El Culebrete zentroaren edukiera hirukoiztu nahi du Nafarroako Gobernuak, Gipuzkoako hondakinak hartzeko

  • Alegazioak egiteko epea zabalik da, baina proposamenean aldaketarik ez balego, urtean 70.000 tona zabor eramango lituzke Gipuzkoak El Culebretera. Tuterako Udala Gipuzkoako zaborra jasotzearen kontra azaldu da.


2016ko abenduaren 6an - 13:14
El Culebreteko instalazioak (Arg: Diario de Navarra)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak Tuterako El Culebrete tratamendu zentroaren edukiera handitzeko proposamena bidali dio Erriberako Mankomunitateari. Horren arabera, urtean kudeatzen duten hondakin kopurua hirukoiztuko litzateke, 70.000 tonatik 200.000ra igaroz.

Erriberako Mankomunitateak alegazio bat aurkeztu du. Zehazki, eskatu du dokumentuan argi  adierazteko Gipuzkoako zaborrarekin egingo dena tratamenduaren aurretikoa izango dela, eta ez tratamendua bera. Horrek esan nahi du Gipuzkoako errefusako zaborrontzietatik heltzen diren hondakinak hartu eta jendeak modu desegokian bota dituen plastiko eta kartoia bereiziko dutela. Organikoa, aldiz, ez da Tuteran geldituko.

Tomás Aguado Erriberako Mankomunitateko presidenteak adierazi duenez, proposamenean alderdi hori zehazten denean argitaratuko da ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Hortik aurrera, epea irekiko da nahi duenak alegazioak egin ahal izateko. Nafarroako Gobernuak argudiorik onartzen ez badu, behin betikoa izango da erabakia, eta urtean 70.000 zabor eraman ahal izango ditu Gipuzkoak Tuterara 2017tik 2019ra arte, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta Nafarroako Erriberako Hondakinen Mankomunitateak adostu bezala. Azaroaren 11n sinatu zuten akordioa. Gipuzkoak zerbitzuagatik 5,5 milioi euro ordainduko ditu urteko. Compañía de las 3 Erres elkarteak gogor salatu zuen akordioa.

Elkartearen esanetan, teknikoki ez da bideragarria El Culebreteko digestorearentzat hainbeste tona tratatzea, eta dagoeneko zentroan badira irregulartasunak horregatik. Nafarroako Hondakinen Kontsorzioak El Culebreten auditoria bat egitea eskatu zuen eta horren arabera ikusi zen biohondakinen %38,5 zuzenean botatzen zela zabortegira, digestoreak kopuru horiek hartzeko gaitasunik ez duelako.

Tuterako Udalak ere gaitzetsi du Gipuzkoako zaborra jasotzeko akordioa

Tuterako Udalak ere Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta Nafarroako Erriberako Hondakinen Mankomunitateak sinatutako akordioa gaitzetsi du. Prozesuaren gardentasun falta salatu du, eta El Culebretek  bere helburua betetzen ez duela gaineratu du.

Tuterako CUP udal taldeak aurkeztu du mozioa. Gustavo Gil alderdiko kideak azaldu duenez, “zaborraren %1 besterik ez da birziklatzen bertan”, eta akordioarekin “onura handiena” izango duena FCC enpresa izango da.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Nafarroan
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!