Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Al Quds

Al Quds

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bolivia ez dago Israeletik oso urrun. Kolonoak kolonizatzaileengandik bezala. La Paz jarri zioten batzuk izena hiriari, eta besteek Jerusalem, bakearen hiria hebraieraz. Aitortu beharra dago izen asmatzailea oso ironia fineko jendea izan dela beti. Baina ironi hitzak inori bezala, badute Boliviak eta Jerusalemek ere beren infrentzua. Bata bi hiriburuko herrialdea da, Sucre eta La Paz ditu, eta bestea bi herrialdetako hiriburua, Palestinak eta Israelek dute.

Bolivia ez dago Israeletik oso urrun. Kolonoak kolonizatzaileengandik bezala. La Paz jarri zioten batzuk izena hiriari, eta besteek Jerusalem, bakearen hiria hebraieraz. Aitortu beharra dago izen asmatzailea oso ironia fineko jendea izan dela beti. Baina ironi hitzak inori bezala, badute Boliviak eta Jerusalemek ere beren infrentzua. Bata bi hiriburuko herrialdea da, Sucre eta La Paz ditu, eta bestea bi herrialdetako hiriburua, Palestinak eta Israelek dute.

 

La Pazetik Sucrera hegaldi batean joan ginen, eta Jerusalemetik Al Qudsera salto batean pasatzen gara. Al Quds da, Jerusalem arabieraz, eta ez zekitenentzat barkatu lehenago esan ez izana, Jerusalem da, Al Quds, hebraieraz. Baina batetik besterako saltotxoak ez du bost hizki lekuz aldatzeko astirik uzten.

 

Jolas bat proposatuko nuke: irakurlea autobus batera igo eta hirian promenatu tarteka geldialdiak eginez. Geltoki bakoitzean asmatu beharko luke noiz dagoen Al Qudsen, Palestinan, eta noiz Jerusalemen, Israelen. Zin dagizuet, inoiz hiria ikusi ez duenak ere asmatuko lukeela. Baita ikusten ez duenak ere; ipurtezurrean autobuseko aulki gogorra kolpeka sentitzea Al Qudseko asfaltoaren ongietorria da. Eta kale ertzean pilatutako zaborraren usaina sudur zuloetatik sartzea Al Qudsen kosmetika berezia. Eta haurrak hamaika baino ugariagoko multzoan jolasean dabiltzala baloia bidera erori eta autobusak bere arrastoa errepidean uztea ere Al Qudseko marka. Harrigarria da txofer berdinak ere zein ezberdin gidatzen duen mugaz alde bietan. Baina azkenengo proba irakurleari: autobusean, zure aurrean, armatutako bi gazte doaz, fusil bana eskuetan. Aurrerago doan gizon batek pistola bat darama begien bistan ezkutatua, atzeko poltsikoan. Autobusa armatua doa. Non zaude? Agian, ez zenuen zalantzarik egingo, baina agian, oker egongo zara. Jerusalemen zaude, segurtasunak beldurra ematen duen herrian. Al Qudsen ez da polborarik usaintzen.

 

“Hanka bat zeukan Vitorian ta bestia berriz Londresen”, ez nuen uste posible zenik Txirritarena. Baina Lazkao Txikik ere posible zuen. Hemen, posible da oin bereko orpoa herri batean izatea eta behatzak bestean; lerro berde zaharra zapaltzen ari zara. Baina ez dira herri bat eta bi, hemen bi mundu ikusten dira alde banatako espaloitik elkarri begira. Alde batean Europa dago, mesfidati, begiak pausoari segika, eta bestean Hego Amerika, libre, pausoak begiari segika. Hemen bi pausoan zeharkatzen da Atlantikoa. Eta orain hobeto ulertzen dut nola ibili zen jainkoa ur gainean oinez.


*

Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan