batera gaudela ospatu behar dugu. Zeinek daki bihar zer pasako den”. Bat-batean argia joan eta herria ilunpean geratu da; pizzeriatik alde egin dugu. Novorossijako zeruan NATOren drone bat atzeman dutelako eten dute argia segurtasun arrazoiengatik. “Hilean daukagun momenturik alaiena zapuztu egin digute, beste behin ere. Welcome to Novorossija, Welcome to the war”. Orain bai, eguna amaitutzat eman dute Donbassen borrokan ari diren espainiarrak.

Andres eta Sergio, espainiar boluntario komunistak.
Prizrak brigadako milizianoa
Prizrak brigadako milizianoa.
Serbiar boluntarioa Donbassen
Serbiar boluntarioa Donbasen.
Miliziano bat Altxevsk-eko merkatuaren sarreran
Miliziano bat Altxevsk-eko merkatuaren sarreran.
Serbiar boluntarioak Altxevsk-eko merkatuan
Serbiar boluntarioak Altxevsk-eko merkatuan.
Altxevsk-eko merkatua
Altxevsk-eko merkatua.
Leninen omenezko monumentoa Altxevsken
Leninen omenezko monumentoa Altxevsken.
Altxevsk industrialaren ikuspegi bat
Altxevsk industrialaren ikuspegi bat.
Errusiar boluntario baten tiro praktika
Errusiar boluntario baten tiro praktika.
Ukrainar kosako beteranoak
Ukrainar kosako beteranoak.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donbass gerran
2022-09-21 | ARGIA
Errusian sartzea galdeginez erreferendumak egingo dituzte Donbass, Kherson eta Zaporizhiak

Irailaren 23tik 27ra egingo dituzte erreferendumak, herritarrei galdetzeko ea sartuko liratekeen Errusiako Federazioan. Ukrainak Errusiaren xantaiatzat jo du ekimena. Putinek erreferendumak babestuko dituela adierazi du, eta horrekin batera, asteazkenean 300.000 militar ohi... [+]


Errusiako Armadak su-etena iragarri du Mariupolen

Korridore humanitarioetatik barrena zibilak ateratzeko hartu du erabakia Moskuk. Hala ere, Ukrainako ordezkariak mesfidati agertu dira, ez diote sinesgarritasun osoa bideratu Errusiak plazaraturiko erabakiari.


2022-03-01 | ARGIA
Errusiaren eta Ukrainaren arteko guda, geroz eta gordinago

Ukrainako gerra egunetik egunera aldatzen doa. 2014an independentzia aldarrikatu baina linboan geratu ziren Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentziak onartu eta guda hasi zuen Errusiak. Mendebaldeak zigor ekonomikoen bidez erantzun du Ukraina ekialdeko... [+]


Eguneraketa berriak daude