Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Palestinako bertsolariak

Jenin

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Kosta zitzaigun ederki Jenineraino iristea, baina asko kostatakoa hobea izaten dela esan zuenak arrazoi berriz ere. Hiru bertsolarirekin egin genuen topo, beraiek esaten duten bezala hiru poeta herrikoirekin, eta profesionalak ziren hiruak, ehun bat plaza egiten dituzte urtean. Ezkontzetan aritzen dira maizenik, ekitaldi politikoetan ere bai inoiz. Ia beti, binaka, eta a capella. Erakustaldi txiki bat egin ziguten, eta arabieraz ez dakizkit hitz asko (a eta la, baietz eta ezetz esateko, yalla, goazen esateko, inshala, jainkoak nahi badu… ia bertsoa osatzeko moduan), baina inprobisatzen ari zirela igartzeko beste bai, keinukeran antzematen da.

Garai batean, mundu guztia linterna batekin pasata ere ez zitekeen bertsolaririk aurkitu Euskal Herrian ez beste inon. Baina zilbor hestea moztean, gure familia oso zabaldua dela ohartzen hasi ginen, eta aspaldian, harri bat ostikoz jo orduko lehengusu berri bat azaltzen zaigu. Orain, edozein joaten da Bertsozale Elkarteko idazkariarengana, hilabete bat kanpoan pasa, eta bertsolaririk ez duela aurkitu esanaz.

 

Niri, Palestinara abiatu baino egun gutxi batzuk lehenago jarri zidaten lehen puntua: “ia bertsolaririk atzematen duan?” Pista bila hasi nintzen, eta palestinar euskaldundu batek esan zidan, bazirela bertsolariak, oso euskaldunen antzekoak gainera, eta joateko Jeninera.

 

Nabulusetik abiatu ginen Jeninerantz taxi batean. Taxi gidariak, diren, eta batez ere, ez diren bide guztiak erabili zituen check pointak saihesteko. Olibondoen artean slalomean ere ibilia ginen ia. Pentsatu nuen, Kasparovek Deep Blueri bezala, taxi gidari hark munduko GPSrik aurreratuenari ere bota ziezaiokeela erronka, halako biderik inon? Jeninera iristean, 150 shekel eta galdera bat luzatu nizkion: “is it okey?”, eta taxista mingain zorrotzekoa, “Yes, it’s okey, but next time you’ll come with a donkey”. Mekauen, eta gu Jenineraino bertsolari bila!

 

Kosta zitzaigun ederki Jenineraino iristea, baina asko kostatakoa hobea izaten dela esan zuenak arrazoi berriz ere. Hiru bertsolarirekin egin genuen topo, beraiek esaten duten bezala hiru poeta herrikoirekin, eta profesionalak ziren hiruak, ehun bat plaza egiten dituzte urtean. Ezkontzetan aritzen dira maizenik, ekitaldi politikoetan ere bai inoiz. Ia beti, binaka, eta a capella. Erakustaldi txiki bat egin ziguten, eta arabieraz ez dakizkit hitz asko (a eta la, baietz eta ezetz esateko, yalla, goazen esateko, inshala, jainkoak nahi badu… ia bertsoa osatzeko moduan), baina inprobisatzen ari zirela igartzeko beste bai, keinukeran antzematen da. Gure doinuak melodikoagoak baldin badira palestinarrak erritmoan dira jantziak, baina gainontzean gure antz handia hartu nien, bai tematikan, eta baita neurrien aniztasunean ere. Bi ordu inguruko saioak egiten omen dituzte. Harrigarriena, txapelketarik ba ote zuten galdetu nionean eman zidan erantzuna: “bai, bat jokatu genuen, 1996an. Izena ematea libre zen eta laurogei bat aurkeztu ginen. Epaimahai bat izendatu zuten, eta aditu batzuk hamarren gainean epaitzen zuten bertso bakoitza, aldi oro, bertsoaren forma estetikoari, esanahiari, eta kantakerari erreparatuz”. “Eta, nork irabazi zuen?” ezin kazetari ergela isilik eduki, “tira, nik -lotsagorritu zen Shaban-. Baina dena aitor dezagun, Mosa Hafez, garai hauetako bertsolaririk onena –berrehun plaza egiten ditu urtean- ez zen aurkeztu”.

 

Garai zailak dira hauek bertsolari palestinarrentzat. Ez gazterik ez datorrelako, tradizioak badu segida, baina israeldarrak eraikitzen ari diren hormarekin eta check pointekin, laborariek ezin dute joan olibondoetara, eta bertsolariak ere ez maiz saioetara. Eta urrutiko lehengusuak hala sufritzen ikusita, alde batera penatuta, baina bestetik esperantza baten ilusioarekin itzuli nintzen Jeninetik Nabulusera: egun batean Euskal Herrian ikusiko garela, inshala.


*

Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan