Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Palestina egunez egun

12. eguna

Ume jolasak

Egilea: Amets Arzallus

Ostatua

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Palestinan "non dago herriko ostatua?" galdetu nuenean inork ez zidan kontrako biderik seinalatu. Are gehiago, palestinarra izugarri lagunkoia da, eta gehienetan zurekin batera joango da galdetu diozun lekuraino, baita bidea luzea bada ere. Bidean, gai da hiru hitzekin zure lagun egiteko. Eskua emanda agurtu ninduen ni mutiko txikiak herriko tabernako atean, "hauxe da ostatua" izan ziren bere azken hitzak, eta ez zidan eskupekorik eskatu. "Zu handitan munduko pertsonarik onena izango zara" esango niokeen pozik, baina isildu egin nintzen. Horretarako handi izaten utzi beharko diote aurrena.

guztia irakurri
11. eguna

Hiri zahar

Egilea: Amets Arzallus

Hiri zahar

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Olibondoen mendian, autobusetan ez ezik beste nonbait ere ikusi genuen Euskal Herria. Elizak, zerura ez dakit, baina mundura eraman izan gaitu batzuetan, eta Aita Gurea euskaraz idatzia dago Jesus gurutziltzatu zuten lekutik hurbil. Egunero milaka begi pasatzen dira hitz horien aurretik, euskararekin batera beste 147 hizkuntzatan baitago emana, baina euskarazkoa da zaharrenetakoa, XIX. mende bukaeran jarri zuten lehen hogeita hamabi Aita Gureen artean.

erantzunak (3) guztia irakurri
10. eguna

Marwan Barghouti

Egilea: Amets Arzallus

Barghouti

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Inoiz harrizko eskuak izan dituenari esku burdinak lotzen zaizkio. Eta burdinen esku erortzen denak harrizkoak ditu hankak. Ezin alde egin. Horregatik azailtzen zaio harrizko begirada bat, horregatik masailtzen zaio harrizko azala, harrizkoa egin arte norbera. Denborak egonarriari trintxaz eta zizelez ateratako irudia. Presoa. Hala da Palestinan, eta hala da Euskal Herrian ere.

guztia irakurri
9. eguna

Kafe mingotsa

Egilea: Amets Arzallus

Aireportuan

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Nolako plazera den hogei egunean galderak egin eta egin ibili eta gero norbaitek elkarrizketa zuri egitea. Israeleko poliziari eta zerbitzu sekretuei gure eskerrik beroenak eman nahi genizkieke, Ionek, Txominek, eta nik. Bizitzan ez nintzen sekula Tel Aviveko aireportuan bezain garrantzitsua sentitu. Hogei lagun jarri ziren guretzat lanean. Bizpahiru gutako bakoitzari, aparte, galderak egiten, -eta kutxazainetan bezala hizkuntza hautatzeko aukera-, eta beste hamahiru apostolu nik behingoagatik halako egoki egina neukan maleta gurpilez gora jartzen.

erantzunak (4) guztia irakurri
8. eguna

Palestinako bertsolariak

Egilea: Amets Arzallus

Jenin

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Kosta zitzaigun ederki Jenineraino iristea, baina asko kostatakoa hobea izaten dela esan zuenak arrazoi berriz ere. Hiru bertsolarirekin egin genuen topo, beraiek esaten duten bezala hiru poeta herrikoirekin, eta profesionalak ziren hiruak, ehun bat plaza egiten dituzte urtean. Ezkontzetan aritzen dira maizenik, ekitaldi politikoetan ere bai inoiz. Ia beti, binaka, eta a capella. Erakustaldi txiki bat egin ziguten, eta arabieraz ez dakizkit hitz asko (a eta la, baietz eta ezetz esateko, yalla, goazen esateko, inshala, jainkoak nahi badu… ia bertsoa osatzeko moduan), baina inprobisatzen ari zirela igartzeko beste bai, keinukeran antzematen da.

guztia irakurri
7. eguna

Tarek

Egilea: Amets Arzallus

Tarek

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ez dakit Tarek txikia eskolara joaten ote zen, baina nik martirien hilerrian aurkitu nuen goiz argitan. "Begira, hau nire anaia da" esan zidan hil harri bat seinalatuz, "hemengo hau?" erantzun nion, "bai, hau, baina ez dago hemen, nire anaia paradisuan dago betiko". "...", hitz-ikara bat sentitu nuen lehenik, eta irribarrez marraztu zitzaidan harridura gero, ez nuen sekula entzun hain mutiko txikirik heriotzaz hala hizketan. Albora gerturatu zitzaidan, ordea, eta gezia baino zorrotzago sartu zidan galdera ikurra belarrira: "aizu, baina zenbat denbora da betiko?"

guztia irakurri
6. eguna

Surrealismoa

Egilea: Amets Arzallus

Tel Aviv

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Badira munduan existitzen ez diren pertsonak ere. Eta ez Ipar Poloko azken izotz puskaren azpian, ezta Amazoniako basoaren zokorik zokoenean ere, Tel Aviveko itsas ertz ederreko banku baten gainean baizik. Aita bat, ama bat, eta hogeita bat urteko semea. Ez dira pasaporterik gabe bizitzea erabaki zuten anarkistak, pasaportea, beren izen argazki eta zenbaki, kendu egin zieten, eta existentziatik kanporatuak gelditu ziren betiko. Hamar pausora dagoen enbaxada amerikarreko kamara bat hogeita lau orduan dago horiei begira, baina inondik ere gaizki enfokatua egon behar du. Ez dakit nola ikusi genituen guk.

guztia irakurri
5. eguna

Yanni

Egilea: Amets Arzallus

Jawad Ibrahim

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Esan nahia askok izaten dute, eta totelaldiak denek. Hizkuntza bakoitzak izaten ditu, ordea, totel une horiek gainditzeko bere tresnak. Frantsesek "eeeeeee" luze bat dute, niri "bueno" ateratzen zait sarri-sarri, eta palestinarrei berriz "yanni". Ez da nonbait edukazio onekoa isilean pentsatzea, eta segunduko tarte hori bete egin behar hitzez. Hala, nekez entzungo diezu palestinarrei "yanni" tik abiatu gabeko esaldirik, eta nik uste dut, isildutako herri baten oiartzun txiki bat dela, palestinarren esan ezin guztien ama, "yanni" horixe baita, esan nahi dut.

erantzunak (1) guztia irakurri
4. eguna

Al Quds

Egilea: Amets Arzallus

Al Quds

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bolivia ez dago Israeletik oso urrun. Kolonoak kolonizatzaileengandik bezala. La Paz jarri zioten batzuk izena hiriari, eta besteek Jerusalem, bakearen hiria hebraieraz. Aitortu beharra dago izen asmatzailea oso ironia fineko jendea izan dela beti. Baina ironi hitzak inori bezala, badute Boliviak eta Jerusalemek ere beren infrentzua. Bata bi hiriburuko herrialdea da, Sucre eta La Paz ditu, eta bestea bi herrialdetako hiriburua, Palestinak eta Israelek dute.

guztia irakurri
3. eguna

Nabulus

Egilea: Amets Arzallus

Nabulus

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Nabulus izena sugeari kendutako hortzetik omen dator ; sionistek "terrorismoaren sehaska" esaten diote, eta gauero etortzen dira sugeari letagin berriak erauztera. Orain hurrena bederatzi garbitu zituzten. Bart gauean ere sartu dira, hamabiak jo dutenean, eta gure begien aurretik pasatzen ikusi ditugu, harro, sei karro, anbulantziaren egoitza azpitik. Auzo oso bat esnatu dute tiroka. Danbada handi batzuk entzuten ziren hasieran, eta tartean-tartean haizeari ere pultsu egin ezin zioten tirotxo batzuk. Ez dago esan beharrik zein aldetatik zetorren bakoitza. "Baina zertara sartzen dira gauero Nabulusera?" galdetzen badu norbaitek, euskarak egoki asko erantzungo dio: miaka ibiltzen dira, ba ote dabilen inor.

erantzunak (3) guztia irakurri
2. eguna

Telefono arabiarra

Egilea: Amets Arzallus

Yassir

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bala galdu batek beti aurkitzen du bere bidea. Beti aurkitzen du norbait, bidean, bala galdu batek. Norbait galdu zen bala baten bidean. Beit Jallan aurkitu dugu. Ez du hitzik egiten, begi keinuren bat tartean behin. Taxi gidaria zen Nabulusen, eta orain, aulki gurpildunean dabil besteek gidatuta. Yassir du izena, eta apenas nik baino urte bete gehiago duen. Soldadu israeldar baten tiroak harrapatu zuen, orain urte bete, kasualitatez, buruan.

erantzunak (3) guztia irakurri
1. eguna

Zilbor korapiloa

Egilea: Amets Arzallus

Jerusalem

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Jerusalem izan zen, urte askoan, munduaren zilborra, zentroa, ustekoa. Eta oraindik hala da fededun askorentzat. Monoteista nagusiak Jerusalemera loturik gelditu dira betiko; juduak beren pareta sakratura itsatsiak, mahometarrak Arrokaren Domoaren bueltan zorabiatuak, eta kristauak Jesukristo iltzatu zuten gurutzera josiak. Sinesmen denek elkar jotzen dute hemen, eta adokin hauen artean ibiltzea polita da ateoarentzat ere, denboraren eta espazioaren espiraletan zapping bat egitea bezalakoa baita.

erantzunak (1) guztia irakurri


© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan