Ezberdintasun handia al dago Hamabost zauri-ko ipuinetatik Zu bezain ahul-ekoetara?
Ildo bertsutik doazela esan daiteke, baina agian helduagoak dira oraingoak. Izan ere, testuak biluzten saiatu naiz, bisuteriazko hitzak edo apaingarriak baino ez direnak alde batera uzten eta ipuinean funtzio bat betetzen dutenak baino ez mantentzen. Gaietan, berriz agertzen dira inkomunikazioa eta barne hizketak, baina oraingoetan pertsonen hauskortasuna edo biguntasuna da nabarmen.
Urtetan ikusi gabe egondakoek berriz elkar ikustean sor daitekeen asalduran erreparatu duzu.
Esaten da ibaia beti dela bera, baina eramaten duen ura beti ezberdina. Gaur ez gara atzo izan ginen pertsona bera. Hau erakusteko, joko handia ematen dute denbora askoan ikusi gabeko pertsonaien topo egiteek. Oso agerian geratzen da egoera horietan gauzak etengabe aldatzen direla. Askotan, gainera, horrelako enkontruak gertatu arte norbera ez da konturatzen hainbeste aldatu denik. Ispilu batean bezala ikusten du bere burua pertsonaiak aspaldiko laguna ikusitakoan. Ipuin batean esaten den bezala, bestearen zimurretan ikusten ditu norberak bereak. Eta ez naiz zimur fisikoez bakarrik ari.
Nolanahi ere, istorio gazi-gozo samarrak dira hauek.
Mina, beldurra, ezinegona sortzen duten egoeretan baino ez ditut aurkitzen nik istorioak. Nire ustez, pertsonaia zoriontsuek ez daukate istoriorik. Minik edo egonezinik ez badago, ez dut ikusten zer kontatu. Baina egoera hauek kontatzean ez dut tonu tragikorik erabili nahi izan, eta agian horregatik geratzen da zapore gazi-gozo hori.