Aroztegiaren aurka bozkatu dute baztandarrek

  • Hirigintza planari ezezkoa eman dio herritarren %80k. Hautesleen %27k hartu du parte Baztango Batzar Orokorrak antolatutako galdeketan.


2016ko ekainaren 06an - 10:23
Baztandar bat, Aroztegiari buruzko kontsultan botoa ematen. Argazkia: @nafar_telebista

Aroztegia proiektuari uko egin diote Baztanen. Bertako Batzar Orokorrak deitutako galdeketa ez-loteslean hautesleen %27k hartu du parte, eta ezetza nagusitu da botoen %80 bilduta. Hautesleen %14,5ek eman du aldeko botoa, eta %2,3k zuri bozkatu du. Guztira, bozkatzera deitutako 6.169 pertsonatik 1.707k eman du iritzia.

“Positibotzat” hartu dituzte datuak antolatzaileek: “Ikusita galdeketa saihesteko Nafarroako Gobernuak egin dituen ekinaldiak, onak dira datuak eta emaitzak”. Joseba Otondo Baztango alkatearen esanetan, Baztango herritarrek “argi” esan dute zein den euren nahia. “Orain Gobernuak erabaki beharko du zer egiten duen", azaldu du Otondok.

Bere aldetik, Aroztegia...eta gero zer? plataformak herriaren nahia islatu dela uste du: “Ezetz erran dio landa eremua metropoli edo hiri handien zerbitzura jartzeari. Ezetz erran dio baztandarren artean pribilegioak sortzeari”.

Galdeketa Baztango 733 biztanleren eskariz egin da, eta EH Bilduren babesa jaso du. Geroa Bai, PSN eta PPNk ez dute galdeketa ontzat jo.

Aroztegia Jauregia SM enpresaren planen arabera, luxuzko 228 etxebizitza, lau izarreko hotela, spa bat eta golf zelaia eraikiko dira Lekarozen, eta 700 lagunentzako urbanizazioa sortu. Egun, 320 biztanle inguru bizi dira bertan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
2022-05-16 | ARGIA
Aroztegiako obrak geratzea lortu eta urtebetera, festa egin dute Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu larunbateko besta egunarekin, erresistentziaren lehenbiziko urteurrenean.


Aroztegiako erresistentziaren lehen urteurrena ospatuko dute maiatzaren 14an Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu besta egunarekin.


2022-02-16 | ARGIA
Aroztegiko lanak legez kanpo hasi zirela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak
Herritarrek eta Baztango Udalak esandakoa berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai batek. 2021eko maiatzean abiatutako Aroztegia urbanizatzen hasteko lanak legez kanpo egin zituzten.

2022-01-27 | ARGIA
Aroztegiako proiektuaren aurka egiteagatik, sei herritarrek deklaratu behar izan dute Nafarroako Auzitegian

Elkartasunez, hamarnaka herritar elkartu dira Nafarroako Auzitegiaren aitzinean, "herri baten borondatea ezin da epaitu" banderola plazaratuz.


Eguneraketa berriak daude