Europako Ekonomia Elkarteko (1957) helburuetako batzuk ziren garapen orekatua, baketsua eta nekazaritza burujabea sortzea. Gerora, Europako Batasuna (EB) bilakatu zen, eta garapen ekonomiko horretan Hitzarmen berdea ere onetsi zuen. Denboraren poderioan, helburu horiek guztiak saihestu edo baztertu ditu: Balkanetako, Irakeko eta orain Ukrainako gerretan nolabait parte hartu du estatu kide batek baino gehiagok; Europako nekazaritza eta abeltzaintza txikiak desagertzear daude (are okerrago izango da Mercosur-etik janari uholdea EBra heltzen hasten denean); edo energia nuklearra berde gisa definitu du.
Politika mailan, munduko politika gidatzetik ezerezera iritsi gara. Horrela, Ukrainako gerraren konponbidean baztertua izan da, AEBek gainetik kendu dute eta, halere, morroi fidelena bihurtu da.
Ez da ahaztu behar, Joe Bidenek, bere agintaldian, Alemania gasez hornitzen zuen Errusiako Nord Stream hodia, antza, bertan behera uzteko agindu zuela.
Anekdota izango da, baina ez da ahaztu behar EBko agintari gorenen eta AEBetako lehendakariaren arteko bilkura, EBtik berriki irten den herrialdean, hain zuzen, Eskozian, Trumpek bere golf zelaian egin zuela. Halaber, beste bilera batean, NATOko idazkari politiko europarrak, Mark Ruttek, Trumpi “aitatxo” deitu zion. Horrelako tratua, antza, Erdi Aroan izaten zen.
Eskoziara, EBko elite agintariaren izenean, Ursula Von der Leyen joan zen, buru-makur, eta bertan lortutakoarekin harro zegoen Alemaniako Defentsarako ministro ohia. Hobe omen zen adostasun kaskar bat erdiestea, harremanak haustea baino. Emaitza on horren arabera, europarron merkantziek AEBetan sartzerakoan %15eko muga zerga ordainduko dute eta, aldiz, AEBetatik datozen salgaiak muga zergarik gabe salduko dira. Beraz, hemendik aurrera hainbat kaltetu irtengo da eta, horien artean, euskal ardogileak, makina erreminta eraikitzaileak... izango dira.
Von der Leyenek Alemaniak AEBetara esportatzen dituen ibilgailu, makineria eta farmakoen gaineko muga zergak negoziatu omen ditu Trumpekin
Halere, Von der Leyenen martingala sumatu da. Izan ere, Alemaniak AEBetara esportatzen dituen ibilgailu, makineria eta farmakoen gaineko muga zergak negoziatu omen ditu Trumpekin. Beraz, EBren interes orokorrak defendatu ordez, Alemaniakoak erabili ditu. Ondorioz, ez da harritzekoa europar jendea haserre egotea eta batzordeburuari "EBko lehendakari estatubatuarra" deitzea. Bitartean, Amazon, Google, Microsoft eta antzekoek Europako merkatuetan libreki negozio oparoak egiten jarraituko dute.
Horrelako umiliazioa Txinak pairatu zuen 1842an, Europak eta AEBek akordio gogor bat sinatzera behartu baitzuten eta, ondorioz, txinatar ekonomiak gainbehera izan zuen. Geroztik, txinatarrek iltzatuta daukate umiliazio hura eta berriro halakorik errepikatzea kostako zaigu mendebaldarroi.
Halaber, AEBentzat negozioa borobiltzeko, muga zergen jukutriez gain, EBk gasa ere erosi behar dio 700 mila milioi euroraino, nahiz erregai hori Errusiatik ekarritakoa baino garestiagoa eta kaskarragoa den; baita gerrako armak ere. Izan ere, EB behartu du defentsa gastuak BPGren %5era heltzera 2033rako. Horrezaz gain, EBk 500 mila milioi euroko inbertsio pribatuak egin beharko ditu AEBetan, nahiz jakin inbertsio pribatuak enpresariek gura dituzten jarduera eta herrialdeetan egiten dituztela.
EBko estatu nagusiak ohituta zeuden aurreko mendeetan kolonizazio prozesuetan parte hartzen eta beren menpeko herrialdeetan gura zuten moduan tratatzen bertakoak, alabaina, gaur egun paperak aldatu dira. Historiak herrialde bakoitza bere lekuan ipintzen omen du, eta hori da EBren kasua.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.