“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

  • Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu sozio-ekonomikoaren gainean. Besteak beste, euskal munduaren ahots publikoaz –hedabideak, bertsolaritza...– dezepzionatuta dagoela diosku.

     

Sarasua MUko HUHEZIko campusean. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2025eko abuztuaren 01ean - 00:10
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zein fasetan da Euskaltzaindian euskararen biziberritzeaz egiten ari zareten gogoeta?
Non gauden eta nora joan gaitezkeen bisio ponentzia nagusiak idatzita daude, eta orain ari gara adarretako ponentziak idazten. Gero etorriko dira lurralde ponentziak eta kontakizunaren ponentzia. Hemendik urte pare batera ponentziak bukatuta egon beharko lirateke, eta bitartean jarraitzen dugu eragiletzan, helburua ez baita liburu bat egitea, baizik eta eragileekin partekatzea: politikariekin, instituzioekin eta gizarte eragileekin.

Euskarak lekuan lekuko egoera desberdinak bizi ditu, baina asko laburtuta, nahiko kontsentsu handia dago honetan: lorpen handiak izan dira azken hamarkadetan, baina erabileran estu gabiltza eta behera goaz, eta behera jarraitzeko arrisku handia dugu estrategia berri eta indartsu bat abiarazten ez badugu. Hala da?
Horrek ñabardura asko beharko lituzke, baina asko sintetizatuta bai, eskala handiko erreakzio bat behar dugu, eta guk erreakzio egitura bat planteatu nahiko genuke: batetik, hizkuntza politikarako ardatz sistema berri bat eta, bestetik, komunitate estrategietarako proposamen batzuk.

Azken 60 urteetan herri honek kultura eta hizkuntza berritzeko erabili duen energia ikaragarria izan da, bai herri ekimenetik, bai instituzionaletik, bai ahalegin pertsonaletik. Hori esan beharra dago. Eta indarguneak ere baditugu: adibidez, ezagutzaren hazkuntza; euskalgintzaren inguruan sortu den gaitasun teknikoa; edo lurralde batzuetan euskararekiko dagoen iritzi publikoa ere bai.

Oro har esanda, baina, erdibide delikatu batean gaude, mende berriak desafio berriak ekarri dituelako betiko ezintasunen gainera. Betiko ezintasunak: lurralde zatikatua dugu, ez daukagu estatu bat eta demolinguistikan minoria gara. 2050era begira, kalkulatzen dugu egiturazko zailtasun horiek orduan ere hor izan daitezkeela. Baina horien gainera beste zailtasun batzuk ere etorri dira: gizarte aldaketa, likidotzea, konpromisoen beste era bateko gestioa, edota aldaketa digitala gehi migrazio mugimenduak. Egoeraren kontzientzia erabili behar da erreakzionatzeko, baina erreakzioari eman behar zaizkio egitura, bisioa, estrategia bat eta baliabideak.

Erreakzionatze horretan beti ematen diozu garrantzi handia kontakizunari. Adibide gisa jartzen duzu frankismo garaian eraikitako kontakizuna. Kontakizun haren osagaietatik zeintzuk dira baliagarriak gaur egun eta zeintzuk ez, edo gutxiago?
Nik uste dut ezin dugula honaino ekarri gaituen kontakizuna amortizatutzat jo. Kontakizun horrek, azken finean, zera dio: bat, gure hizkuntza baliotsua da, eta gure identitatearen erdigunean da; bi, biktimaren kontakizuna, zapaldu egin gaituzte; hiru, hizkuntza honek etorkizuna izango du, eta gure seme-alabek bizitza honetako funtzio guztiak euskaraz beteko dituzte; eta lau: euskara mundu eta herri justuago eta berdinzaleago baten parte eta garraio da. Gehiegi sinplifikatu ditut, baina kontakizun-elementu konbinatu horretatik sortu dira euskara batua, ikastolak, gau eskola, euskal prentsa...

“Euskararen biziberritzean egoera delikatu batean eta aukera baten aurrean gaude: jauzi adostu berri bat artikulatzen hastea. Bestela jai dugu”

Zer gertatzen da? Gaur egun, askorentzat hori ia historiaurrea dela. Lehen euskara sistemaren aurrean zegoen hizkuntza bazen, gaur egun askorentzat euskara sistemaren hizkuntza da, haientzat eskola sistema delako. Lehengo elementuak galdu gabe, kontakizuna berrosatu behar dugu, adar desberdinak izan ditzakeena. Nafarroan, adibidez, Carlos Vilchesek eta Xabier Erizek egindako ikerketetan agertzen da honako bi osagai hauek oso interesgarriak izan daitezkeela: bat, integrazioaren heldulekua, hau da, gizarte bat izan behar badugu errespetatu beharko ditugu elkarren hizkuntzak; bi, aniztasuna eta hizkuntzaren balio ekologikoa, hizkuntza bat galtzen bada denontzako da galera. Mundu-kokapen berritua ere izan liteke kontakizun elementu bat, munduko hizkuntzen egoeran euskarak duen lekuak arnasa berri batzuk ekartzen ditu.

Beste helduleku bat izan liteke galdetzea: zer da gaur egun linguistikoki egokia den herritarra izatea hemen edo Europan? Adibidez, LH + 2 formula? Hau da, herritarrak bere lehen hizkuntza gehi beste bi ezagutzea, bertako beste hizkuntza eta nazioarteko funtzioetarako beste hizkuntza bat. Horrelako formulazioek egin dezakete bidea euskara ez lotzeko derrigor planteamendu abertzale bati, eta bai herritar linguistikoki arduratsu bati? Ikusi behar, halako elementuak garatu daitezkeen. Azken finean, kontakizun multzo bat behar dugu, eta askotarikoa, baina nolabaiteko koherentzia duena. 

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Biziberritze kontuetan, argi dago herri ekimenaren eta bultzada instituzionalaren uztartzea giltzarri dela. Nola ikusten duzu uztartze hori gaur egun? Eta lankidetza horretan, non dira klabe nagusienak?
Gizartean eratzeko hiru eredu nagusi ditugu: bata publikoa, bestea pribatu-lukratiboa eta hirugarrena gizarte antolatutik sortutako eraketa, herri ekimena. Azken 60 urteetako biziberritzean hirugarren hau gakoa izan da. Gaur egun, gure energia eraketa publikoan eta gizarte-ekimenekoan daukagu banatua, eta aurrerantzean ere jokoak horrela izan beharko luke. Bi esparru horiek dituzte beren alde onak eta zaindu beharreko arriskuak. Erakunde publikoak alderdi politikoen gehiengoaren esku daude eta arrisku burokratikoak dituzte, garestitzera eta konpromiso pertsonala ahultzera jotzeko joera dute. Herri ekimeneko eragileak ere, azkenean enpresa bihurtzen dira, haien sektore interesak dituzte eta interes talde –legitimoak– bihurtzen dira. Dena dela, bi esparruak behar ditugu.

Egungo gai batekin begiratuko diegu bi eremu handi horiei: oldarraldi judiziala. Batzuen ustez, gai ardatzetakoa da hori, eta behar bezala erantzun behar zaio; beste batzuen ustez ez da gai horrekin itsutu behar, euskara arazoekin lotzen da horrekin, eta ikuspegi horretatik aldendu behar da.
Gauden momentuak eskatzen du jauzi sorta bat eta ardatz sistema berri bat. Orain arte egin dugunaren aurrean balorazio desberdinak egin ditzakegu, baina oharpen hau da giltzarria: gauzak orain arte egin ditugun moduan egiten jarraitzearekin ez dugu oso aurrera egingo. Hortik iritsi gaitezke kontsentsu batera, bi mundu abertzaleak, eta baita abertzaleak ez diren sektore gako batzuk ere. Oso operazio inportante eta delikatuaren aurrean gaude eta hor kultura politiko desberdinekin entzuketa eta pedagogia egin behar da. Instituzioen eta gizarte ekimeneko euskalgintza-enpresen artean bada halako mesfidantza moduko bat. Bestetik gizartean bada euskararen inguruko ezagutza esparru bat ere –ikerlariak, ezagutza-erakundeak...– eta mundu horrek izan dezake sinesgarritasun maila bat indar politikoen artean akordio bat bultzatzeko.

Egoera delikatu batean eta aukera baten aurrean gaude: jauzi adostu berri bat artikulatzen hastea. Bestela jai dugu. Hori oso ariketa konplexua da. Jauziak alor desberdin askotan egin behar dira, eta marra berdeetan asko aurreratu behar da. Egoera honetan, ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun alor jakin bateko sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea. Apur bat betikoan. Edo foku zentralak hor jartzea. Izatekotan, fokuak eta zereginak banatu behar dira, eta batzuek hor jarri behar dute indarra. Baina ez gaitzatela despistatu jauziak emateko kontsentsuak lortzearen bidean. Azken hau ez da epikoa, ez da pankarta batean idazteko kontua, lan isila da, baina funtsezkoena.  

"Ez daukagu gizarteari euskararen taupada, ametsa elikatuko dion mugimendu erreferentzial eta politikoki zeharkatzaile bat, doinu propioduna, belaunaldi berriak ere mugitu ditzakeena"

Komunitate estrategian, euskararen mugimendu dimentsioa indartu baino eratu behar dela diozu. Dagoenak ez du balio? Zer falta zaio?
Zorionez, euskalgintza erakundetuta dago: batetik, erakunde publikoak daude, eta bestetik, beste euskalgintza ere oso erakundetuta dago, enpresa edo elkarte moldean. Gaitasun teknikoa asko indartu da eta hori ona eta beharrezkoa da, baina horren ifrentzua izan daiteke mugimendu sozial izaera ahuldu egin zaigula. Hau da, ez daukagu gizarteari euskararen taupada, ametsa elikatuko dion mugimendu erreferentzial eta politikoki zeharkatzaile bat, doinu propioduna, belaunaldi berriak ere mugitu ditzakeena. Taupa [lehengo Topagunea], adibidez, saiatzen ari da bide horretan. Badira beste batzuk, Korrika adibidez, ikastoletako jaiak... baina mugimendu baten zatiak dira, jabe edo marka jakin batzuei lotutakoak. Egia bada sinesten dugula gauzak beste modu batera egin behar ditugula aro honetan, eragileen mapan bakoitzak egiten duena ere mahai gainean jarri behar dugu, denok.

Non ikusten duzu Kontseiluaren funtzioa?
Aipatu ditugun euskararen inguruko erakunde eta enpresa gehienen gainegitura bat da Kontseilua, zentzu horretan bilgune baliotsua. Uste dut arazoak izan ditzakeela bere egitekoa eta bere mugak onartzeko orduan. Eragile bakoitzak ditu bere potentzialak eta bere mugak, ibilbideagatik, lortutako konplizitate mailengatik, enpresa multzoa ere izateak dituen inplikazioengatik eta abar. Baina Kontseilua tresna egokia izan liteke gauza batzuetarako, bilgune moduan, lobby moduan. Denok gara beharrezkoak, eta denen artean ikusi beharko dugu zer egin. Euskararen mugimendu dimentsioa berreratzeko, adibidez, euskaren sektoreetako erakunde eta enpresen bilgunea da gune onena? Lortuko luke belaunaldi berrien inplikazioa? Eta kontakizun, izaera politiko zeharkatzaile eta doinu berri propio bat? Tablero osoa pentsatu behar dugu. Ez dauzkagu garbi erantzunak, baina pentsatzen jarraitu behar genuke.  

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Denek aipatzen dute migrazioaren gaiaren garrantzia. Zuk nola ikusten duzu? Kanpotik datozenei, behar bezalako harrera egiten diegu?
Ez daukagu hizkuntza-harrera politika sistematizatu bat. Jakina, ez gara estatu bat, baina baditugu tresnak harrera hori hobeto antolatzeko, bai udaletatik eta bai euskararen gizarte zibiletik. Askoz hobeto egin dezakegu eta horrek denok aberastuko gaitu.

Beste plano bat da migrazio politikena, oso delikatua eta ukitzera ausartzen ez garena. Estatu batek, aitortuta edo isilpean, etengabe egiten du migrazio politika. Guk ez daukagu horretarako eskumenik, gugana datoz estatuek nahi dituztenak. Edozein modutan, debate hori badator, balio desberdinak talkan jartzen ditu eta gai bihurria da; euskaldunok astindu egingo gaitu debateak, bereziki ikuspuntu linguistiko batetik.

Udaberrian Puprilusoko artikulua argitaratu zenuen Gaur 8-n. Han Euskal Herriko iritzi publikatuaz ari zinen: “Hortxe gaude, ustez super-apurtzaileak garelakoan (...) Aldiz, inperioari berari ez diogu azkurarik txikiena ere egiten”. Hasteko, zer da Euskal Herriko iritzi publikatu hori? Nortzuk zarete gu super-apurtzaile horiek? Eta nor inperioa?
Hau ulertzeko, inportantea da nondik hitz egin dudan kokatzea. Azken 27 urtetan ibili naiz Mundua ulertzeko oinarriak ikasgaia lantzen HUHEZIn. Asko edan dut altermundialismotik, baina gero eta ikuspegi gehiago gurutzatzea izan dut betiko erronka. Munduko martxa ulertzeko hamabi arlo edo multzo osatzera iritsi gara: ekonomia eta kapitalismoa ulertzea, ingurugiroa eta energia, nekazaritza, teknologia, informazio gizartea, generoa, espiritualitatea, geopolitika, gobernantza, lan-harremanak eta abar. Nire obsesioa edo ahalegina da arlo bakoitzean angelu desberdinak lantzea, iritzi posible desberdinak, benetako debatearen guneak. Ikasleei transmititu nahi diedana da saiatzeko haien kabuz pentsatzen, ez mugatzen ideologia mediatikoetara. 

Urte hauetan paperak biltzen, mozketak egiten, karpetak pilatzen, nazioarteko bizipenetatik gauzak sintetizatzen, dokumental eta artikulu egokien bila… ibilbide hori egin ahala joan naiz dezepzionatzen euskal munduaz, edo euskal munduan gai horiei buruz ikusten nuen bertsio bakarraz. Mendebalde osoan gertatu da oro har, eta azalpena du sistemaren harien eta logikaren bidez, baina Euskal Herrian bereziki daukagu arazoa Mendebaldean azken aldian haizatu diren postulatu jakinetatik ateratzeko. Iruditzen zait bazterretan euskal jendea aberatsa dela, baina euskal iritzi publikatua oso pobre ikusten dut, Hollywood-eko progresismoaren parametroetatik atera ezinik.

“Beharbada euskaldunak gara horrelakoak, inportatutako ideologietan sutsuenak bolada batean”

Hori zure ustez euskal hedabideek egiten dutela ulertzen dut...
Bai, oro har, euskarazko iritzi publikatuak, zabal hartuta, euskaraz ahots publikoa duen munduak. Kulturgintzak eta bertsolaritzak ere azkuratxoa egiten dit, baina nahiko orokorra da. Kontrola ere badago. Nire ibilerak nazioartean ez dira beste mundukoak, ia beti dira jende baztertuarekin, sektore pobreekin, intelektual kritikoekin, militanteekin eta abar. Baina hor ere beste irekitasun bat dago. Eta nire beste deformazio profesionaletik, angelu anitzak metodikoki defendatu nahi dituen irakaslearen ikuspegitik, hemen gertatzen ari dena lastima da. Beharbada euskaldunak gara horrelakoak, inportatutako ideologietan sutsuenak bolada batean. 

Eta euskarazko ahots publiko horiek lirateke Hollywoodeko ikuspegiaren transmisore... Zein da ikuspegi hori?
Hollywood esatea karikaturizatzeko modu baldar bat da. Zein den inperioa galdetu duzu eta horrekin lotuta dago. Gaur egungo kapitalismoa ez da bakarrik sistema injustu bat desberdintasunen aldetik; edo eutsiezina ekologikoki; edo dominazio sistema oso findu bat.

Horiekin batera, kapitalismoa da gizarte deseraikuntza programa bat, Marxek jadanik aurreratzen zuen hori Manifestu komunista-n. Iduri du kapitalismoak baldintza berriak behar dituela etekinak pilatzeko, eta momentu honetako fasean ematen du kapitalismoak azeleratu egin behar duela gizartea deseraikitzeko abiadura eta sakontasuna. Deseraikuntza sozial eta antropologikoa da, soziologian erreferente gehienak seinalatzen hasi diren moduan. Sistemaren logikak sustatzen du uneko desioetan oinarritutako indibiduo bat, desiozentrista; eta deseraiki behar ditu nolabait gizakiaren aterpe izan daitekeen tradizio, lotura, konfigurazio, komunitate eta eraketa multzoa. Ideologia apurtzaileen arrakasta ikusgarriak badu zerikusia deseraikuntza-behar horrekin. Kapitalismoaren izaera deseraikitzaile hori ulertzea funtsezkoa da konturatzeko une honetan zergatik ari den sustatzen postulatu multzo bat. 

Argazki oina

Zein postulatu multzo, adibidez?
Lotura, iragana, kolektiboa, nazioa, familia, sindikatua... hau da, identitatea eta komunitatea susmagarri egiten dituzten ideologiak, eta horiek inposaketarekin lotuz. Industria kulturalean –zinean, plataformetan…– eta industria mediatikoan zer nagusitzen den ikustea da kontua, hori ez da kasualitatea. Mezua da “zu zara zure desioak, aukeratu, ez lotu, bete zure ametsak, beste dena inposaketa da, emantzipatu zure identitate berezietan, izan zuk nahi duzuna...”, gaur egun oso barneratuta ditugun kontsignak. Horrek ez du esan nahi ideologia horietan dauden printzipio eta asmo denak negatiboak direnik, baina kapitalismoaren industria kulturala eta mediatikoa horiek bultzatzen ari dela bistakoa da. Galdetu behar genuke zergatik. Zein den azpiko marea, zein den gidoia, sistemaren aktualizatzea nondik doan, eliteak zertan aritu diren azken 30 urteetan arlo ideologikoan eragiten.

Zehaztu dezakezu gehiago zein ideologiaz ari zaren?
Susmoa da sistemaren elitea interesatuta egon litekeela gertatu den foku aldaketan. Kapital elitearen eta interes orokorraren talka funtsezkoa lausotu, eta bestelako gaietan jarri dugu foku ideologikoa. Batetik, desbideratzeko modu bat da, eta bestetik, gizarte-deseraikuntzaren ildoan doaz. Langile gehiengo handiaren barne zatiketak edo identitate-borrokak sortu ditzaketen gauzak, arraza borrokak, sexu talkak, edota oro har sexu-gaia den guztia lehen planora ekartzea ez da kasualitate bat; multikulturalismoa, kapitalaren kostuak jaisteko behar dituen mugimenduen justifikazioa dakarten ideologiak, eta abar. Emantzipazio-kontakizunen forman hedatzen dira. Eskaner bat egiten badugu, gaur egun gure bozgorailu txiki eta handietan nagusitzen diren ideologiak dira. AEBetan gune jakinetan sustatu eta gero nagusitzen diren ideia-multzo guztiak ia automatikoki bereganatzen ditu euskal munduak. Ez dago sakoneko galbaherik. Taupada, neurri handian, sistemaren logikatik eta haren elitearen bulkadatik dator.

Baina elite hori erabat lotuta dago Hollywoodeko ikuspegi horrekin, ezta?
Bai. Susmoa poliki-poliki sortu da, soziologiatik edanez eta abar. Gaur egun, jadanik, datu asko dago hori horrela dela esateko. Horrek ez ditu automatikoki deskalifikatu behar identitate diskurtsoa egiten duten ideologiak, edo berdintasunaren eta askatasunaren erreferentziak, baina kapitalismoaren marea nagusian kokatzen ez bagara, hariak ez ditugu ikusten, funtsezko gidoiak falta zaizkigu. Eta datu nagusia izaten jarraitzen du gizakien arteko amildegi ekonomikoak, dominazio sistemak, azeleratzen ari den hiperkapitalismoak. Uste dut despistatuta gabiltzala, eta despistea induzitua dela. Nire ustea da, denok egon gaitezke oker.

Eta diozunez, gu ere, euskal sistema osoa, horren parte gara.
Eduki-analisia egiten erakusten zen lehen kazetaritzaren teorian. Eduki eta enfoke analisi minimo bat eginez gero, bistakoa da. Klasean egin izan ditugun debate-ariketak, gaur egun euskal medioetan ezin dira egin. Literalki. Dena dela, kontua anbibalentea da. Ideologia apurtzaileak daude metropolitik bultzatuak, deseraikuntzara bideratuak, bozgorailuetan hegemonizatuak eta abar. Baina bestetik, ideia eta praktika berdinzaleak eta askatzaileak behar ditugu. Bietatik dago, oso abilki nahastuta. Nola joan bereizten eta ideia-multzo bizigarriak eraikitzen? Oso fin harilkatzea eskatzen du, eta uste dut oraindik ez dakigula egiten. Badakit hau barneratzea desatsegina dela euskaldunontzat, gure matrize ideologikoa ispiluan jartzen digu, faena bat da, gradualki bakarrik joan gaitezke onartzen.

"Langile gehiengo handiaren barne zatiketak edo identitate-borrokak sortu ditzaketen gauzak, arraza borrokak, sexu talkak, edota oro har sexu-gaia den guztia lehen planora ekartzea ez da kasualitate bat; multikulturalismoa, kapitalaren kostuak jaisteko behar dituen mugimenduen justifikazioa dakarten ideologiak, eta abar. Emantzipazio-kontakizunen forman hedatzen dira"

Elite korporatiboak aipatzen dituzunean, nortzuk dira horiek?
Aspalditik esanda eta nolabait deskribatuta edo dokumentatuta dago erabaki politikoak, agenda mediatikoak eta industria kulturala konektatuta daudela Mendebaldeko elite korporatiboen interesekin. Eta hona iritsita, honako ñabardura jarri nahiko nuke: horretaz jakitun izateak ez ditu gure printzipio ideologiko eta etiko berdinzaleak baliogabetzen. Adibidez, kapitalaren kostu murrizketa eta deseraikitze sozial horren logikan dago eskala handiko immigrazioa, legala nahiz ilegala. Eta interes horrek beso luzeak ditu, politikarietatik hasi, kulturan segi eta medioetaraino, gure iritzi sortzaileetaraino. Zergatik El País eta El Diario Vasco daude erabat lerratuta immigrazioaren alde? Kapitalismoaren abc-a da. Horrek esan nahi du nik ez dudala antiarrazista izan behar? Jakina, antiarrazista izango naiz, eta hemen dauden immigratuen aldekoa, eta akaso etxean erroldatuko dut norbait. Baina analisiak osoa izan behar du. Beste gai guztietan berdin.

Uste dut astindu egin behar dugula gure klase ertain progresistaren ideia-multzoa. Batetik, kapitalismoaren onuradun aktibo garen aldetik, gure hipokrisia oso sofistikatua delako. Hildakoak iristen diren Mediterraneoan, gu gara hondartza beretan eguzkia hartzen egoten diren turistak. Baina zapalduen aldeko ideologiekin konpontzen dugu kontua. Gehiago irakurri behar dugu, baina ados ez gauden autoreetatik, orekatzeko. Apur bat despistatu egin behar dugu gure algoritmo ideologikoa.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Puprilusoko: publikoa, pribatu-lukratiboa eta sozial kooperatiboa, hiru sektore horien siglak dira. Gaur egun pribatu-lukratiboa askogatik da nagusi gizartean, zure desioetan nola irudikatzen dituzu sektore horiek ehunekotan banatuta?
Antikapitalismotik asko edaten duen batentzat, sektore pribatu-lukratiboari indarra kentzea litzateke norabidea. Baina sektore hori ahuldu artean nagusi izango denez luzaro samarrean, saiatu beharko dugu bertako kapitala bertako inbertsioetara bideratzen, bertako kontrola maximizatzen eta abar. Horretan ez gara oso fin ibili azken urteetan, horren adibide dira kutxak. Atzera egin da.

Bestetik, arlo publikoa dago: ez litzateke izan behar bakarrik zerbitzuak emateko, eta zerbitzu horien tamaina ere berrikusi beharko litzateke agian. Ona litzateke banka-sistemaren zati handia eta oinarrizkoak diren industria batzuk, batez ere energia, publikoak izatea. Horretan gehiago begiratu behar dugu Txinara, Errusiara, Bielorrusiara...

Eta, azkenik, gure aukera bereziena da sektore sozial kooperatiboak indartzea. Kontraesan eta guzti, sare hori indartsua da hemen eta sustatu liteke nazio-politika moduan. Industria, banka, banaketa eta hezkuntza kooperatiboaz gain, euskalgintzan, kulturgintzan eta zenbait sektore asistentzialetan ere baditugu indarguneak. Gure gobernuek orain arte sektore horiek sinpatiaz ikusi izan badituzte ere, ez dut uste hor benetako politika bat egin dugunik hori indartzeko.

"Ideologia puskak erabili behar ditugu, jaso ditugun ideologia osoek ez digutelako balio. Berriz sortu behar ditugu ideia-multzo artikulatuak, erdigunean jarriz zer den bizitza ona"

Artikuluaren bukaeran aipatzen duzu “bizitza ona”, baina ez duzu gehiago zehazten. Zer da hori zuretzat? 
Azken 27 urteetan pilatutako materialak aipatu ditut lehen, nire deformazio profesionalak, eta horretan ni gehiago naiz galdetzailea eta zalantza sortzailea. Baina erantzunen bat ematekotan, hori esango nuke, laburpen moduan: hasi behar dugula bizitza ona zer den galdetzen. Asko desikasita, hasteko, eta iturri asko berrikusita. Ideologia puskak erabili behar ditugu, jaso ditugun ideologia osoek ez digutelako balio. Berriz sortu behar ditugu ideia-multzo artikulatuak, erdigunean jarriz zer den bizitza ona. Badu dimentsio ekonomiko bat; dimentsio sozial bat, harreman intimoetatik herriko harremanetara, eta nazioarteko hurkoetaraino; sustraiak izatea eta kulturalki jarraidura bat izatea ere bizitza onaren parte da niretzat; bizitza ona da gertutik eta ondo jatea, komunitatean bizitzea zirkulu desberdinetan, harremanen kalitatea. Niretzako espiritualitatea ere hor da, hori hautu pertsonala da; eta elkartasun ekonomikoa praktikatzea, libreki pentsatzea, lurra lantzea, lanean eskuak erabiltzea, lanaren jabe izatea…

Niretzat, soiltasuna ere bada bizitza ona, eta nire kasuan aplikatzen diot hori teknologiari ere, profil teknologiko baxua, aszetismo puntu alai bat praktikatzen saiatuta. Adibidez, nabigatzailerik ez, kamera gutxitan, ez dut smartphonerik eta hori hobeto bizitzearen zatitxo bat da niretzat. Hori aurrerakoia da, ala atzerakoia? Beharbada galdera da oker dagoena. Praktika xume eta elkarrizketa horietatik hasi gaitezke elkar ulertzen, beste gauza askotan ezados egonda ere.

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2025
HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


Auzo ibilbideak (V)
Baiona Ttipia: babes eta arnasgune

Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]


Auzo ibilbideak (IV)
Adurtza: adreiluzko itsasoa

Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina... [+]


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]


2025-08-01 | ARGIA
Fototekatik
Duela 40 urte...

1985. NATOn mantentzearen kontrako manifestazioak egin ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan azaroaren 10ean, tartean Donostian. Milaka lagun irten ziren kalera Koordinadora Antimilitaristaren deiari erantzunez, orduko agintariak karikaturizatzen zituzten mozorroekin. Kanpaina... [+]


2025-08-01 | ARGIA
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]


2025-08-01 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Ipuscua
Mila urte ‘Gipuzkoa’ izenaren idatzizko lehen aipamenetik

Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]


Basabizitza
Bidaia bat hartzaren atzetik

Ekainak bost ditu gaur; udara atarian gaude eta giroak badaki. 15:00ak dira, sorbeltz saldoa aztoratuta dabil, udara beteko zeruan, kirrinka batean, eltxoak ehizatzen. Azpitik Ibaik erreparatu die sorbeltzei, eta tartean dauden enara azpizuriei; gorde ditu basozain arropak,... [+]


2025-08-01 | Leire Artola Arin
Salpress berri agentzia
El Salvadorko gerrillaren arma ezkutua

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


Heriotza txikiak

Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]


Eguneraketa berriak daude