Antzinako Greziaren handitasuna


2002ko abenduaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:11:59
Jon Torner jontorner@argia.eus Duela hilabete Egiptoko piramideak bisitatuz hasi genuen bideari jarraiki, gaur Greziara iritsiko gara, munduko zibilizazio garrantzitsuenetako batek eman zituen fruituak ezagutzeko asmoz. Antzinako Greziako arkitektura eta arteari buruzko web guneetan sartuko gara, entziklopedia orotan aurki ditzakegun leku eta eraikinak bisitatuz, baina literatura, filosofia, mitologia eta bestelakoak ere izango ditugu hizpide, tartean olinpiar jokoak. Dorioak, joniarrak eta korintiarrak Antzinako Greziako arteaz hitz egitean IV. mendera arteko arteaz ari gara. Hiru garai bereizten dira: arkaikoa, klasikoa eta helenistikoa. Arkaikoa dorioen inbasiotik (K.a. II. mendetik) K.a. 480. urte ingurura doan garaia da. Ordena doriarrak eta joniarrak izan zuten garai hartan eragina arkitekturan eta eskulturan. Orduan eraiki zituzten, esaterako, Epidauro eta Delfosko antzoki erdizirkularrak, Efesoko Artemisa tenplua eta, Atenas eta Olinpiako estadioak. Garai klasikoan (K.a. 480-323) korintiar ordena agertu eta hiru ordenak nahastu egin ziren. Eraikin garrantzitsuena, Atenasko Akropoliko Partenoi tenplua da. Eskulturari dagokionez, bestalde, izen handiko maisuek artelan ederrak egin zituzten. Fidias-ek Partenoiko frisoak egin zituen, Praxiteles-ek Knidoko Venus eta Olinpiako Hermes, Polikletok giza gorputzaren proportzio idealak finkatu zituen... Azkenik, garai helenistikoan (K.a. 323tik Erromak Grezia konkistatu arte -K.a. 146. urte inguruan-) korintiar ordenak garrantzia handia hartu zuen. Aipatzekoa da, adibidez, Atenasko Zeusen tenplua. Arkitektura eta eskultura obra zoragarri horien inguruko eduki ugari dago Interneten. Gehien gustatu zaiguna Ancient Greece izenekoa da. Arkitektura, eskultura, historia, geografia eta beste hainbat arlori buruzko azalpen, marrazki eta argazki ederrak biltzen ditu. Indianako Unibertsitateak bestalde, arkitektura lan garrantzitsuenen ehundaka argazki bildu ditu The Ancient City of Athens gunean. Olinpiar jokoak Olinpia Kronion mendiaren ondoan dago, eta bera zen Peloponoseko gune erlijiosoa. Han zegoen Zeusen santutegia, eta bertan egiten ziren ezbairik gabe Greziako ekitaldi garrantzitsuenak zirenak: joko olinpikoak. K.a. VIII. mendearen inguruan sortu ziren eta K.o. 393. urtera arte iraun zuten, erromatarrek debekatu zituzten arte, hain zuzen ere. Kutsu erlijiosoa zuten, eta lau urtez behin jokatzen ziren Zeus jainkoaren omenez. Jokoan ziren bitartean, bestalde, gerrak albo batera uzten ziren. Greziako Estatu-Hiri guztietako (Atenas, Rodas, Siracusa, Korinto, Tebas...) atletek hartzen zuten parte, eta irabazleak heroi bilakatzen ziren. Perseus Liburutegi Birtualak Olinpian zehar bidaia birtuala egiteko aukera eskaintzen digu eta gaur egun ere bizirik dirauten antzinako kirol horien lehen urratsak azaltzen dizkigu, hala nola, boxeoarena, disko edota txabalina jaurtiketena eta zaldi lasterketenak. Kirol horien lekuko garrantzitsuenak zeramika lanetako pinturak dira agian, eta horietako asko aurki ditzakegu aipatu gunean. Foundation of the Hellenic World delakoak ere joko olinpikoei buruzko azalpen eta argazki ugari biltzen du; eta The Ancient Olympic Games orrian ere irudi franko duzue ikusgai. Literatura eta antzerkia Greziar drama (antzerkia) batez ere bi ataletan sailka daiteke: tragedia eta komedia. Autore tragikoen artean, Sofokles, Eskilo eta Euripides dira garrantzitsuenak. Hiruen artean ehundaka obra idatzi zituzten, eta horietan sufrimendua, ezbeharren aurreko jarrera tinkoa, mito eta heroi greziarrak, maitasuna edota kezka filosofikoak dira istorioaren ardatz. Bestalde, autore komikoetan garrantzitsuena Aristofanes da. Berrogei lan satiriko-kritiko idatzi zituen, eta gizarteak zituen utopiei, ideia erreformistei nahiz Sokrates filosofoari egin zien barre obra horietan. Monografias.com gunean Greziar Antzerkiari buruzko artikulu zabal bat irakur dezakezue. Bestalde, Perseus Liburutegi Digitalak autore tragiko eta komiko handienen obren pasarteak bildu ditu bere web gunean, eta ingelesez nahiz greziera klasikoan irakur daitezke; eta Interneteko Artxibategi Klasikoak hainbat obra oso-osorik bildu ditu, guztiak ingelesezko itzulpenak. Azkenik, Didaskaliak ere Antzinako Antzerkiari buruzko material ugari jasotzen du bere gunean. Jainkoen presentzia ahalguztiduna Greziar heroi eta mitoen istorioak batez ere Eskiloren literatur lanek kontatzen dituzte. Jainkoek garrantzia handia zuten garai hartako gizartean, eta hala, ohikoa zen antzezlanetan Zeus, Eros Ziklope, Poseidon edota Artemisa present izatea. Ancient Greece web gune aberatsak greziar Jainkoen deskripzioak dakartza mitologiari eskainitako atalean. Atal horrek berak, besteak beste, Jainkoen zuhaitz genealogikoa eta mitologiari buruzko makina bat lotura ere biltzen du. Bestalde, beste atal batean, greziar heroiak eta gudak ezagutzeko aukera daukagu, tartean Troiako Guda ezaguna. Antzinako Grezian zehar eginiko bidaia honi amaiera emateko, eta gehiegi ez luzatzearren, filosofiari buruzko aipamen labur batzuk egingo ditugu jarraian. Soilik esan filosofo handienak Sokrates, bere ikasle Platon eta bigarren honen ikasle Aristotele izan zirela. Perseus liburutegiak euren obra batzuk ere bildu ditu bere web gunean.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia klasikoa
Etruriar emakumeak greziarren begietan

Grezia, K.a. IV. mendea. Hainbat greziar pentsalarik, esaterako, Aristotelesek edo Heraklidesek, etruriarrei buruz idatzi zuten, Italiar penintsularen erdialdean eta iparraldean bizi zen herriari buruzko iritzi negatiboa jasoz. Etruriar emakumeak kritikatu zituzten bereziki, eta... [+]


Partenoiko marmolen bideak

Joan den martxoaren 24an, Partenoiko frisoko eskulturen hiru zati Atenasera itzuli dituzte, zehazki hiru buru: haur batena, zaldi batena eta gizon batena.


Ekonomia, politika eta idiotak

Mizenasko zibilizazioa gainbehera etorri zenean, Greziako Aro Ilunean eta Aro Arkaikoan publikoaren eta pribatuaren arteko ezberdintasuna zedarritu zuten hitzek ere. Etxe barruko ekonomiatik plaza publikoko politikara, eta idiotes-en eremu pribatura.


Maitasun diotimikoa

Atenas, K.a. V. mendea. Periklesek deituta, Diotima Mantineakoa emakume apaiza eta filosofoa hirira iritsi zen, hamar urtez luzatzen ari zen izurri agerraldia eteteko, jainko-jainkosen laguntza bila zezan.


Arrapalak eta mugikortasuna Grezian

Antzinako Greziako hainbat tenpluen sarreretan, eskailerez gain, arrapalak topatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude