Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Zilbor korapiloa

Jerusalem

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Jerusalem izan zen, urte askoan, munduaren zilborra, zentroa, ustekoa. Eta oraindik hala da fededun askorentzat. Monoteista nagusiak Jerusalemera loturik gelditu dira betiko; juduak beren pareta sakratura itsatsiak, mahometarrak Arrokaren Domoaren bueltan zorabiatuak, eta kristauak Jesukristo iltzatu zuten gurutzera josiak. Sinesmen denek elkar jotzen dute hemen, eta adokin hauen artean ibiltzea polita da ateoarentzat ere, denboraren eta espazioaren espiraletan zapping bat egitea bezalakoa baita.

Aitonak esaten zidan, eta arrantza-ontzietan ibili denak zerbait badaki, munduan askatu ezin den korapilo bakarra zilborra dela. Inoiz, lokarriak zuzendu ezinik, oinetakoetako kiztua otxentaiotxo eginda eramaten banion, "hau dek hau txilbor-koapillua!" haserretuko zitzaidan. Baina askatuko zuen hala ere. Hatzik latzenak ere badaki zirrikitua bilatzen.

 

"Txilborretik haizia sartzen zaik!" jotzen zidan adarra maiz, eta ni, inozentea, kamisetari gora eragin, eta zilborrari beha. Denborarekin aurkitu nion hitzen korapilo hari askabidea, eta ulertu nuen umilago ibili behar nuela. Egoaren gailurra da zilborra. Amarenetik askatu ginen, eta oharkabean, gurera lotuak utzi gintuzten betiko.

 

Jerusalem izan zen, urte askoan, munduaren zilborra, zentroa, ustekoa. Eta oraindik hala da fededun askorentzat. Monoteista nagusiak Jerusalemera loturik gelditu dira betiko; juduak beren pareta sakratura itsatsiak, mahometarrak Arrokaren Domoaren bueltan zorabiatuak, eta kristauak Jesukristo iltzatu zuten gurutzera josiak. Sinesmen denek elkar jotzen dute hemen, eta adokin hauen artean ibiltzea polita da ateoarentzat ere, denboraren eta espazioaren espiraletan zapping bat egitea bezalakoa baita.

 

Koadro bat da Jerusalemgo hiri zaharra. Pintzel guztiak pasa ziren hemendik: nola egipziarrak hala babiloniarrak, hala erromatarrak nola musulmanak, otomaniarrak berdin, eta baita azterketa egunean ahaztu zitzaizkidan beste mordo bat ere. Baina hona inor ez zen tinta gorria etxean ahaztuta etorri, eta denek utzi zuten beren arrastoa geroko. Orain, koadroaren gainean dabilenak zangoz, laster sartuko du ez dagokion lekuren batean hanka: beltzez jantzitako armeniarren artean agian, beren bizarraren karraio dabiltzan judu ultraortodoxoekin bestela, zapiz estalitako emakume musulmanei kasu eginez menturaz. Azken aukera kolore guztietako sotanaz jantzita dabiltzan kristauekin du, jainkoak dakiela nongoa den bakoitza.

 

Kapelua, zapia, edo sotana, hemen, inork ez darama zilborrik agerian, eta esango nuke nik, haizerik ez sartzeko baino, haizeak ez alde egiteko dela. Eta horien artean ibili gara gu hasieran, ez noa esatera nola jantzita, bestela aitonak akabatuko nau zerutik. Baina akabatu aurretik azken hitza uzten baldin badit, esango diot aitonari, Mahoma zerura igo zen lekuan, jaisteko lurrera -joateko bidea egina badago etortzekoa ere egongo da noski-. Ba etor dadila aitona ikustera Jerusalemgo hiri zaharra, hauxe baita, nire begietara, zilborrari egindako koadroa.


*

Erantzunak

Gaur arte ez dut Jerusalemnetik igorritako idatzi hain goxo, xume baina borobilik irakurri. Aupa hi ta hire aitona !!!!!

leire 2007-06-15 10:22:14

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan