Ez lurperatu Euskaldunon Egunkaria


2014ko urriaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez dezagun estali hilotz itsusi hori. Denon bistan egon dadila. Seguru haren ustel kiratsak inkomodatuko dituela bihotz oneko sinestunak eta demokrazia guay honen propagandistak. Ikuskizun polita ez du ematen, kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean. Baina ez genuke utzi behar inpunitatez eta amnesiaz lurperatzen.

Zorionak eta besarkada bana Egunkaria Auzia 2 artxibatzen ikusi duzuenoi, aurretik Egunkaria Auzia 1 errugabetze orokorrarekin bukatzeak askeago egin zintuztenoi bezala. Lehenbiziko epaiketaren ateetan berea preskripzioz ixten ikusi nuen honek hurbiletik sentitu dut gero zuek sentitutako lasaitze handia. Zuen familien ondoan sufritu du gureak zuen kalbarioko bidea, hainbeste drama txiki eta tragedia handiz betea.

Karpeta itxitako baten itxura duen kasuari, ordea, odola dario oraindik. Asko beharko luke 2003ko otsailaren 20an emandako aizkorakadaren arrakalak orbaintzeko.

Non dira egun hartatik falta diren diru guztiak? Ez dakit badenik ere galera izugarri haren kontabilitaterik. Ez dut entzun Madrildik inor hurbildu denik haien galdezka.

Zertan dira Egunkariaz, hartan parte izan edo lagundu zuten beste enpresez eta zepo mixerable hartan harrapatu gintuzten pertsonez zientoka orri, minutu, hitz eta iruditan zabaldutako irainak? Konpontzeko keinurik txikienik ikusi ote zaio irain-ereileetako inori?

Argitu gabe diraute geure soinetan jasandako tortura eta tratu txarrek. Bihotzez eskertuta nago torturak salatuz ahalegindu zirenei ikerketa egin zedin, harik eta epaile espainolek formulismo hipokriten artean ito zuten arte. Adorez borrokatu zarete salaketaren bidean, jakinik aurrean dagoela aste honetan bertan El Pais egunkari progreak “Un Estado dentro del Estado” definitu duen gorputz militarra. Ez da oraindik sortu ez progrerik eta ez liberalik, ez apezpiku, ez epaile, ez ararteko, ez lehendakari, ez diputatu, ez ofiziozko bakegile, ez kristorik, horiei kontuak eskatuko dizkienik. Kontuak eskatu, diot: nork amestu horiek kontrolatzea…

Egunkariaren hilotzak abisatzen digu funtsean ezer gutxi aldatu dela Espainian 2003tik euskaldunokiko. Orduan guk kontatutakoen berdinak kontatu ditu geroztik beste askok, garrasi, haluzinazio, usain, jipoi, oinaze. Orduan bezala hedabide bat ixteko, nahi den edozein enpresa edo proiektu hondoratzeko, esku libreak dauzkate Madrilgo kuarteletan.

Ez hobiratu, arren, Euskaldunon Egunkaria. Ez, behintzat, zer egin zuten-ziguten jakin eta berriro beste inori egingo ez diotela bermea eskuratu arte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2021eko uztailaren 28
Otsaileko hostoak

2021eko martxoaren 17
Samara Velte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren memoria
"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

2021eko urtarrilaren 26
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

2019ko otsailaren 22
2003-02-20 Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak
Dena aldatu zuen deia

Eguneraketa berriak daude