Ditxazko eta desditxazko gure mihura

  • Nola soinu, hala dantza. Agiantza hoberenak. Bai, desio hoberenak, baina mihura hiltzera goaz. Mihura (Viscum album) sasoirik okerrenera iritsi da, kiski-kaska lepoa mozten zaion sasoira. Mihura soinuak eta mihura dantzak. Mihura neguko solstizioa ospatzeko, noizbait egun-argiak laburtzeari utzi eta egunez egun pittinka-pittinka luzatzeari ekin diola goresteko: pozaren mihura. Orain etxeak mihura bitxiarekin apainduta ikusiko dituzu. Bada, ordea, zoritxarraren mihura ere.

Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA

2024ko urtarrilaren 15an - 06:00

Mihurak ez daki lurrean errotzen. Landareen zuhaitz genealogikoan ez dakigu noiz, gehiengoarengandik bereizi eta bizimodua lurrean moldatu beharrean, beste zuhaitz eta arbolen gainean bitxi bizitzea erabaki zuen, haien adarretan sustraiak sartu eta izerdia zurrupatuz. Zestoarren erretolika liburuan ederki asko jaso zuen Agurtzane Azpeitia Eizagirrek herri horretan nola argitzen duten mihuraren bizilegea: “Mihura parasito bat izatea, sagar-arbolai odola txupauko baliyo bezala bizi da”. Bizkarroia edo parasitoa da bai, izerdia kentzen dio ostatatzaileari; hobeto esanda hemiparasitoa da, erdi parasitoa alegia; haustorio izeneko sustraiek izerdi gordina lapurtzen diote arbolari eta mihurak berak egiten du fotosintesia behar dituen azukreak sortuz.

Zuhaitz eta arbolentzako apopilo txarra. Mari Karmen Mitxelenak ondutako Elbira Zipitriari buruzko liburuan honela jasoa du: “Astelehen goizean ikasle txiki bat etorri zitzaion mihura sorta polit batekin: 'Andereño, zuretzat'. Elbiraren azalpena hauxe izan zen: 'Mihura sagarrondoaren gaixotasuna da, beraz, ez da egokia opari egiteko. Eskerrik asko, baina esan aita eta amari hurrengo baterako'".

Neguan azaltzen dira mihura tortokak, ostatu hartua duen landareak hostoak botatzen ditu eta bistaratzen dira. Negua da, baita ere, mihura izerdi zurrupatzaile kaltegarri horiek kentzeko sasoia. Esaerak honela dio: “Heldu denean neguila, ken sagar ondoari mihula”. Labana zorrotz batekin adarraren kontratik moztu, sustraiak kenduz. Zaharra bada adarra bera moztu, mihuraren aurretik.

Neguan bere fruitu zurizkekin txorientzako janari biltegi dira, eta haiek hedatzen dute mihura. Hazia lurrera erortzen bada galdu da. Txoriek jan eta bere zirinetan zabalduko dute adarrez adar. Hazia itsatsita, laster hasiko da sustraiak adarrean sartzen. Begira nola dioen Azpeitiak aipaturiko Zestoarren erretolikan: “Sagar-mirura txori-ziriñetik peatzea, arbola-adarretan azaltzea. Kastarruak izateia normalian peatzaille nagusiyak”. Garastarroa, agi danean, mihuraren amorante gozoena.

Sendabelar ezaguna ere bada; besteak beste, behi edo ahuntz ume egin berria suspertzeko bere ura ematen zaio. Mihura bera da ditxa onezko eta desditxazko. Baina bai dela gurea, begira zenbat izen eman dizkiogun: mihura, miula, migurka, bigura, biguri, pigura, biura, mira, miru, miruli, mirura, auki, miurka, midura, puhura, utzuri, usta, biska, lizka, aspiklero, aspielero, milura, lika, muhuru, puhurri, puhulu, bibora, mingura, migola, miola, juztura, uzturi, ustura, astura, liska, minhauri, grimu, ostura, muhuilu… Eta alkisan eta alkistan ere ba ote? Nork daki?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
Udan datorren buztingilea

Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


2024-05-20 | Jakoba Errekondo
Marrubiak kantari bildu behar dira

Marrubizalea al zara? Udaberriaren atea irekitzen du marrubiak. Egun bi marrubi talde ezagutzen dira, mailukiak edo basatiak (Fragaria vesca) eta marrubi tzarrak (Fragaria x ananassa). Biak paretsu loratzen dira, udaberriko ekinozioarekin. Aspaldikoak dira gurea baino lurralde... [+]


2024-05-20 | Garazi Zabaleta
Biezko
“Baso jangarri txiki batekin hasi ginen, baina kaos gehiago nahi genuen”

Urteak daramatzate Atxondoko Biezko baserrian bizitzen eta lanean Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik. “Kaletarrak ginen gu, nik enpresa eta turismo ikasketak egin nituen, baina mundu hori ez zitzaidan gustatzen…”, azaldu du ekoizleak. Lekunberrik,... [+]


Oinutsik dabilen ibiltaria

Gertukoa dugu oso bere irudi bitxia: ur gainean flotatuaz, gu txikitan oheko koltxoiaren gainean korrika eta saltoka ibiltzen ginen antzera. Zentzuzkoa da pentsatzea animalien gorputzak uretan hondoratu egiten direla ur-azalean ibiltzen saiatzen direnean, baina zapataria ez da... [+]


Eguneraketa berriak daude