Can Vieseko gertaerak grabatu zituen iruindarra kartzelan sartu nahi du Generalitateak

  • 2014 maiatzaren 26a. Ez da giro Bartzelonako Sants auzoan. Ugariak dira mobilizazioak eta poliziak. Can Vies gaztetxea eraisten ari dira. Eskuadra Mossoak manifestarien aurka oldartu dira, baita bideo kamara eskuan protestak dokumentatzen ari den Iker Oizen kontra ere. Agintearen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea leporatuta, gaur epaituko dute Oiz. Bost urte eta erdiko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre. Albistetik gertu lan egitea garestia da Katalunian ere bai.


2015eko abenduaren 15an - 09:18
Gorka Leiza (La Directa)

Akusazioaren arabera, maiatzaren 26ko une horretan Oizek emandako kolpe batek mosso bati 20 eguneko baja eragin zion. Oizen aurkako akusazioa funtsik gabea dela erakusteko, Oizek berak grabatutako irudiak eta beste ikuspegi batetik hartutako grabazioak bildu dituzte bideo batean:

Iruñeko Iturrama auzoan jaiotakoa da Iker Oiz. Orain dela 10 urte joan zen Bartzelonara ikastera eta han bizi da egun. Bere aurkako zigorraren tamainaz kezkatuta, baina jasotako elkartasunaz pozik dagoela hitz egin dugu berarekin.

Nola bizi izan zenuen 2014ko maiatza?

Orduan 17 urtez okupatuta zeraman Can Viesek, hainbat prozesu judiziali aurre eginda. 2014koa, aldiz, definitiboa izan zen, zentro soziala husteko behin betiko agindua eman zuten eta auzoan eta Bartzelona osoan protesta ugari antolatu ziren. Can Vieseko ansabladan parte hartzen nuen garai hartan eta protesta eta elkartasun ekimenak dokumentatzen aritu nintzen. Latele.cat Bartzelonako telebista komunitarioari ere ematen nizkion grabazioak.

Zer gertatu zen 26an?

Can Vies hustu egin zuten. Polizia etorri zenean ni eraikin barruan nintzen grabatzen. Denok kanporatu gintuztenez arratsaldeko manifestazioa grabatzen aritu nintzen. Une jakin batean Mossoek lerro moduko bat osatu zuten Can Vies aurrean, jendea hurbil ez zedin. Orduantxe kargatu zuten han ginen guztion aurka. Ni eta beste batzuk lurrera bota gintuzten, baina, egia esan, une hori pasa ostean normaltasunez jarraitu nuen egun guztian lanean, bideo-kameraz grabatzen. Ez nion momentu horri aparteko garrantzirik eman.

Bi hilabeteren ostean atxilotu zintuzten.

Uztailan izan zen. Etxetik ateratzen ari nintzela kalez jantzitako poliziek komisaldegira eraman ninduten. Han jakinarazi zidaten maiatzaren 26ko une horretan "gertatutakoarengatik" atxilotu nindutela. Handik ordu batzuetara libre utzi ninduten.

Eta urtebete eta erdiren ostean epaiketa

Bai, orain hilabete batzuk jakinarazi zizkidaten gaurko epaiketaren data eta zigor eskaera. Desordena publikoak eragin izana eta agintearen aurkako atentatua leporatzen dizkidate. Bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak.

Artur Masen Gobernuak ere espetxera bidali nahi zaitu.

Hiru urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra da beren eskaera. Generalitateak horrelako kasuetan sistematikoki egiten duena da, Eskuadra Mossoen lana zilegitzeko eta babesteko. Halere, pentsatzekoa da zergatik kasu honetan nire kontra aurkezten diren eta beste zenbait kasutan ez. Adibidez, ustelkeriarekin lotutako kasu andana izan da Katalunian eta horietan Generalitatea ez da inoiz aurkeztu akusazio gisa. Herritarrak zaintzeko jarrera bitxia da haiena.

Eskuineko eskuan kamera zenuela, ezkerrarekin emandako kolpeek polizia bat zauritu izana leporatzen dizute, finean.

Bai, hori da beraiek esaten dutena. Sekulako armaduraz babestuta doaz eta herritar soil batek esku hutsik emandako kolpe batek zauritu zuen, omen. Gainera, irudietan ikus daitekeenez, ni bota ninduten lurrera, baina 20 egunez bajan izan omen dena mossoa izan da. Ikusteko dago ea hori egia den ala ez, baina, hala eta guztiz ere, nola eska dezakete bost urte eta erdiko espetxe zigorra 20 eguneko baja batengatik!

Ez zara zu izango “desordena eta agintearen aurkako atentatua” delitupean epaituko duten bakarra...

Can Vies hustearen eta ondorengo mobilizazioen harira 84 pertsona inguru atxilotu dituzte. Horietako batzuk prozesu judizialetan sartuta daude honezkero eta beste batzuk etortzear dira. Can Viesen eraispenaren aurkakoak erasotzaile gisa aurkeztea eta epaitzea da beren ildoa. Kriminalizazioaren bitartez, disidentzia politikoaren aurka egiteko estrategia da. Baina haiek kontrolatzen ez dituzten hedabideen aurkako erra ere atzematen zaie. Informatzeko beste bide batzuk sortu ditu gizarteak eta horiek ez dira boterearen gustukoak. Legean egin dituzten azken aldaketetan oso argi ikusten da hori, Mozal Legea kasu.

Acusat x Informar (Informatzeagatik akusatua) ekimena abiatu dute zurekin elkartasunez.

Bai, babes handia izan da. Nire kasua ez delako salbuespena, beste kasu batzuk badira Kanpaina publikoen bitartez salatu eta gizarteari ikusarazi behar dizkiogu. Elkartasun kanpaina oso ondo joan da, kasua asko zabaldu da eta pozik gaude. Espero dezagun epaiketa ere ildo beretik joatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


Eguneraketa berriak daude