Nola irakurzaletu ikasleak

  • Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek, baldin eta liburutegia badute? Motxila bete galdera, mahaiaren bueltan hiru solaskide elkartu ditugu: Mariasun Landa idazlea eta Xabi Salaberria eta Nora Uribeetxeberria irakasleak. Galtzagorri Euskarazko Haur eta Gazte Literatura elkartean egin dugu hitzordua, Donostian. Eskolan irakurketa plan egoki bat gauzatzeko eta irakurketa tailer eraginkor bat antolatzeko gomendioak ere eskatu dizkiegu solaskideei, ikasleak oro har ez baitira beren kabuz liburuetara hurbilduko; lanketa bat beharrezkoa da. Panorama, aitortu dutenez, ez da idealena, “orduak behar badituzu, irakurketari kenduko dizkiozu, ez matematikari”, baina funtsa eta oinarria sinplea bezain –garaiotan– konplikatua da: benetan gozatzeko denbora eta patxada omen dira abiapuntua. “Fuera estimulu guztiak eta irakurri lasai, gustura, ez da gehiago behar, ez dago aditu izan beharrik”.

Ezker-eskuin, Xabi Salaberria, Mariasun Landa eta Nora Uribeetxeberria. Mahai-inguruko argazkiak: Ibai Arrieta / ARGIA CC-BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Has gaitezen oinarri-oinarritik: zergatik da inportantea ongi irakurtzen ikasi eta irakastea?

MARIASUN LANDA: Irakurtzeak prestigio handia du, baina gainbeheran dago. Eta batez ere helduen mundutik begiratuta, iruditzen zait irakurketaren inguruan gizarteak oso jarrera hipokrita dugula. Gutxi irakurtzen da, baina asko goraipatu, eta hori ere gero eta gutxiago, esango nuke gazteei jada ez zaiela axola irakurzale ez direla esatea. Hori esanda, zalantzarik gabe eskolari badagokio irakurketan formatzea, eskolaren erantzukizun handienetakoa izan beharko luke ikasleak hortik atera daitezela gaitasun linguistiko eta literarioarekin. Ikasleei egindako kanpo probek erakutsi dituzten emaitzak ikusita, azpimarratu beharra dago: irakurritakoa ulertzea funtsezkoa da, eta egia da eskolari dena eskatzen zaiola, ia-ia herritar perfektuak atera behar dituela bertatik, baina bai da bere funtzioetako bat gazteak ateratzea ongi irakurtzen eta idazten, oinarria da hori. Hori lortuta, beste kontu bat da literatura, ongi irakurtzen eta irakurritakoa ulertzen jakin dezakezulako eta literatura ez gustatu, ez dago zertan literaturzale izan. Hori bai, niri literaturzale izatea oso ondo etorri zait, eta halaxe salduko nuke, esperientzia literarioak ekarpena egin dio niri bizitzari, niri neuri.

XABI SALABERRIA: Batzuetan, irakurketa-ulermena edo irakurmena landu nahi horretan, testuak eta ebaluazioak nola jorratzen ditugun, eragin dezakegu hain justu irakurketarekiko zaletasuna galtzea. Oreka lortu beharko genuke, esperientzia literario hori baliatuta, gozamenetik gerturatuko ditugulako haur eta gazteak irakurketara, eta modu horretan hurbiltzen denak eta literaturan murgilduta ordu asko ematen dituenak ere hobetuko duelako irakurmena.

NORA URIBEETXEBERRIA: Hori da, ez daude kontrajarrita eta oreka bilatzea dugu erronka. Aspaldi honetan bueltaka nabil irakurketa planekin, eta Mariasunek dioena abiapuntua da, ulermena ez baldin badago, oinarri hori gabe, alferrik da goragoko gaitasunak eraikitzea. Baina irakaskuntza hori nola egiten duzun, eragin dezakezu batzuk bidean galtzea, ikasle denek liburu berdina irakurri behar badute edo liburua irakurri ondoren sekulako fitxa egin behar badute, ez zaie atsegina egingo. Irakasleen artean formakuntza behar da, askok nahi bai baina ez dakielako nola egin: 25 ikasle dituzu klasean eta denontzako irakurgai egokia bilatzea ez da erraza, saiakera bat baino gehiago egin behar izaten da. 

Landa: "Haur literaturari gertatzen zaio literaturari orokorrean gertatzen zaiona: ‘Zertarako balio du?’ galderaren marmarra"

Zein iritzi duzue gaur egungo (eta gaur egungoa ez den) haur eta gazte literaturaz, liburu pedagogikoen modaz? Zer eskatu behar zaio liburu on bati?

URIBEETXEBERRIA: Zorionez, gero eta produkzio handiagoa dugu eta sekulako liburuak argitaratzen dira, badago muskulua. Beste kontu bat da produkzio hori nola ailegatzen den familia eta eskoletara, eta hor zailtasun handiagoak ikusten ditut, publikatzen den guztia ezagutzea ez da erraza, ezinbestekoa da bitartekaritza, eta lagungarriak dira Galtzagorriren haur literatura mintegiak urtero argitaratzen duen liburuen zerrenda gisakoak. Irakasleekin lan eginda, sumatzen dut askok ez dakiela zer publikatzen den eta zer dagoen. Familiek berriz, gero eta gehiago eskatzen dute txupetea kentzeko liburua, aitona hil dela azaltzeko liburua, oporretara joan ezin dudala barneratzeko liburua… eta apur bat galduta gaude denok: alde batetik, literaturari ere eskatzen zaio bizitzako arazo nagusiak soluzionatzeko tresna izatea, eta bestetik, sekulako produkzioa dugu baina beti ez da denengana ailegatzen.

LANDA: Bereiztuko nuke haur liburua eta haur literatura. Haur liburuaren esparrua zabaldu da izugarri, liburu zoragarriak egiten dira, altxorrak, denetik lantzeko: zentzumenak, beldurra, musika… baina horiek ez dira literatura. Lehenengo marra nik hor jarriko nuke, eta jendeak normalean ez du bereizten. Irakasleek garbi izan beharko lukete bereizketa, literatura beste zerbait delako, beste ezaugarri batzuk ditu.

SALABERRIA: Haur literaturan momentu polita bizitzen ari gara, baina denean bezala, filtroa egiteko formakuntza falta da, bereizteko zer den literatura eta zer ez, zer den ona eta zer txarra. Liburu pedagogikoen modari erantzunez, kutsu artifiziala hartzen diot, botika kimikoekin bezala: sintoma bakoitzarentzat botika bat. Eta alboan legoke literatura, sendabelarren pare, naturalagoa; literatura ona bada, berdin-berdin erabili daiteke gogoetak eta eztabaidak pizteko edota heriotzaz eta bestez hitz egiteko, nahiz eta espresuki gai jakin hori lantzeko idatzia ez izan.

Bai haur liburuek, bai haur literaturak badute helduzentrismotik? Alegia, haurrengan pentsatuz egin dira ala gurasoengan pentsatuz?

URIBEETXEBERRIA: Zeinek eskatzen ditu? Gurasoek. Haiek behar dute jakin nola kendu txupetea umeari. Moda honetan badago helduon beharrei erantzuteko eskaera bat, ez duena literaturarekin zerikusirik.

LANDA: Haur literaturari gertatzen zaio literaturari orokorrean gertatzen zaiona: “Zertarako balio du?” galderaren marmarra. Eta nola azaltzen duzu zertarako balio duen literaturak? Roland Barthes-ek esaten zuen: literaturak ez du ezertarako balio, soilik laguntzen du arnasa hartzen. Eta halaxe aldarrikatu behar dugu: honek ez dizu balioko umeak txupetea utzi dezan edo hortzak garbitu ditzan, hori ez baitzaio eskatu behar literaturari. Are, zerbait lantzeko liburu horietan ere, inportantea da helduaren eta haurraren artean sortzen den harremana, liburua irakurtzen ari direlarik. Literaturak horri eransten dio istorio batek kontaktatu dezakeela zurekin, hitz egiten dizu, emozionatzen, aldatzen… Hortik ez zara berdin irteten.

SALABERRIA: Hori da, irakurri ondoren ez zara aurretik zinen berdina. Kolpatu edo laztandu, baina liburu batek eragitea da kontua.

LANDA: Eta denei ez die liburu berak berdin eragingo, baina hori ere maisu-maistren obsesio bat da, liburu berarekin denok emozio berdina sentitzea, eta hori ez da posible. Horrelakoetan, esperientzia-esperimentua binomioa: esperientzia da literaturak eskaini dezakeena, eta esperimentua, zientziatik datorren nahia, “ea honek funtzionatzen duen”. Liburuekin probatu egin behar da.

URIBEETXEBERRIA: Horregatik dugu hainbeste zailtasun eskoletan, liburuak aukeratzea eta horiekin zer eta nola egin ez dute denek garbi, eta curriculumak badio, esaterako, bi liburu irakurri behar direla, zuzenean gelara iritsi diren liburuetatik bi hartu eta horiek denei eskaintzeak sarri kontrako efektua sortzen du ikasleengan.

Salaberria: "Ikasleek irakurtzen duten aldiro baldin bada gero lanen bat egiteko, hala barneratzen dute"

“Gazteek ez dute irakurtzen”, modaz pasatzen ez den baieztapena da.

SALABERRIA: Irakurtzen al dugu helduok? Gazte gehiago ezagutzen ditut irakurtzen dutenak, helduak baino. Eta saldu ere, gehiago saltzen da haur eta gazte literatura, helduentzako literaturarekin alderatuta.

LANDA: Hori da, zer irakurtzen dute gurasoek? Eta maisu-maistrek? Argi eta garbi esan dezagun behingoz; ni irakasle izan naiz Magisteritza eskolan eta zer edo zer badakit horretaz. Izan gaitezen umil.

Bestalde, gazte esaten dugunean zein adinez ari gara? 12-16 urte bitarte horretan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako tartean, krisi bat egon daiteke, baina horren aurretik, Lehen Hezkuntzan haurrak irakurle sutsuak dira, zale amorratuak.

URIBEETXEBERRIA: Tira, gero eta gutxiago, esango nuke…

LANDA: Nire inpresioa da DBH-Batxiler etapa horretan galdu egiten dela irakurzaletasuna, tartean erantzukizun eskolarrak izugarriak direlako, eta gero nahi duenak berreskuratu egiten du berriro ere.

SALABERRIA: Etapa horretan galtzen den moduan jakin-mina, sormena eta orokorrean lantzen denarekiko interesa. Dena den, urtetan zehar nola landu duzun, Lehen Hezkuntzan aurrera egin ahala haurrek zerekin lotzen duten irakurketa, eragina du, eta askotan irakurketa lotzen dute lan batekin, ulermen fitxa edo azterketa batekin. Gero esan diezaiekegu literaturak bizitza aldatzen dizula, mundua irekitzen dizula eta mila kontu, baina praktikan ez badiozu irakurketari eskaintzen behar bezalako denbora benetan gozatzeko eta liluratzeko, eta aldiz irakurtzen duten aldiro bada gero lanen bat egiteko, hala barneratzen dute. Irakurketaz egin den lanketak ondorioak ditu.

LANDA: Hala da, espazio libre batzuk sortu beharko lirateke eskolan, lasai irakurtzeko eta gozatzeko.

URIBEETXEBERRIA: Gure gelan irakurtzeari denbora eskaintzen diogu, eta garbi esanda, batzuetan sentsazioa dut denbora gehiegi galtzen ari garela, zeren curriculumak agintzen du hau eta bestea ere egin behar dela. Gustura irakurtzen ari gara, hitz egiten, gozatzen, gero fitxa bat edo lanen bat bete beharrik gabe, baina eskolak ez du horretarako denborarik izaten normalean. Irakasleok curriculumaren presio handia dugu eta horrek ez dio lekurik uzten literaturaren heziketari.

Uribeetxeberria: "Gure gelan irakurtzeari denbora eskaintzen diogu, eta batzuetan sentsazioa dut denbora gehiegi galtzen ari garela"

Gure kultura produktibistaren isla?

URIBEETXEBERRIA: Erabat.

LANDA: Eta lehen nioen moduan, betiko galdera atzean: “Honek zertarako balio du?”. Maisu eta maistrengan aurkituko duzue arazorik handiena: “Nola hartuko dugu ordu erdi bat bakoitzak nahi duena irakurtzeko?”. Hain instituzio hierarkizatua da eskola, bere ordutegi eta ikasgaiekin…

SALABERRIA: Mila gauza egin beharra dagoelako. Irakurketa plana egiten du ikastetxeak, baina baita ere hezkidetza plana, IKT plana eta ez-dakit-zein plan.

URIBEETXEBERRIA: Nafarroan adibidez, badago derrigorrez irakurketa ordu bat astean, curriculumak hala eskatuta, baina ez dago oso ongi definituta. Gero kanpo probak datoz, ulermen eta kodifikazio estrategiak neurtzen dituztenak, eta hori ez bada entrenatu, emaitzetan nabaritu egiten da.

Testuak ulertzeko zailtasunak antzematen dituzue ikasleengan?

URIBEETXEBERRIA: Nik bai, zalantzarik gabe. Ez daude irakurtzera ohituta, eta horrek zerikusia du, gainera gaur egungo gizarteak ez du batere laguntzen: inguruan ikusten dudana da, eta txiki-txikitatik, mugikorrekin eta tabletekin aritzen direla eta estimulu oso azkar eta zaratatsuetara daudela ohituta, gero patxadaz eseri eta irakurtzen jartzea kosta egiten da. Eta kosta egiten da Haur Hezkuntzatik hasita. Azken urteetako joera nabarmena da.

LANDA: Testuingurua kontuan hartzea ere inportantea baita. Aro digitalean sartuta gaude, tsunami betean, aldaketa handi-handi baten erdian, komunikazioan, giza mailan. Eta dena dago lotuta.

SALABERRIA: Oiartzunen haurren irakurle taldeak martxan jartzeko aukera eman dugu herriko liburutegian, eta 66 haurrek eman dute izena, eta Oiartzun ez da herri handia. Lehen Hezkuntzako 2. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailara bitarteko lau talde osatu ditugu, hilean behin da eta ez dute huts egiten, oso gustura datoz. Batzuek zaletasun handiagoa dute, baita heziketa literario handiagoa ere (etxetik jaso dute askok), baina denek nahi dute mundu horretan murgildu. Zarautzen, Getarian eta herri gehiagotan ere ari dira, eta eskaintzen diezunean, bete egiten dira, kontua da ez diegula eskaintzen. Eskolan ere, goizetan alfonbraren bueltan eserita olerkiren batekin edo ipuin bat txandaka irakurriz hasi ohi dugu eguna, eta momentu hori magikoa da, ez dagoen egunean eskatu egiten dizute. LH3-4 mailetan nabil ni irakasle, 9-10 urte inguruko haurrez ari naiz, ez txikienez. Momentu horretan gertatzen dena ez da neurgarria, bizi dutena, komentatzen dutena… Eta irakurketa plana egiten dugunean, tartean ebaluatu ere egin behar denez, galdetuko diogu zenbat genero literario ezagutzen dituen eta abar, baina balio duena bestea da.

URIBEETXEBERRIA: Hala da, Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoei [11-12 bat urteko haurrei] boz gora irakurtzen diet eta liluratuta egoten dira denak. Parentesi bat da beraientzat.

LANDA: Arrazoi duzu, Xabi, nola ebaluatu hori dena? Nola adierazi, nola frogatu jasotzen den magia eta onura hori guztia? Jasotako fintasun, sentsibilitate, emozio… hori guztia? Aldarrikatu egin behar da: neurtu ezin diren gauza asko lortzen ari gara.

SALABERRIA: Hor zer gertatzen den jakiteko egin behar dena da eskaini. Eta nire ustez inportanteena da irakurketaren esperientzia lotzea plazer horrekin: ongi irakurtzen ez badakit, baina ikusten badut ondokoek zenbat gozatzen duten irakurketarekin, zein emozio sortzen den taldean, nik ere irakurri nahiko dut, kutsatu egiten da, ez da irakaslea irakurtzera behartzen ari zaidana. Etxean berdin gertatzen da: gurasoek irakurtzen badute, gogo hori kutsatzea errazagoa da. Eta ulermena landu beharko dugu, noski, eta kalifikatu eta abar, baina ez dezagun beste hori ahaztu, hartan jarri behar dugu indarra. Kontua da ikastetxeko irakurketa plana egiten dugunean helburuek ebaluagarriak izan behar dutela, beraz, irudikatu zein irakurketa plan egingo diren.

Landa: "DBH-Batxiler etapa horretan galdu egiten da irakurzaletasuna, erantzukizun eskolarrak tarteko, eta gero nahi duenak berreskuratu egiten du"

Hain justu, irakurketa plana egin behar dute eskolek (aurrera begira, irakurketa estrategia eskatuko zaie ikastetxeei). Zein gako behar ditu irakurketa plan on batek?

SALABERRIA: Hasteko, denen artean hausnartu eta osatutako irakurketa plana izan behar du, askotan eskolako irakurketa arduradunak egina delako, eta gero beste irakasleek betetzea espero da. Errealitatea da ez dagoela denborarik, ahal den moduan egiten direla eta gero hortxe geratzen direla, Drivean gordeta.

URIBEETXEBERRIA: Bai, hezkuntza komunitate osoak inplikatu behar du irakurketa planean, eta transbertsala izan behar du, jakina. Jartzen diren helburuek ere errealistak izan behar dute, eta ez denak neurgarriak. Badira gaitasun batzuk entrenatu egin behar direnak, eta hala da irakurketa eta ulermenarekin, eta horrez gain heziketa literarioa jorratu behar da. Espazio bat egon behar du horretarako, eta eskola-liburutegi bat, dirua liburuak erosteko, arduradunak hori dena gestionatzeko, eta egon behar du liburu-trapitxeoa, bestela paperean nahi dugun guztia idatzi dezakegulako, baina ezerezean geratuko da, denborarik eta baliabiderik ez badugu eta denok bat eginik ez bagoaz. Nik bi saio “galtzen” baditut neurtzen ez den zerbaitetan, mundu guztiak jakin behar du zertan ari garen eta mundu guztiak babestu behar du, lasai aritzeko.

Aldiz, eskolako liburutegiko arduraduna naiz baina ez dut funtzio horretarako ordu librerik eta 150 euro ditut urte osoan liburutan gastatzeko. Zer egiten dut? Karroarekin liburutegira joan eta 50 liburu zakura, gero hilabetera bueltatu eta berriz beste 50 eskolarako (izan ere, ikastetxeok liburu zakukada mailegatzeko aukera dugu udal liburutegietan, eta halako aukerak baliatu behar ditugu). Dauden baliabideak ezagutzea ere komeni da, Galtzagorri elkartearen moduan hau dena sustatzeko lana egiten ari direnak, eta ez dakit ikastetxeetan behar bezainbeste ezagutzen den hori guztia.

SALABERRIA: Baliabideez ari garela, guk 300 euro ditugu urte osorako eta liburu bat erosten dugu hamabostean behin. Liburu txokoaz ni arduratzen naiz, gustuko dudalako, baina lana da: liburuak aldatu behar dira, hondaturikoak konpondu, adin ezberdinetako haurren arteko irakurraldiak antolatzen ditugu, idazleak gonbidatzen ditugu, hauteskunde literarioak egiten dira… Horiek guztiak bideratzeko baliabideak behar dira, bai.

LANDA: Diozuen moduan, denon inplikazioa behar du, irakurketak oinarri-oinarrian egon beharko lukeelako eskolan. Irakurketa adibidez oso lotuta dago hizkuntzarekin; nola hitz egiten dugu? Zeinen gaizki hitz egiten dugun! Enborrean dauden gaitasunak dira, mundua ulertzeko funtsezkoak.

URIBEETXEBERRIA: Eta beste gako bat: sistematikoki landu behar da, gaur jarduera ikusgarri bat egitearekin ez delako aski, egon behar du bide bat, beharbada bidegurutzeak eta bide berriak urratuko dituena, baina inor ez da irakurle trebe bihurtzen astean behin bost minutu irakurrita. Denbora eskaini behar zaio, urteetako jarraipena, eta horretan denok egin behar dugu bat: Haur Hezkuntzakoek, Lehen Hezkuntzakoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek.

Nahikoa denbora eskaintzen zaio irakurketari ikastetxeetan?

URIBEETXEBERRIA: Nahikoa ez.

SALABERRIA: Hori da, nahikoa ez, nahiz eta ikastetxe bakoitza mundu bat den.

Beste era batera galdetuta: ikastetxeetan orokortuta dago eskola orduetan irakurketari astean adibidez ordubete eskaintzea?

SALABERRIA: Guk ordu erdiko hiru tarte ditugu astean, irakurketaren bueltan, eta saio horietako bat liburu txokoan (eskolako liburutegian) egiten dugu.

URIBEETXEBERRIA: Guk ere eskaintzen diogu tartea eskolan, baina uste dut beste ikastetxe askotan horretara heltzeko zailtasun handiak dituztela.

SALABERRIA: Egia da, irakurketa tarteak ditugun eskoletan ere, kentzen den lehena hori baita: txangoa dela, aste aldrebesa dela… orduak behar badituzu irakurketari kenduko dizkiozu, ez matematikari. Matematikako liburuxkan orri bat hutsik geratzen bada, kontuz, baina ez bada irakurketa egin, inor ez da konturatuko. Eta irakasle bakoitzaren araberakoa ere bada: irakasle batek arrazoiren batengatik nahi badu matematikako ordu erdi bat gehiago sartu aste batean, irakurketari kentzea da errazena. Badirudi irakurketa tarte horiek direla denbora librea.

Salaberria: "Momentu horretan gertatzen dena ez da neurgarria, bizi dutena, komentatzen dutena… baina balio duena hori da"

Nola prestatzen da (eta prestatu beharko litzateke) irakurketa zerrenda eskoletan? Irakasleak nola egiten ditu aukeraketa eta gomendioak?

LANDA: Irakasleak irakurri egin behar du, hori jarriko nuke abiapuntu. Hortik aurrera, ikasleei aukera batzuk jarri beharko litzaizkieke eskura, ez abaniko amaigabea, baina bai irakaslearen iritziz funtzionatu dezaketenak. Ikasle talde bakoitza ezberdina da, gaitasun linguistiko eta literario ezberdinak dituzte, eta irakasleak, horren arabera, zortzi-hamar bat liburu hautatu eta eman ditzake aukeran. Nik gomendioak egin izan dizkiet ikasleei, “irakurri hau, gustatuko zaizue”, eta batzuetan asmatu dut eta beste batzuetan ez. Kontua da esperientzia literarioari eskatzen zaiola funtzionatzea berdin leku guztietan, urte guztietan, talde guztietan. Ni irakasle nintzenean, duela urte mordoxka, liburu bat zegoen zoragarri funtzionatzen zuena, Fray Perico y su borrico, ume guztiak kontent zituen, eta ulertzen ditut urtez urte irakurketarako liburu hori errepikatzen zuten maisu-maistrak: irakasle horri mila gauza eskatzen zaizkio eta aurkitu du liburu bat ongi funtzionatzen duena taldez talde eta urtez urte. Baina guk ez genuke hori defendatu behar; funtzionatzen badu ere, aldatu liburua, probatu beste batzuk, eta eskaini haur eta gazteei gastronomian bezala: berdura, fruta, garbantzuak, sushia… eta bakoitzak aurkituko du zein duen gustukoago, bizitzan bezalatsu.

Aldiz, Magisteritza eskolan, irakasle izateko prestatzen ari zirenek arrazoia ematen zidaten, baina gero entregatzen zizkidaten lanetan nabarmentzen zidaten honako liburua oso baliagarria zela umeek lotsa gainditzeko eta beste hura beste zerbaiterako. Berriz ere zertarako balio duen arrazoitu beharra, literaturari utilitate bat eskatzen. Tristatzen nau, urteak joan eta urteak etorri, zailena da aldarrikatzea literaturak ez dizula balioko arazo hau edo hura soluzionatzeko.

SALABERRIA: Liburu zerrendaz ari garela, Galtzagorri elkarteak urtero egiten duen liburuen gomendio zerrenda oso kontuan hartzen dugu, euskarazko haur literaturan berme handia baita. Horri gehitu diezaiokegu Mariasunek dioena: irakasleok izan behar dugu bitartekari, guk ezagutzen ditugu ikasleak eta aholkatu eta gomendatu diezaiekegu liburu bat edo bestea. Horretarako, jakina, liburuak irakurri eta ezagutu behar ditugu.

Bestalde, askotariko eskaintza egitea ona da, baina dena ez da libre; heziketa literarioa garatzea nahi badugu, bitartekaritza horretan ere badagokigu bestela iritsiko ez diren liburu horietara heldu daitezela: liburu batzuk oso erraz sartzen zaizkie, pelikulekin eta gainerakoekin bezala, eta beste liburu batzuk ez zaizkie hain erraz iritsiko, baina irakasleok baldin badakigu oso egokia dela ikasle horrentzat, proposamenak ere hala egin behar ditugu, bestela bukatuko duelako irakurtzen ez barazkiak eta lekaleak, baizik beti macdonaldsa, literatura sinplea, ez metaforarik, ez sinbologiarik, ez ezer. Eta guk eskainitako liburua irakurtzeko agian akonpainamendua beharko du, elkarrizketa sortu, irakurketa taldearen bidez landu… Heziketa literarioan horrela egingo du aurrera.

LANDA: Guri txarra iruditzen zaigun eta gustatzen zaien literatura mastekatu horren inguruan nik iritzia aldatu nuen, konturatu nintzelako liburu horiek funtzio oso inportantea betetzen dutela: irakurle-autoestimua indartzen dute, haurrek pentsatzea irakurle direla, eta hori ere oso inportantea da. Irakasle nintzen garaian, Bostak, The Happy Hollisters eta halakoak irakurri ez zitzaten egiten nuen borroka, eta gero konturatu naiz literaturzaletu dutenak hain justu liburu erdipurdiko edota txar horiek direla. Enid Blyton idazleak fama txarra du, idazle txarraren etiketa, baina literaturzaletasuna zabaltzen ekarpen handia egin du. Eta orain, ikusten dudanean gustuko ez ditudan liburuak irakurtzen ari direla, pentsatzen dut, tira, irakurle gisa norbere autoestimua indartzeko balio dute liburuok, aurrerago egingo dute salto bestelako liburu mota batzuetara, denok egin dugun gisan.

Uribeetxeberria: "Estimulu oso azkar eta zaratatsuetara daude ohituta, gero patxadaz eseri eta irakurtzen jartzea kosta egiten da"

Fray Perico y su borrico liburuaren antzera, bada euskaraz haur eta gazteen artean arrakasta ziurtatua duen libururik?

LANDA: Irakasle nintzen garaian, Nikolas Txiki. Eta hor dago Harry Potter fenomenoa ere: irakurtzen al den, ez den, zaletzeko zein liburutara jo… eztabaidatu dezakegu, baina bat-batean horrelako fenomeno bat iristen da eta esandako guztiari astindua ematen dio. Pentsa, ilustraziorik gabeko liburukoteak dira, orri askokoak, eta 7-8 urteko haurrak lehia bizian aritu dira nork gehiago irakurriko.

SALABERRIA: Kattaren liburuak ere asko irakurtzen dira, Miren Agur Meaberen bilduma. Arrakasta dute 4-7 urte arteko haurren artean.

Zenbat liburu irakurtzen dituzte zuen ikasleek ikasturte batean?

SALABERRIA: Albumak asko. Gelan 23 ikasle baldin badira, bakoitzak album bat darama eskolara eta elkar-trukean batzuek bi hilabetetan guztiak irakurriko dituzte, denera 40 bat album bakoitzak ikasturtean. Eta liburuak, Xaguxar bildumakoak adibidez, lauzpabost ikasturtean.

URIBEETXEBERRIA: Nik esaten diet, “hartu eta probatu, eta gustatu ez bazaizu, utzi, baina lehenbizi probatu”.

Nola egin irakurketa tailer egoki bat eskolan?

SALABERRIA: Irakurketa modu ezberdinetan bizitzeko aukera eskaini behar luke irakurketa tailerrak: helduak irakurtzea, eurek irakurtzea, isilean, ozen, taldean, adin ezberdinekoak nahasita, idazlea edo ilustratzailea eskolara ekartzea…

URIBEETXEBERRIA: Bikoteka irakurtzeak oso ondo funtzionatzen du, elkarrekin. Adibidez, ikasle nagusiagoek etxean prestatu eta gero txikiagoei irakurtzen diete, ozen, asko motibatzen ditu.

SALABERRIA: Emozioa sortzea baita kontua. Tailerra sormen ariketa batekin bukatzea ere aukera ona izaten da, saioa borobiltzeko: irakurritakoa labur antzeztea, poema bat egitea, irakurritako istorioari bukaera aldatzea…

URIBEETXEBERRIA: Eta irakurritakoaren inguruan elkarrizketa bat sortzea, inpresioak partekatzea. Liburu beraren bueltan zenbat interpretazio, honi zerk hunkitu dion, horrek zer ikusi duen, hura zertaz ohartu den… Pila bat aberasten du irakurketa.

SALABERRIA: Guk orain herri arteko topaketak egiten hasi nahi dugu. Kirolaren inguruan topaketa asko egiten dira, literaturaren bueltan ere egin daitezke halako ekintza eta dinamikak, harremanei eta bizipenei lotuta, esperientzia bat partekatzeko. Hainbat herritako irakurle tailerrek liburu bera irakurri eta urtean behin elkartu eta topaketak egitea litzateke asmoa.

Nabari da, zuei entzunda, gozatu daitekeela eta gozatzen dutela haur eta gazteek literaturari eskainitako orduetan. Ez da egia irakurzale ez direnik?

LANDA: Lehen esan dugu, Lehen Hezkuntzako haurrei lotuagoa ikusten dut nik irakurzaletasuna, helduek baino askoz gehiago irakurtzen dute umeek, eta gustura. Baina gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan mila istorio gertatzen dira eta literatura ez da lehentasun.

SALABERRIA: Aipatzen genituen momentu, gune eta esperientzia horiek sortu beharko lirateke DBHn ere, beren kabuz ez direlako hurbilduko liburuetara. Ezer egin gabe iristen zaizkie bestelakoak, sare sozialak, Youtube eta beste, eta errazenera jotzen dute. DBHko gelak penagarriak dira: zergatik ez daude hor ere liburuak apaletan, zergatik ez dago txoko bat irakurtzeko?

Zein etsai ditu irakurzaletasunak?

URIBEETXEBERRIA: Abiaduraren gizartean bizi gara, pantailen, estimuluen eta irudiaren gizartean, eta kasik iraultzailea da gelditu, patxada hartu eta irakurtzen jartzea.

SALABERRIA: Dena oso azkar eta dosi txikitan doa. Poesiak esaterako beste gorputz bat eskatzen du, beste denbora eta erritmo bat, eta dugun hezkuntza ereduan ez da halakorik sartzen. Dugun bizitzeko modua, eta gero eta gehiago, beste norabidean doa, eta literaturari fundamentuz heltzeko denbora behar dugu, baina denbora da justu falta zaiguna. Ikasle kritikoak nahi ditugu, baina dena doa errenkadan, pentsatzeko eta gogoetatzeko tarterik ere hartu gabe.

LANDA: Politikariek nahiko balute, zenbat gauza egin ahalko litzatekeen irakurzaletasuna sustatzeko. Telebista adibidez sekulako tresna da liburuaren alde egiteko, baina ez da ezer egiten, ez zaielako benetan interesatzen, darabilten diskurtsoa hipokrita da.

SALABERRIA: Azken finean, diskurtsiboki ere esaten da pentsatzea ona dela, baina ez zaie interesatzen herritarrok pentsatzea, eta literaturak eta irakurketak sentiarazteaz gain tresnak ematen dizkizu pentsatzeko eta mundua aldatzeko.

Landa: "Literatura mastekatu horrek funtzio oso inportantea betetzen du: irakurle-autoestimua indartzen du"

Eskolako liburuzain figura lehen bai, baina jada ez dago, ez EAEn, ez Nafarroan. Eskolek ba al dute liburutegia, eta zein egoeratan?

URIBEETXEBERRIA: Panorama beltza da. Liburutegiak egon badaude ikastetxe batzuetan, baina duela urte asko osatutako apalategiekin. Ez dago dirurik libururik berritzeko, askotan ez dago irakasle liberaturik horri buelta emateko –batzuetan ardura horri erantzuteko ordu batzuk ematen zaizkio irakasleren bati, ikastetxeak hala erabakita–, eta sarri ezta ere ez da oso ondo jakiten nola egin, nora jo liburutegia hornitzeko. Nik abandonatuta ikusi ditut ikastetxeetako liburutegiak. Eta hainbatetan, zuzenean kendu egin dute liburutegia, beste gela bat behar zelako.

SALABERRIA: Orokorrean, sumatzen da abandonatuta daudela eskoletako liburutegiak. Gure ikastolako liburu txokoa espazio erakargarria da, generoka eta adinka daude liburuak antolatuta, astero doaz gela guztiak ordutegi jakinetan, ekintza bereziak bertan antolatzen dira… eta hala ere, egiten dudanetik egin daitekeenera saltoa dago.

Tira, ikusita eskolako liburutegien egoera, jo dezagun herrietako liburutegietara. Haur eta gazteentzako leku erakargarriak al dira, ongi zaindu eta dinamizatutako espazioak? Adibide positiborik ezagutzen duzue?

LANDA: Duela hiru hamarkada, Espainiako Estatuan haur liburutegi inportanteenak ziren Salamancako bat eta Donostiako Alde Zaharreko haurtxoteka, erabat berritzailea une horretan; urrezko aroa bizi izan zuten liburutegiek. Orain herri gehiagotan zabaldu dira halakoak.

SALABERRIA: Eredu oso ezberdinak daude, espazioari begira adibidez eredu tradizionalekoak batetik eta malguagoak bestetik, altzari mugikorragoak dituztenak, baina esango nuke ohikoena dela mailegutzara mugatzen den liburutegia: liburua hartu, itzuli… Niretzat inportantea da, lehen esan dugun moduan, gauzak gertatzea: harremanak, sortzeko lekuak, esperientzia partekatuak… Liburua aukeratu eta eraman baino ez baduzu egiten liburutegian, eskas. Horregatik, interesgarria da liburutegiek izatea irakurle klubak, idazketa eta irakurketa tailerrak, familiak elkartzeko eremuak, isiltasuna behar duten guneekin batera beste gune batzuk isiltasuna derrigorrezko ez dutenak lasai hitz egin ahal izateko… Eta liburuzainak izan behar du ez bakarrik lan administratiboa egingo duena, komertzio txikiko edo liburu-denda txikietako tratura jo beharko luke: hau edo bestea gomendatu, bitartekari lana egin; mostradorearen beste aldean ibili, egon, hitz egin, animatu.

URIBEETXEBERRIA: Haur eta gazteentzako irakurle klubak ere zabaltzen hasiak dira liburutegietan. Iruñean esaterako komiki irakurleen kluba dute gaztetxoek.

SALABERRIA: Getarian eta Zarautzen ere, adibidez, aurten jarri dituzte martxan haurren irakurle klubak, gainera herriko idazleek eurek, Uxue Alberdik eta Nerea Loiolak. Peru Magdalena, Julen Gabiria, Amaia Egidazu, Ainhoa Aldazabal… ere badabiltza horretan.

Salaberria: "Liburu aukeraketan, dena ez da libre; bitartekaritza horretan ere badagokigu bestela iritsiko ez diren liburu horietara heldu daitezela"

***

Mahai-ingurua entzuten ondoan dugu Izaskun Jauregi, Galtzagorri elkarteko idazkari teknikoa. Hitza hartu du, nabarmentzeko bi gako daudela liburutegiaren dinamika asko baldintzatzen dutenak: liburutegiak duen aurrekontua zenbatekoa den, eta liburutegi hori zuzentzen duen edo bertan lan egiten duen bibliotekaria zein den, nola inplikatzen den. Liburutegi ugarik ikastetxeekin harreman zuzena dutela ere kontatu du, ikasleak herriko liburutegira joaten direla, bisitan. Bestalde, irakasleak gaia lantzeko egarriz daudela ere adierazi du: “Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmen bati esker, Galtzagorri elkarteak irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak eskaintzen ditu EAEko ikastetxeetan. Bertan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleei liburu nobedadeak aurkeztu eta horiekin zer egin gako batzuk ematen dizkiegu. Bada, urtero ehundik gora eskaera izaten ditugu (lehendabiziko urtean 180 ere izan ziren), baina, oraingoz, hitzarmenak 72 ikastetxetara iristeko baino ez digu ematen”.

***

Amaitzeko, eskola eta liburutegietatik etxera salto eginez, zein gomendio emango zeniekete gurasoei?

URIBEETXEBERRIA: Umeekin batera irakurtzen jartzeko, hori bezain sinplea.

LANDA: Lehenengo pausoa, txikienekin, kontatzea, ahozko soila, hitzak, musikalitatea… Izatea lotura haurrarekin, hitz egin ere gutxiago egiten baitugu gure artean. Eta gero, pausoz pauso, liburuetan barneratzea. Gurasoei esango nieke baita ere seme-alaba irakurzaleak nahi badituzte, eurek irakur dezatela.

SALABERRIA: Zer ikusi, hura ikasi, eredu izatea oinarria da, dudarik gabe. Eta gehituko nuke denbora hartzea, lasai egoteko, kontatzeko, irakurtzeko eta sortzen den hori bizitzeko. Haurrarekin jarri eta liburuari bost minutu eskaintzeak ez du zentzurik, aukeratu gustuko liburua eta sartu benetan, gozatu, gozatu duenak transmitituko baitu irakurriz gozatu daitekeela.

URIBEETXEBERRIA: Batzuetan ondoan gaude, baina ez gaude, eta Xabik dioen moduan, benetan horretara jarri behar da. Kalitatezko denbora behar dugu, baina denerako, guraso ausenteak ikusten baititut, eta kezkatuta gaude eskolan, umeak urduri nabari ditugu, arreta ezin jarri… Ezinegona da nagusi, ez dago lasaitasunik. Fuera estimulu guztiak eta aritu lasai, gustura, ez da gehiago behar, ez dago aditu izan beharrik.

Uribeetxeberria: "Espazio bat egon behar du irakurtzeko, eta eskola-liburutegi bat, dirua liburuak erosteko, arduradunak hori dena gestionatzeko..."

 

MAHAIKIDEAK:

Mariasun Landa Etxebeste, idazlea

Errenterian jaioa, 1949an. Gizarte-langintza ikasketetan graduatua, Filosofia ikasketak egin zituen Parisen. Haurren irakasle aritu zen, eta garai hartan euskarazko material gutxi zegoenez, euskaraz ipuinak idazten hasi zen bere ikasleentzat. Erretiroa hartu aurreko 25 urteetan EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolan Literaturaren Didaktika irakasle izan da. Idazle gisa hainbat sari jaso du: Lizardi Saria (Txan fantasma), HGL Euskadi Saria (Alex), Espainaiko Sari Nazionala (Krokodiloa ohe azpian). Eusko Ikaskuntza Saria, Emakunde Saria, Gutun Saria. Bere liburuak hizkuntza askotara itzuliak izan dira. Ohorezko euskaltzain izendatu berri dute.

Xabi Salaberria Gonzalez, irakaslea

Oiartzunen jaioa, 1983an. Lehen Hezkuntzako Magisteritzan diplomatua eta Filosofiako Graduko ikaslea, EHUn. Formakuntzak jaso ditu haur eta gazte literaturan eta haur filosofian. Haurtzaro Ikastolako irakaslea da 2005. urteaz geroztik, eta bertan, Hausnarketa Pedagogikoa taldeko partaidea eta Liburu Txokoaren arduraduna da. Literatura eta pentsamendua lotzen dituen 1545 argitaletxeko eta literatur elkarteko kide da. Batean zein bestean, haur eta gazteei zuzendutako literatura dute helburu nagusi. Haur eta gazteen irakurle taldeak gidatzen ditu Oiartzungo liburutegian, eta elkarrizketa filosofikoak dinamizatu Galderen Agora proiektuan. Jakinmin, Hitzen Lihoa eta Ku-ku elkarteetako kide ere bada.

Nora Uribeetxeberria Iriarte, irakaslea

Legazpin jaioa, 1972an. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Magisteritza ikasketak bukatu bezain laster, Irunberriko Arangoiti Ikastolan hasi zen irakasle eta bertan dihardu 1994 urteaz geroztik. Besteak beste, irakurketa planaren eta liburutegiaren arduraduna da ikastolan. Lectura, libros y literatura infantil y juvenil Masterra egina du Zaragozako Unibertsitatean eta Haur eta Gazte Literatura Eskolan gradua EHUn. Galtzagorri Elkarteko kide eta Haur Mintegiko partaide ere bada. Irunberriko Irakurle klub feminista antolatzen du eta Civicaneko Mirador de Cuentos irakurle klubeko kidea da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Emakume katedradunen kopurua nabarmen handitzea izango da EHUren helburua datozen lau urteetan

Lan kategoria altuenetan %22 dira emakume katedradunak gaur egun, eta soldata arrakala %7koa da. Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu dute, eta Eva Ferreiro errektoreak adierazi du EHU “erreferentea” dela genero politiketan.


2024-07-10 | Bea Salaberri
Zer egin nahi duzu geroan?

Badirudi hamasei urteko semea buruhauste handirik gabe ari zaigula batxilergoaren ondotik jarraituko duen bideari buruzko gogoetak egiten. Batean, batxilergoko gai berezien hautaketari buruz hitz egiten digu, bestean, egin beharko dituen pausu administratiboei buruz, galderarik... [+]


Ikasmateriala erosteko familientzako laguntzak DBHko bigarren ziklora zabaldu ditu Jaurlaritzak

DBH 3 eta 4. mailako ikasleek datorren ikasturtean beharko dituzten ikasmaterialak diruz lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartearen aldarrikapen historikoari erantzunez. Seme-alabak maila horietan dituzten familiek, beraz,... [+]


Hamar urtetan EAEko ikastetxeen %20 ixteko arriskua dagoela ohartarazi dute

EAEko ikasleen erdiak baino gehiagok eskola partikularrak jasotzen dituela eta jatorri migratzaileko ikasleak gehien segregatzen dituen Espainiako Estatuko bigarren erkidegoa EAE dela ere adierazi du Esade EcPol erakundeko Lucas Gortazarrek, EHUren udako ikastaroetan.


Gazteak teknologiaren ikuspuntu kritiko eta arduratsuan hezteko proiektuaren alde bozkatzeko azken eguna

Gazteen artean teknologia libreen ezagutza zabaltzeko “Digitalizazio arduratsua” proiektua prestatzen ari dira Baionako Etxepare Lizeoa eta Iametza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztu dute egitasmoa. Gaur da [+]


2024-07-09 | UEU
Katixa Dolhare Zaldunbide
“Literatura hezkuntzaren zimendua da”

Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Seaskak eta UEUk Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek. Ezpeletan sortu zen 1982an, Lapurdin, eta familiarekin Nafarroa Beherean... [+]


Barañaingo Alaitz BHIk Batxilergoko D ereduko bigarren lerroa izanen du datorren ikasturtean

Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.


Hezkuntza Sailean, euskara eskubide?

Ekain amaieran, Hezkuntza Sailak ehunka irakasle funtzionario izendatu ditu: praktikaldia egitea falta dute, bai eta, irailetik aurrera, mediku-azterketa ere.

Azkeneko deialdian, mediku-azterketa azpikontratatu egin zuen Hezkuntza Sailak. Azpikontratatu zuenean,... [+]


“Haurren parte-hartzeak ezin du izan eserita eta hitzaren bidez bakarrik”

Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]


Lan kontuekiko (des)konexio digitala nola kudeatu irakasleek?

Irakaslea zara eta lanordutan nahiz lanorduz kanpo, berehala erantzun beharreko mezuz josten zaituzte ikasleek, haien gurasoek, ikastetxeko zuzendaritzak, lankideek? Deskonexio digitalaren beharraz gogoetatu dugu, Aitor Idigoras irakaslearekin: "Ateak ixten eta mugak... [+]


Eguneraketa berriak daude