Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Kafe mingotsa

Aireportuan

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Nolako plazera den hogei egunean galderak egin eta egin ibili eta gero norbaitek elkarrizketa zuri egitea. Israeleko poliziari eta zerbitzu sekretuei gure eskerrik beroenak eman nahi genizkieke, Ionek, Txominek, eta nik. Bizitzan ez nintzen sekula Tel Aviveko aireportuan bezain garrantzitsua sentitu. Hogei lagun jarri ziren guretzat lanean. Bizpahiru gutako bakoitzari, aparte, galderak egiten, -eta kutxazainetan bezala hizkuntza hautatzeko aukera-, eta beste hamahiru apostolu nik behingoagatik halako egoki egina neukan maleta gurpilez gora jartzen.

Nolako plazera den hogei egunean galderak egin eta egin ibili eta gero norbaitek elkarrizketa zuri egitea. Israeleko poliziari eta zerbitzu sekretuei gure eskerrik beroenak eman nahi genizkieke, Ionek, Txominek, eta nik. Bizitzan ez nintzen sekula Tel Aviveko aireportuan bezain garrantzitsua sentitu. Hogei lagun jarri ziren guretzat lanean. Bizpahiru gutako bakoitzari, aparte, galderak egiten, -eta kutxazainetan bezala hizkuntza hautatzeko aukera-, eta beste hamahiru apostolu nik behingoagatik halako egoki egina neukan maleta gurpilez gora jartzen.

 

Ordu eta erdi luze bat pasa zuten gure barrunbeetan zoko miaka, "gure izatearen arrastoen bila". "Non ibili zara? Zertan? Norekin?", inklinazio guztietako galdera ikurrak jarri zizkidan aurrean, behin eta berriz, eta amari ere esaten ez dizkiogunak hari asmatu behar. Aitor dezadan bide batez sekulako frustrazioa hartu nuela, jabetu bainintzen Mossadek ez duela gure bloga irakurtzen, ez zukeen bestela hainbeste galdera egin beharrik izango. Azkenean, gure hitzekin konforme ez, eta ibilitako bidea arakatzeko oinetakoak eraman zizkiguten. Ergelak, ez dakite oraindik oinek bidean uzten dituztela aztarnak, eta ez bideak oinetan.

 

Beste ordu bete bat pasa nuen gela batean, itxirik, zain. Hainbeste kaskamotzen artean burutsuren bat tokatzea ere hain harrigarri ez, eta kaferik nahi nuen galdezka azaldu zitzaidan bat. Ezetz nik. Baina hura ohitua bi aldiz galdera bera luzatzen, ea nahi nuen kaferik, ezetz ba gizona. Bitartean nire galtza galtzerdi galtzontziloei filtroak pasatzen ari zitzaizkien. Hirugarrenez ere bai, kaferik nahi nuenentz, ez nekien nik Israelekoak hainbeste fama zuenik. Eta kolpetik, maletan aurkitu zidaten Darwish poetaren liburua, eta hosto artean bila zebiltzala, poetaren kafearen lezioaz oroitu nintzen: "Kafeak, nik bezain ongi ezagutzen duen batentzat, norbere eskuz prestatua behar du. Kafea ez da beste inork zuri ekartzeko egina, kafea ez da bandeja batean ekartzeko. Bandeja dakarrenak hitzak ekartzen baititu, eta hitzek zikintzen dute lehendabiziko kafea. Kafea egunsenti isiletako ama birjina da"

 

Baina nik, gela ilun hartan, polizia kafezalea beharrean kafe makina txiki bat aurkitu izan banu, poltsikoan nituen txanpon guztiak oparituko nizkion nirekin hizketan hastearren.


*

Erantzunak

Ikusten da bai, poliziak alde guztietan antzekoak direla. Denbora horretan guztian izandako burutapen eta sentipenak kontatzea polita izango litzateke. Zorionak eman nahi dizkizuet zeuen lanagatik. Txominek argazki ederrak ateratzen ditu eta zuk hitzekin ederragotzen duzu. Ez naiz sekula inguru horietan ibili baina zuen lanarekin han nagoela iruditzen zait, zuekin batera. Bada etxetik mugitu gabe lekuak ezagutzerik. ZORIONAK!

maitane 2007-05-14 11:35:13

\"Bada etxetik mugitu gabe lekuak ezagutzerik\" esaldia dudan ezarri nahi nuke Maitane. Munduko gune horrek daukan surmediatizazioak eragindako kuriositatearengatik gehienbat, Palestinara joateko gogoa aspalditik neukan. Haien interesetako, gure edo beste konfliktuen deskribapen edo begirada desformatu bat zabaldu eta saltzea leporatzen diegu euskaldunok usutan komunikabide batzuei. Hilabete bat Txomin eta Amets artista horiekin itzultzaile gixa pasa eta, bi ondorio nagusi atera nahi nitzake. Lehena palestinarrek bizi dutena, nahiz eta haien aldeko aurre iritzia izan, uste baino okerragoa dela eta horrekin batera komunikabideei egindako kritika justifikatu nezake zentzu batean. Baina ez naiz orain hasiko Argian agertuko diren erreportaiek besteek erakutsi nahi ez duten egia erakutsiko dutela esaten, \"sinesten\" ditugun komunikabideek ere haien subjetibotasuna baitaukate. Han aztertu daitezken gaiak asko eta asko dira, blog batean edo argiaren atal bakoitzak daukan orri kopurua baino askoz ugariagoak. Han bildutako informazio guzti horretatik egindako aukeraketa eta murrizketek bortxaz informazio galtzea eragiten dute. Bestalde eskaera eta eskaintzaren legearengatik euskal irakurleei aldizkaria erosteko gogoa eman behar diete argiako langileek ere. Bigarren ondorio horrek nire lehen kritika dudan jarri arazi dit, azken finean uste baitut komunikabideen subjetibotasun politiko/ideologikoaren arazoa izango bada ere, gehienik irakurleori interesatzen zaigunan datzala arazoa. Jerusalem edo Al Quds en bizi den taxi palestinar batek daukan biziari buruzko erreportaia baino askoz gusturago erosiko nituzke zartatu aintzin martiri batek izan ditzaken ausnarketa edo buruzagi politiko handi bati egindako elkarrizketak (eta zer esan israelen autobusa hartzeko beldurrez dagoen amona baten bizipenei buruz ?) Informazio moldaketa prozesu horrengatik, ez dut uste etxetik mugitu gabe lekuak ezagutzerik daudenik, desberdinki ikusi eta sentitzen baita afera bertatik. Ahalik eta lanik hoberena egitea entseatu dira Amets eta Txomin artistak, etengabe aritu dira gau nahiz egunez lanean, euskal herriari ahalik eta hobekien palestinatik sentitutakoak deskribatzeko. Benetan zoriontzekoak dira artista horiek, baita lan hori bultzatu eta lagundu duten Argiako langile guztiak. Baina tamalez haien lanak ezin du leku hori ezagutu arazi nire ustez. Palestina ezagutzeko gogoa edo kuriositatea eman dezakela ziur nago ordea ! Palestinar gehienek ezin dute arazo ekonomiko eta politikoengatik mundua ikustera atera, baina guk ordea badaukagu hara joateko aukera. Gurasoek zerbaiten faltan den molekula baten partea eman zidaten izen gixa, elektroi gehiegi edo guttiegi duen atomoa baita Ion edo Ioi a. Palestinarrek izugarrizko aberastasuna ekarri didate eta han bizitako interakzio guztiek beste ioi a bilakatu naute. Baina honera itzultzean, han utzitako elektroi batzuek hara itzultzeko gogo edo atrakzioa utzi didate, hara joan diren eta ezagutu ditudan beste euskaldun guztiei bezala. Beraz ez dago dudarik, ahal izan ezkero behintzat hobe da etxetik mugitzea. Ea hurrengoan bertan topatzen garen Maitane !

Osaturik gabeko molekula 2007-05-15 12:13:03

Arrazoia daukazu Ion, baina besterik ez dagoenean...kontakizun hauek irakurtzearekin konformatu behar. Ia ba Palestinan edo munduko beste baztarren batean topo egiten dugun. Ongi izan!

maitane 2007-05-18 15:03:27

Guri galdeketa ta goitik beheitiko miaketa Madrilgo aireportuan egin ziguten mossadekoek (93an joan ginen, brigadakide); itzuleran, Tel Aviven, zorte hobea izan genuen eta axaleko lauzpabost galderekin konformatu ziren. Halere, galdeketa horiek ez daitezela inorentzat Palestinara (1948ko zein 1967ko lurraldeetara) joateko oztopoa izan, ezta inor atzera botatzeko aitxakia izan ere. Eta Libanon, Sirian, Jordanian, Egipton, Iraken... badire ere Palestinarekin (Palestinara eta beren itxebizitza eta lurretara itzultzearekin) amets egiten duten milaka errefuxiatu. Palestinako nahiz erbesteko errefuxiatu guneetara joatea merezi du, ta jasotakoa guk emandakoa baino gehiago da beti. Animo!

xaun 2007-05-28 23:03:08

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan