Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Marwan Barghouti

Barghouti

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Inoiz harrizko eskuak izan dituenari esku burdinak lotzen zaizkio. Eta burdinen esku erortzen denak harrizkoak ditu hankak. Ezin alde egin. Horregatik azailtzen zaio harrizko begirada bat, horregatik masailtzen zaio harrizko azala, harrizkoa egin arte norbera. Denborak egonarriari trintxaz eta zizelez ateratako irudia. Presoa. Hala da Palestinan, eta hala da Euskal Herrian ere.

Inoiz harrizko eskuak izan dituenari esku burdinak lotzen zaizkio. Eta burdinen esku erortzen denak harrizkoak ditu hankak. Ezin alde egin. Horregatik azailtzen zaio harrizko begirada bat, horregatik masailtzen zaio harrizko azala, harrizkoa egin arte norbera. Denborak egonarriari trintxaz eta zizelez ateratako irudia. Presoa. Hala da Palestinan, eta hala da Euskal Herrian ere.

 

Koldo Tapia ere erori zen burdin artean gaztea zela, eta aita, askotan ez, baina joan zitzaion behin edo beste bisitan. Zahato bat eraman zion batean, egunak arinago joan zitezen. Denboraldi bat pasa eta kartzelako atea zabaldu ziotenean bere kasa itzuli zen Zizurkila Martutenetik. Zizurkil behean aitarekin topo, eta elkarri besarkada bat emanda, abiatu ziren biak gora, oinez. Hitz askorik ez omen zitzaien erori bidean, baina galdera bat bai zorrotza: "ekarri al duk zahatoa?", "ez aita, han utzi dut, lagunei utzi diet". Eta aitaren sententzia: "ez dut gaizki egin ez, berriz ere laster joan beharko duk eta!"

 

Koldoren aitak jakingo zuen hor zain egotea zer zen, bai bizitzan, eta baita futbolean ere. Futbolean, jokoz kanpo egoteari esaten baitzioten euskaldun zaharrek "hor zain", ingelesezko "off side" egoki euskaratuta. Pentsatzen egon naiz neure kasa Marwan Barghouti Al Fatahko burukide presoaren izena entzun ezkero nola esango ote luketen gure aiton-amonek. Barruan Barghouti esango liokete agian berari, preso dagoela ere zehaztu beharrik ez izateko. Eta non dagoen galdetuz gero, Askhelon kartzelari laster jarriko liokete izen berria: Marwan Barruti. Eta bat edo batek izen eta abizenak biak euskaratzen baditu, nekez bila daiteke hitz pare aproposagorik Marwan ia arnasik gabe daukaten isolamendu ziega gogorra izendatzeko: Barruan Barruti.

 

Yasser Arafat hil zenetik uztarrira ezin bildurik dabiltza palestinarrak. Mahmoud Abbas (Abu Mazen) ez dute oso maitea itzaitzat, eta Haniyehren fedean denek ez dute sinesten. Gaza sutan dauka elkar ikusi ezinak. Etsipen puntu batek jota, asko sumatu ditut Marwan Barghouti kalera ateratzeko zain berriz ere palestinarren familia osatzeko. Maite du jendeak, baina Israelgo justiziak ere bai, eta bost bizitza osoko zigor jarri zizkioten 2002an. Nire ustez, holako kasuetan, hiru laurdenen legea aldrebes betearazi, eta lehenengo bizitzan libre bizi beharko luke batek. Hurrengo bizitzetan beteko ditu kondenaren hiru laurdenak, eta gehiago ere bai inork nahi badu.

 

Baina nik, Ramallahn nenbilela, harrian margotua ikusi nuen Marwan, esku burdinak gora altxata. Palestinarren nahia hala delako, espero dut, berandu baino lehen, pareta harritik askatuko dela, lehenik esku bat, tiiiiiiiraka, gero zango bat, gero beste bat… eta margoko esku burdinak ere hautsita korrika etorriko dela herrira. Baina etorri, lehen ere etorri izan baita behin baino gehiagotan harrizko mundutik bueltan, etorri dadila oraingoan, kartzelan zahatorik ahaztu gabe.


*

Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan