'Lardaska' sasikariaren egilearekin elkarrizketa

"Askapena hutsean politikoa balitz bezala kontenplatzen da herri honetan"

  • 2016an zeresana eman du Lardaska argitalpenak: liburu formatuan publikatutako aldizkari autoeditatua nork idatzi duen ez da ezaguna, "Barbalot"-ek sinatuta dator, Koldo Izagirreren hitzaurre eta guzti. Ez dago esplikatu beharrik, berezitasun horiek direla-eta jakin-mina piztu duela euskal letren mundutxoan. Egilearen anonimotasunaren aldeko apustua errespetatuz, "nork" baino "zer" eta "nola" izan ditugu hizpide e-postaz egindako elkarrizketa honetan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2017ko urtarrilak 17
Egileak nahiago du bere izena eta aurpegia ez erakutsi, horregatik bidali digu irudi hau elkarrizketa osatzeko.

Euskal literaturaren martxarekin batere gustura ez zaudela sumatzen da: "Publikatzeko idazten da, prentsaurrekoetarako publikatzen, begiraden jabe izateko eskaintzen prentsaurrekoak...". Horren erreakziotzat hartu behar dugu Lardaska publikatu den moduan publikatzea?

Baliteke autoekoizpena eta anonimotasuna “komunio artistikoa” saihesteko hautatu izana. Ez dut uste euskal letren inolako errepublikarik dagoenik. Euskal letrei, izan ere, intimismotik sobera duten guztia falta zaie espiritu errepublikarretik. Gure produkzio nekaezina, ongizate komunaz ahaztuta diharduten bi muturren elkarrekintzak azal lezake hobekien. Batetik, saldu egin behar duen industria kultural txikia daukagu eta, bestetik, gutxieneko alfabetatzea izan duen edozein artista. Hala dihardugu, sortu eta sortu... baina paradoxa lege da askotan, eta ugaritasunak pobretu egin dezake. Ailegatzen da une bat non selektibo aritzeko betebeharra (eta luxua) baitugu… eta iturri zaharrarekin bakeak egitekoa.

Artefaktu baten tankera dauka "sasikari" honek, ezohiko publikazioa da euskaraz. Nondik hartu duzu inspirazioa?

"Batetik, saldu egin behar duen industria kultural txikia daukagu eta, bestetik, gutxieneko alfabetatzea izan duen edozein artista. Hala dihardugu, sortu eta sortu... baina paradoxa lege da askotan, eta ugaritasunak pobretu egin dezake"

Irakurtzen dituenak imitatzeko joera izan dezake batek; edo gustura lantzen duen formatuan idatzia izan dena irakurtzekoa. Ez dakit arrautza ala oiloa izan zen lehenago.

Poesia, narratiba, saiakera… (hots, literatura modu ohizkoenak) “batasun arkaiko” baten eszisiotzat har litezke: bati falta zaiona, besteak dauka. Bitxia da, baina idazkera fragmentarioak (egunerokoak, aforismoak...) berreskuratzen du hobekien batasun hori. Esango nuke Lichtenberg, Schopenhauer, Nietzsche, Klima, Caraco, Cioran eta gisakoak horrexegatik izan direla berdin estimatuak filosofo zein poeta gisa. Euskarazkoan ere badira hainbat idazle eremu ezohikoetan igeri aritu direnak: Sarrionandia, Sastre, Patziku, Segurola, Linazasoro eta Igerabide datozkit orain gogora.

Ikuspegi ezkorra sumatu dut testu gehienetan, politikaz, kulturaz, dugun bizimoduaz... etab. ari zarenean. Derrotistegi agertu ote zaren esango banizu, zer erantzungo zenidake?

Ez naizela derrotista aritu eta, justuki, ezkortasunari esker izan dela. Hedapen handiko adiera da “pesimismo aktiboarena”... Kasuan kasuko esanahia eta jatorria izango du, baina irakurri eta aditu diot makina bati, eta guztiek egiten dute kontu pesimismoa fatalismotik bereiztean. Inplizituki, gainera, optimismoa fatalismotzat baztertzen dutela egingo nuke. Eta arrazoi. Izan ere, “dena ongi irtengo da” edo “dena gaizki irtengo da” esanez, mezu bera zabaltzen dugu beti: inpotente hutsak garela.

Kritikatzen dituzunei ere ez diezu izen-abizenik jarri, kasu batzuetan jomugan daudenak asmatzea zaila ez izan arren. Zergatik?

Jarrerei pertsona ukitzeke erasotzea, errespetu modu bat izan liteke. Premiarik ere ez zegoen, bestalde, esplizituegi aritzeko. Diozun bezala, ez da zaila jomugan nor aurkitzen den asmatzea, eta galde egin genezake zergatik. Neurri batean, behintzat, kritika doitzen zaiolako izan liteke.

"Beste jakintza, arrazoikera eta praktika batzuk deskubritu edo ebaztean egon liteke gakoa"

"Gure askapena teoriaren eta berriketaren eskutik ailegatuko dela sinestea" egozten diozu euskal intelligentsiari. Ekintzarako dei inplizitua gordetzen du esaldiak?

Ezetz esango nuke, ez behintzat edonola ekitekoa. Hortik ere izan dugu sobera, eta hara zer kuxidadea. Beste jakintza, arrazoikera eta praktika batzuk deskubritu edo ebaztean egon liteke gakoa. Bizarra jokatuko nuke mundu zabaleko agintariek zinez dirautela urrun teorizazio neurotikoetatik; odol hotzeko piztia harrapariok ez dira ez idealista, ez eta jakintza eta arrazonamendu ofizialen zale… Filosofiatik, ezer gutxi. Napoleon ere ahalegindu omen zen Kant konprenitzen, irakasle eta guzti… baina kosta. Eta Kant ere ez zen bereziki konkistatzaile napoleonikoa izan, haren bizitza xumeaz dakigunagatik behintzat. Atera bitza bakoitzak bere ondorioak.

Kazetariok ere jasotzen dugu gure partea: "Su eman beharko litzaioke, egunkariei ez bada, egunkeria orokortu honi bederen". Baina nola informatu "aktualitarismoan" erori gabe?

Soziopata piromanook egunkariei su emateko tentaldia izan badezakegu ere, azkenean “egunkeria” baizik ez dugu erasotzen. Aski baita honakoa barneratzea: ezer ez da debalde, informazioa ere ez. Mundu modernoan, informatzeak gaininformatzea esan nahi du, deformatzea, durduzatzea eta noragabetzea. Hondamen kognitibo esanezin bat eragiten du ohartzeke, eta gure errelato propioa garatu eta finkatzea zailtzen. Neurritasunean datza gakoa.

Topikoa topikoaren gainean errepikatuz sortzen dugun hizkera fosilizatuaren kontra idatzitako testuak dirudite. Arreta gutxiegi jartzen diogu adierazteko erabiltzen dugun tresnari? Erabiltzen ditugun kategoriak berrasmatu beharra daukagu?

Ez dut hizkuntza modu sentimentaloidean gurtu nahi. Badakit pragmatismo hutsez hitz egiten dugula hamarretik bederatzitan; edo hizkuntzazko hutsegiteak seinale on ere izan daitekeela. Ez hori bakarrik: hizkuntza profanatzea eta torturatzea, hizkuntzaren indarberritze eta sakralizatze ariketa izan liteke (besteak beste, horretan datza Izagirre baten appeal-a). Profanatu eta sakralizatu daitekeena, izan ere, nekez kabituko da funtzionalitate hutsaren mugetan. Horixe hizkuntza tresna bat dela, baina bada zerbait gehiago ere. Are, duda egin genezake (gutxienez!) instrumentalitate hutsez sortu ote zen. Steven Mithen antropologoaren hipotesia kontuan hartzekoa da oso: ez ote da hizkuntza kantuaren eta dantzaren alaba?

"Naziogintzak hilko du nazioa", "euskal gaztekeriaren industria", "Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Zirkular Noraeztua"... Hum, badirudi ez zaudela oso konbentzitua azken urteetako zenbait estrategia politikorekin…

"Ez dut uste 'estrategia politikorik' dagoenik ere, ez eta 'estrategia armaturik' inoiz izan denik"

Ez dut uste “estrategia politikorik” dagoenik ere, ez eta “estrategia armaturik” inoiz izan denik. Ordukoari tinkoen eutsi zioten berberak dituzu egungoa sutsuen defendatzen dutenak... Duda egin liteke, beraz, sakoneko izaera egoskorra eta ezgaitasun estrategikoa gainditu dituzten. Esaterako: subjektu politikoaren zabalkundeaz eta elkarbizitzaz aritzea maite dute, baina beren ingurune politiko hurbilenarekin bakeak egin ezinik dabiltza. Eta norabide ofizialarekin kritiko diren eragile nagusiei ere berdina lepora dakieke: ez programa eta ez proiektu, mokoka aritzea. Hor dugu erronkarik behinena, honakoan ez dugu-eta Brian Currin bezalako ezkon-aholkularirik topatuko.

Bestalde, askapena hutsean politikoa balitz bezala kontenplatzen da herri honetan (orokorrean behintzat). Akaso, hau ere “askapen arkaiko” baten eszisiotzat har liteke. Hastapenetako ETA eragile kulturala ere bazela gogoratu besterik ez dugu, edo marxismo robotiko batek liluratu eztako militante askoren “muin erlijiosoari” erreparatu: Txillardegi eta Krutwig sasi-budistak ziren, eta Txikia asketa bat, esteta bat... gehien-gehienak, urrun ziren egungo alderdikrazia ezaugarritzen duten aurreiritzi materialista eta sozietarioetatik. Mugimendu autonomoaren ondarea berraktibatzea mesedegarri izan liteke zentzu honetan, baldin eta batasunerako bokazio indartsuz bada. Gehiengo sindikal abertzalea berrasmatzen ahalegintzeak ere ez liguke kalterik egingo, grebarako eta negoziaketarako bezainbeste balia litekeelako desertziorako eta sorkuntzarako… hots, lan-indarra berreskuratu eta herrigintzara bideratzeko. Eze, funtsean, gehiengo sindikala lan-indar alienatuak osatzen du.

Raoul Vaneigemen Traité de savoir-vivre à l'usage des jeunes générations aipatzen duzu zeharka momentu batean. Horrelakoek ez dutela ezertarako balio diozu. Kontzientzian eragiteko ere ez?

"Proudhonek jada salatu zuen desiraren askapen poligamoak, familia suntsitzearekin bat, Estatuari bidea samurtzen ziola gizartea nahieran birformateatzeko"

Badira histeria erromantiko hari amore eman ez zioten situazionistak ere. Debord eta Khayati, besteak beste, oso egurrante aritu ziren garaiko kaka-ume harroxkoen aurka. Baina Vaneigemen testuek  klitxe antipsikiatriko, ateista, kontrakultural eta hedonista guztiak errepikatzeko joera dute. Lirika astingarriak plazer eman badezake ere, atzean den pentsamendua zeharo da zozogarria. Situazionismoaren biran zebilen anarkista kristau batek, Jacques Ellulek, aise atzeman zuen zeinen kaltegarri izan zitekeen “desiraren askapen” hura askatasunarentzat. Errebolta ez da iraultza… eta askotan bata bestearen aurka doa (are, erromantizismo zalapartarienaz funtzionatzen dute merkatu kapitalistak eta bere inperialismo armatuak... gutxi fido udaberriez). Teoria kritikotik dogmatikoki edan zuen kontrakulturak arima mendebaldarraren eta nazismoaren artean lotura zuzen eta interesatua egin bazuen, Ellulek kolpe bikoitza itzultzen du: askatasunaren kultura hobekien garatu duen zibilizazioa Mendebaldea dela defendatzeaz gain, kontrakultura bera alderatzen du nazismoarekin. Baina ez zen Amerika deskubritzen ari. Mende bat lehenago, Proudhonek jada salatu zuen desiraren askapen poligamoak, familia suntsitzearekin bat, Estatuari bidea samurtzen ziola gizartea nahieran birformateatzeko. Topiko erreakzionarioak ez dio egia biribila izateari uzten: usadioen porrokatzeak gehiago laguntzen du totalitarismoa, askatasuna baino.

"Euskal miseria gainditzeko antolatzea" ere aipatzen duzu. Lardaska izan daiteke horretarako tresna bat?

Inor ez da miseriatik erabat aske… baina has gintezke eskala txikian miseria gainditzen. Sor genitzake iparrorratz berriak.

Noiz argitaratuko da hurrengo zenbakia?

Ikasturte honetan, espero. Ezin zehatzago izan.


Euskal literatura kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-19 | Mikel Asurmendi
Demagun... hizkuntzek ez dutela aberririk izango

Demagun ehun urte barru Anjel Lertxundik egoki atondutako liburua da. Hainbat egileren artean egina, hainbat egileren elkarrizketek eta karta zuriek osatua. Besteak beste, itzultzaileen idazletza izaeraren errekonozimendua berresteko sortua. 


"Nitasuna oraintxe ari da agertzen lehenengo aldiz euskal literaturan"

Miopea da Joseba Gabilondo ikerlari euskaldun amerikartua: hemengo gauzak oso gaizki ikusten ditu, oso urruti dagoelako; gauzen itxura orokorrari, ordea, bikain antzematen dio. Elkarrizketa honetan, Michiganetik erreparatu diogu Euskal Herriari.


"Itzultzaileak bere hizkuntza eduki behar du zabal, malgu eta presente"

“Godoten esperoan gaudek”, esan zion Vladimirrek Estragoni; “Izan ala ez izan: horra hor auzia”, Hamletek bere buruari, eta “Aukeran nahiago ez”, Bartleby izkribatzaileak nagusiari, izenik ezagutzen ez diogun abokatuari. Hiru idazle kanoniko, hiru garai, hiru lekukotza ezinago ezagun: euskarara, ordea, Juan Garziak ekarri ditu denak.


"Beldurra diogu aspertzeari, ez dugulako nahi gure barrura begiratu"

Hondarribiko Blagan euskara elkarteak antolatuta, ekainaren 7an Martxel Mariskalek Azken zakatzak poema liburua aurkeztu zuen herriko kultur etxean eta aretoa leporaino bete zen. Berezia izan zen egun hura: hitz egin genuen Susaren eskutik publikatu duen lanaz, baita musikaz eta bizi dugun egoera sozialaz ere. Eta asko eskertu genion ahalegina Mariskali, ia bi orduz aritu baitzen hizketan, aspaldiko urteetan bere bizitza baldintzatu duen gaixotasunari aurre eginez. Egun hartan grabatu... [+]


2017-07-19 | ARGIA
Mixel Thikoipe idazle eta euskaltzalea hil da 69 urterekin

Astearte gauean hil da Amendüzen jaiotako idazle, kantari, euskaltzale eta sindikalista Berria egunkariak argitaratu duenez.


"Inork ez zuela idazten esaten zigun Andimak, eta idazten hasi nintzen"

Hainbat liburu idatzia da 85 urte beteak dituen idazle paristar zuberotarra. Baionan bizi da, lasai, idazten, Andima Ibiñagabeitiak iragan mendearen erdi aldera emandako agindua betez oraindik: “Idatzi, idatzi!”.


2017-06-28 | Mikel Asurmendi
Franko hil zuten egunak

Franko hil zuten egunak gisara endelegatu daiteke Franco hil zuten egunak. Franco hil zuten egunetan naski, pentsa dezakezun baino jende gutxixeago hil zuten. Franko hil zuten egunetan hildakoak ez baitziren hainbeste izan. Bakar bat, franko izan arren. Franco franko izan arren.


Sortzaile ahantziari omen

Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


Marijane Minaberri, sortzaile ahantziari omen

Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


2017-06-13 | Kanaldude.tv
Marijane Minaberri: lekukoak oroitzen
MULTIMEDIA - erreportajea

Igande huntan, Baigorriko ibarreko Adur elkarteak eta hego aldean literatura sailean ari den Sareinak omenaldi bat antolatu dute Marijane Minaberri Bankan sortu idazleari. Aldudeko zinegela berrituan, kantu eta lekukotasun batzuen artean hedatua izan da Kanaldudek egin bideoa "Marijane Minaberri: lekukoak oroitzen" titulupean, Itxaro Borda, Xipri Arbelbide eta Luzien Etxezaharreta idazleek baita Aines Dufau Ikas euskal pedagogia zentroko zuzendariak beren lekukotasunak ekarri dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude