Emile Larre Aiherrako Erretorea


1975eko urriaren 12an
Emile Larre Aiherriko erretorea, HERRIA astekariaren zuzendaria eta euskaltzainari elkarrizketa
Emile Larre Aiherrako Erretorea
HERRIA Astekariaren Zuzendari Eta Euskaltzain Oso
Mila bederatzirehun eta hirurogeita hamabosgarrengo irailaren hogeita bata egun haundia da Aiherran. Arabatik, Nafarroatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Lapurditik, Xuberoatik eta Nafarroa-Beheretik bildu da jendea.
EUSKALTZAINDIAREN batzarrea da Aiherran. Emile Larre, bertako erretorea, sartzen da elkarte horretan.
Ez da erraz Emile Larrerekin hitzegitea. Mundu guztiak agurtu eta mintzatu nahi du berorrekin. Gu ere hurbildu gatzaizkio. Zorionak, Emile!, esan diogu.
Bihotzez eman dizkiogu zorionak, baina bagenuen izkutuan beste asmo bat ere. Elkarrizketa bat egin nahi genion. "Hara, gaur ez dut astirik, zatoz aste egunez, orduan mintzatuko gara nasaiki".
Hemen nauzu, bada, berriro, Emile. Orduak pasa daitezke, hau eta hura berrituz, hartaz eta hontaz mintzatuz, kontu-kontari. Baina gaiari heldu dio lehen bait lehen.
-Aspaldidanik ezagutzen duzu Euskaltzaindia, laguntzaile gisa barruan ihardun bait zara. Orain, berriz, euskaltzain oso egin zaiutzte. Zein da Euskaltzaindiaren egitekoa zure ustez?
-Nik uste edo ez uste, bada Euskaltzaindia bezalako zerbaiten behar gorria. Bai ahal dakizu zeren beharra senditurik sortu zuten Euskaltzaindia Bilbon, duela 57 urte. Euskara zaindu nahi zuten, bere izenak dioen bezala: zaintzeko ezagutu eta ikertu behar zala lehenengo, beti barnagotik aztertuz, eta bigarrenik bizitzen lagundu.
Ordu hortaz geroztik euskarak bi aldetarat indar egin duela deritzat: ahaldu eta galtzeko irriskutan jarri han eta hemen batetik, baina denbora berean indartu eta bizinahi oldartsu baten suak hartu bestetik. Berez bi aldetatik laguntza beharretan gertatzen zaigu euskara: ahultzen ari den lekuan odola behar zaio nunbaitik ekarri, eri bati bezala; osto eta lore berriak nolanahizka muskiltzen eta pizten zaizkion tokietan aldiz, behar dira holako indar berriak xedarratu, mugatu edo zurkaitz on batzuez loturik ezarri.
Beraz Euskaltzaindiak zer-egin haundia dauka oraingo egunean bereziki Euskara maite eta bizi-arazi nahi duten guziek, edo ez dute sortzetik aski ikasia, edo ez dute astirik orain ikasten jarraitzeko, edo ez dakite egungo eguneko bizi berriak beharrezko dituen hizkuntzak nola erran euskaraz, eta euskaldun bakoitzari baitezpadako zaio dakien bati eskatzea. Ez dizut erraten dakiten heiek Euskaltzaindikoak direnik. Diot norbait behar dela euskaldun guzien mintzaira nola erabil erakutsiko duena, eta norbait hura talde bat izan behar dela, euskal-alorra hain baita zabala eta aberatsa.
Gehiago dena, ez da Euskaltzaindiaren lana inoiz bukatuko beti aurrera bait doa bizia eta betiko euskaldunek izanen bait date laguntza beharra. Erran nezake beraz Euskaltzaindiak izan behar lukeela euskara idatziaren lagantzailea
-Bai, baina, zein euskara? Zer diozu zuk euskara batuaz ?
-Eska iezaiozu etxeko ume bati edo aitari, edo amari, zer dioen familia batuaz. Batua ez den familiarik ez du asmatzen ere. Nik, halaber, nola ez amets egin Euskal-Herri guzi guzian denek elgar ulertuko dugan egunaz?
Baina ez dat ameslari huts izan nahi eta hortakotz diot lotu behar dugula guziok lanari ez bihar baina egun: elgarren euskara begi-beharrietan sartzen hasi. Begietan naski lehenik, gero eta berdinago idazten ikasiz: ortografian zenbait urrats ttiki egiteak garrantzia haundia du, begitik baitzaizkigu sartzen asko eta asko gauza. Gero eguneroko hizkuntza ibilienak orotan berdin ibiltzen ikas daiteke hala nola asteko egunen, hilabeteen izenak. Ikusten duzu axaletik hasten naizela eta erraxenaz mintzo naizela orain arte, baina zerbaitetarik hasi behar bait da.
Halere, nere iritzia eskatzen didazunez, erranen dizut ez dela nere ustez euskara batu onik eginen euskara ongi jakin gabe. Euskara batuak.. euskara behar du izan eta ez latina edo frantsesa edo gaztelania euskal jauntzitan emana. Badakit teknika gauzak edo filosofiako konzepto batzu ez direla erran-errazak eta hek ere behar direla erran purismo par-egingarrietan erori gabe, baina heietan ere gure mintzaira euskara izan dadila eta, ahalaz euskara orokar edo batua.
-Herriaren zuzendari zara. Zer oztopo edo traba ditu?
-Herria-ren zuzendaritza aitu gabe ere, oztopoak baino lehenago gogoan dut zer dan Herria neretzat: adin haundiko andere bat, 1887an sortua ("Eskualduna" zuen orduko izena, eman dezagun ezkondu aitzineko izena!)
Ehun urtetara doan andere buru xuritu horren aitzinean nola ez egon ni errespetuz beterik! Bere irakurleetan gure etxetako xahar asko badauka eta haieri errespetua zar diegu. Eman dezagun oztopo batzu kazetaren eta irakurleen adinetik heldu zaizkigula. Gazte batzuek nahi lukete axala eta mamia berriagotzea eta laisterrago aurreratzea: orduan xaharrak ezin jarraituz!
Euskal etxeetan aspalditik sartzen den astekari bat dugu egiteko eta etxeko zahar-gazteak ongi konpontzeko, etxean egiten den bezala egin behar guk ere Herria-n: hautsi-mautsiak eginez aurreratu, batzuendako urratsa luzatuz eta besteentzat laburtuz.
Beste oztoporik zer? Dirua xuhur dugula astekari ederrago, argitsuago informatuago eta argazkik distirantago baten egiteko. Herria astekaria inoren dirurik gabe ateratzen dugu, laguntzaile guziak bihotz on hutsez ari zaizkigula.
Halere ez dira ez adina, ez diru beharra oztopo ezin garaituak. Euskararen alderako maitasuna, gos, bihotzeko sua, baldinbadira, ez gaituzte beste traba guziek lurreratuko.
-Zer asmo duzue beraz gerorako?
-Nahi genuke geroan ere Herria izan dadin beti izana den hura: euskal etxetan, mahain gainean, etxeko guziek irakurriko duten euskal astekaria. Hortarako nahi dugu beti gure irakur leei hurbil bizi: heien bizia et eguneroko kezkak aipatuz, sumindurarik gabe ahalaz eta beti itxaropen-bideak erakutsiz.
Horrek ez du erran nahi apal eta lurtiar egon nahi dugula beti. Ez da gure jendea lehengoa: teknika, eskola, jakitatea aurrera doaz, hemen denetan bezala Hortakotz gure artikulu gaiak beti goragotik, nahiz beren herri-gostua atxikia gatik.
Nahi dugu halaber mundu guziari behatzan ikasi. Euskal-Herria mundu kantan bere lekua duen herri bat da, mundu hunekin bizi nahi duena- gure euskal anaiak nahi ditugu euskaldun egoiten eta burua gorarik, ahalgerik gabe, euskaldun bizitzen lagundu.
Irakurlea dugulakotz beti gogoan izan behar, huna, hastean aipatu xahar hek bezala, zerbitzatu nahi ditugun bi irakurle mota: herritik urranduak direnak, Frantzia behereko hirietarat, Ameriketarat, Afrikarat joanak, arras jarraikiak ditugu hek eta tokiko berriak xuxen eskatzen dizkigute. Eta gazteak: gazteak gabe, non dugu geroa? Gure berriketari asko, gazteak ditugu e.a hori bihotz-altxagarri da. Baina gure gazte askok non ikasi dute euskaraz irakurtzen? Ikastoletakoak ez ditugu oraino hortan adinez, eta zenbat dira ?
-Zer iritzi duzu euskal kazetaritzaz?
-Gure herri ttipi problema hau ez balitz, ez dut uste euskal kazetaritzaren legeak besteak ez-bezalakoak lizakeenik. Har dezagun erdarazko beste kazeta bat. Nahiz politika eta alderdi bakoitzak badauzkan bere kazetak, bakoitzak bere leihotik behatzen dio biziari eta gauza guzietaz zer eta nola duen ikusten erraten du.
Euskal kazetentzat berdin-berdina. Ez du balio beti gure katixima eta teoriak errepikatzen aritzea. Gauza guzietaz idatzi dezagun, eta euskaraz idatzi, bakoitzari erakutsi lehenik euskaraz bizitzen, bihotz guzietan herri-maitasuna berriekin batean eraginez.
Euskal-herria, dena den, bada eta bere problemak baditu. Ez ditugu denek gauzak berdin ikusten; nere alderdia ez da beti zurea: holako eztabaidak behar dira nunbait argitu, aztertu. Baina gure arteko gasailak denak kazetan zabalduz, handik piko eta hemendik xixta, beha ez dugunetz berexkuntza lana eta etsaiaren jokoa egiten.
Ikusten duzu ez naizela hemen mintzo ideologia berezien kazetez, baina bai euskaldun guzietarat hedatu nahi genituzkeenez. Horiek hola, badira gure herrian denetan bexala, iritzi guzietako jendeak eta zuzen da hek izan ditzaten beren idaietako kazetak, euskaldanek euskaraz.
-Mugaz beste aldeko aldizka-iez zer pentsatzen duzu?
-Nik pentsatzen dut bakoitzak bere alderdiko berri dakiela. Bakoitzak daki nor dituen bere irakurleak eta heiek ditu bere kritikari hoberenak.
Ni zuen kazetan irakurle bainaiz, nere berri erranen dizut beraz bakarrik. Ikusten dut indar ederra egiten duzuela hor bai Zeruko Argia, bai Anaitusuna kazetetan. Indar hori ikusten dut hiru sailetan bereziki egiten duzuela: itxura ederrago bat ematen saiatu, bereziki lehen orrialdean, zuek, eta ez itxura bakarrik bainan ere lantxo bat sakona eginez aste gaziz.
Bigarrenik zuen kazetetan ez zarete beldur gai batzu zailak hartzeko eta kuraie haundirekin erabiltzeko. Nahi duzue oraingo bizia bere problema gogorrekin tratatu eta hortan ere merezimendu haundiak dituzue.
Azkenik euskara batuari suharki lotuak ikusten zaituztet. Honek gu laguntzen gaitu zuen kazetak aiseago irakurtzen. Pondu horietarik zenbaitetan guk ere Herria astekarian, nahi genuke aitzinago joan zuen antzera, baina gure irakurleen urratsa eztitu beharrean izaten gara.
Zuek eta guk bide-burua bera dugu. Buru haztara lehena helduko denak tokia presta biezaio besteari eta laguntzera etor dakiola.
ERRIALDE

Emile Larre Aiherrako erretoretxean.
Lafitte jaunaren eskuetatik MERRIAko lankideen makila.
12

Gaiez\Hizkuntza\Euskara\Erakundeak\Euskaltzain
Gaiez\Komunikabid\Prentsa\Aldizkariak\Herria
Pertsonaiaz\LARRE1
Egileez\HERRIALDE1\Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude