Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Yanni

Jawad Ibrahim

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Esan nahia askok izaten dute, eta totelaldiak denek. Hizkuntza bakoitzak izaten ditu, ordea, totel une horiek gainditzeko bere tresnak. Frantsesek "eeeeeee" luze bat dute, niri "bueno" ateratzen zait sarri-sarri, eta palestinarrei berriz "yanni". Ez da nonbait edukazio onekoa isilean pentsatzea, eta segunduko tarte hori bete egin behar hitzez. Hala, nekez entzungo diezu palestinarrei "yanni" tik abiatu gabeko esaldirik, eta nik uste dut, isildutako herri baten oiartzun txiki bat dela, palestinarren esan ezin guztien ama, "yanni" horixe baita, esan nahi dut.

Bitxia da esanahia hitzari gertatzen zaiona. Beste hitz guziak azaltzeko gai da, eta bere buruarekin egiten du huts. Esan nahia, izatez, zerbait esan nahi eta ezina da. Definitzea, aldiz, hitzik nekatu gabe adieraztea. Gure hiztegiak, ordea, bikitzat ditu biak, esanahia eta definizioa. Nik uste dut jaiotza agiria jaso zuena despistatuta ibiliko zela, Eta azkenean, definizioa adierazteko dugun hitza, gehiago da esan nahia baino nahi gabe esana.

 

Akerraren adarrak baino okerragoko bertsoa bota omen zuen batek plazaren batean, mingaina ez ezik entzuten ari ziren belarriak korapilatzeko modukoa. Baina izaten baitira beti jakintsuak, entzuleetariko batek albokoari begiratu, eta txalo ozen joaz, “ño, horrek bazian esan nahia!” bota zuen. Albokoak, ahotsik altxa gabe erantzun zion puntuari: “esanahia baita gure auzoko hitz totelak ere”.

 

Esan nahia askok izaten dute, eta totelaldiak denek. Hizkuntza bakoitzak izaten ditu, ordea, totel une horiek gainditzeko bere tresnak. Frantsesek “eeeeeee” luze bat dute, niri “bueno” ateratzen zait sarri-sarri, eta palestinarrei berriz “yanni”. Ez da nonbait edukazio onekoa isilean pentsatzea, eta segunduko tarte hori bete egin behar hitzez. Hala, nekez entzungo diezu palestinarrei “yanni” tik abiatu gabeko esaldirik, eta nik uste dut, isildutako herri baten oiartzun txiki bat dela, palestinarren esan ezin guztien ama, “yanni” horixe baita, esan nahi dut.

 

Nik esan nahi dut artista eder bat ezagutu genuela lehengoan Ramallahn, Jawad Ibrahim, pintzelez eta zintzelez hitz egiten duena. Baina arte lan guztiak baitira, niretzat, esan nahiari egindako irudiak, Jawadek mingainez lagundu behar izan zion hatzari nahi zuena esaten. Eta trukean, argazkian ikusten denez, eskuak ere lagundu zion gero mingainari hizketan.

 

Eskultura txiki honetan Jawaden amona da ageri. Lehen intifada denboran, amonak, soldadu israeldarrak ikusi zituen bere etxeko leihotik meatzari bat xehetzen. Begiak estali zizkioetan meatzariari, behar bada, ez zezan amonarik ikusi leihoan. Baina amona, laurogeita hamar urte berekin hartuta, eskaileretan behera abiatua zen ordurako, eta fusilaren aurreraino iritsi zen, pauso txikian.

 

“Mesedez, aska ezazue meatzari hau” –agindu zien soldaduei-. Baina soldaduak, ez ziren agindu guziak berdin obeditu zale, eta meatzariari esku muturrak bihurritzen segitu zuten. Bere eskuz saiatu zen orduan amona meatzaria askatzen, eta hori ikusirik erruki gabe jo zuten amona ere, makila denak gastatu arte. Azkenean, meatzaria eraman egin zuten, eta amona, negarrik egin gabe itzuli zen berriro eskaileretan gora, pauso apalean, bere etxeraino. Orduak eman omen zituen leihotik begira, mutu.


*

Erantzunak

Isiltasunak hainbat esanahi izaten ditu eta batzuetan baita esan nahia ere. Baina ezin. Nahia eta ezina. Batzuetan hobe da isiltzea esan nahi dena esatea baino. Bestetan, esan egin nahi dugu eta ez dakigu nola. Isiltasuna bera ere erantzuna izan daiteke. Isiltasunak mezu asko gordetzen ditu bere barnean. Zenbait pertsonen artean ere, begirada edo aurpegiaren keinua nahikoa da zer esan nahi duten jakiteko. Isiltasuna paradisu izan liteke edo infernu.

maitane 2007-05-08 19:07:40

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan