"Paristik Datorren Artista Bat Naiz Ni"


2021eko uztailaren 27an
Irene Laffite margolariari elkarrizketa.

Irene Laffite, Bere Baserrian
"Paristik Datorren Artista Bat Naiz Ni"
Elurra zegoen Ordiziako herrian eta maitagarri ikusten zen Irene Laffitte-ren «Areta» baserria. Ondora iristean, lehioetako argiek gogora eta gorputzera barruko epeltasuna ekarri ziguten. Ia barruan, bi zakur izan ziren lehenak ongi etorria ematen. Saltoka, gora eta behera, hatzaparrek gure jantziak zikintzen, zakur haiek ohiturik zeuden kanpoko jendea ikusten. Etxea bezala; beheko pisuan, gela zabal eta bakarra, sofa eta aulkiak handik eta hemendik, jendez beteta egoten diren mendiko «albergue» horietako bat zirudien etxe hark.
Nik badakit hemen bizi zen familia hura, pozik dagoela orain pintora bat bizi delako bertan. "Areta"-ren espiritua bizirik dago oraindik".
esan zigun lehenengo momentuan Irenek. Nabarmena zen ikaragarri maite dituela baserriko txoko guztiak.
Elkarrizketa egin aurretik bere prekauzioak hartu nahi izan ditu Irenek.
Ez, oraindik ez, aurretik gustora sentitu behar dugu.
dio, eta ordubete baino gehiago ematen dugu gela haundi hortan, izkina batean, tabernek izaten dituzten mostradore horietako baten aurrean, ardo gorria edaten. Pasteltxo batzuk ere ateratzen ditu. Galderak nahi ditu, kazetaria ezagutu nahi du, eta galderen zain geratzen da. Halako batzuetan berak galdetzen du:
Zer signo zodiakal duzu? (...) A, bai, pentsatzen nuen, kointziditzen du. Behin, hemen geundela, hamabi lagun zeuden eta denei asmatu nizkien beren signo zodiakalak. Berarekin, etxean, lagun arjentino bat dago, "Paponete"» gaitzizenekoa.
Nere laguna ez, beste lagun bat.
EIkarrizketa hasi aurretik, ispilu baten aurrera hurbiltzen da, bere ileak konpontzera.
Bere jazkerari begiraturik, frantsesa dirudi oraindik. Bere jazkerari inportantzia haundirik ematen ez dioten frantses horietakoren bat; panazko praka beltzak eta jersey berde ilun bat, azpitik, bularrean niki beltz bat agertzen delarik. Jazkerarekiko axolagabekeriak, ,halere, guztiz neurtua dirudi, nahita edo nahi gabe, hori ez dakigu, apain gelditzen baita Irene; apain bere ile bihurriak eta guzti, bere aurpegiko zimurrak eta guzti, eta batez ere, bere esku ia zakartuak eta guzti.
Donostiatik Iheska
Z.A.-Hogeita bi urte zenituela alde egin zenuen Donostitik Parisa. Zeren bila joan zinen?
I.L.–Ez dakit ba. Nere burua aurkitu nahi nuen. Pintura zaletasuna neregan jaio zen, baina ikusi nuen, txikitan egindako saioak ez zirela baliozkoak, eta neri gustatzen zitzaidana egiterik ez nuelako, ekin eta ekin egin nuen ihes egitea lortu arte. Ihesketa bat izan zen.
Z.A.–Baina ez ihes egin ihes egiteagatik. Aterabide baten bila, ezta?
I.L.–Horixe ba.
Z.A.–Zergatik ez zenuen zeurea egiterik izan?
I.L.–Inguruan nuen jendearekin ezin nuen, ez ninduen bultzatzen eta. Ez nuen behar nuen indarra aurkitzen jende horrengan. Orduan, ihes egin beharra neukan, gauzak nere kasa egiteko. Konprenigaboa nintzela esatea, hori alukeria da, baina egiazki halaxe zen. Zeren norberak bere burua zertu behar du, baina inguruko indar hori ere inportantzia haundikoa da. Eta oraindik ere, inportantea da neretzat.
Irene Laffitterengana joan aurretik, batek esan zigun beti zegoela kanpoko jendea bere baserrian. Eta elkarrizketaren hasieran ate hotsa entzuten da. Ormaiztegiko Manuel Yurrita mendizalea da, bere emazte eta haurrarekin. Txanpain botila bat dakar, eta ikustean
Ondo etorriko zaigu.
dio Irenek. Ondoren, bere etxean balego bezala, sarezko egon toki bat zabaltzen dio umeari lurrean.
Gerra eman ez dezan.
Nik ez dut ezertxo ere nere familiaren kontra, kontuz e? Baina inguruko giroak ez zidan indarrik ematen neurea egiteko. Horrexegatik alde egin nuen.
