EUSKAL ASTEA ERRENTERIAN MAIATZEAN


1975eko apirilaren 20an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
EUSKAL ASTEA ERRENTERIAN MAIATZEAN
Bai mamiz, bai moldez, euskal asteak aldatu behar ditugu.
Ez daitezke Bilbon, Azpeitian, Baionan eta Lizarran berdinak egin.
Bai, gaurregun Errenteria bezalako herrietan bizitzeak ere, euskaldun bezala bizitzeak ere, lanak emango ditu. Bada Errenterian euskararen alde diharduenik, bada euskalduntasunez jo eta ke lanean dabilenik. Hasi ikastolatik eta herriko elkarteetara bitarte, Euskarazaleak tarteko ditugularik, bada euskararen aldeko ekintzarik. Horretan dihardu aspaldiko urte hauetan Ereintza elkarteak borroka bizian.
Ez dugu, orain, elkarte honen egite berezien aipamen egiteko asmorik. Gauez egiten dena egunez ageri omen da. Eta apal apal, isilean egindakoak, berea ematen du.
Baina, egungo euskaldunen arazoa hil ala bizikoa da. Hitzetara ere jarri egin gara. Euskalerriaren arazoa herri haunditan erabakiko da. Horregatik da garrantzizkoa hiri hauetan egindako lana. Eta orain, besterik gabe, gatozen gertaera berezi bat aipatzera.
Ereintza elkarteko batzordea, Begoña Etxabeburu delarik, aurrez aurre dugu, gai hauetaz mintzo dadin. Begoñak du hitza:
Urtean zehar urtebeteko ekintzak ez du eraginik izango, egunero, une oro, lanari loturik jarraizten ez bagatzaizkio. Gauez sufesta polita izanagatik, suaren distirak ez du luzaroan irauten. Eta honetaz jabetuak garelarik, halaz ere, euskal asteari eustea bidezkoa dela iruditzen zaigu. Hori bai, arnas berritzen ere saiatu gaituzue. Moldeak ere aldatu behar bait dira giroa aldatuz doan eran. Eta hori da hain zuzen gure asmoa.
Bai, baina, orain arteko euskal asteek ezer fruiturik edo ondorenik utzi ahal dute? Merezi ote du horrelako lanetan nekatzeak?
Gure arteko euskal asteak badu bere historia -dio Josetxo Oliberik. Oraindik orain gogoan du jendeak Jautarkolen omenez iaz borobildu genuen hura. Eta ez zen alferrikako lana izan. Gure idazle, olerkari mamitsuaren berri jakiteko egokiera izan genuen. Sarritan herriko semeak behar hainbat ez bait dira ezagutzen. Eta fruituei gagozkielarik, aurten, Gipuzkoako Aurrezki Kutxak, gure idazlearen lanak argitaratuko ditu. Laster Koldo Jauregiren Biozkadak irakurtzeko egokiera izango dugu. Hori bera ere gutxi dela iruditzen ahal zaizu?
Eta Jon Kortajarenak erantzun diezagun, honoko galdera hau egiten diogu. Euskal asteak, urtero berdintsuak direnez, ez ote zaizkigu aspergarri samarrak gertatuko?
Urtero urtero aztertzen den gauza da. Horregatik badugu aldaketaren gose eta egarririk ere. Geldi dagoen ura usteldu egiten dela sarritan ikusten dugu. Guk ere giro berri bati erantzun nahi izan diogu.
Nolaz hori, Jose Mari?
Euskal aste batek euskal arazoari erantzun behar diola ez dago dudarik. Eta geure bizitza osoa, geure gizarte korapilo osoa, gure egungo larri min guzti horiek ditugu euskal arazo. Oraindaino, bai historia kezka aldetik, bai euskararekin, bai euskal literaturarekin zer ikusia izan zezaketen gaiak aztertzen genituen. Euskaldungoaz hitzegiterakoan bereizketa haundiegiak egiten genituen. Sarritan euskal gai horiek eguneroko bizitzarekin zerikusirik izango ez balute bezala.
Eta horretan ez ote du gatz eta piperrik galduko?
Janari gezak ez du gatzik galtzen. Honetaz sarri mintzatu gara eta garbi ikustea ez da erraza izaten. Demografiaren arabera euskaldunok minoria bat baino ez gaituzu. Errenterian ezin gintezke gure kabitxoan ekaitzaren erasopean lasai egon. Bai mamiz, bai moldez, euskal asteak aldatu egin behar ditugu. Bilbon, Azpeitian, Baionan eta Lizarran egindako euskal asteek bereziak behar dute izan . Euskal aste klitxe batzuk dauzkagu gure baitan eta lanik asko, buruausterik asko, emango digu aldatzeak eta eraberritzeak. Gai honetan beldurrik gabe jo behar dugu aurrera.
Zein dira, beraz, bide honetatik egin dituzuen aldaketak?
Askotan entzun dugun esaerak dioenez -dio Miren Rubiok-, "zerri goseak ezkurra amets". Guk ere bagenituen ametsak eta asmoak. Ahal izan dugun neurrian bururatzen ahalegindu gara. Jendearen kezkak jaso ditugu, herriari, herri soilari begira jokatu dugu. Horregaik, hitzalditan, adibidez, nagusiki bi gai erabili nahi izan ditugu. Alde batetik ikastolaren gaia, gaur egun ikastolaren inguruan egon daitezken arazo, kezka alderdi on, etorkizun eta abar aipatuaz. Zorionez, Errenteriko ikastola indartsu dakusagu, eta bertako irakasleek ongi baino hobeto azalduko dute ikastolaren gaia, lan egiteko era, resultadoak, eta abar.
Eta beste hitzaldirik?
Egitarau edo programan ikus dezakezunez, Eskola Profesionaletako arazo nagusiak aipatu nahi izan ditugu. Langile herria dugu hemengoa. Eta gazteriaren etorkizunaz kezkati daude herritarrak. Gazteriarik gabeko herriak berea egin du. Gure artean industriatze joera moteldu egin da, oso lantegi gutxi zabaldu da gure inguruan, eta horietatik askok peoi langintza eskatzen du batipat. Don Boscon, adibidez, ilusioz beterik ikasten duen gazteak, izango ote du ikasitako gai edo sail horretan zuzenean lan egiteko biderik? Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, gero. Eta hau ez da zuzenean Errenteriari bakarrik dagokion gaia. Dagoenekoz gazte titulatuek kanpora jo dute lan bila. Ipar aldean ezagutzen genuen eskasia hego aldean ere nabarmenduko den bildur gara.
Orain artean ikastola eta ogibide sailerako antolatutako eskolen egoeraz eta etorkizunaz ihardun gara, baina horretaz ba ahal du Kepa Oliberik ezeren esatekorik?
Egitaraua bera mintzo da gai honetaz argi eta garbi. Nolako haurrak halako herria.Eta hemen, ikastolaz kanpo, eta ikastolarekin batera, bada zer eginik. Haurra, urte gutxi barru, gazte loratua izango da, abestiak dioen bezala. Gure herrigintzari eutsiko dion enerjiarik bikainena haurren baitan dago. Ez dago interes ugariagorik emango duen inbersio hoberik. Baina batez ere, haurra hemengo seme edo alaba denez, euskaltasunaren eskakizunen arabera hezten ahalegindu behar dugu bere osotasuna lortu dezan. Ez dugu haurra, tresna gisa, bitarteko bezala erabili nahi. Bera da nor, berak du balorerik asko, aske eta errespetagarria izan dadin. Euskal aste honetan haurra gogoan izango dugu.
Nolako programa egin duzue: haurrentzat egina ala haurrek egina?
Bi alderdiak lotzen saiatu gara. Badira ikuskizun izango diren gauzak: pailasoak, zinea, giñola, Lasarteko haurren jaialdia. Eta benetan jaialdi interesgarriak izango zaizkie guzti hauek. Halaz ere, haurrek egindako lanak maiteago ditugunez, bai maskarada eta jokoen bidez, bai etengabeko joko programa luzearen bidez, haurrak, haurra denez, bere giro bete betean, eskeiniko digu jaialdirik osoena. Azken urte hauetan haurrak asko erakutsi digu, bera dugu gidari horrelako gauzak antolatzerakoan.
Besterik ere egiten duzue beraz?
Euskal aste bat dela eta emanaldi soil batek ez luke garrantzirik eta interes haundirik izango urtean zehar lan honi jarraipenik ez ematekotan. Haurrekiko lanetan haurra dugu gogoan, eta haurra ez da aste batetako giroaren arabera hezten. Hor dauzkagu haurren antzerki taldeak, urtean zehar etengabe lanean diharduten taldeak. Antzez lanak oso gustokoak zaizkie haurrei.
Haurgintza lanean aurrera zoazte, beraz?
Ahal duguna egiten dugu. Madalen jaiek, sanjuanetakoek, horrelako ihardunaldiek, lehengo enbor zaharraren inguruan kimu berria sortuko dute. Horretan ez dugu itxaropenik galtzen.
Baina, baina... amets guztiak egia bihurtzerik ez duzue izan, noski.
Zerorrek diozun bezala -diruzainak erantzuten du-, erdi bidean gelditu beste erremediorik ez dugu izan . Iaz, Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren babespean egin genuen euskal astea. Aurten, laguntza baliosorik jaso dugun arren, kinkapean gaudela eta, gastuak arindu beharrean direla eta, motz gelditu beste erremediorik ez dugu izan.
Honek, ze ondoren izango ditu?
Arte erakusketa eta abar, baztertzera behartu gaitu. Halaz ere, herria gogoan dugunez, erabateko erantzunaren itxaropenik ez dugu galtzen. Bai antzerkian, bai larunbateko jaialdian jendea bilduko den usteak ur haunditan murgiltzera behartu gaitu. Igeri egiten asmatuko al dugu!

Errenteriak ezagutu du amaika euskaltzale sutsu. Xenpelar berdingabeaz ahaztu gabe, oraindik orain joan zaizkigun euskaltzale zintzo eta langile: Jauregi, Valverde, Korta, gogoan dauzkagu. Euskalerriko zeruan piztutako izarrak, gau ilunean dir dir argi dario egunsentia iritsi deino, bide aldapatsuan argirik izan dezagun.
Mikel Ugalde
1

GaiezKulturaEkitaldiakBesteak
EgileezUGALDE1Kultura

Azkenak
“Txistuak, mehatxuak eta irain sexistak” jaso dituzte Laudioko jaietan eraso matxista bat salatzeagatik

Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak igandean, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko. 


Donostia 1813

Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.

1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]


Kirurgialari euskaldunak errektoreorde eta sailburuorde ohi letragabearentzat

Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]


Global Sumud Flotillako euskal ordezkaritza
“Israelek Gazara heltzea eragotzi nahi badigu, indarrez egin beharko du”

Igande arratsaldean irten da Bartzelonako portutik Palestinaren aldeko inoizko ontzidirik handiena: 30 itsasontzi inguru eta 300 bat ekintzaile, Gaza helburu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko. Bidean ontzi gehiago batuko zaizkie Mediterraneoko hainbat portutatik. Gauean... [+]


2025-09-01 | ARGIA
Trumpek uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango diola, eta muga zergak ez baliogabetzea lortuko duela

AEBetan, Apelazio Auzitegiak Donald Trump presidenteak ezarritako muga zerga gehienak bertan behera utzi ditu. Dena den, ez ditu urriaren 14ra arte indargabetuko, eta bitartean, ia segurua da Trumpek helegitea jarriko duela. Presidenteak uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango... [+]


Espiritualtasun ukitu bat

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.[+]


2025-09-01 | JJ Agirre
Supremazistek beti “win-win”

Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]


2025-09-01 | Behe Banda
Barra warroak
Makina

Hamar minutu igaro dira lur hartu dugunetik. Bizkaiko kostatik sartu, Leioa gainetik igaro eta gurpilek ordeztu dituzte hegalak Loiun. Bosteko ilaretan irten behar omen da hegazkinetik eta gu hogeita zazpigarrenean gaude zain. Estatubatuarren ikerlanek diote istripu bat egonez... [+]


Labak astelehenean irekiko ditu ateak, eta larunbatean eginen da Irekiera Festa

Eraberrituta dator Laba. Egoitza handiagoak ostalaritza eskaintza zein kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan ematea ahalbidetuko du.


2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.


Eguneraketa berriak daude