“Artaldekeria eta antiartaldekeria dependentzia bera dira”

  • Kevinen fan egin eta hilabete gutxira jakin nuen nor zen Aimar Uribesalgo. Antza, nik Beranduegi podkastean entzuten nuen surfista izena zuen gaztea, Aimar izatera itzultzen zen mikrofonoak itzaltzearekin batera. Telefono dei batean ezagutu genuen elkar duela lau urte eta, bere hitzetan, telekolega gara ordudanik.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Aimar Uribesalgo (Oñati, 1988)

Ingurumen Zientzietako lizentziatura egin eta Oñatiko Natur Eskolan ari da lanean aspaldi. Behin baino gehiagotan birbideratu behar izan du bere bizitza azken urteotan. Hala, ikastaroz ikastaro ibilia da, barrenak landu eta ordenean jartzeari lotuta gehienak; alor horretan ikusten du egungo militantzia politikoan hutsunerik handiena. Horri estuki loturiko Irati Gorostidiren Aro Berria pelikula berriko protagonistetako bat da Uribesalgo.

Kevin eta Aimar, biak mintzo dira askotan umoretik.
Oso tresna indartsua iruditzen zait umorea norbere itzala ateratzeko orduan. Gustuko ez ditugun gauzak beste modu batera begiratu ahal izateko tresna indartsua da eta nik erabili egiten dut. Dudan arazoa da nire barne-umoregile horrek kontrolatu nauela ni eta ez alderantziz. Nire egoaren adierazpen bat izan da barne-pertsonaia umoristikoa eta pertsonaia horrekin aspertzen hasia naiz.

Umorea gutxiago erabiltzen ikasten ari naiz, ondo afinatzen, nire pertsonaia horrengatik alienatuta ez egoten. Eta hori integratzen noan heinean ari naiz garatzen besteen barne-umoregilea ikusteko gaitasuna. Esaldi batean laburbilduta: nire pertsonaia umoristikoak ez dit graziarik egiten.

Bestelakoa da, hala ere, zure ogibidea: natur eskola batean egiten duzu lan.
Ingurumen Zientziak ikasi nituen. Ingeniaritza munduari begira egon nintzen lehenago, inguru sozialak bideratuta-edo; Oñatin bizi naiz eta industriaz inguratuta gaude, kooperatibismoa eta hori dena, badakizu.
Gero jakin nuen ingurumen zientziak existitzen zirela eta etorkizunean lan-munduan aukerak izango nituelakoan ikasi nuen, bestela filosofia egingo nukeen.

Hala ere, zorte handia izan dut. Asko gustatzen zaidan lan batean ari naiz. Niretzat lanera joatea hona zurekin elkarrizketa bat egitera etortzea bezala da. Taldeak etortzen dira eskoletatik eta ingurumen-hezkuntza lantzen dugu: errekan, kobazuloan, mendian, zelaian, animaliekin, zomorroekin…

Barne-munduarekiko ere interes handia duzu.
Azkeneko bost urteetan hiru bizi-porrot bizi izan ditut, oso indartsuak. Aita izateko proiektuarena, Kimua antolakunde politikoaren sorrerarena eta baserri komunitate baten parte izatearena. Pentsa zenbat ikasi ahal izan dudan hiru porrot horietatik. Zentzu horretan, porrotak izan dira, baina lorpenak ere bai. Interesgarria izan da gauzak askatzen eta identitatearekin beste modu batera jokatzen ikastea. Identitaterik eza ez da posible, baina, aldi berean, identitatea oso errotuta izatea ere ez dut uste osasuntsua denik.

Porrotek nire barruan pasatzen ari zenaz jakin-min handia izatera eraman ninduten eta horren harira hasi nintzen ikastaroen munduan, oso topera. Azkenengo bost urteetan a muerte egon naiz. Nahiko terreno zabala ikertu dut eta orain barne-lanketan bide bat egina dudala, zenbait irizpide barneratu ditut. Lehen pertsona zurrun eta dogmatikoagoa nintzen, gizon marxista burukarratu tipiko bat.

Argazkia: Dani Blanco ARGIA CC BY-SA

 Ikastaro andana egina zarela aipatu duzu. Horregatik egin duzu hitzordua gaur Zarautzen, hain zuzen ere.
Bai, adikzioa uzten ari naiz gutxinaka, baina bai. Hemengoa ez da hainbeste ikastaro bat, baizik eta terapia: Begiz gaindiko ikusmena du izena. Intuizioa lantzen da batez ere. Helburua da begiak erabili gabe ikustea: eskuekin, bihotzarekin, buruarekin… sentituz. 6 eta 12 urte arteko pertsonen artean %100ekoa da arrakasta, begiak estalita edo ilunetan irakurtzera heltzen dira.

Nik lehen, ezagutza teoriatik zetorrela uste nuenez, liburuak irakurtzen nituen, marxista onak bezala. Gorputza lantzen hasi nintzenean konturatu nintzen baditugula beste informazio kanal batzuk arrazionaletatik aparte: korporala, emozionala, intuitiboa… Orduan konturatu nintzen zenbateraino nengoen erratuta. Horretaz jabetzearekin batera infinitura naraman ate bat ireki zitzaidan.

Modu esplizituren batean ezarritakoaren kontra zoazela kontsideratzen duzu?
Bai, eta ez da positiboa niretzat. Artaldekeria eta antiartaldekeria dependentzia bera dira. Dependentzia beraren bi adierazpen. Ni antiartaldekerian kokatu izan naiz eta beti izan naiz nire inguruan ertzetako pertsona, xelebrea, arraroa… Kontrakotasunetik erlazionatu izan naiz munduarekin eta horretarako joera handia dago politikan eta antolakunde iraultzaileetan, adibidez. Dependentzia bat da eta ez dut uste dependentzia horretatik maitasunerako potentzia asko garatu daitekeenik.
Dependentzia hori gutxitzen nabilen heinean, beste gaitasun batzuk garatzen hasi naiz.

"Lehen pertsona zurrun eta dogmatikoagoa nintzen, gizon marxista burukarratu tipiko bat”

Zer ari zara gutxitzen?
Kanpo-begiradarekiko dependentzia, besteak beste. Famatua izatea, adibidez, asko gustatzen zait. Atentzioa eta errekonozimendua jasotzen ditut eta, horien bitartez, nolabaiteko maitasuna. Baina, aldi berean, badakit ez dela benetako maitasuna, suzedaneo bat baizik, ogi apurrak dira. Hori esan zidan nire maistra espiritualak, Gemak.
Ni egoa ari naiz gutxitzen, egoa ulertuta guztiok geure izaera egituratzeko fazeta gisa, gorputzarekin konexioa handitzen ari naizelako eta, ondorioz, nire arrazionaltasuna, nire burua, nire disoziazioa gutxitzen dabil. Gorputzarekin konexio handiagoa daukadan heinean, gaitasun batzuk irabazten ditut, nire eta nire ingurukoen alde. Orain, adibidez, lehen baino enpatia handiagoa daukat.

Baduzu beste adibiderik?
Bai. Niri probokatzea gustatzen zait. Orain probokatzen ari naiz e, ez pentsa, erori egiten naiz… Baina lehen gehiago egiten nuen. Probokazioa pertsonen arteko distantzia emozionala markatzeko mekanismo gisa ulertzen dut. Beste pertsona batekin konektatzeak inplika dezakeelako mina: konexioak deskonexioa ekar dezake, eta ni menpekotasuna duen pertsona naizenez, nire bulkada ez da konexioa, baizik eta deskonexioa eta probokazioak horretarako balio du. Nik probokatu egiten zaitut, horrek zuregan inpaktua dauka eta ez du ahalbidetzen erlazio sakonik sortzea.

"Probokazioa pertsonen arteko distantzia emozionala markatzeko mekanismo gisa ulertzen dut"
 

 

Beste alde batetik, gauza disruptiboak ere gustatzen zaizkit. Antiartaldekeriaren estiloa gustatzen zait eta nire probokazioa ere zentzu horretan doa, gustatzen zait normala dena apurtzea [ekarri duen mapa kontzeptualari begiratzen dio].

Uste duzu jarrera probokatzaile hori tresna bat dela beste batzuk baino gehiago zarela sentitzeko?
Bai, seguru. Dena den, hau nire afera bat balitz bezala ari naiz kontatzen, baina oso kontu arrunta dela esango nuke, hainbat arlotan ikusten dena, politikoan, adibidez. Ez naiz politika instituzionalaz ari, hori ez zait bereziki inporta, antolakundeez ari naiz.
Adibidez, marxismoak ekarpen handiak dituen moduan, bere gabeziak direla-eta kalte ere egin du eta zentzu horretan gainditutzat dut. Ez mugimendu historiko gisa, zentzu horretan existitzen direlako antolakunde batzuk premisa marxistak dituztenak: Euskal Herrian bertan Mugimendu Sozialista, ezker abertzalea, mugimendu feminista… Mugimendu gisa ez, baina logikoki, nire ustez, agortuta dago. Ezagutza eraikitzen du modu batera zeinetan saihestezina den patroi horien erreprodukzioa: besteen gainetik sentitzea, dogmatismoa, zurruntasuna… Horrekin ez dut esan nahi militante guztiak berdinak direnik, baina badago zer edo zer kolektiboa dena eta orain hori ikertzen nabil. 

Argazkia: Dani Blanco ARGIA CC BY-SA

Nola?
Nire inguruko jende politikoak leku guztietatik gabeziak dituela ikusi dut eta hori kontuan edukita pentsatzen nuen “honek zer zerikusi dauka gaur egun politikara jauzi egiteko orduan erabiltzen dugun paradigmarekin eta, batez ere, marxismoarekin?”. Eta harreman zuzena dagoela ikusten ari naiz.

Adibidez: marxismoarentzat kontzientzia hizkuntzaren bidez sortzen da, kontu arrazionala da. Baina ni gai banaiz neure burua aldatu eta munduari beste modu batera begiratzeko eta harekin erlazionatzeko, ez da prozesu arrazional bat izan dudalako bakarrik, baizik eta beste metodo batzuk ere erabili ditudalako. Eta hau ez da gauza berria, milaka urte daramatzate beste tradizio batzuetan kontu honekin.

"Nire pertsonaia
 umoristikoak ez dit
graziarik egiten" 

Politikan, oro har, bakoitza bere artaldekerian dago eta bada beste iturri batzuetatik edan eta sintesi berriak sortzeko ezintasun handia. Oso paradoxikoa da, baina marxismoa marxismoan geratu da trabatua. Badaude berrikuntzak, Mugimendu Sozialistaren aldetik, adibidez, baina berrikuntza horiek guztiak paradigma horren barruan egiten dira eta, hortaz, mugatuak dira. Marxismoa askotan idealismoan jausten dela ikusten dut. Ezagutza ez duenez gorputzarekin konexioan eraikitzen, arrazoiari ematen dion paper eta rola desorekatuak dira, eta askapenaren bidean dominazio forma berriak erreproduzitzen dituela ikusten dut.

Aktiboki entzuteko gaitasuna daukazu. Hori ere ikastaroei esker izan da?
Formazio bat egin nuen sistemika munduan eta uste dut hor asko garatu nuela. Ariketa bat egin nuen, parekoa entzutekoa: arrazionalki besterik ez nion egin behar kasu, alderdi arrazionalari, ideiei, hitz bakoitzari erreparatuz. Bigarren entzunaldi bat egin nuen gero, ez hainbeste esaten zuenari erreparatuz, baizik eta energiari: nondik ari zen hitz egiten, gorpuzkera, keinuak… Eta oso-oso diferenteak dira entzuteko moduak. Lehen lehenengo taldean nengoen, orain bigarrenean.

Guk ideologiarekiko erlazio emozionala daukagu eta segun eta nola bizi duzun ideologia, modu bateko edo besteko harremanak egingo dituzu beste ideologia batzuekin. Eta honek dauka zerikusia orain arte komentatu dugun guztiarekin.

Eta norbait ari da arraunean norabide horretan?
Kurduak heldu dira dagoeneko. Paradigma marxista-leninista bat zeukaten lehen eta paradigma horretatik irten zirenean heldu ziren. Proiektu politiko bat dute, baina, aldi berean, problematizatzen dute mentalitatea, izaera. Ulertzen dutelako dominazioa ez dagoela kanpoan eta etsaia ez dagoela bakarrik barrikadaren beste aldean, gure barruan ere badago.

Etengabeko analisirako joera sumatzen dizut.
Asko gustatzen zait gauzak klasifikatzea, baina aldi berean aspertuta nago. Jarraituko dut, baina munduarekin klasifikazioaren bidez erlazionatzean informazio bat galdu egiten da eta orduan interesatzen zait, eta aldi berean ez zait interesatzen. Iñaki Seguralista bat naiz.

Horrek zer esan nahi du?
Berak asko hitz egiten zuen baietzaz eta ezetzaz, eta lehengo euskal pentsamenduaz, pentsamendu baiezkariaz, “bai baina aldi berean ez” horretaz. Pentsatzeko oso forma interesgarria da.

"Marxismoa askotan idealismoan jausten dela ikusten dut. Ezagutza ez duenez gorputzarekin konexioan eraikitzen, arrazoiari ematen dion paper eta rola desorekatua da"

Azal dezakezu pixka bat hori?
Gure pentsamenduak positiboki funtzionatzen du oro har. Gauzak zer “diren” esaten dugu beti. Aldi berean, pentsamendua eta gu geu pertsona gisa mugatuak gara, ez gara egia absolutura sekula iristen, beti gara erlatiboak edo partzialak, baina egia partzial orok egia izaten segitzen du. Eta bide horretatik, oso interesgarria da nolabaiteko tokia ematea ezjakintasunari eta misterioari. Hutsunearen bidez ere ezagutza eraiki egiten da. Pentsamendu baiezkaria izango litzateke baieztapenak egiten dituen pentsamendua, baina, aldi berean, egia partziala den heinean eta misterio baten barnean kokatutako egia den heinean, ezetza ere bada, ez delako baiezko absolutua.

Berriki estreinatu den Irati Gorostidiren Aro Berria pelikulako protagonistetako bat zara. Zergatik zu?
Hiru arrazoirengatik hautatu ninduten ni: batetik, proiektu proposamenarekiko atxikimendu handia nuelako eta horren bila ari zirelako, ez zituzten aktore “onak” nahi edo ez hori bakarrik. Bestetik, katarsira iristeko helburuz planteaturiko ikastaro batzuk ere egingo ziren eta horretarako prest zegoen jendea nahi zuten. Eta, esan bezala, ikastaroz ikastaro eman ditut azken urteak. Kointziditzen zuen nire fazeta hippyarekin. Beste kontu bat da ni zenbateraino nagoen ados edo ez hor gertatzen ziren praktikekin.

Horrez gain, kastina oso ondo egin nuen. Ikasitako gidoiaren zati bat antzezten hasi eta hain ondo egin nuen, pentsatu zutela benetan ari nintzela hizketan. Eta, azkenik, melena nuen.

Argazkia: Dani Blanco ARGIA CC BY-SA

Nola bizi izan duzu prozesua?
Hasieran txiki sentitzen nintzen, aktore printzipaletatik ni nintzelako pertsona bakarra ez zena inoiz horrelako ezertan ibilia. Baina denbora guztian ondo pasatzen egon naiz.

Kezkatzen ninduen aktoreen munduan sartzeak, “artisteo” horretan barneratzeak, ez baita mundu erraza. Orain arte aipatu ditugun gauza horiek, gainetik begiratzea, berezi sentitzea, atentzioen kontua, hori nola kudeatzen dugun… Hori dena sartzen zen jokoan. Baina gero, dena oso ondo joan da aktoreekin eta ikastaro-emaileekin, bua!, oso ondo egon naiz.

Eta orain ari naiz lehen komentatu dizkizudan ogi apurrak, ospeari lotutako maitasun faltsu hori kudeatzen.
Zerbait gehitu nahi duzu?

Aipatu nahi nuke orain arte atera diren ideiek pelikularekin estuki egiten dutela bat, zuzenean agertzen dira subjektuen auzia, barne-lanketarena, esoterismoarena.

Komunitate horretan gertatu zen fenomeno interesgarrienetako zera da, askapenaren izenean azkenean biolentzia zegoela, askapenaren izenean alienazioa zegoela. Askotan errepikatzen den patroia da, dominazioa erreproduzitu egiten da. Ez naiz ausartzen esatera leku guztietan hala denik, kurduekin oso desberdin bizi izan baitut: haiek ez naute hitzez konbentzitu, integritatetik baizik, moja iraultzaileak direlako. 
 


Eguneraketa berriak daude