Z.A.–Hala eta guztiz ere, zure familiak, aberatsa izanik, emango zizkizun laguntza batzuk, sensibilitate eta kultura aldetik, ezta?
I.L.–Izagurrizko indarra eman zidan. Banuke zerbait, kontra esateko, baina ez naiz kexatzen. Familiak eman ez zidana, nik neuk lortu dut borrokaren bidez, neuk. Beti egin dut neurea, beti egin dut esaten den bezala, « lo que me daba la grandísima gana». Hori da egia. Nere aitak, beti "la contestona" deitzen zidan, beti eztabaidaka nengoen berarekin. Baina azkenik neurea egin. Nere amak, halako batean, hamar anaiak bilduta geundelarik, ezkongabe denak oraindik, zera esan zidan: "pentsio batean bizi zarela dirudi". Izan ere, beti nere mundua bizi izan dut. Chrisimak egiten hasi nintzen, era bi pezetatan saldu "Baroja"n. Gero bost durotan, izan ere kalitate haundiagokoak bait ziren. Guzti hau, gero pinturazko tuboak erosteko. Ondoren, whisky edalontziak hornitzen jardun nuen, eta erregalatzeko beste zenbait gauza ere.
"Paponete"k azaltzen duenez, bere erdara arjentino kutsuzkoaz, Laffitte familia aberatsa izan zen oso, garai batean, banka etxe bat kontrolatzen zuelarik.
Baina negozioa itxi egin behar izan zuten, hartan gizonezko baino emakume gehiago bait zegoen Administrazio Kontseiluan.
1941.ean jaio zen. Prim kalean zuen etxea. Bere aitak, injineru izanik, injineru ere izan zitezen semeak nahi zuen. Eta bazen Ireneren anaia bat, arrantzan ibiltzea asko maite zuena baina familiaren eraginez bulego batean eman zituen bere egunak. Txikitan, Irenek monjekin ikasi zuen. Kontatzen duenez
Denbora osoa pintatzen ematen nuen, eta kendu egiten zizkidaten dibujoak. Beti horrela nebilen.
"Puta Ez Beste, Dena"
I.L.–Hemengo jendea uzteak, horiek ez ninduen larritu. Nik beti neregan eramaten dut jendea. Parisa joan nintzenean, esaterako, ez nintzen nere amagandik urrundu. Ia egunero idazten nizkion eskutitzak. Oso harreman estuak ziren. Berak zera esaten zidan: etxean zaudela dirudi. Baita ere, etxeko alaitasuna falta zela esaten zidan, ni bait nintzen eztabaidaka, haserre beti, etxe hari poztasuna ematen niona. Ni ez naiz jendearengandik urruntzen, barruan daramat, sentitu egiten dut. Nere senarra, neretzat, ez da hil. Oraintxe bertan gure artean dago, bertan sentitzen dut. Nere lagunek ere, azkenik konprenitu egin naute, nere egiaren bidez. Baina hortarako demostratu egin behar izan dut, nere egia sinis dezaten. Ulertzen duzu ?
Z.A.–Nola zen Paris hara joan zinenean?
I.L.–Oso gogorra izan zen, hara iritsi bezain laister lanean aritu behar izan nuen eta. Dena egin nuen garai hartan. Puta ez beste, lan guztiak ezagutu nituen. Guztiak! Platerak garbitu, neskame, umeak zaindu, jatetxetan, den den dena. Puta ez beste dena! Baina aldi berean zoragarria izan zen hango egonaldia, pertsonak ezagutu bait nituen... pertsonak. Ekin eta ekin egin nuen, zeren ni, euskaldun guztiak bezala, burugogorra naiz. Eta horrela ibiliz, azkenik galeria batean nere koadroak azaltzerik izan nuen. Agerketa honek izugarrizko esperientzia eman zidan. Nik uste, nere biziaren oroipen politena dela azalpen hura.
Z.A.–Zergatik hori?
I.L.–Zeren eta, galeria hartan sartzen zen jendea, kalean paseatzen zihoan jendea zen, jende hori bata bakarrik. Eta badakizu zuk zer nolako poztasuna ematen duen horrek? Kaleko jendea, paseatzen ibili eta barrura sartu. Hori Donostian agerketa bat egin baino askoz inportanteagoa da. Hemen ezagutzen naute.
Noizean behinka garraisika hasten da Yurritaren umea. Bi beheko su daude etxean eta biak piztuta. Baten tximinoan lagun batek
Biltzen du, Berotzen du, Pozten du.
idatzi zuen. Paretetan eta zutabeetan, berriz, traste,pilo bat dago eskegita. Sokak, zintzarriak, pitxarrak han eta hemen, santutegi bat dirudi. Oso apain. Baliozko gauzak dira, eta baserria bera ere baliozkoa da. Guztiz aldatuta dago. Gu gauden tokia ikuilua zen lehen. Oilategia erretegi bihurtu da. Erabat bustita dago orain honen zorua, kalefazioa ez dabil ondo eta.
Hitz egiterakoan irugarrizko indarra ematen die hitzei Irenek. Batzutan altu eta gero isilago, farrez, oihuka, eta behin eta berriro tabako paketeari heltzen.
Oraingo honetan, zer iruditu zitzaion Montmartre galdetzen dio Yurritek.
I.L.–Neri ez zidan batere-eman Montmartrek. Montmartre inpresionisten gauza bat da. Hura zen egiazkoa. Nik ezagutu dudana turisten gauza zen, merkatua, horrek ez ninduen eragiten.
"Paponete"k badu bere iritzia ere:
Bai, erabat komertzializatua. Badira pintore batzuk, egunean hogeita zazpi koadro egiten dituztenak, eta gringo eta japonesei saltzen diete. Egia esan, ez da ia lehen zena.
"Ez Nau Inork Influentziatu"
I.L.–Bada artean gauza bat, egia dena. Zera da: nik ez ditut sekula pintoreak biltzen diren toki horiek bilatu, gero norbaiti kopiatzeko. Nik beti nere burua bilatu dut, eta ez nau inork influentziatu. Nik, esaterako, hortik zehar zenbait lagun aurkitu dut, "bila nabil, bila nabil, galdua nabil" eta zioena. Neri ez zait hori inoiz gertatu. Izaten ditut aldi makalak, aldi indartsuak, segun eta nola nabilen neu, baina ez naiz galdu. Nik zera diot: kubismoa modan dagoela? Ba ni ez noa kubismoa aztertzera. Eta abstraktoarekin berdin. Beti, nik sentitzen dudana pintatu dut. Horrela da...
"Irene no es una erudita, alabado sea Dios. Le sale así como las ranas croan o los soldados matan. Hay un cierto embrollo en su mente, tan vigorosa que para expresarse necesita adquirir tubos al por mayor. Pinta a chorros, dejando el puntillismo para dedos más circunspectos".
Horrela ikusten zuen Ireneren izakera Jose Maria Gironella arte kritikoak 1974.ean.
Z.A.–Zer aurkitu zenuen zure senarrarengan?
I.L.–Martxan dago magnetofoia? Ai, hau disparatea, hau! Dena. Izugarrizko indar bat. Momentu guztietan bere beharrean nengoen. Hain konprenitzen ondo, hainbeste laguntzen zidan... Nere ondetan sartzen zen... Dena! Beste gauza batzuez aparte, azkarra zen oso, jakintsu bat, oso humanoa, sensibilitate izugarrizkoa zuena... Dena!
Z.A.–Baina dependentzia hori arriskugarria litzateke, ezta?
I.L.–Ez, nik helduagoa ikusten nuen nere burua, independienteagoa..
Z.A.–Eta zergatik utzi zenuten Paris?
I.L.–Izan ere, ni oso etxe zalea. naiz. Ez dakit nola esan, baina neri asko gustatzen zait neure etxea. Nik ezin dut zenbait etxe eduki, nahiago dut etxe bat, neurea, bi baino. Hori bai, Parisen edo Japonen badakit bizitzen. Hemen, Donostian nengoenean ere, nere gela zen nere etxea. Han errezibitzen nituen nere lagunak... neskak, zeren garai hartan ez zegoen mutilik eramaterik, ja, ja. ja...
Z.A.–Eta zergatikan aukeratu zenuen Ordizia?
I.L.–Lehenengo Pasaian geratzea pentsatu nuen, baina nere lan-gela prestatzeko jaso egin behar nuen ganbara hartako teilatua, eta uzten ez zidatenez, baserri baten bila hasi nintzen. Izan ere, baserriak beti izan dira nere gogozko. Bakardadea asko maite dut, jendea bezainbeste.
Senarraren Heriotza Eta Mina
Bere senarra noiz hil zen galdetzen zaionean dudatan jartzen da: 1973, 1974. Azkenik asmatzen du: Hannaffi El-Naggar, bere senar ejipzioa 1973.ean hil zitzaion. Ikaragarrizkoa izan zen. Nere onera etortzen denbora luzea eman nuen, ondoezaldiak eta. kosta egin zitzaidan berriz lanean hastea. Ezin nuen, ez nintzen martxan jartzen. Eta modu bitxi batez ekin nion pinturari. Halako batean mutil bat etorri zitzaidan eta "Utziko al didazu zerbait pintatzen?" galdetu zidan. Eta mendi horiek pintatu zituen. Gero joan zenean, zera esan nion nere buruari, zergatik berak bai eta nik ez? Gorroto izan nion, bueno, gorroto ez. Eta berari esker berriz pintatzen hasi nintzen. Aldi beltz bat izan nuen, oso tristea, tristea, tristea izan zen garai hartako pintura. Han utzi nuen nere tristura guztia.
Txanpain botila hutsik dago ia, eta Irene, jo ta ke erretzen. Zakurrak gure ondoan, uxa ezinik ditugu. Batek «Neska» du izena, besteak "Puskas". Gero, hor nonbait ezkutatuta, katu bat "Mizituz" izenekoa.
Sufritu, sentitu, konprenitu, dena egiten du Neskak. Nere lagunek diotenez, bera da kuttuna. Begirada batez dena konprenitzen dit.
Duela gutxi bere «Patxi» oilarra hil zitzaion, herriko zakurren hatzaparretan. Bere aitona sentitzen zuen Irenek Patxirengan.
Beti izan da indar bat... nik uste nere aitona da, bera izan zen indar eta maitasun haundiena eman zidana.
Z.A.–Eta ondoren, zer moduz bizi zinen?
I.L.–Izugarrizko fedea, izugarrizko ilusioa eta bizitzeko indarra ditu-.. Zeren eta bizia zoragarria da. Berriz hasi nintzen sentitzen, eta lehen bezala jarraitu behar dut.
Gironellak esan zuenez, bere koadroek orgasmoak dirudite.
Eta halaxe da. Bada zenbait modu orgasmoa ikusteko.
Izan ere, bere pintakera zakarrean, indarra azaltzen da nagusi.
Ezin dut koadro ahul bat egin, ni ez bait naiz ahula. Agian gogorra naiz, ez dakit...
"Zoroaldi Bat Sentitzen Dut"
I.L.–Zeure buruarekin ez dago gezurretan ibiltzerik. Lienzo baten jartzen naizenean zoroaldi bat sentitzen dut. Eta hori sentitzen ez badut ez noa pintatzen hastera. Behin enbor bat pintatu nuen, eta bat batean, han zegoen pertsona batek larrialdi bizi bat zuen beregan, eta nik ere horixe sentitu nuen, koadroan azaltzen nuelarik. Hiperminbera naiz, izan ere.
Z.A.–Ezkondu eta erditu ondoren, pintatzari utzi egin diote pintora gehienek. Zergatik?
I.L.–Nere ustez, pertsona frustratuak izan behar dute, zeren eta pintura sentitu badute ezin dute horrelakorik egin. Nik ezin dut bizi pintatu gabe. Seme-alabarik ez badut ere, baditut mila gauza denbora kentzen didatenak, animaliak eta, zeren zaindu eta maitatu egin behar dira animaliak. Haurrak banitu, ijitoak lirateke. Bueno, ijitoak esaten dut, oso libreak izango liratekeelako.
Z.A.–Garai batean askotan agertzen zinen prentsan. Pribilejiorik edo?
I.L.–Kazetarien beharrean ere aurkitzen da artista. Bestelakorik dioena gezurti hutsa da. Egunkarietara agertzen nintzen ni. Irene Laffitte dut izena eta han agerketa bat dut. Laguntza behar dut... Eta denek lagundu ninduten. Zoragarria izan da beren portaera. Baina ni beraiengana agertu eta gero.
Z.A.–Bizi ahal izateko, merkatuan parte hartu behar izaten du artistak. Bere artea, azken batez, salgai bihurtzen da.
I.L.–Bai, gauza tristeena da. Zure koadro bat saltzen duzunean, zeure gogozko gauza bat saldu duzu, baina aldi berean sekulako poztasun bat sentitzen duzu.. Ez dakit materialkeria den, ni behintzat ez naiz materialista, seguru nago, baina poza ematen dizu saltzeak, zeren erosten duenari zerbait kostatu zaio ere bere dirua. Badakizu, erosten dizunak zerbait konpreni zaituela.
Orain erosoago bizi da Irene Parisen baino. Badu bere baserria, bere diru-iturriak. Bere etxea ez da umila, ezta aparatosoa ere. Halere, berak dioenez, estutasun ekonomikoak ez dira oraindik atzoko gauzak.
Baditut arazo ekonomikoak. Baina tira, aurrera noa. Horrela bizitzea gogorra da, hainbeste kontraste artean, gaur ondo, bihar ez. Horrela bizitzeko moldatua naiz eta...
Azkeneko momentuan, mahaitik altxa eta plater bat–ogia eta gaztaia–dakarkigu. Guk ez dugu etsitzen eta noren zalea den jakin nahi genuke.
Agerketa pilo bat ikusi dut, eta zoratuta gelditu naiz pintore pilo baten aurrean. Baina nere-pintakeran ez dute arazorik sortu. Etxera iritsi eta amorruz esan dut: ni ez naiz pintora, ni kaka zahar bat naiz. Baina berehalaxe hasten naiz pintatzen, eta nere modura beti, geroz eta indartsuago.
MIGEL OTERMIN
Argazkiak: JUAN LUIS GONZALEZ

Irene Laffitteren baserria.
"Saturrarango hondartza".
"Ni ez ninduen inork influentziatu."
"Oilar."
Irene Laffitte koadro bat pintatzen, duela ia hamar urte.
"Ezin dut pintatu gabe bizi."
"Zoroaldi bat sentitzen dut pintatzen dudanean".
13-18

GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakLAFFITTE1
PertsonaiazLAFFITTE1
EgileezOTERMIN2Kultura

Azkenak
Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak

Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde.


Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]


Homo erectusek hitz egiten zekiten?

Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]


Iraultza, iraultza baino lehen

Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


2025-04-30 | OlatuKoop sarea
Maiatzaren Lehenerako proposamen bat: lan desiragarriak eta burujabeak denontzat

Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta... [+]


2025-04-30 | Estitxu Eizagirre
Zer dezake udal batek makroberriztagarrien aurrean?

Bizitza ez-berriztagarriak filma ikusentzun zuten atzo 70 inguru lagunek Villabonan. Francisco Vaquero egilea bertan izan zen eta emanaldiaren ostean hitza hartu zuten herritarrek, kargu publiko batek eta egileak berak. Hainbat gai eta ikuspegi anitzak agertu ziren, baina... [+]


2025-04-30 | Sonia González
Zaurgarritasunaren tranpa

Zenbait urtetatik hona sarri entzuten dugun kontzeptua da zaurgarritasuna. Gaur gaurkoz, diskurtso politikoetan pertsona zaurgarriez aritzea ohikoa da. Seguru nago nik ere inoiz erabili dudala berba hori Bizilan.eus webgunean, eskubide laboralak eta prestazio sozialak azaltzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude