Fiskalitatea: pizgarria eta berdintzailea

  • Krisi ekonomikoaren ondorioz, zergak nola eta zertarako erabili behar diren asko eztabaidatu da legegintzaldi honetan. Dirua biltzeko soilik? Banaketa justuago bat egiteko? Enpresen inbertsioak bultzatzeko?


2015eko maiatzaren 22an - 10:59
Martin Garitano, Jose Luis Bilbao eta Javier de Andres diputatu nagusiak. (Argazki Press / Juanan Ruiz)

2009an fiskalitateaz egin genuen LARRUNean zergen inguruko “eztabaida demokratiko” baten beharra ikusi zuten Mikel Noval ELAko politika sozialen arduradunak eta Baleren Bakaikoa ekonomialariak. “Zerga bilketaren norabidea aldatu eta agintariak presionatzeko gizarte zibila antolatzen ez bada, jai daukagu” zihoen Bakaikoak krisia hasi berritan zela.

Ordutik hona jendartearen mobilizazioek bide luzea egin dute eta politikaren alor guztiak zipriztindu dituzte herritarren protestek. Fiskalitatearen arloan ere eztabaida sortu da alderdien artean, seguruenik ez oso parte-hartzailea, baina eztabaida azken finean.

Progresibitatea moduko hitz potoloetan denak ados, gehien duenak gehiago ordaindu behar du. Baina batzuek pertsona fisikoetara mugatzen dute ideia hori, eta sozietateen gaineko presio fiskal gehiagok aberastasuna eta inbertsioak uxatuko dituela uste dute. Eta bestetik daude uste dutenak hori ez dela aitzakia enpresek beren etekinengatik gutxiago ordaintzeko.

EH Bilduko Gipuzkoako hautagai Xabier Olanoren eta EAJko Markel Olanoren artean ARGIAk antolatutako aurrez aurrekoan ikusi zen ondoen desadostasun hori, sozietateen gaineko zerga hizpide:

Xabier Olano (EH Bildu): “Edozein pertsonak bere errentengatik %20-25 ordaindu behar izaten du, sozietateek aldiz huskeria bat, handienek %1 baino ez. Guk uste dugu askoz gehiago ordaindu behar dutela, hori da daukagun diferentzia”.

Markel Olano (EAJ): “Bilduk orain arteko dinamika eraldatu nahi izan du. Sozietateen gaineko zergak enpresaren portaera bideratu behar du, hobari eta kenkarien bidez, ez da zerga bilketa hutsa izan behar”.

Gipuzkoan, Bilduren gobernua sozietateen gaineko zergaren erreforma egin ezinik geratu da legegintzaldi honetan: “Ikusiko dugu zer indar korrelazio ematen den datorren legegintzaldian eta zer egin daitekeen”, abisatu zuen Xabier Olanok.  

Indar korrelazioen joko-taula

Izan ere, indar korrelazioak eta  lehia politikoa funtsezkoak dira zerga kontuetan, fiskalitate politika erakunde arteko kontu bat ere badelako, eta urteotan mugimenduak izan dira norabide guztietarantz.

Aldundiek biltzen dute dirua, baina Eusko Jaurlaritzak dauka bildutakoaren gehiengoa banatzeko eskumena. Krisiarekin zerga-bilketa izugarri jaitsi zenean Patxi Lopezen exekutiboak erreforma bat eskatu zuen, baina EAJk aldundiak bere esku zituen eta ezezkoa eman zion behin eta berriz.

2011ko udal eta foru hauteskundeek kolore aldaketa ekarri zuten Araba eta Gipuzkoara. Orduan hasi ziren oparoaldian kendutako ondare zerga berrezarri eta errenta zerga aldatzeko mugimenduak, baina nork bere bidetik, harmonizaziorik gabe.

Hala, Gipuzkoan Bilduk –PSEren laguntzarekin– tipo altuenentzako zerga igo zuen eta ondare zergaren ordez Fortuna Handien Gaineko Zerga sortu zuen. Bizkaian eta Araban berriz, errenta zerga baxuagoa zen eta salbuetsitako ondareak handiagoak.

PSEren jarrera funtsezkoa izan da fiskalitate politikako trumoi giroan. Behin Urkulluk Jaurlaritzaren kontrola eskuratuta, hiru lurraldeetarako fiskalitatea negoziatzen hasi ziren sozialistak EAJrekin. Gero PP gehitu zitzaien. PFEZ zertxobait progresiboagoa adostu zuten, baina kapital etekinei zergak jaistea ere bai, eta sozietateen gaineko zerga kasik berdinean utzi zuten, kenkariz josita.

Hiru alderdien akordioari esker lurralde guztietan onartu zen Bilduk “kontraerreforma” deituko ziona. Gipuzkoan Fortuna Handien Gaineko Zergak baizik ez zuen iraun koalizio abertzaleak eta PSEk adostutakotik, Adegi moduko botere enpresarialen disgusturako.

Fortuna Handien Zerga

Fortuna handien zergak ika-mika itzela sortu du, "konfiskatzailea" dela eta aberastasuna Gipuzkoatik kanpora joango dela kritikatu dute etengabe botere mediatikoetatik. Bilduren gobernuak aldiz, datuak eskuan, ziurtatu du gehiago izan direla etorritakoak joandakoak baino eta defendatu du justizia kontu bat ere badela: “Ezin dugu dumping fiskalaren beldur egon” esan zuen Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak Natza elkarteak Hernanin antolatutako hitzaldi batean.

Zerga horrekin 600.000 euroko aberastasuna duen pertsona batek 600 euro ordainduko omen lituzke, “100.000 euro ordaindu behar dituenak zer aberastasun dauka orduan? Agian tokatzen zaio hori ordaintzea”, zihoen Francok.

Nolanahi ere, bere ustetan Fortuna Handien Gaineko Zergak balio du espekulazioari aurre egiteko, gehienez ere %1 grabatzen baitu, eta aldiz Europan errentagarritasun tasaren batez bestekoa %4-5 ingurukoa da: “Patrimonioari erabilera produktiboa ateratzea sustatzen du”, ogasun diputatuaren hitzetan. 

Ikusi beharko da igandeko hauteskundeen ondoren Bilduk bultzatutako zerga horrek iraungo ote duen, indar oreken balantzak izango du eraginik berriz ere. PSEk behin baino gehiagotan adierazi du Patxi Lopezek bere garaian eskatutako hiru lurraldeentzako “erreforma integrala” nahi dutela. Gipuzkoako Hitzak berrikitan antolatutako mahai-inguru batean Denis Itxaso Gipuzkoako sozialisten hautagaiak garbi utzi zuen: “Horretarako gipuzkoarrok bidean zerbait utzi behar badugu, ni prest nago”. Heriotza baten iragarpena?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2015
Uxue Barkos
"Nafar gizartean aldaketa sakona gertatu da"

Nafarroako Parlamentuko zarata politikotik at, Uxue Barkos lehendakariak gizartea lasai dakusa. “Kalera ateratzen bazara, jendea lasai ikusten duzu, lasaitasunez hartzen dute azken lau urteotan  gizartean gertatu den aldaketa sakona”, adierazi du Barkosek,... [+]


2018-12-14 | Mikel Asurmendi
Aldaketaren aldeko politika gauzatzen jarrai liteke Nafarroa Garaian

Nafarroako Foru hauteskundeak maiatzean izanen dira. EiTB Focusek egindako inkesta baikorra da oro har, gaur egun, Nafarroako Gobernuan ari den koalizioarentzat. Iruñeko Udalean ordea, egungo gobernuaren jarraipena kolokan liteke.


Ahal Duguko zuzendaritzaren kontrako bide legalak hartuko dituela iragarri du Laura Perez parlamentariak

Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.


2017-10-12 | Andoni Mikelarena
'Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan' kanpaina abiatu du Kontseiluak

Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.


2017-09-06 | Guaixe .eus
Nafarroako Parlamentuak Altsasuko auziko fiskaltzaren eskaerarekin "erabateko desadostasuna" azaldu du

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.


Eguneraketa berriak daude