Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Tarek

Tarek

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ez dakit Tarek txikia eskolara joaten ote zen, baina nik martirien hilerrian aurkitu nuen goiz argitan. "Begira, hau nire anaia da" esan zidan hil harri bat seinalatuz, "hemengo hau?" erantzun nion, "bai, hau, baina ez dago hemen, nire anaia paradisuan dago betiko". "...", hitz-ikara bat sentitu nuen lehenik, eta irribarrez marraztu zitzaidan harridura gero, ez nuen sekula entzun hain mutiko txikirik heriotzaz hala hizketan. Albora gerturatu zitzaidan, ordea, eta gezia baino zorrotzago sartu zidan galdera ikurra belarrira: "aizu, baina zenbat denbora da betiko?"

Bi ametsekin lotaratzen nintzen ni mutikotan: bata, biharamunean ikastolara joateko jaiki beharrik ez izatea, eta bestea, ni hil aurretik, arren, medikuren batek asma zezala bizitza eternala emango zigun pastilla. Heriotzari beldurra nion. Baina hamabi urte eta erdirekin, ikara denak uxatu nituen, jabetu bainintzen hildakoek ez dutela biharamunean ikastolara joateko jaiki beharrik izaten.

 

Ez dakit Tarek txikia eskolara joaten ote zen, baina nik martirien hilerrian aurkitu nuen goiz argitan. "Begira, hau nire anaia da" esan zidan hil harri bat seinalatuz, "hemengo hau?" erantzun nion, "bai, hau, baina ez dago hemen, nire anaia paradisuan dago betiko". "…", hitz-ikara bat sentitu nuen lehenik, eta irribarrez marraztu zitzaidan harridura gero, ez nuen sekula entzun hain mutiko txikirik heriotzaz hala hizketan. Albora gerturatu zitzaidan, ordea, eta gezia baino zorrotzago sartu zidan galdera ikurra belarrira: “aizu, baina zenbat denbora da betiko?”.

 

Osaba batek eman zidan niri erantzuna, aspaldi. Apaiz batek nola sartzen zien hezurretarainoko beldurra Arantzazun, mutil kozkorrak zirela: "txingurri bat, poliki-poliki, mundua alderik alde zeharkatzera abiatuko da. Ibili eta ibili, buelta osoa emango dio munduari, behin, bi aldiz, hiru aldiz, lautan, bostetan, eta buelta eta buelta, bere oinekin lurra urratzen hasiko da azkenean. Eta urratu eta urratu, erretena gero eta sakonago, egun batean bi zati egingo du mundua. Eta bekatariak oraindik infernuko garretan segituko du erretzen".

 

Baina ezin nion Tareki infernuarekin azaldu zeruko denbora, eta are gutxiago, hirurogei urte lehenago, 1948an, artean bera jaio gabea zela, txingurri batek egun bakarrean zatitu baldin bazien mundua. Beste metafora bat asmatu beharra nuen mutikoari eternitatea marrazteko. Eta ideiak noraezean zebilzkidala, zeri heldu jakin gabe, harri bat jaurti zuen norbaitek nire irudimenera. Harria! Of course, horixe zen behar nuena!

 

Lur bakoitzak jakiten omen du berekin biziko denak zer beharko duen, eta palestinarrei harria eman zien lurrak oparo, opari. Bazekien egun batean edo bestean hari probetxua ateratzen asmatuko zutela. Eta nik, Tareki erantzuteko erabili nuen: “Ikusten duzu harri hau? –esku artean hartua erakutsi nion-. Ba begira iezaiozu paisaia eder honi, begiak harririk harri joan litezke, jauzika, zerumugara jo arte, eta segituko lukete aurrera harri berriak bilatuz, bista ez balitz galduko. Palestinako lurra harrizkoa da, eta zenbakirik luzeenak ere ez daki hemen zenbat harri dauden. Babiloniako matematikaririk onenak ere ez omen ziren kontua ateratzeko gai izan". "Eta zer zerikusi du horrek betikotasunarekin?" azkar jakin nahi zuen mutikoak. "Eseri hil harriaren gainean, eta azalduko dizut: pentsa ezazu ni nagoen leku honetara Mahoma etorri dela, eta bi eskuak hartu dizkizula, suabe-suabe, eta galdera bat luzatu dizula: "Tarek, ba al dakizu zenbat harri dauden Palestinako lur osoan?" Eta zuk baietz, jakina, harrizko herria dela zurea. “Bai Tarek, hala da, eta entzun, -segitu du profetak-. Ni zahartua nago jada, eta ezin ditut harriak bizkarrean hartu. Baina zu gaztetxoa zara, eta misio bat jarriko dizut: Palestina osoan dauden harriak karraiatu behar dituzu, hasi Golango gainetik eta Gazako puntara arte. Harri guztiengana iritsi behar duzu…" "Ez dira harriak niregana etorriko?" mutiko abila zu, Mahomak ere irri egin dizu. "Ez Tarek, zuk joan behar duzu harriengana, eta bakoitzarengana heltzean, Mekara begira otoitz egin, eta bizkarrean hartu behar duzu. Eta oinez Jerusalemeraino eraman. Baina ez du balio aldian harri bat baino gehiago karraiatzeak. Harri bakarra hartu behar duzu bidaia bakoitzeko, eta banaka-banaka, hiri zaharreraino eraman, eta han, soldadu baten zango aurrean pausatu, ezer esan gabe. Eta horrela bat, eta bi, eta hiru, eta lau, eta Palestina osoko harriak, banan-banan, hiri zaharrera karraiatu arte. Eta denak eramanak izango dituzunean, etorri zaitez atzera niregana, zure zain izango naiz".

 

Ordu betean egon zen Tarek, hil harriaren gainean, burua makurtuta, pentsakor. Nire azalpenarekin lo gelditu ote zen ere pentsatu nuen, eta ile kizkurrak goxo laztanduz, ahots apalez galdetu nion, esna ote zegoen jakite aldera: "zer, henezkero eramango zenuen bat ez?" Ametsetatik atera gabe erantzun zidan, "itxaron pixka bat, oraindik lehenengo check pointean nago".


*

Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan