Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Telefono arabiarra

Yassir

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bala galdu batek beti aurkitzen du bere bidea. Beti aurkitzen du norbait, bidean, bala galdu batek. Norbait galdu zen bala baten bidean. Beit Jallan aurkitu dugu. Ez du hitzik egiten, begi keinuren bat tartean behin. Taxi gidaria zen Nabulusen, eta orain, aulki gurpildunean dabil besteek gidatuta. Yassir du izena, eta apenas nik baino urte bete gehiago duen. Soldadu israeldar baten tiroak harrapatu zuen, orain urte bete, kasualitatez, buruan.

Bala galdu batek beti aurkitzen du bere bidea. Beti aurkitzen du norbait, bidean, bala galdu batek. Norbait galdu zen bala baten bidean.

 

Beit Jallan aurkitu dugu. Ez du hitzik egiten, begi keinuren bat tartean behin. Taxi gidaria zen Nabulusen, eta orain, aulki gurpildunean dabil besteek gidatuta. Yassir du izena, eta apenas nik baino urte bete gehiago duen. Soldadu israeldar baten tiroak harrapatu zuen, orain urte bete, kasualitatez, buruan.

 

Elkarrizketa egitea proposatu genion, eta ez zuen ezezkorik eman. Baiezkorik ere ez zezakeen. Baina lehengusua zuen ondoan, eta hura ados, dena kontatzeko, arabieraz. Sendagileak egin zigun arabieratik ingeleserako bidea. Eta Ion itzultzaile laguna nuen ondoan ingelesetik euskarara ekartzeko hitza. Nik galdera bat egiten nuen, eta galdera ikurrak itzuli osoa ematen zuen Yassirren begietara iritsi arte. Honek keinu batez bueltan bidali, eta han ikusten nuen nola zetorkidan bueltaka-bueltaka, askotan, esklamazio ikur bihurtuta. Ramonetekin oroitu nintzen, kazetari izatea kateko lan bat bihurtua dela. Guk kate luzea osatu genuen Beit Jallako ospitalean: ni-Ion-sendagilea-lehengusua-Yassir, Yassir-lehengusua-sendagilea-Ion-ni. Marka jarriko genuela pentsatzen dut, eta bide batez Palestinako langabezia izugarriaren arazoari soluzio bide bat aurkitu, bost pertsona behar izan baikinen hitz egiten ez duen bati elkarrizketa egiteko.

 

Galdera erantzunak korroan zebiltzan artean txikitako jolas bat etorri zitzaidan burura: telefono arabiarra. Hala esaten genion guk. Borobilean eseritzen ginen lagun guztiak, eta batek esaldi bat pausatzen zuen aldamenekoaren belarrian. Honek esaldi bera bere ondokoari luzatzen zion hitzen bat aldatuta. Eta honek hurrengoari, eta hurrengoak hurrengokoari, aldi oro zerbait aldatuz, segi eta segi, esaldiak itzuli osoa eman arte. Azkenekoarengana iristen zenean, azkeneko horrek hasierako esaldi orijinala zein izan ote zen asmatu behar zuen. Nire jolasik gustukoenetakoa zen. Eta Yassirri elkarrizketa egin eta gero, itzulpen perfektuetan sineskaitz, horixe pentsatu nuen, inork ez duela jakiten txikitako jolasak gero zenbateraino balioko dioten.


*

Erantzunak

Lan ederra biona, bai horixe! Portzierto, galdutako balak direla eta, honetaz gogoratu naiz: It’s not the bullet with my name on it that worries me. It’s the one that says “To whom it may concern.” Belfasteko biztanle bat Besarkada bat biontzat

Zuru 2007-05-03 14:44:03

jolasak jolas, hitzak hitz, begiradaren bakarrisketan izaten da beti erantzun egokia. Zorionak bioi elkarrizketa perfektua lortu duzue, hark begiez hitz, lehengusuak maitasun punttua erantzi, medikuak txertaketa teknikoa, ionek euskararen kuttuna, ta zuk hitzen laztana. Hortxe baturik, nirbere egia, ingurukoen mina, medikuaren objetibotasuna, ionen interpretazioa, zure narrazioa.

irati 2007-05-03 22:10:01

Gu ere aritzen ginen joku horretan umetan. Eta instituan ere bai behin, klase ordu batean, irakasleak hala nahita. Guk, ordea, esaldi bera hasieratik amaierara helaraztea genuen helburu. Behin bakarrik errepika zitekeen eta amaierara iristean itxuragabeko gauzak entzuten genituen. Batzuetan ez zuen zerikusirik esaldi orijinalarekin. Espero dut hori ez zitzaizuela gertatuko! Testuaren hasierako esaldia asko gustatu zait. Hitz joko polita. Maialenek BECeko finalean Iturriagarekin ofiziotan kantuan ari zela botatako bertsoaren hasiera gogorarazi dit.

maitane 2007-05-04 20:19:46

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan